Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Philip Larkin-en poemak (II)

Philip Larkin-en poemak (II)

Juanjo Olasagarre 2005/10/20 12:30

The Whitsun Weddings (Mendekosteko Ezkontzak) izan zen Larkinen zazpigarren liburua (1964), eta poesiako hirugarrena, nahiz eta bere poesia-liburu nagusien artean bigarrena izan, lehenengoa, The north ship, arbuiatu egin zuelako. Urteak kostatu ondoren sendo eta irmo ageri da bere ahotsa. Poema ederrak daude liburu honetan. Esan bezala mendebaldeko gizakion hutsala ederki adierazten dutenak. Badira liburuan zehar bizitzea eta, batez ere, artearen gozamena loriatzen dutenak. Baina hauexek aukeratu nituen bere garaian eta zer eginen zaio.

BLEANEY JAUNA

Hauxe zen Bleaney jaunaren gela. Tailerrean
aritu zen bitartean hemen bizi zen, harik eta
aldarazi zuten arte. Kortina loredunak, mehe eta zirtzil,
leiho ertzetik koarta bat behera,

kanpoan orube puska bat,
laharrez, zaborrez josirik. "Bleaney jaunak
ederki zaintzen zuen nire lorategia".
Ohea, sila gogorra, 60 watteko bonbilla, pertxarik

ez ate atzean, liburu eta poltsendako lekurik ez-
"Alokatuko dut". Eta horrela Mr Bleaney etzaniko lekuan
natza neroni, souvenir plater berean
itzaltzen ditut zigarroak, eta goataz

belarriak estaliz, etxejabeari erostarazi zion
teelbistaren kalaka itotzen saiatzen naiz.
Badakizkit haren ohiturak- noiz jaisten zen
nahiago zuela salda saltsa baino, zergatik

tematu zen lau bidaia lekurekin-.
Urte guztietako plana: udako oporretan,
ostatu ematen zioten, Frinton-go jendearengana,
eta Gabonetan Stoke-ra, arrebaren etxera.

Baina haize izoztuak hodeiak nola desegiten zituen
begira aritzen ote zen, ohe zaharrean etzanik
hau etxetako ote zeukan, eta saminez,
nolako bizitza, halako izana dugulako izua

gainetik ezin kenduz, dar-dar egiten ote zuen,
edade horretan gela alokatua baino ez edukiak
gehiago merezi ez zuelako seinaletzat
ote zuen-ez zuen, hori ez dakit.


ESATEKO DEUS GABE

Laharra bezain ilun nazioendako
harkaitz tarteko nomadendako
altuera txikiko tribu tatuatu
eta harri hesiko familiendako
Hiri industrialetako goiz ilunetan
bizitza pixkanaka hiltzea da.

Hori baino ez dira
eraikitzea, bedeinkatzea
amodioa eta dirua neurtzea,
pixkanaka hiltzeko moduak.
Txerribodan emandako eguna
edo lorategian igarotako festa,

lekukotza ematen duten orduak
edo jaiotzak, halaber,
heriotzarantz doaz pixkanaka.
Eta hau esatea batzuendako
ezer ez esatea bezala da; beste batzuk,
esatekorik gabe uzten ditu.


FEDEZKO SENDATZEA

Hor da, zutik, anteojuekin, ilea urdin
jantziak beltz, lepokoa zuri, emakume ilara
harengana hurbiltzen. Laguntzaileek
gerturarazten dituzte haren ahots eta eskuetara
non amodiozko ardura lako udaberri euri epelaren pean
hogei segundoz izanen baitira. *Ene alaba maitea
zer duzu?*galdetu du ahots amerikar sakonak,
jarraian, errezo betean hasiko da
jainkoa begi horretara edo belaun horretara zuzenduz.
Burua besarkatuko die zakar; gero, exiliaturik

noragabeko ideiak bailiren, isilean joanen dira; batzuk
ardiak legez barreiatuz, oraindik ez baina,
haien bizitzetara; beste batzuk, ordea, zurrun,
gelditu egin dira malko sakon eta erlatsez espantuka, haien baitan
balute bezala ume mutu, ergel bat
adeitasunez esnatzeko pronto; amets dagite:
ahotsak niri bakarrik dei nazala, eskuek
argi eta kontsola nazatela; eta behin bertan,
mihiak totel, begiak oinaze, erantzun ezohiko
eta beldurgarriak murduskatzen dituzte, pozaren pozez.

Zer duzu? Bibote, soineko loredunarekin, dar-dar batean:
Ai ene, ai ene! Denen baitan datza
bizitza amodioaren legera bizitzeko nahia.
Batzuendako, horrek, beste maitatzeak
ekar zezakeen abantaila baino ez du esan nahi, gehienendako, ordea,
maitatu balituzte eginen zutena agerrarazten du.
Hori ez du ezerk sendatzen. Min izugarria,
lurmentzan paisaia zurrunaren zinkurina bailitzan,
ematuz doakie- hori, eta ahotsa, goitik,
Ene alaba maitea esanez; hori, eta denborak gezurtatu guztia.


ZEINEN TRISTE DAGOEN ETXEA

Zeinen triste dagoen etxea. Utzitakoan bezala
azken joandakoen erara irautearekin
haiek ekarrarazi nahiko baIlituen.
Laketzeko inor gabean, ordea, higatuz doa
kemenik gabe lapurreta uxatzeko

eta zegoenera itzultzeko,
gauzak nola beharko luketeneko tiroa,
aspaldi erratutakoa. Hara nolakoa zen:
begira koadroak eta kuberteria.
Musika piano-aulkian. Lorontzi hori.


BEREKOIA DA GIZONA

Oi ezin da ukatu ni
Arnold baino neurekoiago naizela.
Ezkondu egin zen andregaiak ihes ez zekion,
orain, gainean du egun osoan,

eta lanari lotuz bizitza ahitzen lortu dirua,
eskupekotzat dauka emazteak,
umeen arropa erosteko eta sekadora,
eta estufa elektrikoa, ,

eta afaldutakoan,
arratseko egunkaria irakurtzekotan dela,
hara Para ezazu torlojua orman-.
Arnasa hartzeko betarik ere ez du,

kurrikak eskuan etxean buelta eta buelta
eta ezkaratza pintatu beharra galtza zaharrekin
eta amarendako eskutitza
Etorriko zara udan esanez.

Gure bizimoduak alderatzeak
zerri bat bezala sentiarazten nau:
oi ezin da ukatu ni
Arnold baino neurekoiago naizela.

Baina, zaude, ez hain azkar
Hainbesterainokoa ote da aldea?
Bere zortzikotan dabil hori
eta ez lagunak laketzearren;

eta oker badago ere
ez du nolanahi bere burua galduko,
bere alde dabil hori.
Geroz, hura eta ni, berdintsu,

bakarrik nik hobe dakidala
noraino agoanta dezakedan
Santa Agedakoak bila etorri gabean,
edo horretan nago, behintzat.


ERAMAN BAT UMEENDAKO

Ahotz artean, kristal garbi batean
katilu hutsez inguraturik, lo dautza:
ez ilunpe, ez ama, ez lur, ez belar ez dute behar.
Amatxo, bat eraman eta hazi eginen dugu.

Jostailu bizidunak, bai berriak
baina horiek ere bai azkar higatu.
Ekarri zapata-kutxa, ekarri pala-
Amatxo, entierrotara ari gara.


MCMXIV

Ilara makur horiek
Hara-hona, abaroan
Oval edo Villa Park-eko atarian
nagiak ateratzen bezala.
Sonbreiruen galdorrak, eguzkipean,
bibotedun aurpegi arkaikoak
irribarrea dariela, Aguztuko
festetako olgeta bailitzen.

Eta dendak itxirik, izen
higatu eta entzutetsuak toldoetan,
laukoak eta durokoak
eta errege-erregina izeneko umeak
arropa ilunekin, jolasean,
kakao eta twist latorrizko iragarkiak
eta tabernak
zabal-zabalik, egun osoan;

Eta baserri inguruak ezaxol:
herri izenen plakak belar hezez
estalirik, eta lursailak
katastroaren lerroak belztuz
garitzaren isiltasun urduriaren pean;
uniformez jantzitako zerbitzariak
etxe handietako gelaxka ttikietan;
hautsa limusinen atzetik;

halako inozentziarik sekula,
sekula lehenago, sekula gero,
iragan bihurtua hitzik gabean-
gizonak lorategiak apaintzen,
milaka senar-emazte gehixeago
elkarrekin irauten:
halako inozentziarik sekula berriz!


OHANTZEKO SOLASA

Ohantzean solas egitea errazago beharko luke,
honen aspaldikoa baita elkarrekin etzate hau,
bi lagunen arteko leialtasun ikurra.
Hala ere denbora joan badoa, isilean.
Kanpoan, haize nahasiak sortu ahala
desegiten ditu hodeiak zeruan,

eta hiri ilunak metatzen dira ortzemugan.
Ezeri ez gatzaizkio axola. Inon ez da ageri
isolamenduaren distantzia aparteko honetan

zergatik den gero eta zailago aurkitzea
hitz, aldi berean, egiazkoak eta atseginak,
edo egiazko eta atsegin antzekoak, behintzat.


LEITZE OHITUREI BURUZKO IKERKETA

Liburutan buru-belarri aritzeak
eskolaz-eta sendatzen ninduenean,
merezi zuen begiak erretzea
jakiteko artean lasai egon nintekeela,
eta muturka akaba nitzakeen
ni halako bi ziren zerri madarikatuak.

Gero, behatz lodierako anteojuekin,
Txerrenekin egiten nuen parranda:
ni eta kapa eta letagin batzuk
primeran pasatzen nuen ilunpetan
. Ze emakumeketa zigortu nuen sexoarekin!
Merengea bezala txikitzen nituen.

Orain ez dut asko leitzen: heroia
etorri aurretik neska
bertan behera utzi duen morroia
almazen bat daukan txinoa
ezagunegiak zaizkit. Pikutara:
liburuak kaka zaharra dira.


PRESTATYN EGUZKITSUA

Hatoz Prestatyn-go eguzkitara
zioen, irribarrez, posterreko neskak
arearen gainean belauniko
saten zuri itsatsia soinean.
Bazirudien atzean zituen kostalde
puska eta hotel palmeraduna
izterretik atera eta lepoan bildutako
besoetaraino hedatzen zitzaizkiola.

Martxoko egun batean zartatu zuten.
Aste pare batean akastu zizkioten
hortzak eta hazi arazi begiak;
sastatu zizkioten, sastatu ere,
titi handiak, zarramazkatu hankartea,
izterpean, zangalatraba, zirriborroa egin:
buztan lodi bat eta potroak.

Sinadura Titch Thomas. Norbaitek
labana-edo erabiliko zuen irribarre
bibotedunaren ezpainak zulatzeko.
Onegia bizitza honetarako.
Gutxira, zeharkako urratu handi batek
eskua eta urdin pixka bat baizik ez zituen utzi.
Minbiziari aurre egin ageri da orain.


ANBULANTZIAK

Konfesionarioen antzera itxi, hor doaz
hirietako eguerdi zaratatsuen tartetatik,
irentsitako soei itsu,
griskara brilant, ikurra marrazturik,
edozein espaloi dute geltoki:
denborarekin kale oro bisitatuko dute.

Atari edo karriketan dabiltzan umeek,
edo afari anitzetako usainak zeharkatuz
dendatik datozen emakumeek ikusi egingo dute,
kamila sartu bitarte horretan,
maindire gorri artean bildurik,
aurpegi desegin zurbila.

Eta egiten dugun guztian
datzan hustasun erabakigarria nabarituko dute,
eta instantean jabetuko dira oroz,
horren iraunkor eta huts eta benetako.
Atzera dagite ate tinkoak. Gizajoa
diote bere artean, nahigabeturik;

ze agian, hor intsonorizaturik baitoa
galeraren brausteko danbatekoa
akaberarantz doan zerbait bailitzan,
eta urteetan zehar osaturikoa,
familia eta usadioen nahastura
nabar eta apartekoa, horra

galtzera bidean. Eta horrela
amodioaren gorabeheretatik urruti
gela babesturako bidean doala
trafikoak leku egitean
hurbildu egiten zaigu etortzeko dena
eta ezabatu, urrundu ahala, garena.


EZJAKINEAN

Arraroa ezer ez jakitea, inoiz seguru ez egotea
zer den benetako, zer zuzen, zer erreal;
usteka mugatzen aritu beharra
edo hala dirudika,
auskaloka.

Arraroa ez jakitea gauzen nondik-norakoa:
haien trebezia behar dutena aurkitzeko,
haien formaren sena, eta bihien artezko ereintza,
eta aldatzeko borondatea.
Bai, arraroa da

honelako ezagutza janztea ere-haragiak
bere erabakiekin inguratzen gaitu-
eta haatik, bizi osoa zehazgabetasunetan iragatea,
ze hiltzen hasten garelarik ere
ez baitakigu zergatik.

etiketak: Testuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44