Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Bertsolaritzari buruzko solasaldia

Bertsolaritzari buruzko solasaldia

Angel Erro 2006/01/26 10:51

Luzianori egotzi izan zaion Ό διάλογος περί δεμοδών αοιδων (Adversus vulgares versificatores latinezko izenburuagatik ezagunagoa) obraren eragin nabarmenean egina, hona hemen Angel Errok atondutako eta gainerako batelarien laguntzaz orraztutako testu bat, gure bertsolaritza eztabaidagai hartzen duena.

Orain hilabete bat, BEC-en inoiz izan den bertso txapelketa handiena burutu zen, Euskal Herria bertso sukarrak hartua zirudien (eta oraindik arrastoak), bertsolariei elkarrizketak nonahi, audientzia inoiz ezagutu gabeak, goraipamenak, finalaren dvd aise merkeak egunkariarekin batera. Gure ustez...

BERTSOLARITZARI BURUZKO SOLASALDIA

Luzio.- Nora zoaz hain presati, lagun? Ez al zara mezara iristen?

Zigor.- Agur, Luzio, zoro moduan nabil Iruñeko bertsozale elkartea non dagoen jakin nahian, bazkidetzeko asmoa baitut, bai eta helduentzako bertso eskola dagoen galdetzekoa ere.

Luzio.- Nik dakidala Marcelo Celayeta karrikan da, 73. edo 75. zenbakian. Baina, Zigor, nondik nora bertsoekiko grina hori?

Zigor.- Ez al zinen ba 13.000-en artean egon? Edo ez al zenuen BEC-en gertatukoa ETB-n ikusi, euskaraz nahiz gaztelaniaz? Bada jakizu egun hartakoa errebelazioa izan dela, euskaltzale oro konturatu baikara euskararen osasun ona bertsolaritzatik etorriko dela, eta ez beste inondik. 13.000 lagun (emakumezkoak eta haurrak zenbatu gabe) negar malkoa begietatik isurtzen zitzaigula, bertsolarien sentiberatasunak eraginda! 13.000 lagun haien arrazoi ezinago gatzdun eta egokiei "oooná" eta "eaaarra" esanez oniritzia ematen. 13.000 lagun "preso" hitza entzuten genuen aldiko zutik, eskuak minberatu arte zartaka.

Nik, dakizun bezala, Euskalerri Irratian astero kolaborazio txiki bat egiten dut, minutu bateko gogoeta, edozein gairi buruzkoa. Nola ausartuko naiz orain ni deus esatera hitzaren maisu horiek entzun ondoren? Halaber ordu aspertuetan olerkitxo bat edo beste, inori erakusten ez diodana, osatu ohi dut; nola jarraitzen ahal dudan tema horretan igandean entzundakoa ez euskaran ez lirismoan gainditu ezin dudanean?

Luzio.- Penaz nago diozun bezain ikuskizun handiaren partaide izan ez naizelako. Edo utzikeriagatik edo ohituragatik, Espainiako Telebista ari nintzen ikusten, zeinak, bestetik, Espainiar estatuko gertaera kultural handiena omen den horren berri eman beharko lukeen, La2 katean adibidez non ez gutxitan kulturarekin harremana duten ekintzak ematen baitituzte, eta hain jendetsua denez bere sharerako mesedegarria ere gerta zekion. Nahiz eta, La2-ek ematera eta ez gure kateak, bikoizturik dokumental etnografikoa legez edo opera bailitzan azpitituluekin, akaso inork gutxik ez lukeen ikusi, batek daki, zeren, aditu dudanez, bertsolaritzaren oinarri eta funtsa erretorika da (Joserra Garziak hortaz egin omen du tesi doktorala). Eta neure artean galdetzen dut nola erretorikak erakar dezakeen hainbeste jende (bejondeiela solasaldi platonikoei). Nik ez nuen uste Euskal Herri osoan holako ehun zaletu baino gehiago egon zitekeenik.

Zigor.- Hain zuzen ere, pasa den egunean Berrian horrelako zerbait aipatzen zuen Jose Luis Gorrotxategi bertsolari zaharrak, BEC-en 150 batek baino ez zutela bertsoa behar bezala ulertuko. Elitista halakoa!

Luzio.- Orain esaten duzula, nik ere irakurri nuen baina ez nintzen jabetu zertaz ari zen ere, esaten dizudan bezala egun horretan ez bainengoen ETB-n jarraitu zutenen ugariren artean. Uste dut (ez dakit ziur) egun horretan La2-en hain zuzen ere patinaje artistiko emanaldi bat ematen zutela, eta Stephane Lambiel suitzarra irristan ikusteak eragiten zidan edertasun sentipen gorengoak itsututa eta adimena lainotuta egon nintzen, nahiz eta hurrengo egunean, sukarraz edo priapismo atake estetikoaz dagoeneko sendaturik, nire onera bueltatu nintzen, eta hotzean Lambiel ez nuke, noski, Nureyev baten mailara jarriko. Horregatik harritzen nau zu ere (eta zu bezala beste anitz) zure onera etorri ez izanak, gauzak bere tokian utziz. Dudarik gabe, Zeusek zaitu bortizki kolpatu eta itsutu bere tximistarekin, eta hilabete pasa ondoren haren amorruaren mende jarraitzen duzu.

Taconera lorategi zoragarri honen barna pasea gaitezen pixka batez. Sekulako goiz ederra egiten du. Guk sortu itzal ttipiak lagun ditzagun tartetxo batean (akaso zerbait irakatsi nahi digute maitasunaren izaeraz).

Nik ez ditut bertsolariak miresten, edo oso miresmen txikia diet, haien artearen neurrikoa, esan nahi baitut, teknika nola aplikatzen duten eta zer irtenbide dialektiko hartzen duten horra begiratzen dut nik. Bestetik, nik vulgares versificatores deritzet, eta hori izatea ez dago gaizki, gauzak ez baditugu bere onetik ateratzen, ez badiegu ahal duten baino gehiago eskatzen, baina gurean, gure gabeziengatik apika, asko dira aintzira itsasotzat dutenak. Eta horrek kalte handia ekar diezaioke –horretara jarriak– euskarari edo, Oihenartek uste zuen bezala, euskal literaturari ere.

Zigor.- Ez zaude, beraz, Fito Rodriguezekin ados, afirmatzen duelarik "Egun hitza langaitzat dutenen artean, bertsolaria dela edo idazlea dela, ezin da bereizketa handiegirik egin"?

Luzio.- Nola egon nintekeen oinarririk gabeko esaldi batekin ados, oi Zigor laiño hori?

Zigor.- Orain zu zara elitista jartzen ari. Uste dut, gainera, injustua dela bertsolaritza horrela kritikatzea, munduan hainbeste gauza gaitzesgarri dauden bitartean. Zergatik ez duzu, adibidez, futbola kondenatzen, masei bertsolaritzak baino kalte handiagoa egiten diena bestalde?

Luzio.- Ados nago zurekin, eta futbola zuri bezain deitoragarria iruditzen zait, Zigor, edo gehiago. Baina –espero dut honetan bat etorriko garela– bertsolaritzaren gainean baditu futbolak bertute edo abantaila bi, ez nolanahikoak: lehena, eta salbuespenak salbuespen, ez duela bere burua kultur espresio sublimeenen artean kokatzen, eta bigarrena, izter eta zangosagar gihartsuak begien gozagarri bihurtzeko parada eskaintzen duela behintzat, bertso saioetan oso nekez gerta daitekeen zerbait; agian udan eta bermuda guztiz antiestetiko eta, esan gabe doa, erreibindikatibo batzuen formapean, baina inola ere ez bertso txapelketa nagusian…

Zigor.- Bertsolariei onartuko diezu, behintzat, zorroztasuna eta asmamenerako dohaina?

Luzio.- Irrigarria zait niri bertsolariak nola hartzen diren ingeniositatearen gailur. Zorrotz izateko, ideiak, kontzeptuak, paradoxak maneiatu behar dira adimenerako ezusteak sortze aldera, eta nik ez dut horrelakorik ikusten. Orain Colina izeneko bat dut buruan, prentsan ateratzen dituen zutabe gatzgabeak. Tira, barkatu, ia ahaztu zait izenez deitu behar zaiela bertsolariei, inoiz ere ez abizenez, hain dira ezagun eta hurbileko, hain erdi-lehengusu. Gogoratzen duzu Les Mecaniciens-en kantua? Beraz, esandakoa: Sustrai. Zergatik ez da Sustrai prosan ere distiranta? Bestetik, oso maldatsua izan daiteke ingeniositatearen bidea. Ridicule filma ikusi duzu, Zigor?

Zigor.- Ez, ez dut ikusi.

Luzio.- Bada, ez utzi ikusi gabe, zorroztasun buruzko zein ahozkoaren alderdi irrigarrienaz eta serioenaz asko ikasiko duzu.

Eta gero, balio literariorik ez dute, ene!, ezta Shakespearek berak ere ezingo luke bertso on bat bat-batean sortu. Bat-batekotasuna kalitatearen etsai adiskidetu ezinekoa da. Horaziok esan bezala bertso lerro on bat sortzeko burua maiz hazkatu eta azkazalak maizago hozkatu beharra dago.

Zigor.- Bai, baina euskarari egiten dion ona, zer?

Luzio.- Ba, nik ez dakit bertsolaritzak euskarari onik dakarkion. Erdaren eredua ikusi eta jabetzen naiz beste hizkuntzek ez dutela ez onerako ez txarrerako haien bertsolaritzaren beharrik. Gaztelaniari errepentismoak ez dio ezer ekartzen, ez delako gehiago herri kultura bat, eta ahozkoa haien (gure ere?) kultura guztiaren oinarrian dute, eta ez azalean. Horri osasuntsuagoa deritzot. BEC-en 13.000 eta ETB-en ez dakit zenbat ikusteak gogora ekartzen dit bi gizon sainduk (honakok eta honakok) esandako hura: lo hinchado parece grande pero no está sano. Seinale txartzat hartu behar dugu BEC-ekoa, eta euskarari mesede egin nahi badiozu, aholkatzen dizut nik bezala egin dezazula, honetan snob egin zaitezela ardurarik gabe eta bertsolaritza gaitzetsi.

Zigor.- Bai, bai, zuk nahi duzuna, baina eskuak geldi hor.

etiketak: Testuak
Volgako Batelariak
Volgako Batelariak dio:
2006/02/09 18:56

Gure erantzunarekin ez genuen zalantzan jarri nahi epaimahaiaren erabakia, inolaz ere: epaimahaiek beti dute arrazoia. Guk atera nahi genuen kontua ez zen hainbeste nork eman dion saria gutun horri, baizik eta gutuna beraren esistentzia, bertsomaniaren zabalkuntzaren adierazle gisa alegia. Ados, Atxaga jarri balu berdin-berdin izango zela sarigarri, baina kontua da egileak Egaña aukeratu duela, eta ez Atxaga.

Julen Gabiria
Julen Gabiria dio:
2006/02/08 18:44

Epaimahaia osatu genuen Yolanda Arrietak, Alex Sarduik, Alaitz Sarasolak eta nik (Julen Gabiria).

Ehun eta hamabi gutun irakurri ostean, dudarik gabe, hori izan zen onena, eta onena izaten jarraituko zuen bertsolaritza jartzen zuen lekuan literatura jarriko balu eta Egaña jartzen zuen lekuan Atxaga jarriko balu ere.

Ez zen gehiago baloratu bertan bertsolaritza agertzen zelako (hori bakarrik falta zitzaigun!), baizik eta benetan gutunik onena izan zelako (berriz diot, zalantzarik gabe).

Beraz, ez dut ulertzen zergatik den hori "uste genuena baino larriagoa", gainontzeko 111 gutunak irakurri gabe.

Volgako Batelariak
Volgako Batelariak dio:
2006/02/07 19:22

Bestela, erreparatu honi.

Oh, my god, we can't believe our eyes!

Beat Sarasola
Beat Sarasola dio:
2006/02/07 21:42

Nortzuk osatzen zuten epaimahaia?

gorka bereziartua
gorka bereziartua dio:
2006/01/27 20:56

Ba ez dakit zer esan... Zenbait kontutan ez nago batere ados hemen esan dituzuenekin:

  1. preso hitza aipatu eta mundu guztia segituan txaloka hastearena batzuetan (askotan, gehiegitan) egia da, gertatzen da, baina begira, Egañari txapelketaren ondoren emandako elkarrizketa batean irakurri nion horrelako errazkeriak sahiesten saiatu zela (ez dut aurkitu elkarrizketa bera, baina egin zuen saioak ematen du horren froga).
  2. "Bat-batekotasuna kalitatearen etsai adiskidetu ezinekoa da" diozue eta niri beste harek esandakoa etorri zait gogora: "Fue una especie de inventar en el mismo momento de escribir, sin adelantarme nunca a lo que yo podía ver en ese momento" (Julio Cortazar, Rayuelaren idazketaz ari zela). Ez zait iruditzen horrelako sententzia absolutuekin (absolutistekin?), asmatu duzuenik (nahiz eta oso efektiboak izan).
  3. "Gaztelaniari errepentismoak ez dio ezer ekartzen"... eta Hip-Hopak Ingelesari? Inprobisazioa da hori ere ezta? Ba AEBko Billboard-aren goikaldean daude azken hamar urteetan... Beraz arazoa ez dago hainbeste inprobisazioan, hizkuntzaren osasunean baizik.

Beste kontu batzuetan bat egiten dut hemen esandakoekin. Bat egiten dut gauzei beren dimentsioa eman behar zaiela diozuenean (finalean "hemen hasten da Barakaldo euskalduna" aditu nuenean flipatu egin nuen...).

Handiak ez duela sanoa esan nahi, hori diozue. Gure kultur sistema ez dago sano, inolaz ere ez, besteak beste ez dauzkagulako aukeran 8 egunkari, 70 telebista kate eta beste horrenbeste irrati, besteak beste euskarazko internetaren eskaintza hutsaren hurrengoa delako ondoko hizkuntzekin alderatuz... etab. Hori edukiko bagenu, ziur egon, bertsolaritzak bestelako pisu bat izango zuen gure kulturan, murritzagoa askoz ere: reality show-ak, tertulia politiko hutsalak, kulebroiak... izango genituzke euskaraz (ui, hau guztia badago ETB1-en ezta?) eta ni behintzat oso pozik sentituko nintzateke, benetan. Gainera, egongo liratezkeen 8 edo 9 egunkarietan zutabegileak elkarri irainka eta putakumeka arituko lirateke, oraingo forma guztiak galduta. Show ederra!

Baina bueno, hori etorri bitartean, edo behintzat oraingo egoera hobetu bitartean zer dauka txarra bertsolaritzak horrenbeste jende mugitzeak?

"Ba gure literaturak horrelako jende multzoak mugitzea nahiago nukela, Durangoko Azokatik kanpo esan nahi dut"

(Baita nik ere, baina bitartean ondo doanari bere bidea egiten utzi behar zaio, hain ondo ez doana aztertu beharko litzateke)

Total, azkenean Leon Feliperekin egin dugula topo eta honako hau esan digu:

¡Qué lástima que yo no tenga una casa! Una casa solariega y blasonada... una casa en que guardara, a más de otras cosas raras, un sillón viejo de cuero, una mesa apolillada y el retrato de un mi abuelo que ganara una batalla. ¡Qué lástima que yo no tenga un abuelo que ganara una batalla, retratado con una mano cruzada en el pecho, y la otra mano en el puño de la espada!

...etab. etab.

Baina ez daukagu lagunak, zer egingo zaio!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44