Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Zertarako irakurri (gure garaikideak)

Zertarako irakurri (gure garaikideak)

Iban Zaldua 2006/02/24 13:30



Angel Errok planteatzen zuen lehengoan galdera eterno horietako bat, zergatik edota zertarako idazten dugun, aldizkari honetako orrialde birtualetan bertan (nota bene: ikusten duzuen bezala, ezin hobeto hasten da artikulu hau, Volgako Batelarien markako ohitura batekin: autoaipua). Tentazioa dago erantzuteko liburuen aurkezpenetan eta sarao pseudoliterarioetan gure protagonismo-kuota xumea eskuratzeko egiten dugula egiten duguna, baina horrek gure weblog edo dena delako honen aurkako fribolitate-salaketak biderkatzea baizik ez lukeenez ekarriko, ez dut bide horretatik jarraituko, eta kontu (ustez) serioagoei helduko diet. Zalantza legitimo horri eman zaion erantzun bat edo beste eskaini ondoren, beraz, eta pirueta dialektiko baten bitartez, galdera hori ("Zergatik idatzi?") bestelako galdera paraleloa bihur daitekeela defendatuko dut ("Zergatik irakurri gure idazle garaikideak?" edo, koska bat gehiago estutuz, "Zergatik irakurri gure idazle garaikideak, klasikoak eskura edukita?"), eta horrela nolabaiteko artikulu honen benetako ziora iritsiko naiz, hots, bigarren galdera horri Virginia Woolfek behin batean eman zion erantzunera, edo erantzun horren parte batera behintzat.
Idazteko motiboak

Duela ez hainbeste, egunero idaztea posible ote den galderari erantzun nahian, Harkaitz Canok esan zuen "Orri txuriaren bertigoa... ez dut inoiz bizi. Ez baduzu zer idatzi egun batean, ba irakurri. Irakurtzea eta idaztea ariketa berbera da: Sistole eta diastole, bihotzaren mugimenduak dira. Xurgaketa eta jaurtiketa...". Ezbairik gabe, oso polita geratu zitzaion, eta beste idazle askok ere aipatu dute antzeko zerbait, baina horrek ezer gutxi erantzuten du, esaterako, idaztera eramaten duten motibazioen inguruan: argi dago irakurtzea eta idaztea erlazionatuta daudela, kontu paraleloak izan daitezkeela nolabait, baina batetik besterako aldea dagoela onartu beharra dagoela uste dut, eta alde horretan datzala, hain zuzen ere, koska. Zeren eta, Roberto Bolañok esaten omen zuen bezala, normalena irakurtzea da, inola ere ez idaztea.

Badago liburu bat, Madrileko Ediciones y Talleres de Escritura Creativa Fuentetaja beti interesgarriak argitaratua, galderari erantzuten saiatzen dena eta, jakina (aurrera dezadan une honetatik bertatik), lortzen ez duena, zorionez: ¿Por qué escribe usted? du izenburu, eta galdera horri berrehun eta hogeita hamazazpi idazle nahikoa garaikideek emandako erantzun labur edo luzexeagoez osatuta dator, hurrenkera alfabetikoan ordenatuta, Kobo Abe japoniarrarengandik hasita (honela abiatzen du berea: "Galdera hori ez da logikarekin erlazionatzen, etikari dagokio zalantzarik gabe") Yun Hung-Gil korearrarekin amaitu arte (honela amaitzen duena: "Nobelak idazten ditut nire arimaren kopa betiere hutsa betetzeko. Baina asko idazteagatik ere kopa ez dago inoiz beteta eta, ondorioz, idazten jarraitzen dut").

Liburuaren sarreran Primo Levik 1985ean emandako erantzun baten nolabaiteko laburpena dator, zerrenda bat zeinak, hein handi batean, idaztearen motibazioen inguruko aukerak agortzen baititu. Leviren ustez, idazteko arrazoi nagusiak bederatzi lirateke: 1) Norbaitek desioa edo premia sentitzen duelako; 2) Dibertiarazteko edo norbera dibertitzeko; 3) Norbaiti zerbait irakasteko; 4) Mundua hobetzeko; 5) Norberaren ideiak ezagutzera emateko (ez dena, zehazki, 3. motibazioaren berdina, antzekoa gerta badaiteke ere); 6) Angustiaz libratzeko; 7) Famatua izateko; 8) Aberasteko; 9) Ohituragatik. Jakina, Leviren ustez motibazioa ez da bakarra izaten, eta zerrendatzen dituen bat baino gehiagoren konbinazioa izan daiteke (adibidez, zazpigarren motibazioari ia inork ez dio ihes egiten, maila handiagoan edo txikiagoan), ezta berbera idazlearen bizitza guztian zehar (bederatzigarren motibazioa, esaterako, kreatibitatearen gasolina agortu duten idazleena litzateke, guztien artean "tristeena", Leviren aburuz).

Idazle garaikideak irakurtzeko motiboak

Idazten jarraitzeko azalpen asko ezagutzen ditugu, normala dena, idazleek (idazleok) justifikatu egin behar dutelako (dugulako) gure jarduera nahikoa inutill hau; autojustifikazio horietako bat, hemen errepikatuko ez dudana eta idatzi honen sarreran hizpidera ekarri dudan Angel Errorena berarena dena, hain bihurtu da klasiko ezen jendea (gehienetan beste idazle batzuk) hasi baita jadanik akatsekin aipatzen (testu bat klasiko bihurtu denaren frogarik behinena) eta are Nafarroako Parlamentuan erabili izan baitute (ikus 6. orrialdea, dokumentu honetan).

Edonola ere, demagun Harkaitz Canoren hipotesia zuzena dela, eta idaztea eta irakurtzea ariketa bat eta bera direla. Horrek behartuko gintuzke, hala balitz, egungo egileen lanak irakurtzera: norbaitek irakur ditzan idazten dituzte (ditugu) idazleek (idazleok) liburuak, ezta? Baina hori ere ez zait guztiz ebidentea iruditzen. Rafael Reig idazle espainiarrari galdetu zioten behin, aurkezpen batean, ea zergatik irakurri behar ziren bere liburuak, eta berak erantzun zuen ez zitzaiola motibo berezirik bururatzen, eta egia esan behar bazuen askoz hobeto irizten ziola klasikoak irakurtzeari, denbora galtzea zela bere nobelaren bat irakurtzea Benito Pérez Galdósen Fortunata y Jacinta edo Gustave Flauberten Madame Bovary egonda, eta boutade honen azpian egiatik dezente egon zitekeela iruditu zitzaidan niri. Zertarako ausartu liburu berri batekin, kotoiaren froga behin eta berriro pasatu ondoren literaturaren historiak eta garai ezberdinetako kritikak ondutako zerrenda eskura baldin badugu? Liburu klasikoekin soilik bizitza bat baino gehiagorako irakurgaia izango genuke, eta, ziur nago, irakurtzen ditugun liburu garaikide askori baino probetxu gehiago aterako genieke, bai estetikoki, bai eta (zer esanik ez) moralki ere. Edonola ere, arazo ugariz libratuko ginateke garaikideak irakurtzeari uko egingo bagenio, horrekin batera idazteko motiboak desagertuko liratekeelako eta, ondorioz, ez genukeelako matraka ematen ibili beharko idazteko zergatiak justifikatzen aritzeko.

Hala da: gure garaikideak irakurtzeko edo irakurtzen jarraitzeko (eta are gutxiago akademikoki aztertzeko) arrazoiei buruz gutxi hitz egiten da, agian jakintzat jotzen ditugulako, baina, ondo pentsatuz gero, niri ez zaizkit horren argiak iruditzen.

Joan den mendearen hasieran, ordea, ez zen horren galdera arraroa. Izan ere, garai horretan bitxikeria zatekeen lan garaikide baten inguruko unibertsitate-mailako ikerketa bat, adibidez; gaur egun, ordea, munduko gauzarik arruntena da. Literaturari buruzko estudioak idazle eta lan "klasikoenak" izan zitezkeen soilik; literatura "modernoa", gehien jota, denborapasa bat, inola ere ez serio har zitekeen jarduera bat: denboraren destilazioa behar zen hortik zer geratuko zen (zer edo zer geratuko zen) jakin ahal izateko. Baina garai horretan hasi ziren, batzuk, literatura garaikidearen balioa eta "literaturtasuna" aldarrikatzen, inguru unibertsitarioetan batik bat, denok ezagutzen ditugun ondorio deitoragarriekin.

Testuinguru horretan kokatu behar dugu Virginia Woolfen (1882-1941) hurrengo pasartea, "Orduak biblioteka batean" izenburuko artikulutik atera dudana, eta The Times Literary Supplementen argitara eman zena 1916ko azaroaren 30ean, duela ia laurogeita hamar urte beraz, idazleak hogeita hamalau urte zituenean. Uste dut soberan dagoela Virginia Woolfi buruz esan dezakedan ezer (gehiago hemen eta hemen), aski ezaguna baita bere ekarpena, bai literarioa (nobelaren arloan batik bat), bai pentsamendu mailan (feminismoaren mugarrietako bat da); bakarrik gehitu, mundu guztiak dakienari, eleberrigile ez ezik saiogile eta kritikari biziki interesgarria izan zela ere bai, duela gutxi gaztelaniaz argitaratu den liburu batek aditzera ematen duen bezala: Horas en una biblioteca du izenburua hain zuzen ere, eta Miguel Martínez-Lagek bildu ditu bertan agertzen diren kritika, iruzkin eta saiakera laburrak (Bartzelona, El Aleph Editores, 2005); hortik atera dut, jakina, ondoren datorren testua. Martínez-Lagek berak sarreran aipatzen duen bezala, Woolfen artikulu asko ez dira nahikoa berandu arte bildu eta, ondorioz, beste hizkuntzetara itzuli, alde batetik, egunkari eta aldizkarietan barreiatuta zeudelako, eta, bestalde, Times Literary Supplementek, esaterako, sinadurarik gabe argitaratzen zituelako kritikak, kritikoaren anonimotasuna gordetzeko asmoz: horregatik oso ohikoa zen, mota honetako izkribuetan, pluralaren lehenengo pertsonaren erabilpena (gehigarriak 1960ko hamarkadara arte mantendu zuen arau hori). Woolf zen, jakina, kritikari horietako bat, eta batez ere XIX. mendeko eta XX.aren hasierako idazleen azalpen biografiko txikiez eta haien lanen kritikez osatuta dago bilduma; idazle anglosaxoniarrenak, batik bat, baina baita errusiarrenak ere, etab. Woolfen iruzkinak sotilak eta sakonak dira, eta ironia fin batez hornituta datoz askotan, baliabide literario hori gizonezkoen ondare esklusiboa dela sinesten dutenei bitxia irudituko zaiena ziurrenik. Liburua, edonola ere, zinez gomendagarria da kritika eta literatura zer demontre izan daitezkeen asmatu ezinean jarraitzen dutenentzat (dugunontzat).

Abiapuntua, jakina, klasikoak dira: horiek dira gaztetan irakurri behar diren (eta, Woolfen garaian, irakurtzen ziren) egileak, gazte baten hezkuntza literarioan ezinbestekoak. Baina gaztetasuna badoa, eta "gaztetasunaren igarobidearen" sintometako bat da, Woolfentzat, hasten garela "gehiago interesatzen gure garaikideen izkribuekin, eta barkatzen diegula haien inspirazio falta gugandik hurbilago egiten dituen zerbaiten trukean". Eta hala jarraitzen du, pixka bat aurrerago, idazle ingelesak:

Hilezkorrek zer pentsatzen zuten ezagutzeko antzinako gose horrek, beraz, jakin min toleranteago bati ireki dio bidea, gure belaunaldi propioak zer pentsatzen duen jakiteko. Zer sentitzen dute bizirik dauden gizonek eta emakumeek? Nolakoak dira haien etxeak? Nola janzten dute? Zenbat diru dute, nola elikatzen dira, zer maite dute, zer gorroto, zer ikusten dute inguratzen dituen munduan, zeintzuk dira haien bizitzen espazioak eta jarduerak betetzen dituzten ametsak? Hori guztia kontatzen digute haien liburuetan. Haietan ikusten dugu asko gure garaiko hala gogoaz nola gorputzaz, ikusteko begirik dugun heinean behintzat.

Jakin min horren izpiritua gutaz guztiz jabetzean, laster estaliko ditu klasikoak hauts geruza lodi batek, premiaren bat berrirakurtzera eramaten ez bagaitu behintzat. Bizien ahotsak baitira, azken batean, hobekien ulertzen ditugunak. Maila berean tratatu ditzakegu: erantzuna ematen diete gure asmakizunei eta, agian garrantzitsuagoa dena, haien txantxak ulertzen ditugu. Eta horrela gustu berri bat garatzen dugu, handiek asetzen ez digutena; agian ez da gustu baliotsua izango, baina edonola ere plazer handia eskaintzen digun ondasuna da: oso kalitate zalantzagarriko liburuekiko gustua. Gure bizitza isilean garrantzitsutzat jotzera heltzen gara horien egileak eta heroiak. (…)

Hori egia eztabaidaezina iruditzen zaigu, liburu berrien kasuan harrigarriro zaila bada ere jakitea zeintzuk diren benetako liburuak eta zer den esaten digutena, eta zeintzuk diren betelaneko liburuak, berez desegiten direnak apalategi batean urtebete edo bi egon ondoren. Argi dago liburu asko dagoela, eta maiz gogorarazten zaigu gaur egun edonork idatzi dezakeela. Egia da apika; halere, ez dugu zalantzan jartzen aldakortasun izugarri horren muinean, hizkuntzaren uholde eta bitsa horren hondoan, erreparo falta oso horren altzoan, hutsalkeria eta arrunkeria horren bihotzean pasio handi baten beroa dagoenik, zeinak besteak baino burmuin doiago baten ustekabe zoriontsua baino ez baitu behar iraungo duen forma bat eratzeko. Dudarik gabe atsegina izango litzateke anabasa hori aztertzea, gure garaiko ideia eta ikuspegiekin borroka egitea, erabilgarria dena harrapatzea, baliorik ez duena baztertzea, eta batik bat ulertzea eskuzabalak izan beharko dugula beren barnean borborka ari diren ideiei forma ahal bezain ondo ematen saiatzen diren pertsonekin. Autoritatearekiko otzantasun txikieneko garai literarioa da gurea, handiek inposatzen duten menderakuntzatik askeena; antzinagoko batek ere ez du ematen horren apetatsu, horren lotsagabe, horren aldakor bere esperimentuengatik. Irudi dezake, baita adienentzat ere, ez dagoela eskola baten arrastorik, ezta helburu zehatz batena ere gure poeta eta eleberrigileen obran. Saihestezina da ezkorra, baina ez gaitu gure literaturaren heriotzaz konbentzituko, eta ez digu eragotziko sentitzea zein benetakoa den eta zein biziki egiten duen distira edertasunak idazle gazteak beren ikuspegi berriei forma ematera prestatzen direlarik, hizkuntza bizien arteko ederrenaren antzinako hitzak erabiliz. Klasikoen irakurketan ikasi duguna albo batera utzita ere, orain beharrezkoa zaigu gure garaikideen lana epaitzeko, bizirik jarraitzen duten heinean ez baitiote utziko sakontasun ezezagunen batean sareak botatzeari forma berriak limurtzeko helburuarekin, eta gure irudimenarekin haien atzetik bota beharko ditugu gure buruak, onartuko baditugu, behar bezalako ulermenaz, egiten dizkiguten opari bitxiak.

Edonola ere, idazle berriek plasmatu nahi dutenaren pista jarraitu ahal izateko antzinako idazleei buruzko gure ezagutza guztia behar badugu, egia da ere bai liburu berrietan zehar menturatzetik itzultzean zorroztu egin zaigula zaharrei aurre egiteko gure begirada. Ematen du orain gai ginatekeela haien sekretuak sorpresaz argitzeko, sakonenera heltzeko, haien zati anitzak nola elkartzen diren ulertzeko, liburu berriak nola egiten diren ikusi dugulako, eta aurreiritzi guztietatik libre erabaki dezakegu modu egiatiago batean zer den egiten dutena, zer den benetan ona, zer den txarra.

Ezbairik gabe, gauza batzuk ez dira aldatu Woolfek hau idatzi zuen garaitik (baina beste batzuk bai). Garaikideen irakurketaren (eta, beraz, idazten jarraitzearen) aldeko lehenengo argudioa (bizi dugun mundua ezagutzea, "gure garaiko hala gogoaz nola gorputzaz" gehiago jakitea) ezaguna da, eta baliagarria izaten jarraitzen du egun, hein handi batean; idazle garaikideak klasikoen argitara irakurri behar direla esatea, bestalde, topiko bat da, ez horregatik faltsua. Azkeneko argudioa da bereziki interesgarria iruditu zaidana, azkeneko buklea: garaikideak irakurri behar direla klasikoak berrirakurri ahal izateko.

Ez zait argudio txarra iruditzen.

etiketak: Testuak
Lander Garro
Lander Garro dio:
2006/03/11 03:30

Gutaz gehiago jakiteko irakurtzen dugu, eta jakintza horretan zer edo zer aportatzeko idazten, nire kasuan behintzat. Gizakiaren jokabidean bada zerbait amankomuna dena, gizartearen arabera, eta bada zerbait norbanako bakoitzari dagokiona: nortasun indibiduala. Biak ala biak, bizitzan, tartekatu egiten dira, askatasunaren arabera, bizitza kalitatearen arabera. Batzuetan gu geu izan gaitezke, eta beste batzuetan, izaki sozialak izan beharrean aurkitzen gara, estereotipo hutsak. Gehienetan aske garela uste izaten dugu, baina, finean, ez gara albokoen errepikapenak baino.

Gauean, ispilu aurrean jartzen garenean gara gu geu. Keinuak egiten ditugu, mingaina ateratzen. Itsusitu egiten gara, sabela atera eta soslaia begiratzen dugu. Hortxe gara gu geu.

Gure sakonean dagoen zera hura berreskuratzea izan da liburu klasiko asko eta askoren xedea. Irakurri Crimen y Castigo, edota Ana Karenina, eta hori aurkituko duzu: ezkutuko zerbaitekin jotzeko xedea.

Horrek ez du zorionarekin zerikusirik. Psikoanalisiak arimaren sekretuen argiketaren eta zorionaren arteko harremana ukaezina dela idatzi izan du, baina, denborak ez dio arrazoirik eman (noiz izan den gai psikoanalisia sikosiak sendatzeko?). Gure baitako sekretuen aurkikuntzak ez gaitu zoriontsuago egiten. Asko-asko bilatuz gero, izan ere, gure narzisismoa aurkituko dugu, agian, eta gure bizitza miseria handia izango da aurrerantzean, erruz eta tristeziaz betetako denbora.

Baina badugu joera bilatzeko, eta literaturak, aldi baterako bahintzat, bilaketa hori asetzen laguntzen digu. Bestetik, uste dut ariketa literarioak gehiegi jotzen duela gure banitatearen muinean, eta hori ez dela ona. Alta, suntsigarria da. Liburua idazten dugu. Idazleak gara. Komunikabideetan ateratzen gara, eta une batez, harro sentitzen gara. Hilabete batzuen bueltan liburua irakurtzerakoan, deskubritzen dugu liburuak ez duela piperrik balio, eta zera galdetzen diogu geure buruari: liburuak ez bazuen piperrik balio, zergatik ez dit honen berri inork ere eman? Eta deskubritzen duzu, literaturaren gainetik, liburugintzaren mustro guztia dagoela: argitaletxeak, hedabideak, kritika, banatzaileak, dendak, eta abar. Liburua idatzi, argitaratu, eta, aurrerantzean, literaturak berak ez dio inori axola. Handik gutxira, tentazio handia izaten da bide berbera jorratzeko, hau da, literatura idaztera iritsi gabe beste liburu bat argitaratzeko. Liburua pieza bat izango da engranajean, eta gu ere bertan egongo gara, gure banitatearen alkoholetan penak mozorrotzen. Kritikak beste aldera begiratuko du, edota elekeriz betetako kritika argitaratuko du, liburua ona edota zaborra ote den esatera iritsi gabe, eta kito: beste bat gillotinarako. Literaturaren eta literatura ez denaren artean, ordea, kritikak hala jaso ez arren, amildegia dago. Eta jada inork ez du literaturarik idazten (barkatu hiperbolea). Salbuespenen bat izango da... Woolf andereñoaren zerrendan!

Iban Zaldua
Iban Zaldua dio:
2006/02/27 03:24

Uste dut ez naizela ni inor halako zerrenda bat proposatzeko: nire aldetik harrokeria gehiegi litzateke.

Esan dizakezut zeintzuk diren, adibidez, hor goian aipatutako Woolfen liburuan agertzen diren egileetako batzuk, idazle ingelesaren "klasikoen" zerrendaren zati bat behintzat zein izan zitekeen aditzera eman dezaketelakoan: Coleridge, Pepys, Ruskin, Conrad, Emerson, Thoureau, Melville, Askakoff, Turgéniev, Dostoievski, Txekhov, Austen, Mansfield, Chistina Rossetti, Carlyle... Ez dakit guztiak sartuko ote zituen Woolfek bere "klasikoen" definizio hipotetiko batean, baina argi dago ez daudela denak (besteak beste, grekolatindarrak falta direlako bertan).

Bestalde, iruditzen zait erantzunak bilatzen hasteko leku on bat izan daitekeela Italo Calvinoren Por qué leer los clásicos (Tusquets 1992), edo, erabat ofizialista jarrita, Harold Bloomen El canon occidental (Anagrama 1997). Zer esanik ez, nik zirriborratu dezakedan edozein zerrenda baino oinarri sendoagoak daude hor. Eta baita gauza eztabaidagarri asko ere, noski.

Beste zerrenda posible bat, Angel Errok gogorarazi didan bezala, Literatura Unibertsala saileko liburuek osatzen dute, Ibaizabalek argitaratutako 100 haiek (auskalo noiz arte egongo diren salgai dendetan: hasi dira agertzen eskaintzazko saltokietan, gillotinarako bidearen lehenengo urratsean daudenaren seinale) eta Alberdania-Elkarreko 17ak; hor ere gauza eztabaidagarriak daude, baina oro har itinerario adierazgarri bat eskaintzen dutela esango nuke.

Edonola ere, zure galdera irakurtzean akordatu egin naiz duela hilabete batzuk Rikardo Arregik orrialde birtual hauetara bertara ekarri zigun Roberto Arlten artikulu hura (hemen), zeinetatik pasarte hau bir-kopiatuko baitut:

LIBURUEN ALFERRAZ

Irakurle batek idatzi dit:

"Asko interesatuko litzaidake idatziko bazenu artikuluren bat gazteek irakurri behar dituzten liburuei buruz, gazteek beraiek ikas dezaten eta existentziaren kontzeptu argi eta zabala eraiki (ez kanpoan utziz, jakina, bizitzaren esperientzia propioa)".

EZ DIOZU EZER ESKATZEN GORPUTZARI...

Ez diozu ezer eskatzen gorputzari, irakurle maite hori. Baina, non bizi zara? Uste duzu zuk, minutu batez, liburuek irakatsiko dizutela "existentziaren kontzeptu argi eta zabala" eraikitzen? Oker zabiltza, lagun hori; oker aski da esan arte. Liburuek hondatu egiten dute gizona. Irakurtzen duen gizon zoriontsurik ez dut ezagutzen. Eta adin guztietako lagunak ditut. Ezagutu ditudan pertsona existentzia gutxi gorabehera konplikatukoek irakurtzen zuten. Asko irakurri, tamalez.

Liburu bat egongo balitz, adi egon, liburu bat egongo balitz existentziaren kontzeptu argi eta zabala eraikitzen irakatsiko duenik, liburu hori esku guztietan egongo zen, eskola guztietan, unibertsitate guztietan, ez zen etxerik egongo eskatzen duzun liburu hori ohorezko apalean izango ez zuenik. Konturatzen zara?

Ez zara oraindik konturatu jendeak irakurtzen duela liburuetan egia aurkitzea espero duelako. Eta liburu batean aurkitu ahal den gehiena da egilearen egia, ez gizon guztien egia. Eta egia hori erlatiboa da... egia hori hain da txikitxoa.... ezen beharrezkoa dela liburu asko irakurtzea liburuak mesprezatzen ikasteko.

Asel Luzarraga
Asel Luzarraga dio:
2006/03/11 16:13

Nik, klasiko eta garaikideen arteko kontuari baino, hasierakoari heldu nahi diot, beste puntu bat gehituz Leviren zerrendari: 10) Larrrua jotzeko. Gertatzen zaiguna da, behin idazten hasita eta ohitura hartuta, lehen beste egiten dugula larrutan (gora egiten badugu, adinaren edo eskarmentuaren abantailengatik izan ohi da, literaturagatik baino gehiago), eta gainera helburu hori lanbrotu egiten zaigula, batzuetan ahazteraino. Baina funtsean, horregatik erabaki genuen idazle egitea (batez ere, amodiozko poemekin hasi zirenak, baina ez haiek bakarrik). Irakurtzearena, klasikoak izan zein garaikideak izan, helburua betetzen ez dugunean geratzen zaigun denbora betetzeko izango da...

Jon Iraola
Jon Iraola dio:
2006/02/26 17:14

Iritsi naiz amaierara azkenean...
Galdera bat bota nahi nizueke, eta erantzungo bazenidakete eskertuko nizueke.
Ea. Gazteak gara eta ez dugu klsikorik apenas irakurri. Liburuen zatitxo laburrak-eta, besterik ez.

Nondik hasi? Ze libururi heldu? Ze listari jarraitu? Erantzuiguzue!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44