Udako beroaldiak
Duela zenbait uda, epailegai batzuen apartamentuan festa batean egon nintzen Bartzelonan. Hor, (ez nik erranik) idazten nuela jakindakoan zinema gidoigilegai batek galdetu zidan ea zergatik idazten nuen. García Márquezek behin emaniko erantzuna eman nuen: maita nazaten. Hemendik García Márquezi eskertu behar diot erantzuna (eta iturritzat ez aipatzeagatik barkamena eskatu), zeren nik esanak hainbeste hunkitu zuen gidoigilegaia ezen prest agertu baitzen tarte batez maitatzera, nire obra gaztelaniara itzulirik egongo zenean eman liezadakeen maitasunaren aurrerapen bezala.
Alabaina, ez dakit erantzuna guztiz asegarria den. Maitatuak izateko idazten dugu? Oso gutxik maitaturik bada ere, etorkizun bidezkoago eta jakintsuago batean bada ere?
NORENDAKO IDAZTEN DUGU?
Uda batzuk ondoren, uztaila honetan udako ikastaro batean egon naiz, non egun batean poesiaz, beren poesiaz aritu ziren Kirmen Uribe eta Pablo García Casado. Nire hausnarketa, nire obsesio etengabekoa bilakatu da egun horretan Kirmenek kontatu zuen anekdota bat. Kontatu zuen New Yorkeko irakurketa poetikoetan jendeari gehiago gustatu zitzaiola Kukua poema Bisita baino; Euskal Herrian, ostera, gustuek Bisitaren alde egiten zutela areago, Kukuaren baino. Niri, izan ere, Kukua baino gehiago Bisita gustatzen zait. Baserritar alaena ni, eta Cano zer esanik ez.
Azken finean, Jokin Muñozek (aldizkari honetan bertan uste dut) esaten duen bezala, nobela beltz bat irakurtzeko new yorker batek ez du euskaratik ingelesera itzulitako bat hartu behar. Horretarako haiek daude. Ez da gutaz itxaroten dutena. Ea nolabaiteko determinismo literarioa dagoen.
Beste poetak (Pablo García Casado, Kordobakoa) Las Afueras eta Mapa de America poema liburuak idatzi ditu, biak iparramerikar girotzekoak, filmetako iparramerikakoak, road-movietakoak. Esaten zuen ohiko poeta kordobarrek beren poemetan besterik existitzen ez den Kordoba neobarroko eta andalusi bati buruz idazten dutela, berak bulkatua sentitu zela bestela idaztera. Bereiztera. Eta arrakastaz estilo honetan egin du:
1972
paris, texas
por qué travis qué hay de esa oscura pregunta
por qué la casa en ruinas por qué él por qué ella
por qué el verano de mil novecientos setenta y uno
qué tuvo que pasar qué clase de química por qué
la huelga en el sector metalúrgico por qué el atasco
por qué llegaron rendidos y aún así se besaron
como si mi vida les fuera en ello
Edozein modutara, poema bati, poema baten esentzia poetikoari berdin zaio Alhambran edo Nebraskako autobide batean giroturik egotea. Detaile hori publikoari egin kontzesioa da, gehiago maita gaitzan. Zalantzan zegoen Kirmen, gaizki gogoratzen ez badut, edo, bestela, ni, Kirmen banintz, zalantzan nengoke zer bide (poetiko) hartu, Bisita edo Kukua. Aholkulari onek esanen diote, oso erraza delako esatea, bere ahotsari, barrutik jalgitzen zaionari, jarraiki diezaiola. Edo esanen dute, oso erraza delako esatea, eskuak sar ditzala bere sustraietan eta berezkoa denetik unibertsala dena aberastuko duela. Baina zer da berezkoa? Microsoft edo Orixe?
Kontua ez da huskeria, maitatuak izateko idazten dugu, baina nork maitatuak? Irtenbidea lehenago koordenada diakroniko batean zedarritzen zen. Akaso okertzen ari naiz, baina iruditzen zait niri, lehenago moda literarioek denboran batak besteari jarraitzen ziotela, garapen sentsazioa emanez. Baina koordenada honi, gaurko globalizazioarekin edo gure pentsakera estrukturalistarekin, sinkronia batu zaio. Jadaneko euskal idazlea munduan ekoizten den guztiarekin lotuta dago, edo egon daiteke. Eta alde batetik bestera jauzi egin. Itzulirik bada, gure kasuan zorionez gero eta gehiago gertatzen den bezala, poloniar batek irakur dezake. Akaso Szymborskak berak. Eta beste sistemen sinergia sentitu. Eta publiko ezberdinen gustuetako fluktuazioa. Eta gizakia denez, eta maitatua izatea nahi duenez, galdetuko dio bere artean, nori behar gatzaizkio gustatu? Nork agintzen du?
NORK DIO NOLA?
Konturatzen naiz new yorkerren gustuarena urrunegi eramaten ari naizela, areago kontuan izanik ez dela inongo ikerketa zientifikorik. Baina demagun Kirmen Uriberen inpresioa zuzena dela, eta zilegi bekit aitzina egitea. Orduan, paradoxa polita orokor genezake: guri gehienbat gai, nolabait esateko, kosmopolitak irudikatzea eta irudikatuak ikustea gustatzen zaigu; eta antonomasiaz kosmopolitismoaren gailurrean daudenek nahiago lukete rollo etnoagoa. Nazionalista senak esaten dit guk dugula (berriz ere) arrazoia, baina okertzen banaiz?
TS Eliotek esaten zuen (nagikeria daukat liburuan leku zehatza bilatzeko, eta pena da, artikulu honi orain oso ongi letorkiokeelako ingelesezko aipu bat) ezen egile batek kezkatu beharra zeukan bere garaikideek preziatzen bazuten, zerbait gaizki egiten ari zelako seinale. Eta boutade-a argudiatzen zuen esanez jendea dagoeneko ezagutzen duena maitatzeko, gustuetan ez arriskatzeko hezirik dagoela. Arteak aurrelari talde bat behar zuela, bizi duten aroaren barneko espiritua hautemateko gai izango zirenak, horren berri emateko obrak ekoizteko, eta abar.
Teoria hau ez dut erabat atsegin, eboluzionista eta elitistegia delako (nahiz eta ez dudan neure burua engainatzen pentsatuz adierazpide artistikoan demokraziarako toki gehiegi dagoenik). Gainera ez dut uste globalizazio aro baterako pentsatua legokeenik. Bestetik, uste dut idazle oro, artista oro aurrelari talde hauetako batean edo bestean integraturik dagoela. Kontua da nork, zer taldek ura bere errotara eramaten duen.
Eta non dago elite hori, kasta diktatorial hori? Urte batzuen buruan baino ez denez ezagutzera emanen, ezin dugu jakin. Susmoa dugu anglosaxoiak izango direla. Anglosaxoiak izango dira. Lasai gaitezen minorizatuok. Guri bi aukera baino ez zaizkigu gelditzen, eliteak ezagutzera eman eta ahalik eta azkarren, joera berriak gure hizkuntzetara ekarri, guri despit dagoeneko domestikaturik eta ia-ia baliorik gabeak. Edo geure bide bat asmatu, serio jokatu mende berriko gustuetan guk agintzera deituak izango bagina bezala. Gogoan daukat XX. mende hasierako Hungaria (Márai, Kosztolányi, Bartók, Kodali...) barnetik kanporako apustu serio eta irmo bezala, fruituak agertzea kostatu zaiena nazioarteko mailan. Eta horretarako Saizarbitoriak esaten zuen legez (Juan Garziaren Itzalen itzalen bigarren edizioaren hitzaurrean, uste nuen, baina okertu naiz, ez du hor esaten, baina gauza oso interesgarriak bai) gure minorizatu egoeraz aprobetxatu, salgarritasunaren legeek ez gaituztela guztiz menperatu, literatura kalitatezkoa ahalegintzeko, esperimentuei (bide onean uler bedi) beldur ez izateko.
Zorionak artikuluagatik, gai interesgarri dezente jorratzeko bidea irekitzen du-eta. Niri burura etorri zaizkit, besteak beste, Fredic Jamesonen postmodernismoaren gaineko hausnarketak; uste dut harira datorrela batez ere artikuluaren hasierako partean.
Bukaera aldera, ordea, Saizarbitoriaren teoria horren berri ematen zaigu. Atxikimenduak izan ditu teoria honek (Eider Rodriguezek txikiaren abantailak azpimarratu zituen halaber, oker ez banago Argian argitaraturiko artikulu batean). Hala ere, Hasier Etxeberriaren Bost Idazle... liburuan Atxaga teoria honen aurka azaltzen zaigu, merkatu literario handia edukitzearen abantailak azpimarratuz. Agian, merkatuaren legeetatik at egoteak esperimentaziorako joera handitzen duelako teoria hori zalantzan jarri beharko dugu.