Inoiz baino ikusezinago
Bidaia baten aitzakian, hainbat apunte solte Venezuelako literaturaz, Angel Gustavo Infanteren hitzaldi bat lagun hartuta.
Venezuelara hiru asteko opor-bidaian ateratzera doan bidaiariak, maletak egiten ari dela, kezkaz irakurri du Volgako Batelariak webgunean Juan Bonillari egindako elkarrizketan idazleak esandakoa: berak literarioki bidaiatu besterik ez duela egiten. Egiten ari zen maleta utzi eta pentsatzen geratu da une batez: zer ote da literarioki bidaiatzea? Bidaiariak, noizean behin literatur kritikak egiten dituenez, eta literatur aldizkari (tira, literatur blog) bateko partaide denez, agian berak ere literarioki bidaiatu behar lukeela esan dio bere buruari. Baina zer arraio da hori? Bonillaren hitzak irakurtzen jarraitzen du: "hiri batean astebete ematen baduzu, erreportaje bat egin dezakezu. Hilabete bat pasatzen baduzu, honezkero idatzi dezakezu liburu bat". Kontsolatzen da bidaiaria pentsatuz bere egonaldia ez dela hilabetera heltzen, eta gainera, Pako Aristi aurreratu zitzaiola eta ez duela, beraz, kronikarik egin beharko. Pentsatzen du, azkenean, ziurrenik ezer idatziko ez badu ere, hango literatura zerbait irakurtzea eta liburu-denda batzuk miatzea erdizka literarioki bidaiatzea izan litekeela agian. Edo horren suzedaneo bat, besterik ez bada.
Eta orduan jarri da pentsatzen: zein idazle venezuelar ezagutzen du? Minutu pare batez buruari buelta batzuk emanda, ez zaio izenik bururatzen, Martin Ugalderena ez bada, eta ez daki horrek kontatzen duen. Ziurrenik ez. Bururatzen zaizkionak azkenean ez dira venezuelarrak; kolonbiarrak, edo uruguaiarrak edo beste edozein herri latinoamerikarretakoak dira. Googlatzen hastan da orduan, eta pixkanaka azaltzen doazkio izen batzuk, idazle hilenak gehienak: Rómulo Gallegos , Uslar Pietri eta ordura arte inoiz entzun gabeko beste izen batzuk. Edizio zaharretan, hemengo liburutegietan ere badaudela ikusten du katalogoetan. Fondo gordeetan gehienak. Ez asko, hala ere. Eta idazle gazterik batere ez, jakina.
Heldu da Caracasera, eta hondartzako egonaldiek, teleferiko bertigo-eragileetako joan-etorriek, gaueko bizitzak eta bestelako turismo ez literarioak uzten dion tarte apurretan, eta ingurukoak gehiegi ez aspertzen saiatuz, sartu-irtenak egiten ditu liburu-dendetan. Lehen eskuko informazioa eskuratu nahian, G. euskaldun-venezuelarrari galdetu dio hango literaturaz, eta erantzun dio berak badituela egoera politikoari buruzko liburu batzuk etxean, iraultzaren gorabeherak eta XXI. mendeko sozialismoa azaltzen dutenak. G.-k gobernuan egiten du lan. Eskertzen dio, baina literatura lanak nahi dituela erantzun dio bidaiariak. M. mexikar venezuelatartuari galdetzen dio liburu-dendei buruz, eta honek galdetzen dio: "Eduki politikodun literatura nahi duzu?". Bidaiariak ez daki nola ez oso fribolo gelditu eta aldi berean ez gezurrik esan. Ez bereziki erantzuten dio azkenean. Iraultza prozesuan dagoen gizartean axalkeria ote da literaturaz galdetzea? Eurozentrismo itsuaz ote dabil bera ere? Eta ez da erretorikoa galdera.
Caracasen kale-ixkina bakoitzean dauden zentro komertzialetako batera eraman dute bidaiaria. Liburudenda bi topatu ditu bertan, biak ere liburu "praktiko" eta "teknikoei" eskainiak. Jakina, literatura ez da ez bata ez bestea. Hala ere, bietako batean bada literatur lanik. Erakusleihoan daukate idazle venezuelar baten liburua, nobela historikoa, Toti venezuelarraren traza hartzen dio, ez daki zergatik, eta liburua inguratzen duen zinta gorriak eman dio atentzioa: "2000 ejemplares vendidos" irakurtzen da bertan. Venezuelako momentuko fenomeno literarioa da. Kalkulatzen hasten da, 24 milioi biztanle, 2000 ale Konparatzeko mania alu hori.
Bolivar etorbideko liburu-denda bat ere bisitatu du, eta Arte Ederretakoa ere bai. Lehenengoan, sartu eta erosle baino dendari gehiago, zer nahi duen galdezka. "Literatura venezuelarra" esaten du erdi lotsaz, eta aurpegi arraroz begiratzen dion dendariak goiko solairura bidaltzen du. Txoko batean, bi apal, ez gehiago. Arte Ederretakoan, zerbait gehiago: Gobernuak argitaratutako edizio merkeak, modan jartzen ari den nobela beltz eta poliziakoaren aleak, literatura erotikoa, baita bestelakorik ere. Hiruzpalau liburu erosita doa kalera: Salvador Garmendia delako baten ipuinak eta memoriak, Luis Britto Garcíaren ipuin-bilduma bat, antologia bat. Ikusi dituen denda gehienetan, ezagunak egin zaizkio, Caracasko pare bat argitaletxe salbu (Alfadil, Monte Avila editores ), literatura venezuelarra argitaratzen duten editorialak: Mondadori, Alfaguara... Pentsatzen du orduan multinazionalek muturra sartu dutenerako merkaturik izan behar duela literatura venezuelarrak, baina, irakurri duenez, editorialaren kapitalak ez bezala idazle venezuelarren liburuek apenas zeharkatzen dute herrialdearen mugarik. Are gutxiago Espainiara eta Europarantz.
Euskal Herrira itzultzekotan dela, aireportuan azken bolivarrak zertan ahitu (jakina, Europan bolivarrak aldatzen saiatuz gero barrez lehertuko litzaizkioke) aurrera-atzera dabilela, liburu-denda bat ikusi du, liburuak ez ezik txokolatinak eta Chavezen itxurako panpin tamaina guztietakoak saltzen dituena. Liburu gehienak, kasualitatea, idazle venezuelarrenak. Handik 200 metrora, duty free esparruan bertan, beste liburu-denda bat. Oraingoan, Chavezen panpinarik ez, eta guztia goi eta behe idazle venezuelarren lanez josia. Saiakerak, poesia, ipuinak, nobelak, biografiak Ordurako, baina, txanponak baino ez zaizkio geratzen, txokolatinak erosteko lain, eta lehendik erosiak zituen liburuekin hasten du bueltako bidaia. Miarritzeko edo Bilboko aireportuko liburu-denda bat irudikatzen du, euskal literaturako liburuez gainezka. Baina ez, bestelakoak dira hango souvenirrak.
Euskal Herrirako bidaian, zalantza ernatzen zaio, ez du uste oso literarioki bidaiatu duenik. Badaki ezetz. (Baina ze ostia da hori?) Ez daki, eta hori da okerrena, literatura venezuelarraz lehen baino gehiago ote dakien, plazerez irakurtzen ari den zenbait idazle gorabehera. Ez ote da liburu-denda egokietara joan? Denbora gutxiegi eman ote du? Ez da lasai geratu, eta berriro erositako liburuetan eta sarean hasi da bila. Ustekabean topatu du Angel Gustavo Infanteren hitzaldi hau. Irakurrita, apur bat lasaitu da. Agian ez da bere turista-begi miopea soilik hango literatura ikustea oztopatu diona.
Duela hogeita hamar urte estreinakoz ikusi nuen literatura venezuelarra mundu latinoamerikarraren aldamenean. Fenomenoa nire batxilergoko zorrotik ateratzen zen gaztelaniako klase orduetan, galeria higikor baten itxurapean, zuri-beltzezko erretratuez osatua, hondo laranja edo horixkaren gainean, honek nabarmenagotu egiten zituelarik Quiroga, Gallegos, Darío, Neruda eta García Márquez-en hazpegiak, testu liburuaren azala ilustratzen zuten eta nire miresmena erdiesten zuten hirugarren mundu honetako beste hainbat aurpegiren artean.Peña Hurtado zaharraren karneten itxurako estanpa haiek obretara eraman ninduten eta hala erdietsi nuen lehen ezagutza mosaiko baten inguruan, zeina osatzen baitzuten franja zentraleko ahots zenbaitek, Karibeko hondartzetakoek eta hegoaldeko lur irmoetakoek, non ozen entzuten ziren boomeko egileen ahotsak. Narratiba latinoamerikarrak, erakargarri eta ahaltsu, beste asmakeria europar bat zirudien, kokapen transkulturatuen gainean eraikia, aniztasunaren barruan batasun ilusioa proiektatzeko sortua.
( )
XX. mendearen lehen erdian tradizio bat ezartzeko saiakera egin zen, zoritxarrez jarraipenik izan ez zuena, arrazoi estra-literarioak medio. Badira arrazoi politiko eta geo-politikoak, infra- eta supra-egiturazkoak, hasi Gómezen kabinete ilustratutik eta petrolioak sortutako paradisu artifizialetaraino. Ideal Nazional berriak Guillermo Menesesi bidea ematen dio Parisko baretasunean La mano contra el muro-ren egituraz gogoetatzeko, baina ez dio lekurik ziurtatzen Latinoamerikan.
Bigarren erdialdean, hirurogeiko hamarkadaren amaieran, País portátil-i (hemen) emandako Seix Barral-en Biblioteca Breve sariak boomean sartuko ginelako ilusioa eragin zigun eta hainbat identitate ezaugarri lehertu ziren nadaista kolonbiarren eta ballenero venezuelarren artean. Britto García, Sequera eta Romerok eskuratutako Casa de las Américas sariek geure burua eskualdean nortasunez ordezkatzeko esperantza luzatu zuten; aitzitik biolentzia politikoak itotako eremuan egin genuen aurrera eta horrek utopiaren fedearen galera kolektibora darama, berekin dakarrelarik fikzioaren atzera-egite gisako bat, fragmentaziora eta testualismora garamatzana.
Eta hain justu hortxe ateratzen dut nire galeria ibiltaria Peña Hurtadoren liburuan, eta ez dut bertan "ahots berrien" aurpegirik aurkitzen, izan ere hauek doi-doi Centro de Estudios Latinoamericanos Rómulo Gallegos berri-berrian biltzen dira, eta, jakina, beren etxeko sukaldeetan baino ez dituzte ezagutzen. Tailer horretatik, kritikaren arabera, ezinezko narrazioak, desrealizatuak eta esperimentalak ateratzen dira; beste hitzetan esanda: Venezuela Handiaren hondamendi administratiboaren errealitatea ez kopiatzen ez kontatzen duten ipuinak.
Bien bitartean, nagusien diskurtso nobelistikoak gerrilla-borrokaren eraginez eta historiaren birplanteaketaz dihardu. Zorionez errealismo magikoa gainbehera dator eta son-ari esker herri kantu urbanoa sartzen da eta hala berdintzen gara koru karibear eta marginalarekin, melodia periferikoa hedatuz, eta gure patu kubatar eta puertorricoarra, kolonbiarra justifikatuz ( )
Zaila da azken hamabost urteotan gure narratibak mundu latinoamerikarrean izan duen integrazio, diferentzia edo kontrastea neurtzea. 1990ean Habanara joan nintzen eta Carlos Sandovali 2002an Liman gertatu zitzaiona jazo zitzaidan: Casa de las Américas-ek antolatutako idazle gazte latinoamerikarren kongresuan bildutako inork ez zuen gure idazleen ezer irakurria ( ) Sandovalen arabera, Alberto Fuguet-ek Salvador Garmendia aipatu zuen: "tipo sinpatikoa, bizarduna, zahartua"; ez zion ezer irakurria. Arazoa ez da soilik kanpokoa, oharkabean igarotzen gara geure artean ere. Hala gertatu zen Reni Marchevskak apailatutako El cuento hispanoamericano actual (hemen), 2002an Sofian argitaratutako antologiarekin: Mempo Giardinelli eta Wilfredo Machado jaso zituen, eta ez zen ezer aipatu, ez da ezer aipatzen horri buruz gure eremuan.
Kontua da, orain, nola kokatzen garen Volpi eta Andahaziren artean. Eta hemen erantzunak baino galdera gehiago sortzen dira: zein ikuspegitatik begiratzen diogu geure buruari? Merkataritzazkotik ala estetikotik? Merkataritzazkotik freskoak gaude: ez dago agente literariorik eta liburuaren transnazionalek herrialdean bertan soilik saltzen dute, saltzen dutenean. Estetikarenetik ere: gure narratibak xarma diskretua eragiten du, soilik tribu literarioaren artean kontsumitzen dena, kontsumitzen denean, nahiz eta neurri, kategoria eta taila guztietako idazleak ditugun, zaharrak eta berriak, edo berriak eta berrituak, Torres eta Mata Gil kasu.
Orduan, batek, gupidarik gabe larrutzen gaituztenean bezala, galdetzen dio bere buruari: zertan egin dugu huts? Nik neuk ez dakit, egia da gure historia ere krisi eta kontraesanen gainean mugitzen dela: globalizatuta eta bakarrik gaude aldi berean. Dagoeneko ez dauzkat Peña Hurtadoren karta-sortatxoak eskura eta ondorio begi-bistako bezain ez-zientifiko bat baino ez dakart: inoiz ez gara orain bezain ezezagunak izan.
Bidaiaria Angel Gustavo Infanteren nobelen bila ibili zen liburu-dendetan, orain gogoratzen da, baina, jakina, ez zuen alerik aurkitu. Pentsatu du gero agian ez dagoela estaturik gabeko hizkuntza txiki bateko idazlea izan beharrik ikusezina izateko. Baina, pentsatu du, konparatzeko mania puta hau
(to be continued)