Fribolitatearen aldeko manifestu eruditua
Gizaki friboloek uste omen dute, dio Hermann Hessek Albertus Secundusen latinezko aipamen batean, existitzen ez den oro errazagoa dela adierazten. Horregatik, agian, Volgako Batelariok uste dugu fribolitatea beharrezkoa dela idazle bezala aritzeko orduan. Seriotasunak ez du gaitzik besterik ekarri literaturari, zer esanik ez euskal literaturari.
Eta gu friboloak, friboloak, friboloak gara (diogu, besoak zabalik, bueltak eman bitartean), hainbeste non ez dugun ardura hartu hain beharrezkoa litzatekeen manifestu bat egitera, hainbeste non konformatu garen gure erudizio itzelezkoari eragitearekin, fribolitatearen aldeko argudioak pilatzeko.
Fribolitatearen aldeko manifestu eruditua (hamabost aiputan emana)
1) Fribolitatearen historia batek bakar-bakarrik erakutsi ahal dizkigu botere harremanak eratzen dituzten oinarri sakonak. Michel Foucault.
2) Fribolitatea egiaren kortesia da. Oscar Wilde.
3) Modu bakarra dago gaur egungo gizartearen alienaziotik ihes egiteko: friboloa izatea. Roland Barthes.
4) Gizonak emakumearekin bear du, emakumeak gizonarekin, eta ortik kanpoko guztia giza buruarinkeriya da. Resurrecion Maria de Azkue.
5) Gu ohartzerako, irudimen transzendentalak ikusita dauka munduaren anabasa eta arintasunak bakarrik ordena dezake hori guztia. Inmanuel Kant.
6) Friboloaren arimak jakingo du zerua ere infernua dela. Fiodor Dostoievski.
7) Maiz fribolitatea ez dagokio, beren buruak marxistatzat hartzen duten batzuek uste bezala, gizarte burgesen gainegiturari, egiturari berari baizik. Karl Marx.
8) Filosofia lan serio eta ona idatz zitekeen bakarrik txistez osaturik. Ludwig Wittgenstein.
9) Ustela eta friboloa deitzen didate. Ni ez naiz inondik inora pribilegiatu bat. Baliteke pribilegiatu bakarra nire aurpegia izatea. Eta ustela? Ene! Ez nuke itxura hau izango ustela banintz. Nolabaiteko itsusitasunak nire sistema hartuko luke menpe. Imelda Marcos.
10) Zahartzaroa fribolitarearen bukaerarekin hasten da. Parmenides.
11) Zure egitasmo serioenekin arintasun pitin bat nahas ezazu, une egokian fribolo izatea zoragarria da. Marko Aurelio.
12) Arrazoia gure arimaren ezkerreko eskua da, arintasuna eskuinekoa. John Donne.
13) Friboloen konpainia lehenesten dut, badakidalako nik esandako ezer ez dutelako brometan hartuko. Michel de Montaigne.
14) Zuhurtasun pitin batek auziak seriotan hartzera eramaten du gizona, baina zuhurtasun gehiagok ororekiko fribolitatera eramaten du. Francis Bacon.
15) Bada presuna gazte bat bere obretan eta ioan ethorrietan arin, eta erho izaitea, ezta ongi, baiña badirudi aphur bat bedere, adinak desenkusatzen duela. Axular.
Eta, zuen baimenaz, 16) "Quien pensa mutcho, no se le fada Yeruchalaim" -gehiegi pentsatzen duenak ez du helburua lortzen-.
Eta 17) "Por una magajica semos gidiós" - huskeria batek, prepuziorik ezak, egiten gaitu judu. (Sefardiek esanak)
Bizitza, beraz, ez da hain serioski hartu behar.