Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Literatura ala konpromezua

Literatura ala konpromezua

Ur Apalategi 2006/04/27 13:30





Aspaldiko partez, kolaborazio bat zintzilikatuko dugu Volgan (eta bide batez aprobetxatzen dugu gogorarazteko aldizkari edo dena delako engendro honek kolaborazioak onartzen dituela, gustura gainera). Honako hau Ur Apalategi idazle, irakasle eta kritikariak bidali digu, eta, berez, Gasteizeko Filologia eta Geografi-Historia Fakultatean aurtengo apirilaren 5ean emandako hitzaldi baten testua da. Jon Kortazarrek konpromezua edo engaiamenduaren gaia lantzeko eskatu zidanean, pentsatzen dut Gure Gauzak SA eleberriaren egilea naizelako izango zela batez ere. Horrek ematen bide dit zilegitasuna halako gai batetaz aritzeko eta ez nagoke hemen unibertsitari gisa, eta are gutxiago Gauak eta hiriak eleberriaren egile gisa. Honek esan nahi du Gure Gauzak SA eleberri konprometitutzat daukala Jonek, edo horrela hartu izan duela orokorrean irakurlegoak. Eta baliteke hala izatea, baina saiatuko naiz frogatzen gauzak ez direla horren sinpleak.

Literatura engaiatua eta "Gure Gauzak SA"

Lehen gauza literatura konprometitu edo engaiatuaren definizio bat ematea litzateke. Badirudi, modu sintetikoan esateko, bere obren bitartez politikan –hitzaren zentzurik zabalenean, eta ez bakarrik partidistan– muturra sartzen duen autorea dela konprometitua. Definizio honi bagagozkio asko eta asko dira autore konprometituak. Baina kontua da konpromezu literarioaren definizio hertsiago bat ere badagoela, askoz ere hertsiagoa eta lehenari gaina hartu diona, eta definizio berri honek zera dio, konprometitua den idazlea dominatuen edo menperatuen aldekoa dela. Euskal Herrian, oso nabarmen gainera, bigarren definizio hau da erabili ohi dena eta jendeak honela ulertzen du konpromezua: bere idazlanetan klase sozial menperatuen alde, genero sexual menperatuaren alde edota Euskal nazio menperatuaren alde jokatzen duena da idazle konprometitua. Txillardegi autore konprometitutzat daukagu, Urretabizakaiaren Zergatik, panpox? obra konprometitutzat daukagu eta Arestiri ere autore engaiatua deritzogu. Inork gutxik pentsatzen du Atxaga autore konprometitua dela, eta garai batean (laurogeieko hamarkadan) asko leporatu zitzaion bere konpromezurik eza euskal irakurlegoaren sektore batetik.

Ni ez nator bat ikuspegi honekin. Uste dut Atxaga Txillardegi bezain autore konprometitua dela. Uste dut Atxagaren desengaiamendua oso engaiatua dela. Kontua da bere konpromezuaren edukia dela desberdina, hau da, berak bere obren bitartez defenditzen duen hori ez dela gauza bera. Atxagak badu ipuintxo bat –Horas extras liburuko testu batean agertzen dena– non kontu hau ulertzeko giltzak ematen dizkigun: zein da gaiztoetan gaiztoena, galdetzen zaio arkumeari eta arkumeak tigrea dela erantzuten du, tigreek arkumeak jaten baitituzte. Ondoren galdera bera egiten zaio intsektuari eta intsektuak erantzuten du gaiztoetan gaiztoena arkumea dela eta tigrea berriz onetan onena zeren tigreak jaten baititu intsektujale diren arkumeak. Parabola honekin adierazi nahi dena zera da, menperakuntza fenomenoak beti direla erlatiboak. Ondoriozta dezakegu ez dagoela injustizia absolutorik eta beraz konpromezuak ere erlatiboak izaten direla. Horregatik, Atxaga baten euskal kausarekiko desengaiamendua txikiagoa eta ikustezinagoa izanagatik injustizia izaten jarraitzen duen zerbaiten aurkako engaiamendua dela iruditzen zait. Ezker abertzalearena euskal munduan –baita kultur munduan ere– doxa dominantea bihurtu zen une batean hasi zen idazten Atxaga eta kontestu horretan ulertu behar da bere postura anti-konprometitua. Euskal literaturan sorkuntza askatasuna mugatzen hasia zen doxa eta jarrera batzuen aurkako konpromezu berria zen Atxagak proposatzen zuena, literaturtasunaren intsektua askatu beharra zegoen euskal kausaren arkumearen gose aseezinetik.

Modu berean uler ditzakegu XIX. mende hasierako idazle erromantikoak. Ideologikoki eskuindar eta erreakzioarioak ziren, erregezaleak, eliza zaleak, –hasiera batean, bederen– baina historiaren ikuspegi erlatibizantetik ikusita idazle konprometitu eta iraultzaile gisa kontsideratzea beste erremediorik ez daukagu. Izan ere, iraultza ilustratuaren gehiegikerien ondotik etorri baitziren, terrore iraultzailearen garaipen odoltsuari kontrapisua egitera.

Hau guztia, esateko Gure Gauzak SA eleberria nobela konprometitua bada zentzu erlatibo honetan dela konprometitua. Euskal kulturgintzan diharduen enpresa dominantearen gehiegikeriak « salatzen » dira eleberrian, nahiz eta jatorriz euskal kulturgintzaren sektore hori menperakuntza egoera batetik ateratzeko sortua izan. Urteak joan, urteak etorri, handitu ahala enpresa iraultzailea enpresa soil bihurtu da eta ekoizten jarraitzen duen diskurtso militanteak nekez estaltzen du errealitate nahasgarriago bat: euskal kontestuan monopolio izateko bidean dela honek dakartzan dominazio efektu kaltegarri guztiekin (pluraltasun kulturalaren desagerpena, sorkuntza askatasun murriztua, eta abar). Jakina enpresa arkume horrek tigrearen beldurra darabil gaur egun ere (euskal eremutik kanpoko kultur enpresa handien mehatxua, alegia) bere zapaltzaile egoera estaltzearren. Nobela honek agerian jarri nahi zuena egia sinple hori da: euskal idazleok eta irakurleok ez garela arkume, baizik eta intsektu, eta tigrearen indarra eta mehatxua egiazkoak izan arren arkumea dagoela tartean eta arkume hori intsektujalea dela. Euskalgintzako sektore baten diskurtso iraultzaile ofizialaren aurrean, bada, bai, Gure Gauzak SA obra kontrairaultzailea da eta hortaz konprometitua.

Saizarbitoriak zioen, Hasier Etxeberriak egindako elkarrizketan, idazleak egia azaldu behar duela, baita atzetik norbait etorri badaiteke ere geuk esandako egia geure kontrako gezur bihurtuz, horixe dela idazleon konpromisoa. Nahiko hurbil sentitzen naiz konpromezuaren definizio horretatik, eta uste horretan oinarritu da nire idazle jarduna Gure Gauzak SA idazterakoan. Jakin arren maila geopolitikoan euskalgintzaren tresna baliotsu bati eraso egiten niola eleberri hau idatziz eta beraz euskal kulturaren aurka daudenei armak ematea suposatzen zuela ekintza honek, bada sinesten dut hori zela nire idazle eginbeharra. Ez behar bada politikari abertzalearena, bai ordea idazlearena.

Beno, orain arteko diskurtso hau oso polita da, eta gainera azken tirada hau oso lirikoa gelditu da ‘Saizarbitoriaren zita eta guzti’), baina hau guztia egia izan arren, ez da egia osoa. Idazlea egiarekiko konprometitzen da, esan dudanez, baina ez bakarrik. Zeren bestela zein litzateke diferentzia inbestigazio kazerari baten lanarekiko? Ez legoke diferentziarik. Eta egia zera da, idazlearen eta kazetariaren jarduna intrinsekoki direla desberdinak. Zerk desberdintzen ditu orduan biak? Galdera honi erantzunez, idazlearen konpromezuaren ikuspegi sotil eta bikoitzagoa agertzen saiatu nahi nuke hemendik aurrera. Eta bide batez honek eramango nau frogatzera Gure Gauzak SA ez dela obra konprometitu bat bakarrik.

Zergatik irakurtzen da obra literario bat?

Kazetari baten lana irakurtzera bultzatzen nauena informazio gosea da. Errealitea bere izaera konkretuan ezagutu nahi dut, gertaerak, ekintzak, datuak nahi ditut, eta behar bada, baita ere, ikuspegi ideologiko jakin bat, nire ustea bermatuko didana, lasaitu eta eroso sentiaraziko nauena errealitate menderagaitzarekiko. Soziologo baten lana irakurtzen dudanean ere halako zerbait gertatzen zait. Aldiz, eleberri bat irakurtzera noanean –eta noski, hemen eleberriaz hitz egingo dut batez ere, errealitatearekin harreman estuena bide duen generoa baita– beste zerbait izaten da irakurminaren pizgarri. Jakina erabil dezaket eleberri bat modu light eta atsegin batean ikasteko. Esaterako, hainbat pelikula ikusi ditut, zinematografikoki kaxkarrak izan arren gai historiko bati buruzko oinarrizko informazio nahiko fidagarria emango zidatelakoan. Esan daiteke, nik uste, fenomeno honen muturreko kasua eleberri historikoa eta historialariaren lanaren arteko diferentzia eskasarena dela. Barkatuko didate historialariek, baina uste dut eleberri asko direla historia lanak baino egiatiagoak nahiz datuekiko fidagarritasunean zertxobait galdu. Gerla napoleonikoak Errusian nola bizi izan ziren ulertzeko ez dut historialari baten lanera joko, Tolstoirengana baino. Tolstoik eskaintzen didana ez baitira datuak, baizik eta giza esperientzia oso bat zeinaren arabera baino ez duten zentzurik datu historikoek. Gisa berean, Jon Alonso baten Hodei berdeak baliagarriagoa zait 60eko Nafarroako giro abertzalea ezagutzeko historialari baten datu zehatz bezain mortuak baino. Dena den, historialari hoberenak idazle on ere izan ohi dira, eta hau ez da kasualitatea, nire aburuz historia ia diziplina literarioa baita, zientzia-fikzio erretrospektiboa.

Hala ere, obra literario bat irakurtzera bultzatzen nauena, batez ere, plazer literarioaren bilaketa da. Emozioak bizi nahi ditut, autoreak kontatzen didana sinetsi nahi dut irakurketak irauten duen bitartean bederen (fikzioa dela jakin arren), ihes egin nahi dut errealitatea baino interesgarriagoa deritzodan fikziozko lurralde batera. Eta hori, jakina, idazleak badaki. Errealitate historikoan oinarriturik ari den Tolstoik ere badaki bere irakurleari plazer literarioa zor diola beste ezeren gainetik. Eta ez da irakurleagatik bakarrik garrantzitsua plazer literarioaren kezka idazle batentzat. Izan ere, Tolstoik, ziur nago, oso serioski hartu zuen bere lanaren dimentsio historikoa eta autore engaiatua izan zen, bere modura. Hau da, berak zerbait esan nahi zuen Errusiaren historiaz, Europaren historiaz, ez zen mugatu dibertimentuzko intriga bat antolatzera. Intelektual bat ere bazen bizitza politikoan esku hartu zuena literaturaren zeharkako bidetik. Haatik, ziur nago azken beltzean alde literarioari garrantzi gehixeago eman ziola beste guzti horri baino. Zergatik? Bada, historiako gertakizunak, guregandik denboran urrundu ahala, ez ditugulako pasioaren begiekin ikusten, eta gelditzen dena, mendeak joan mendeak etorri, irauten duena plazerrezko irakurketa delako, literarioa. Inor ez da berotuko troiatarren alde ala kontra egiten duelako Homerok. Troiako guda urruti dagoelako. Alta, Iliada irakurtzen jarraitzen dugu, arrazoi literarioengatik nagusiki. Aldiz, ezinezkoa zaigu Montoia baten Denboraren izerdia betaurreko politikoak guztiz erantzita irakurtzea, pelikula horren barruan baikaude oraindik eta gu geu baikara aktoreak. Ezinezkoa zaigu gaurko obrak eta are gaurko gizarteaz mintzo zaizkigun obrak begirada soilki literarioaz irakurtzea. Hori dioena gezurra esaten ari zaigu –askotan esan zaigu gezur hori euskal letren esparruan– eta bere buruari ere gezurra esaten ari zaio. Ikuspegi literario soiletik epaitu al zituzten Gizona bere bakardadean edo Hamaika pauso Espainiako sari nazionaleko epaimahaikideek? Eta uste al duzue guk geuk ere betaurreko literarioez bakarrik epaitzen ditugula obra literarioak? Egia hori onartzen badugu, hurrengo galdera honakoa da: zenbateraino du garrantzia obraren eduki ideologikoak nire plazerrean eta epai literarioan?

Bada, esango nuke handia dela garrantzia, eta aldi berean iraungaitza. Lurrundu egiten da denborarekin epai politizatua eta begirada literarioak beti irabazten dio partida epe luzera. Horregatik irakur dezakegu gaur Mirande benetako gozamena aurkituz. Horregatik irakur dezakegu Céline baten obra goragalerik sentitu gabe. Baina absurdoa da esatea Célinek bere obra argitaratu zuen garaiean betaurreko literarioekin bakarrik irakurtzeko gai izango ginela. Errealitateaz mintzo den ber, eleberri batek gure epai mota guztiak jartzen ditu martxan. Eta horren jakitun da idazlea. Are, horrekin jokatu egin behar du idazleak. Idazlea bera ere izaki politikoa ere baita eta ez bakarrik motibazio literario aratzak dituen gauza abstraktu borgesiano bat. Pascal filosofak XVII. mendean jadanik zera zioskun, "nous sommes embarqués", alegia, itsasontzi bat da bizitza eta denok gaude ontziratuta, ez dago ikusle huts den inor, denok gara parte hartzaile. Hitz batean laburtzeko, neutralitatea ez da existitzen politikagintzan eta politikagintzan ez busti nahi izatea jadanik bustitzeko era bat da, aukera bat da. Borges apolitikoa dela ez du jada nehork sinesten.

Idazle kontzientzia vs. hiritar kontzientzia

Idazlea, beraz, aldi berean da idazle eta hiritar, azken hitz honen zentzu politikoan. Horregatik, obra bat idazten ari den unean etengabeko talka egiten dute bere baitan kontzientzia literarioak eta hiritar kontzientziak, egoera eskizofrenikoa bihurtzeraino. Nire esperientzia aipatzearren, Gure Gauzak SA idazteko arrazoi nagusia –ez diot idazteko arrazoia, baizik eta "nobela hau" eta ez beste bat idazteko arrazoia (zeren hau izan ez balitz ziurrenik goiz ala berandu beste eleberri bati helduko bainiokeen)– nire hiritar kontzientzia zauritua izan zen. Euskal Herrian portaera kapitalista neoliberala izatea enpresa kultural batek soporta nezakeen. Gisa berean, idazlumari ez niokeen behar bada oratuko enpresa hori monopolio egoerara iristear zegoela ohartu arren (nahiz kontra egon, besteak beste, uste baitut ez dela hori oso onuragarria sorkuntzarako eta orohar bizitza kulturalerako), baina gainera delako enpresa horrek kontsumitzailea bahitzeko diskurtso militantearen bitarteko txantaia afektiboa egitea, bada, azken puntu horrek gainditu zuen nire egonarria. Sinpleki esateko, euskal hiritar gisa sentitzen nuen indignazioa izan zen eleberriaren abiapuntua. Haatik, indignaziotik eleberrira pausu handia dago (hirurehun bat orrialdekoa, kasu honetan), ez duena zerikusirik hiritartasunarekin edota politikarekin. Hortik aurrera idazleak hartzen du erreleboa eta kontzientzia literarioa izango du gidari. Eta esan behar da gure baitako idazlea ez dela inoiz hiritarra bezain bertutetsua. Jakin badakigu Platonek bere hiri idealetik bota egin zuela poeta, eta ez da ezergatik. Poeta edo idazlea ez baitira hiritar onak edo Platonen erara esateko "bertutetsuak". Nire baitan gertatzen zena zera zen: nire baitako hiritarra asaldatzen zuen hori nire baitako idazlearen gozamen iturri bihurtzen zela. Zeren, idazleak ez du inoiz errealitatea begiratzen ez bada libururatzeko material gisa. Horri deitzen diot idazlearen perbertsioa: gure baitako idazleak injustiziaren espektakuluarekin gozatu egiten du –baita Sartrek ere, baita Ann Frank-ek ere, eta barka bezait halako ausardia–, zeren injustizia gai literario aparta da. Gozatu egiten duen bezala bortizkeriaren espektakuluarekin, sadismoarenarekin, etabar luze batenarekin. Kontuz, ez naiz esaten ari idazleak hau guzti hau maite duenik, eta idazle izateari uzten dionean perbertsio hauetara emana denik ; diodana da gozamen literario prospektibo bat bizi duela horrekin guztiarekin.

Nolanahi ere, jakina denez, sentimentu nobleek ez dute automatikoki literatura ona egiten laguntzen. Esan ohi da, aitzitik, kalte egiten diotela sentimentu onek literaturari. Azken aldion gure literaturan ere onartu bide da hau (honen frogatzat dauzkat Iban Zalduak zerrendatzen dituen zenbait adierazpen Animalia disekatuak liburuan aurkitzen direnak "Plazebo-literatura" atalean). Horregatik, idazleak, eleberri engaiatu bat egitea deliberatzen duenean, hots baligarritasun publikoko obra bat, gaiztakeria dosi on bat sartu behar dio eleberriari. Eta ez diot hau gaiztakeria gaurko literaturako osagai zabaldu eta preziatuenetakoa delako, zeren noski, egia baita gaiztakeria gozamen iturri izan daitekeela literaturan. Ez, ez diot horregatik. Gaiztakeria eta iluntasun apur bat elementu behar-beharrezkoak dira bizitza bera delako halakoa, bestela inork ez lukeelako sinetsiko kontatzen zaiona. Eta horretan, iruditzen zait idazlea beti izango dela hiritar bertutetsua baino zintzoagoa bizitzarekin, errealitatearekin. Errazago sinesten diot idazle bati politikari bati baino. Idazlea, politikaria ez bezala kondenatua baitago egia esatera obra sinesgarria egingo badu. Edo bestela obra txarrak idatziko ditu, agian politikariek laudatuko dituzten obrak, edo irakurle bertutetsuek laudatuko dituzten obrak, zeren halako irakurle bertutetsurik ere badago oraindik gure artean.

Idazlea esklerosiaren aurka

Halere, egia esate hutsarekin ere ez doa inora idazlea. Milan Kunderak, Erridaua izenburuarekin plazaraturiko bere azken saiakeran (2005), zera azaltzen digu: errealitatea totelka aritzen da baina pentsamenduari debekatua zaio totelka aritzea. Esaterako, kontsumo gizartetik ez gara atera azken urteotan. Esan daiteke gainera areagotu baino ez direla egin kontsumo gizartearen ezaugarriak azken hamarkadetan. Alta, inori ez zaio bururatuko Guy Deborden analisi geniala berriro idaztea, nahiz eta gaurko errealitatea bere garaiekoa baino are kontsumismoari sometituagoa izan. Pentsamenduaren munduan, literaturarenean bezala, ez da zilegi esandakoa errepikatzea. Literaturak zerbait debekatuta badauka horixe da, errepikapena. Gauza berriak esan behar dira, edo gutxienez modu berrian.

Hortaz, egia esan behar du idazleak, baina ez edonolakoa, berria baizik. Eta horixe da, hain zuzen, esku artera etorri zitzaidan opari estimaezina, egia berri bat, oraindik inon argitaratu gabea zegoena (euskal munduan, jakina). Zirkunstantzia pertsonal ezohikoak zirela medio, beste batzuk baino hobeto kokaturik aurkitu nintzen euskal kulturgintzan gertatzen ari zena kontatzeko, eta xehetasun guztiekin kontatzeko, baita gaiztoenekin. Horregatik lotu nintzaion lanari. Ez beste ezergatik. Gai berria nuelako eskuartean. Errepikapenik egin gabe idatz nezakeelako, "euskal literaturaren historian" zerbait berezia (ona ala txarra, hori besterik da) uzteko ziurtasunak ematen duen pozaz.

Idazlearen eginbeharra esklerosiaren aurka borrokatzea da beti, eta borroka hau Sisiforen lan amaigabearen antzekoa da ezen zerbait plazaratu eta denbora gutxira, arrakasta badu, errepikatu egiten baita. Underground izatetik main stream izatera igarotzen da eta orduan akabo, gaia zaharkitutzat eman daiteke. Nik uste prozesua gahienetan antzekoa izaten dela: obra batzuek gai bat lehen aldiz erabiltzen dute (hauek dira aitzindariak), ondoren ustiapenaren lan kolektiboa dator (korronte baten ardatz bihurtzen da gaia), gero korronte horren ikur bihurtuko den obra nagusia ekoizten da, eta azkenik dekadentzia fasean sartzen da gaia idazle kaxkarrenek baino ez diotelarik heltzen gaiari epigono lana eginez. Hala gertatu da, gurean, neorruralismoarekin: lehen fase batean gaia deskubritzen da (70eko hamarkadaren bukaeran), gero obren ugaltzea dator (80eko hamarkada osoan zehar autore garrantzitsuenek heltzen diotelarik gaiari), ondoren maisu lana iristen da (Obabakoak, 1988an), azkenik epigono xumeagoen gaiaren agortze lana. Baliteke ere gauzak bestela gertatzea. Batzuetan korronte baten obra nagusia hasieran bertan agertzen da eta ez du jarraipenik izaten kontuak, jendeak eta idazleek alferrikakoa baiteritzote gaia jorratzen jarraitzeari. Hori gertatzen da, adibidez, Otto Pette bezalako eleberri batekin. Lertxundirena obra txarra izan bailitz litekeena da korronte neomediebalista baten abiapuntua izango zatekeela. Neorruralismoari segida hartu zion korrontea borroka armatuaren gaia ardatz duen errealismo politikoarena litzateke. Hau da, Gizona bere bakardadean-ekin hasten dena eta orain arte zutik darraiena, fruitu ederrak ematen. Korronte honen azken emaitza ohargarriak Bizia lo, Denboraren izerdia eta Ezinezko maletak lirateke.

Nire kasura itzuliz, nik, Gure Gauzak SA idazten hasten naizenean, oso argi daukat borroka armatua ardatz duen errealismo politikoaren errepikapen dekadentearen aurka egiteko asmoz ekiten diodala idazteari. Gure bizitza literarioaren gune bihurtu den genero horren dekadentzia salatu nahi da nire nobelatik. Salatu nahi da borroka armatuaren gaia euskal munduarentzat askoz ere nahasgarriagoak eta molestagarriagoak diren hainbat gauza estaltzeko edo ez aipatzeko erabili ohi dela Euskal Herrian, bai politikan (baina hori ez da nire kezka), bai literaturan (eta hori bai dela nire kezka). Sexuaren trataera sasieskandalugarria literatur esparru handietan erabiltzen den erara errebeldia literario faltsua komertzializatzeko. Iruditzen baitzait, funtsean, Bizia lo bezalako obra batean, esaterako, maisuki idatzita egon arren, ez dela deus berririk esaten, ez zegoenik jadanik esanda Gizona bere bakardadean obran, edota atzerago joanez historian, generoaren aitzindari urrun bat bilatzearren, Saizarbitoriaren 100 metro-n. Hortaz bere idazkeragatik zoragarria iruditzen zaidan liburu honek (Bizia lo-z ari naiz oraindik) egiten duen salaketa –borroka armatuak euskaldunok deshumanizatu egiten gaituela– azpi genero honen errepikapen fasean sartuta gaudela frogatzen duen adibide bat baino ez litzateke. Ez nuke beste hainbeste esango Montoiaren eleberriaz, uste baitut badagoela, egon, Denboraren izerdia-n mezu berririk idazkera bikainaz gain.

Honekin esan nahi dudana da genero literario baten aurkako erasoa dela batez ere nire liburua, apika salatzen dudan errealitatearen aurkakoa baino gehiago, bitxia iruditzen bazaizue ere. Izatekotan, nire konpromezua maila literario batean da interesgarria, ez maila politiko-sozialean. Neo-liberalismoaren salaketak aurkitzea ez zaizue zaila izango. Aldiz euskal literaturaren mikrokosmora aplikaturik, eta egiten saiatu naizen moduan eginda, baliteke ez errepikapena izatea.

Idazlea beste idazleei begira bizi da, ez errealitateari begira

Izan ere, idazleak literatura ona egingo badu beste idazleei begira bizi behar baita errealitateari begira bezainbat. Ez errepikapenean erortzearren. Ez aspaldi irekitako ateak botatzen ibiltzearren. Arestian kazetariak aipatu ditut idazleei kontrajarriz, esateko idazleek ez bezala kazetaria errealitate brutoa, datuak bildu eta kontatzen zituena zela. Bada, hau ere ez da egia erbatekoa. Zeren, irudika ezazue gerla korrespontsal bat Jerusalemen edota Bagdaden. Zer da goizero altxatzean egingo duen lehen gauza idazteari ekin aurretik? Leihoa ireki eta kalean gertatzen dena begiratzea? Bere informadoreak deitzea datu berrien bila? Ez ba. Egingo duen lehen gauza gainerako hedabideek –eta batez ere konpetentziak– berak kontatu behar duen horretaz esan dutenaren berri hartzea da. Ez errepikatzearren. Hau kazetarientzat egia bada, alegia errealitatea ahal bezain fidelki kontatu behar digun horrentzat, nola ez da izango egia idazleen kasuan?

Errepikapen literarioa saihesteko kezka izan dut beraz gidari Gure Gauzak SA idazterakoan. Eta ez bakarrik gai konprometitu baina ordurarte landugabeari heltzea erabakitzerakoan. Nobelak baditu hainbat elementu urruntzen saiatzen direnak gaur egun orokortu den estetika literario batetik. Hala nola, eta honetan nire lehen nobelaren aurkako joera neureganatu dut, protagonista nagusia gaztea eta neska izan arren sexua apenas aipatzen da eleberri honetan (edo aipatzen denean modu ironiko batean, bigarren graduan, sex-shoparen pasartean bezala, erakusteko egungo euskal literaturak sexuarekiko duen lilura barregarri samar bezain anakronikoa -sexurik gabeko gazte protagonistak dituen nobela irakurgarria egitea, horra neurekiko erronketarik bat Gure Gauzak SA idazterakoan-). Beste adibide bat ematearren, thrilleraren generoan sartu arren, saiatu naiz generoaren konbentzio potoloenak –zenbaitetan hemengo literaturgileek modu nahiko astunean erabili dituztenak: detektibea, gorpua– ez erabiltzen.

Azkenik, eta nire errealitatearekiko morrontza azken finean nahiko ahula izan dela erakuste aldera, zera gehitu nahi nuke, errealitatea eta egiantzaren artean beti eman diodala lehentasuna bigarrenari. Horrela, eta askotan egin izan didaten galderari aurre hartuz, nobelan azaltzen direnak baino okerragoa da errealitatean gertaturikoa. Baina zenbait gauza ez azaltzea nahiago izan dut sinesgarritasuna ez kentzeko eleberriari. Dakizuenez errealitateak beti gainditzen duelako fikzioa eta fikzioak beti jarraitu behar diolako fikzioaren legeari. Zenbait elementu sinesgaitzegiak eleberrian sartu ahal izateko. Besteak beste, ez dut garatu nobelan euskal erakunde publikoek monopolioaren eratze fase luzean jokatu duten paperari buruzko ezer. Alde batetik nire helburuetarik bat zera zelako: idazleon burbuila erretratatzea, irakurlea lehen orrialdetik azkeneraino literatur mundutxoaren akuarioan arnasik hartzeko aukerarik gabe mantentzea alegia. Bestalde, gehitxo zatekeelakoan sinesgarritasunaren ikuspegitik, nahiz ongi dakidan errealitate konplexu hau ulertzeko ezinbestekoa dela. Beraz, nobelak ez du errealitate osoa kontatzen (ezta hurrik eman ere), nobela gisa ondo funtzionatzeko komeni zaiona baizik.

Espero dut nire engaiamendua ulertzeko, haztatzeko eta ebaluatzeko elementu hauek guztiak lagungarri izango zaizkizuela. Milesker arretarengatik.

etiketak: Testuak
Rikardo Arregi
Rikardo Arregi dio:
2006/05/04 15:39

Nobelaren sinesagarritasunaren kontua agertu da berriro. Nahastuta nago. Askotan entzun dut errealitatea ezagutzeko hobe dela fikzioa txostena baino, baina badirudi kontrako iritzia sendoa dela, errealitatea ezagutzeko nobelak ez du ezer balio, garrantzitsuena txostenak dira, datuak, zientzia hiz batean. Nahastuta nago. Ez dakit euskal editoreren bat oheratu den idazle batekin liburua ateratzearen truke baina ez nintzateke harrituko hori gertatuko balitz. Zergatik ez? Sinesgarria iruditzen zait, agian ez da inoiz gertatu baina nobela batean kontu hori irakurtzen dudanean sinesgarria iruditzen zait goitik behera. Gainera nobela bat irakurtzen dudanean badakit nobela bat ari naizela irakurtzen, ez txosten bat. Idazleen arteko labanazoak ez direla hain dramatiko? Pertzepzio kontua izango da agian baina nik uste dut guztiok ditugula buruan gertakizun sonatu batzuk, nik behintzat bai. U. Apalategiren nobela sinesgarria iruditu zitzaidan, horrek ez du esan "egiazkoa" denik, baina uste nuen nik eztabaida hauek gaindituta zeudela dagoeneko eta urrats pare bat aurrerago geundela. "Gure" mundua ez da besteen mundua baino hobeagoa, ez txarragoa ere. Batzuetan "gure" mundu idiliko hori "haien" mundua iruditzen zait. Jende atsegina dago eta ez hain atsegina. Zergatik harritzen gara gauza hauekin? Zeren beldur gara? Imajinatzen dut nire burua hemendik aste pare batera idazle ospetsu baten elkarrizketa irakurtzen: irakurriko dut errealitatea ezagutzeko hobe dela fikzioa txostena baino eta lelo aurpegia handituko zait berriro ere, eta pentsatu literaturaren inguruan gauza asko esaten direla, topiko asko, gehiegi pentsatu barik. Nire aldetik nahiago ditut nobelak txostenak baino, gehienak dibertigarriagoak dira. Eta gauza gehiago ikasten dut errealitateaz.

Juan Luis Zabala
Juan Luis Zabala dio:
2006/05/04 21:43

Nik ez dut ezer ere esan (edo ez nuen esan nahi behintzat) nobelaren sinesgarritasunaz. Zehatzago esanda: ez dut ezer ere esan ez oro har nobelak genero gisa duen sinesgarritasunaz, ez zehazki Ur Apalategiren nobelaren sinesgarritasunaz. Eta literaturaz eta konpromisoaz esaten dituen kontuetan bat egiten dut Urrekin (“haurride” sentiarazi nauela aitortu nion).

Nire artikuluan argi eta garbi esaten nuen Urren hitzaldiaren “ardatz nagusitik kanpo geratzen den gai batean” sentitzen nintzela haren ikuspegitik “urrunago”. Nik Urri planteatzen diodanak ez du zerikusi zuzenik ez literaurarekin, ez nobelaren sinesgarritasunarekin eta ez idazlearen konpromisoarekin.

Ur bezala, ni ere nahiko sartua nago euskal literaturaren munduan, eta nire asmoa Urri honako hau komentatzea zen, besterik gabe:

—Joder, Ur, zer ikuspegi iluna duzun gure mundutxo honetaz! Nirea askoz positiboagoa da. Beharbada inozoa naizelako izango da. Beharbada mundu unibertsitarioa eta mundu enpresariala ez ditudalako zuk bezain ongi ezagutzen izango da. Ez dakit. Oso gustura jasoko nituzke zure argibide batzuk horren inguruan.

Azken oharra: Urren nobelaren giroan, sinesgarria egin zait idazle bat editorearekin oheratzea liburua argitaratuta eta ondo promozionatuta ikustearen truke. Ondo ekarria dago kontu hori liburuan. Baina horrek ez du nik nioena ukatzen: “Ez zait burutik pasatu ere egiten euskal idazle bat editorearen ohetik gogoz kontra pasa daitekeenik liburu bat argitaratuta eta promozionalki ondo tratatua ikustearen truke. Ez dut uste hori inoiz gertatu denik gure artean, eta inork halako kasuren bat gertatu dela jakinaraziko balit, lan handiak izango nituzke entzundakoa sinesten”. Ez nuen ondo azaldu, eta azal dezadan orain, kapaz banaiz: nobelatik kanpoko sinesgarritasunaz ari nintzen, ez nobelaren barrukoaz. Dudarik gabe, niri burutik pasatu ere egiten ez zaizkidan era guztietako peripezia eta gertakari errealitatean sinetsi ezinak topatu ditut nobela askotan, nobelagileak bere lanean sinesgarritasun osoz txertatuak eta kontatuak.

Besterik ez oraingoz.

Gora nobela kritikoa!

Gora fikzio librea!

Gora Volga eta Volgatarrak!

Juan Luis Zabala
Juan Luis Zabala dio:
2006/04/29 16:36

Interesgarria iruditu zait, Ur, zure hitzaldi-artikulua, eta bat egiten dut esaten dituzun gauza askorekin, konpromisoaren inguruan, errepikapen literarioa saihesteko kezkari buruz edota idazlearen perbertsioaz esaten dituzunekin, adibidez. Gure gauzak S.A. hobeto ulertzen ez, baina haren genesia eta zure motibazioak hobeto ezagutzen lagundu dit, eta alde horretatik iruditu zait interesgarri, neuk izan ditudan eta ditudan kezka batzuetatatik aski hurbil sumatu baititut zureak. Zure haurride sentitu naiz pasarte askotan.

Zure hitzaldiaren ardatz nagusitik kanpo geratzen den gai batean inguruan sentitu naiz zure ikuspegitik urrunago, eta gustura jasoko nituzke zure argibide batzuk gai horren inguruan.

Kontua da Gure gauzak S.A. eleberrian euskal literaturaren munduaz ematen duzun ikuspegia exageratua iruditu zitzaidala, gehiegizkoa. Zuri ez, antza denez. Oraingo hitzaldi-artikulu honetan honako hau diozu: “Dakizuenez errealitateak beti gainditzen duelako fikzioa eta fikzioak beti jarraitu behar diolako fikzioaren legeari”.

Esaterako, ez zait burutik pasatu ere egiten euskal idazle bat editorearen ohetik gogoz kontra pasa daitekeenik liburu bat argitaratuta eta promozionalki ondo tratatua ikustearen truke. Ez dut uste hori inoiz gertatu denik “gure” artean, eta inork halako kasuren bat gertatu dela jakinaraziko balit, lan handiak izango nituzke entzundakoa sinesten. Gisa berean, idazleek zure nobelan euskal literaturaren munduan prestigioa lortzeko egiten dituzten mugimenduak eta darabiltzaten trikimailuak ez zaizkit ezagunak egin. Arlo horretan zikinkeria bat edo beste sumatu edo ikusi dudala ez dizut ukatuko, baina horrenbesterainokorik Total, zertarako! Onenean ere noraino hel daiteke ba euskal idazle ez oso bikain bat? (Eta bikaina bada, berriz, ez du halakoen beharrik izango, ezta?)

Beharbada inozo samarra naiz, baina inork galdetuko balit euskal literaturaren mundua zure nobelan agertzen den modukoa ote den, nik ezetz erantzungo nioke, nik ezagutzen dudan neurrian askoz ere atsegin eta gizatiarragoa dela. Badira ika-mikak, jakina, eta badira bizkarrean gogoz eta sakontasunez sartutako labankadak ere, baina nire ikuspegia ez da inondik ere horren ezkorra.

Akaso nire behatokia ez da egokiena. Akaso mundu unibertsitarioa eta mundu enpresariala hobeto ezagutu behar nituzke, orain jabetzen ez naizen gauza askotaz jabetzeko. Gustura irakurriko nuke zure iritzia gai honen inguruan, datuekin lagundua ahal bada, fikzioaren lainorik gabe eta zehaztasun handiagoz. Nobelarako sinesgaitzegiak omen diren kontu horien berri jakingo nuke gustura, adibidez. Jakiterik dagoen neurrian, ezer jakiterik balego bederen.

egur otxandiorena
egur otxandiorena dio:
2006/11/09 15:19

Aspaldian ez nuela euskal eleberririk irakurtzen eta honekin topatu naiz. Egia esateko morbo hutsak erakarri nau eta tiratu nau liburua azkenerarte irakurtzera. Gerora berririk izan dut gaiari buruz. Lehenik eta behin esan ez dela lorkuntza makala hainbat horrialdetan tentsioa mantentzea, eta liburua, orohar, entretenigarria eta irakurgarria da. Bestalde, dorpezi nabarmenak nabari ditut konposizio eta deskriziotan, errealitatea nekez erdituko balitza hitzen moldeen artetik. Eta pertsonaiak kartoi-paperezkoak dira (protagonista salbu) nahiz eta zenbait irudietan bizitasuna ikusi. Eskenatokiak ondo apaildurik ageri direla esango nuke eta memorian dut sex-shop-aren bisita (non eta bertako txiste batek farra eragin zidan) eta asilorako bidaia. Ikuspegi kritikoa ulertzekoa da baina erlatibismo moralak baditu hutsak: Gure Gauzak delako enpresa monopolista horren huts ala pekatu larria baita ETAri ez zerga iraultzailea pagatzea (errealitatean egia ez dena seguru asko)eta hori da ere bere deskastamentuaren elementu dramatikoa, zenbait irakurleengan konplizitate biziotsua lortuko duena. Eskertzekoa da gure arteko eskandaluak aizatu nahia, baina, klaro, egilea erdibidean gelditzen dela iruditzen zait. Hemen, nere ustez, falta da kritikan erabat sartzea (eta adieraztea Gure Gauzak horri gertatzen zaiona gauza sintomatikoa dela ezker abertzalean eta burokratizazio seinale dela, behin fase heroikoa gaindituta). Dena dela, esker txarrekoa nintzateke liburuak eman didan plazera (ez beti garbia)ezkutatuko banu eta hein horretan txalo bero bat egileari.

Pruden Gartzia
Pruden Gartzia dio:
2006/05/06 12:50

Rikardo:

Bada zure mezuan harritu nauen kontu bat, alegia, "eztabaida hauek gaindituta zeudela" edo "urrats pare bat aurrerago (omen) geundela".

Urrats horiek nora doaz? Aurrera? Oztopoak "gainditzen"? "Helburu" baten bila? Bai, ezta? "Aurrerazaleak" gara, beraz? Edo "progresistak"? Edo "progreak", besterik gabe?

Edo hori guztia hizkuntzaren tranpa bat besterik ez da? Agian beharrezkoa da zenbait metafora... nola esan... adibidez, "alde batera uztea" (ezen ez "gainditzea"). Uste dut neurri praktikoa litzakeela.

Eta eztabaidagaiari berari buruz, zaila zait ganorazko ezer esatea, topikoan erori gabe. Beraz, bete betean eroriko naiz (berriro): errealitateak baditu milaka aurpegi. Edo, beste modu batez: txostena zein nobela, onak badira, lagungarriak dira errealitatea ezagutzeko. Eta txarrak badira, ez. (Barkatu hain dikotomiko jartzea, baina hainbatetan inebitablea da).

Rikardo Arregi
Rikardo Arregi dio:
2006/05/08 19:37

Progreso kontuetan agnostikoa naiz erabat, beste kontu askotan bezala. Aurrerago geundela esatean zera esan nahi nuen: fikzioari aitortzen diogula errealitatea ezagutarazteko edo aztertzeko duen ahalmena, eta hori ez dugula orain zalantzan jarriko edo eztabaidatzen hasiko.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44