Jat Krit
2005eko Durangoko uhina ahitzen ari dela, hasten gara Volgako Batelariaken orduko nobedadeak (batzuk) aztertzen. Erredakzio batzordekideen artean azoka ostean egin genuen afari-zozketaren lehenengo fruitua duzue hemen: Angel Errok Jat liburuari egin dion kritika. Jat
Goizalde Landabaso
Elea Argitaletxea
Bilbo, 2005
JAT KRIT
Otsailak 25
Gaur nire buruari ultimatuma paratu diot, Jaten kritika entregatu behar dut heldu den astean, konpromisoa hartu dut, badaramat urte erdi bat atzeratzen, ze pasada! Baina olerki liburu bat iruzkintzea oso zaila da, orain ulertzen ditut arrazonatuak baino gehiago inpresionistak diren egunkarietako poesia kritika hainbat, gehiengoak: iruzkindutakoari baino poesia gehiagoz darien kritikak.
Gainera, ez dit gorputzak liburua berriz irakurtzeko eskatzen. Horixe baliteke nahikoa epai suntsitzailea, ez balitz ni berez alfer samarra naizela izaeraz. Ez zidan liburuak, lehen irakurketa horretan, orain sei hilabetekoan (Gasteizko kaleetatik barna paseaturik egindakoan) zapore txarrik utzi, alderantziz, liburu atsegina iruditu zitzaidan, irakurterraza, baina, antza, ezer apartekorik gabea. Amodio istorio baten gorakada eta beherakada kontatzen du, maitasuna nola hasten den, nola goia jo, nola desagertzen, kontraesanekin hasieran, irmotasunez azkenean. Maiteminaren erretratu psikologiko ona. Horrek poemen irakurketari segida eta lotura arina ematen zion. Petrarcaren Kantutegia ideia beraren gainean eraikia da, eta ez du Jat-en arintasunik.
Erabaki dut kritika nola egin (hau lasaialdia!), nire juzku oraindik osatu gabea ahalik eta arrazionalen izan dadin. "Cata" bat eginen dut, lauzpabost poema, ausaz, (izenbururik gabe, zenbakiturik daudela probestuz) zozketaz edo ikusiko dut nola, hartu, aztertu eta ebatzi. Bihar hasiko.
Pentsatu behar dut, halaber, izenburuaz zer esango, nola interpretatu, izenburuak oso adierazkorrak omen direlako. Ikusi dut beste kritikariek bizkaierazko adizkia ikusi dutela "jat" horretan, hori nolabait bat etorriko zen ataletako izenak izenordeak izatearekin, baina ez poemen aukera dialektalarekin, barneko guztia euskara batuaz dagoelako. "Zait"-en aldaera guztiz bazter utzi gabe, nik pentsatzen dut tituluak joko bat egiten duela "jatea" aditzarekin, hitza noski erdiz janda ematen du, txantxa metalinguistiko bat eginez, Ana María Shuaren mikroipuin batean bezala ("Huyamos, los cazadores de letras están aq..."), maitasunaren izaera pasionatua eta aldi berean hondatzailea seinalatuta.
Otsailak 26
Lehen eguna, lehen salbuespena. Izan ere, gaizki irudituko litzaidake egileak berak lehen poematzat aukeratua nik aintzat ez hartzea, beraz gaur "1" poema irakurriko dut. Honelaxe dio:
Zeru izartua duzu bizkarrean,
egunez baino ikusten ez den zeru pikortua.
Egunik gabeko gauetan zeharkatzea gustatzen zait.
Begiak zarratuta Kasiopea aurkituko nuke,
eta Pleiadeak,
eta baita Orion urruna ere.
Atzamar bakarra nahikoa da izar-bidea egiteko.
Orain bat,
gero bestea,
hirugarrena ostean.
Hartz handian egiten duzu barre
txikian dar-dar.
Gelditzeko esan didazu.
Ilargi albokora ailegatu naiz,
horixe da gehien gustatzen zaidana.
Irakurriko dut berriz. Poema ona iruditu zait, polita. Mutikoaren gorputza izartegia bihurtzearen alegoria oso gustagarria egin zait. Zeruaren edo Lurraren kartografian gorputzarena irudikatzea beste poeta batzuetan irakurri dut. O.K. Hemen konparaketa honen abiapuntua ezin justifikatuagoa da, bizkarreko oriztak (edo pikorrak). Irudia luzatzen da konstelazioak aipatuta. Hartz handian barrearenak maite jolas bat dela gogoarazten digu. Ilargira iristean, ez du esaten baina ilgoran irudikatu dut nik, poemaren klimaxera ere iristen gara. Bai poema ederra, erotismo finekoa, lañoa.
Ea beste poema bat. 1etik 75ra bitarteko zenbaki bat eskatu diot X-ri, eta, esperatzekoa zenez, "69" esan dit, nolakoak diren gizonezkoak (X jarri dut, ez baitu berak nahi gurea jakin dadin, haren karrera literariorako kaltegarria omen datekeelako. Berriz ere liskartu gara honegatik). Poemak honela dio:
Latitude berean jarraitzen dut:
zazpirak et hogeita bian.
Orbelaren zaratotsean gordeta
hiru lorratz galdu zaizkit.
Zure ausentzia
harlauzapean utzi dut.
Amapolarik ez da parkeko baratzean.
Ez dut gerizperik inguruan;
hazkurea hasi zait bihotzean
odola epeltzen
existitu al zinen?
Liburuak osatzen duen maite bidean azken poemen artean gaude orain, etsipenetik niaren autoberrespenera doan atalean. Hemen hori azken lerroko galderan ikusten da, "existitu al zinen?", zuri buruzko zalantza horretan, maitale joana mapatik ezabatu behar horretan, zer urragarria dena, baina psikea horrela dabil. Hemengo irudi, metafora guztiak ideia hori indartzera datoz. Ez dira oso irudi indartsuak, nahikoa epel utzi naute. Susmoa dut olerki hau, ezarritako hari narratiboaren mesederako idatzia dela, baina banandurik hartua pitin bat txepel gelditzen dela.
Otsailak 27
Atzo X joan zen. Gaur itsuen loterian saritutako zenbakiaren azken bi digitu kontuan hartuko ditut poema hautatzeko. Baina, ordua den bitartean, arrebari eskatu diot 1tik 75ra bitarteko zenbaki bat esateko (lotsaz ez diot esan "69" ez esateko, eta berak, lotsaz ere, ez du zenbaki hori esan): "37" esan du. Honela dio:
Denborak barreiatzen ditu sentimenduak.
Ni ez naizen norbaitek
muga-epea ezarri zien.
Zuk agortu, ostera.
Zinemaskope aurreko pelikula da ordukoa.
Sol sostenido bako musika tresna
ikusle bakarra naiz eraistear dagoen zinematokian.
Ez naiz nintzena.
Tanttaka jausten diren amodio-malutak
ez dira nireak
ez desioa
ez samurtasuna
ez bat bilakatzen gintuen konplizitatea
ikusle bakarra naiz
aspaldi eraitsi zuten zinema zaharrean.
Poema hau gustatu zait, entusiasmatu ez, baina, ez dakit. Kritiko krisian nago, ez dakit zergatik poema hau, entusiasmatu ez nauen arren, gustatu uste zaidan. Ulertzen duzue orain poesia kritikatzeko metodo baten eratu beharra? Gogoratu naiz La Fiera Literarian dabilen batek literatur kritika baten metodo berria azaltzen duela (hemen). Ez nau konbentzitzen, zeren haren arabera poema hau negargarria litzateke, "sol sostenido" barbarismoagatik, niri berez arras barkagarria zaidana, edo "Tanttaka jausten diren amodio-malutak" espresiogatik: gaztelaniaz nork onartuko luke malutak tantaka jausterik poema serio batean? Copos de amor que caen a gotas? Gotas de amor que caen a copos? Ba, nik neuk, esaterako. Horregatik ez dut zorroztasun horietan nire iritzia oinarritu behar. Desolazioaren poema sentzilo bat da, bere errepikapen eta bere erritmo tipikoki poetikoarekin. Ozenki irakurri dut. Oraingoan pitin bat nerabe iritzi diot, baina zaila da poema liburu bat idatzi amodioaren gainean, nerabe jarri gabe.
Nik askotan parekatzen ditut jendeak jainkoarekiko, aberriarekiko eta abarrekiko erakusten duen diskurtsoa, diskurtso amoros erromantikoarekin. Eta nik gehiago estimatzen ditut gai horien guztien gaineko begirada eszeptikoagoa. Neure buruari galdetzen diot liburu honen zehar zer begirada dagoen maitasunaren gainean. Eta susmoa dut erromantizismoak gaina hartzen diola postmodernitate delakoari. Egia da maitasuna den eguzkiaren egunsenti, eguerdi eta ilunsentia deskribatzen dela, eta zenbait momentutan tonu ironiko bat hauteman daitekeela, baina eguzkia ez da zalantzan jartzen, Eros jainkoak jarraitzen du jainko. Hau ez da liburu bat gaitzesteko motiboa, nahiz eta nire irakurketan pisu handia izan balantza makurtzeko.
Bide batez, itsuen loteria aspaldi eman dute, eta "12" zenbakia atera da, bihar komentatuko dudan poema, hau:
Irribarre egiten didazunean
munduko osterantzeko lekuak gautu egiten dira.
Eklipse iraunkorrak sortzen dituzu segundo erdian.
Eguzkia ekartzerakoan ohartzen naiz:
gerra guztiek itxaron dezakete.
Sumindura guztiak desagertzen dira zeure keinu bakarrarekin.
Izu-ikaratzen nau nigan hainbesteko indarra duen zerbaitek.
Imintzio txikia
hain hauskorra,
eta hain zurea.
Ba al duzu honen berri?
Otsailak 28
Arreba etorri zait etxera X-rekin hautsi dudala jakin bezain laster. Sukaldeko mahaian aurkitu du atzo folio zuri baten izkinan kopiatutako poema, "12". Irakurri eta idatzi dudan onenetarikoa dela esan dit, azkenean ulertzen zaidala, eta oso maitasun aitorpen sentikorra dela. Ez dakit ni kontsolatzeko asmoz esan ote duen. Joan denean, poemen argitasunean hasi naiz pentsatzen, ulergarritasunean. Linea argiko poeta bi agertu ziren larunbatean Babelian, Joan Margarit eta Pere Rovira, eta poesia abangoardistaren kontra jo zuten, besteak beste, ondokoa esanez, "lo que se ha dado como poesía ha sido una pequeñísima parte de lo que en realidad es la poesía. Es lo que pasa con la vanguardia. Es una etapa que dura sólo 20 años, pero parece que vale por toda la poesía universal" edo "Cuando tú escribes una poesía que se entiende, algunos dicen que escribes una poesía reaccionaria. Bobadas. Yo no quiero cambiar la historia del género. A mí la poesía ya me gusta", edo "A mí me interesa un lector que se emocione, no un erudito que sea frígido poéticamente hablando."
Ez dakit zertara datorren, baina arrebarenak nahaspilatu nau pixka bat. Beste behin batean hausnartu beharko dugu honetaz sakonago, linea klaroaz, poesia abangoardistaz, poesia postmodernoaz...
Noan harira. Poema xume hau ere gustatu zait. Non da nire behinolako zorroztasuna? X-gatik izango da? Edo begien kliska eklipsetzat hartzen delako? Irudi hori John Donnerengan irakurria dut, "[eguzkiaren izpiak] I could eclipse and cloud them with a wink". Erreferentzia eruditu bat: poema ez dut erre behar. Gainera segundo erdi batez irauten duen eklipse iraunkorraz ari da. "But that I would not lose her sight so long", maitale batentzat segundo erdi bat eternitatea da. Landabasok Donne irakurri al du. Edo hau guztia tradizio petrarkistatik datorkio, innatoa kasik? Ez naiz arriskatuko eta badaezpada poema argi, umil eta, antza, pretentsio handirik gabe hau salbatuko dut, nahiz eta haren bertso lerro luuuzeak irakurtzean ia arnasarik gabe ito naizen.
Itsuen loteriako gaurko azken bi zenbakiak, 52.
Homeless sentitzen dut soina.
Eta badut aterpetzen nauen tokirik
bere sentitzen ez nauena.
Arrotz bi elkarrekin bizitzera kondenatuta.
Bart errieta egin diet oin-lorratzei
zure etxera eraman nautelako.
Eurak ere nekez onartzen dute etxe-aldaketa.
Hutsunez beteriko etxe batera etorri naiz;
gabezia neu ei naiz.
Agian zu zeu zara.
Giltza lorontzi azpian utziko dizut.
Martxoak 1
Atzoko poemarekin bukatuko dut eta utziko dut, ez dakit azterketa honek hasieran neukan jarrera epela berotzen lagundu duen. Gehiago nire ustean berretsi nau. Liburu orekatu eta oro har ederra, duina dela uste dudan arren ez dut bertan harribitxirik topatu (lagin honetan behintzat ez, eta hasierako irakurketaren arrastoan horrelakorik nabarmenaraziko zen). Eta gustagarria egin zaidana ez dakit poesia generoari esleitu behar zaion, non berebiziko garrantzia baitu adierazpideak eta irudien indarrak, edo lerro ebakietan kontaturiko maitasun istorioari.
X-k deitu dit, hitz egiteko. Susmoa dut bidegabe portatu naizela eta liburua osorik berrirakurri behar nuela, kritika egiteko.