Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Kearen truke

Kearen truke

Rikardo Arregi 2006/01/05 13:30



Kritikoaren etxean Iberdrolako argia joan da. Eta ezin duenez bere gadget elektronikoekin jolasten goiza pasatu ohi duen bezala, ez dutxatu (ur hotza aszetentzat da, eta kritikoa esteta izango da nahi baduzue baina ez aszeta), ez musika jarri (kritikoak gaizki kantatzen du), ez bazkaria prestatu (zibilizazio honen ahuleziaz pentsatu du segundo batez), manta bat hartu du (ez dago berogailurik) eta sofan eseri da leiho ondoan, begiek zeru goibeleko argitik behintzat edan dezaten, aspaldidanik zain zuen liburu bat irakurtzeko (kritikoak eskerrak eman dizkio Iberdrolari).

Aritz Gorrotxategi
Kearen truke
Irun, Alberdania, 2005

Nobela beltza da kritikoak hartu duen liburua, Kearen truke, Aritz Gorrotxategirena. Berehala nabaritu du kritikoak nobela beltza dela. Hasiera-hasieratik dago hilketa bat, edo heriotza susmagarri bat, bederen. Protagonista ikertzailea da, polizia, eta nobela beltzetan agertzen diren ikertzaile guztiak bezalaxe pertsona abaildua da. Edaten du. Bourbona bereziki. Emazteak utzi berri du. Alabak ez du aitari buruz iritzi oso onik. Jazza gustatzen zaio. Tabernetara doa. Mozkortzen da. Bakarrik dabil. Degradaturik zegoen haren lanean baina orain, heriotza hori dela eta, berriro deitu dute gauzak argitze aldera. Erretzeari utzi dio. Jende askok utzi dio erretzeari nobela honetan. Kritikoak (erretzailea bera) uste du xehetasun horrek nolabaiteko garrantzi soziologikoa izan behar duela baina ez dago oso seguru (lehen inork ez zion erretzeari uzten nobela beltzetan). Originala da. Dena den kea, zigarroak, pipak, tabakoa eta gainerakoak garrantzitsuak dira nobela honetan izenburuak berak iradokitzen duenez.

Nobela beltzetan bezala gaiztoak daude nobela honetan. Asko. Gizonezkoak eta emakumezkoak. Aberatsak eta ez hain aberatsak. Politiko ustelak. Emakume fatalak. Poliziaburuak ere gaiztoen multzoan sartzen dira. Eta hasieran hilik agertu den pertsonaren senitarteko bat ere gaiztoa da. Baina apur bat gutxiago. Edo damutzen da. Edo zerbait. Ikertzaileak ez du bizitza sexualik apenas. Baina ipurdien miazkatze metaforiko asko dago liburuan. Ikertzaileak liburu osoan une toute petite branlette baino ez du egiten, kanpaijotze txiki bat euskara garbian. Kritikoak ez daki zergatik txerrikeriak frantsesez ez diren hain txerrikeria. Dena den bukaera aldean esperantzaren bat topatuko du ikertzaileak. Emakume kontuen arloan.

Konspirazio bat dago nobelan. Hiltzaileek ez dute hiltzen ziorik gabe. Kritikoak pentsatzen du lezio moral bat egon behar dela hemen, hiltzaile askok ziorik gabe hiltzen duelako. Zioa Axularrek idatzi omen zuen bigarren liburua edo Geroko bigarren zatia da. Kritikoa orain arte nahikoa eroso zegoen (manta artilezkoa da eta oso beroa) baina literatura agertzen hasi denetik urduri jarri da. Poliziaburuak protagonistari idazle zapuztu deitu dio liburuaren hasieran (ni bezala pentsatu du kritikoak). Axular, Umberto Eco, Atxaga, Agatha Christie. Zenbat idazle. Axularri buruzkoak ezagunak ditu kritikoak gutxi gorabehera. Lotura bat omen dago Axular eta Gaizto Nagusiaren artean, Lancre, jakina, edo Deabrua, berdin dio. Sarako kanpandorrean dagoen esaldi hura ere agertzen da. Kritikoak gogoratzen du latinez ikasi zuela aspaldian, vulnerant omnia, ultima necat. Axularren zati asko agertzen dira. Kritikoak pentsatzen du Axularren ordez Oiartzunen topaturiko txanpon erromatar batzuk (Errepublika garaikoak adibidez) agertu izan balira dena berdin litzatekeela. Esaldi labur asko dago liburuan. Kritikoak pentsatzen du hori estilo bat izango dela. Eta apur bat nekosoa dela. Kritikoak gogoratzen du Axularren esaldi bat: saiatzen da baiña flakoki, hurbiltzen da baiña ez aski.

etiketak: Kritikak
patxi lurra
patxi lurra dio:
2006/01/06 15:02

Ez gagoz ohituta euskaldunok fikzinozko munduan poliziak protagonistak izateko, hala euskarazko elebarrietan zelan Euskal Telebistan.

Denporak sendatzen ei dau dana baina, bien bitartean, Aritz Gorrotxategi, Jon Arretxe edo Patxi Gallego euskarazko literaturan tabuak apurtzen laguntzen dabilz. Moito obrigado!

Gerardo Markuleta
Gerardo Markuleta dio:
2006/01/10 15:55

"...Aritz Gorrotxategi, Jon Arretxe edo Patxi Gallego euskarazko literaturan tabuak apurtzen laguntzen dabilz"

Bigarren zatiarekin ados: begitxookin ikusi dut nik horietako bat, gaztetxoz betetako areto batean, harro aldarrikatzen piperrik ere ez zuela irakurtzen, nahiz eta idazle izan (?). Tori tabu haustea!

Orain, literaturan ari ote diren...

Gerardo Markuleta
Gerardo Markuleta dio:
2006/01/11 16:13

Atzoko nire oharra ez zen zuzena, aurreko erantzunak piztuta, beroarena kendu barik bidali bainuen.

Nire desenkusak Aritz Gorrotxategi eta Patxi Gallegori (zeintzuen lanak ez baititut ezagutzen), bai eta Volgako batelari eta irakurleei ere.

Yon Gorrotxategi
Yon Gorrotxategi dio:
2006/01/16 20:32

Ni ez naiz literaturzale amorratua, baina uste dut nobela ongi dagoela eta merezi duela. Literatura beltza aipatu dute eta, horren harira, gogoratu nahi dut Txema García-Viana idazleak ere orain dela urte gutxi estilo horretakoa izan daitekeen nobela polita idatzi zuela (Sei Lore). Nik, Markuletak ez bezala, ez dut barkamenik eskatu beharko. Gutxi dakit eta gutxitxo irakurri dut; baina dakidanaz eta irakurtzen dudanaz besterik ez dut hitz egiten.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44