Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Philip Larkin-en poemak (I)

Philip Larkin-en poemak (I)

Juanjo Olasagarre 2005/09/28 12:30

Duela hamar urte inguru Philip Larkin-en poesiaren antologia bat egiten hasi nintzen. Erdira-edo neramala Txema Aranaz, Pamielako arduraduna, hurbildu zitzaidan Atxagaren hitzaldi baten ondoren, eta nahi nuen poetaren antologia eta sarrera bat egiteko eskatu zidan. "Pagatu egiten dugu" esan zidan "eta gero Marulanda bilduman argitaratuko dugu".

Larkinekin ari nintzela erantzun nion, eta, nola ez, onartzen nuela eskaintza. Bukatu nuen antologia eta Pamielara bidali. Argitaletxerako gorabeherengatik ez da atera. Eta orain, hamar urte ondoren, haren baimenarekin hemen paratzea erabaki dugu.


      Lehendabiziko poema hauek The Less Deceived (1955) liburukoak dira.

Larkinen poesiagintza

Poemetan bizitzaren eite hutsal eta ezdeusa ematen zuelako zenbaitek kritikatu egiten zutela aipatu ziotenean zera erantzun omen zuen Philip Larkinek: "eguna zertan ematen duten jakin nahiko nuke. Herensugeak akabatzen?".

Izan ere Larkinek gutako edozeinek, garaia eta tokia salbuespen, izan dezakeen burges ttipiaren biografia baitauka. 1922. urtean jaio zen. Aita Hiriko Diruzaina zuen. Eskolan, imitazioa omen zuen dohainik behinena (zenbait kritikoren ustetan Larkinen geroko poesiaren ezaugarrietako bat izanen da horixe) Garaiko maila ertaineko mutiko ingeles askok bezala aukeratu egin behar izan zuen: Oxford ala Cambrige. Oxofordera joan zen, eta han bizitza guztian zehar lagun izanen zuena ezagutu: Kingsley Amis. Bigarren Mundu Gerran ez zuen borrokatu inutiltako jo baizuten. Liburuzain hasi eta lan berean jarraitu zuen bizitza osoan, Wellington-en hasieran, Belfasten urte askotan eta Hull-en hil arte. "Hullen", dio Martin Amis Kingsleyren seme nobelagileak Hull non dagoen eta zer den publiko iparmarikarrari azaldu nahian, "Hullen bizi zen, alegia, Hullen bizitzea Akron, Ohion, bizitzea bezala da, abantaila batekin ordea, Hullerra ailegatzea ia ezinezkoa da".

1947rako argitaratuak zituen bi nobela arrakasta gehiegirik gabe. Eta beharbada horregatik, 1950. urtean krisi sakonean sartu omen zen, bai bizitzarekiko bai ordura arte zuen artearen ikuspegiarekiko. Lau poema liburu baino ez zituen argitaratu, lehendabizikoa, gainera, "gaztaroko pekatutzat" zeukan. 1985. urteko abenduan hil zen.

Esan bezala gutako edozeinen biografia izan daiteke abentura, heroitasun, balentria edo mugako bizimodua esaten zaion horri dagokionez, behintzat. Larkinen irakurleok, Larkin bera bezala, hutsalkerietan baino ez gara aritzen. Egia da munduaren bazter honetan Herensugeak akabatzen aritzeko joera handiagoa daukagula, genetikari ala kulturari zor diogun joera den ez badakigu ere, baina Mendebaldeko Mundu garatuaren bazter garatu gehienetan, hutsala da bertako biztanleek darabilten bizitza.

Alde horretatik Larkinen poesia Fukuyama delako hari emaniko aldez aurretiko erantzun ironiko, argi eta maltzurra da: bai, bai Historia bukatu zaigu, baina bukatu ahala Historia horren protagonista, gizakia, orain arte funtsezkotako jotzen zireneko zenbait ezaugarriz husten doala dirudi: hala nola mundua pentsatzeko beharra, adorea, mundua aldatzeko nahia, progresoa, hobekuntza eta abar; ondorioz gure buruak halako gogo eta moral anemia batean bizi ditugu. Eta anemia hori da, hain zuzen ere, lehendabiziko bistakoan gehien harritzen gaituena Larkinen poesiagintzan. Hona nola dakarkigun hiri bateko bizimodua "Dirua" delako poeman:

Txin-txin diruaren hotsa. Leiho handi batzuetarik
hiri probintziano bat ikustea bezala da
auzuneak, kanalak, eliza atondu eta eroak
arratsaldeko eguzkitan. Tristea, arraso.

Mende bukaerako gizaki mendebaldarrok duela mende bateko gizakien antzera sentizen ote dugu? Ala gehiago? Duela bostehun urteko jendea baino hobea gara? Nahi dugun zera materiala oro eskura izateak zein eragin du gugan? Jainkoa hil zitzaigun bai, baina non bilatzen dugu transzendentzia? Transzendentziarik gabe bizi gaitezke? Nola bizi da mende hasiera honetako gizakia? Zer da bizitza? Erritoak ospatzean zer ospatzen dugu? Gure bizimodu hutsala bezain hutsala da gure bizitza? "Bestea" nola ageri zaigu? Gure gurasoak sinetsi zutena guk ez sinesteak noraino asaldatzen gaitu? Ni delako hau guk bizi dugun modu berean bizi ote zuten aintzinakoek? Aukeratzean non gelditzen da aukeratu gabea? Non aukeratutakoa? Nor naiz? Zertan ari naiz? Zer da bizitza?

Galdera hauek guztiak, gabeziatik erantzuten saiatzen da Larkinen poesia. Ukazioaren hiztegia darabil, bazterketaren hitzak, marginetako begirada galdera horien erantzuna bilatzen saiatzeko, saiatzearen saiatzez niaren halako definizio negatibo bat lortuz. Zerbait nonbait gertatu behar duela eta / halaxe deus ez dio poemako ahots narratiboak, jatorrizkoan bi ezezko erabiliz.

Eta, izan ere, apurrekin baino ez du utziko ni hori denborari dagokionez: iragana, eza eta gabezia baino ez da. Ez dugu, beste poeta askorengan bezala nostalgiarik, iraganminik, atzera begiratzeko begirada lauso ederzalerik aurkituko, ez, iragana desio izan eta bete gabeko hura dugu, gure desio galduen lurraldea; horrela sortzen da gure gaztaroko ametsen eta egun garenaren arteko tarte gaindiezina.

Denbora hirukoitza

Karrika huts hau, beraztu arte garbitu zeru hau
haize hau, udatzenez lauso
errainua bailitzan, horretan datza oraina
usadioz garraztutako aroa
ez da giro moduko aroa

Eta etorkizuna? Aukera okerrez zamatuko dugun denbora non, Heriotzaren itaurreko, zahartzaroa, jada bizitako bizitza, gaixotasuna, higatutako ohiturak baino ez den.

Baina beste zerbait ere badakar:
hauxe da etxe handien artean, zeru ibiltarien pean
aspaldiko haurtzarotik ikusitako etorkizuna
ezkilen dingi-dangetan entzundakoa -
heldutasunaren afanen aire leinurua.

Eta egun bat barru iragana izanen da
galdutako aukera potoloz ereiniko bailara
ez baikenuen, axolagabeok, uzta hori bildu nahi izan.
Horri leporatzen dizikiogu gure azken
ikuspegi karraskatuak, urtaroko gainbeherak.

Oraina baino ez dugu, hutsala, ihesean, ezer ez, baina, aldi berean eskura, eskura ezin, baina, hala ere, hortxe. Larkinen poesia eskuraezinezko horren bilaketa izanen da neurri handian: dela bestea, dela beste aukera bat egin bagenu izan gintezkeena, dela naturaren baitan ezkuta daitekeen transzendentzia nahia, dela arteak eman diezaigukeen kontsueloa. Egunerokotasunetik abiaturik transzendentziaren bilaketa dabil Larkinen poesiagintzan. "Arteak gure transzendentzia nahia bete dezake" esanen digu batetik, artea, liburuak, zehaztuko digu bestetik, kaka zaharra baino ez dira.

Eta horretan honduz doa erromantizismorik gordinenetik prosaismorik bortitzenera doan poesia. Eta beharbada biak, erromantizismoa nola prosaismoa erro beretik datoz: eguneroko errealitatearen ukaziotik. Batean beste zerbait amestuz bestean madarikatuz.

Batzuek diote errealitatearen ukazio horrek poesia arraso tristea, tristeegia, aukeran, egitera eraman zuela Larkin, baina nire aburuz gure eguneroko bizitza baino ez digu islatzen, askotan okertu gareneko kontsueloa bera ere eskaini gabe. Larkinen oraina dudez beterik dago, nola hobe bizi orain hori benetan bizitzeko. Ars poetikoa egiteko modua da: ahapaldi batzuetan zehar jarrera bati eusteko arrazoiak ematen dira, bukaera aldera bai arrazoi horiek bai jarrera bera bestelakoak izan daitezkeela iradokiz. Ziurtasun bakarra gabeziaren tristezia da: iraganean badakigu gaizki egin dugula, bestela ez genuke hau izanen (ala bai?) etorkizuna heriotza da, daukagun bakarra oraina da. Eguneroko orain mitifikatu gabea, orain arrunta, poetizatu gabea, kaleko gizon baten begiradak argitu oraina, edo, zehatzago esanda, Ingalaterrako mutilzahar zuhur-antzeko nazkante baten begirada deskontsolatuak zapuztutakoa. Eta horrek min egiten dio irakurleari, ze poseak pose, egia berdaderoak esaten baitizkigu.

Esan bezala, tristura hori, gehiegizkoa iruditu zaio zenbaiti, tristura hori absolutu nahi eta ezinetik datorrelako, handiegia delakoz, Larkinen poesiaren atzean erromantizismorik gordinena datzalakoz baina, tristurak tristura, aitortu behar zaio ederki iragazten duela begirada, sentimendua hesitu eta teknika eta hitz eta tonuaren aukeraketaren bidez oihu erromantikoa marmar bihurtu.

Larkinez gain beste batzuek ere egindako teknika aldaketa eta legoaiaren berritze hau Ingalaterrako guda ondoko egoerari egokitu zitzaion. The Movement deitu zioten guda ondoan sortutako mugimenduari eta ondoko ezaugarriak seinalatu zizkioten: erritmo eta errimaren segurtasunerako itzulera, Ingalaterrako guda ondoko anabasari hesia paratu nahian edo; tonu arrunta, elkarrizketakoa; "Poeta", esan zuen kritiko batek, "azken finean, Guda Ondoko Ongizatearen Gizarteko alea baino ez da: zarpaila, ez da haren itxurarekin kezkatzen; pobrea, bizikleta dauka, autoaren ordez; zakarra da baina kupida agnostikoz beterik dago; gaizki jana, gaizki pagatua, zergez josia, laguntzarik gabea, aspertua, ironikoa: The Movementeko poetek, eta bereziki Larkinek, erakutsi nahi dute ez direla halako kreatura inspiratuak. Alderantziz, poeta aldamenaren antzeko gizona da, edo hobe esanda, aldamena bera da".

"Nik", esanen digu Larkinek, "Poemak idazten ditut ikusi/pentsatu/sentitu ditudan gauzak gordetzeko niretako nola besterendako. Ahanzturatik salbatze hau iruditzen zait nire lehendabiziko betebeharra poeta naizen aldetik. Zergatik egiten dudan hau? Ez dakit, baina uste dut iraunarazteko desira datzala edozein arte motaren oinarrian".

Larkinek, laburbiltzeko, bizitzari buruz idatzi zuen. "Bizitza, hasteko, asperdura da, gero, beldurra", esan zuen. Ez zen ezkondu, aukerak izan bazituen ere, ez zuen lanez aldatu, ez zitzaion bidaiatzea gustatzen (kazetari batek Txinara joatea gustatuko litzaiokeen galdetu zioenean zera erantzun omen zuen "ez litzaidake inportako egun berean bueltatzekotan, jakina"), hizkuntzak ikasteari alferrikako lana irizten zion, atzerria, "arrunkeria"; azkenera arte eutsi zion gabeziaren taktika horri, ukazioaren estrategiari. Beharko bizitza asperdura eta gero beldurra!

Amodioari buruz zioena argi ikus daiteke "Amodioa atzera berriz" poeman:

Beste batzuen bizitzetan zuhaitza bezala hedatu
eta halako zentzua-edo ematen omen die,
niretako, ordea, ez du balio.
Bioletziarekin duen zerikusia,
itzulbide luze hori, sari oker horiek,
eta eternitate harro hori.

Larkinekin askotan pasatzen zaigu hori: benetan kontrakoa esaten ari zaigula, ukaziotik dena nahi duelako seinaleak egiten ari zaigula.

Beste toki batzuetara joateak sortu lilurari buruz, bestelako bizitzarekin amesteari buruz, ihesari buruz argi esana utzi zuen:

Bai harro, intxaurrez estali bideetatik barna,
brankan kuzkurturik
bi eguneko bizarrarekin eta pozik
horren artifiziala ez balitz
helburu bat sortzeko
nahita eman atzerapausua:
liburuak, lorontzia; bizitza, berriz
gaitzesgarri perfektua.

Ihesaren ezintasunaz dakienaren tristura da. Nora egin ihes? Afrikara? Asiara? Ameriketara? Zertara? Larkinen poesia mundurik eroso eta hoberenean bizi dela dakienaren poesia da, baina mundu hori akabantzan dago, mundu terminala da, orain eta hemen. Eta hala ere... bizitzea bera ere... orainaren ospatzea... gorrotoa ospakizun gisa eta batez ere ironia, ingelesen bizio hori. Erritual guztiak heriotza uxatzeko, trikimailu guztiak bizirik gaudela sentitzeko, ospakizun guztiak eskuraezinezko hori erdiesteko ezen Larkinek anitz maite zuen poeta batek, Audenek, esan zuen bezala:

Bakarrik ospatzeak salba gaitzake.
Erritualetan bakarrik
uka ditzakegu gure baitako arrotzak
eta zinez oso izan

Itzulpenari dagokionez zer esan zaila dela ez bada. Larkinek poeta erraza ematen du itzultzeko, ez du metafora diztirantarik, hiztegi arrunta darabil, irudiak errazak dira. Badu ordea lehendabiziko begiratuan ageri ez den zailtasun bat: poema esaten duen ahots narratiboa mantentzea, hain zuzen ere, mantentze horrek eusten baitio poemaren koherentziari. Ni horretan saiatu naiz.

Bukatzeko eskerrak eman nahi nizkieke Andolin Eguzkitzari ingeleseko duda-mudak argitu dizkidalako; Rikardo Arregi Diaz de Herediari hiztegi aukeraketari buruzko eztabaida sutsu baten ondoren, zenbait aukera birplantearazi zidalako; Pello Lizarralderi bere iradokizunak zuzenak zirelako gehienetan eta, azkenik, Osiori ulergarritasuna paratzen zuelako lehendabizi.


LEKUAK ETA AMORANTEAK

Ez, ez dut sekula aurkitu
hau da nire herria,
hemen geldituko naiz
esateko moduko lekua;
ez eta nire izana zein
izenaren jabe egin dadin
aparteko hori
topatu ere.

Aurkitu izanak frogatzen du,
agian, aukera gehiagorik ez duzula nahi
amorante eta bizilekuari dagokionez:
zu alde batera uzteko
eskatzen diezu,
ez dadin zure errua izan
hiria asper bihurtzen bada
eta neska ergel.

Horiek ez aurkitu izanak, ordea,
behartzen zaitu, behartzen zaituenez
duzunak, konformatu ez, zoratuko
Bazintu bezala jokatzera;
eta hobe ahazten baduzu
behar ez diren horiek oraindik
Lor ditzakezula pentsatzea:
zerorren lekua, zerorren maitalea.



SARTZEKO ARRAZOIAK

Tronpetaren ahotsak, ozen eta autoritario,
kristal argitutik barna begirarazi dit,
hara dantzariak- hogeita bostetik beherakoak denak
-mugi eta mugi, musuz musu
zorionaren taupada handiosora.

Hala dirudi, behintzat, ke ,izerdi
nesken larru leunen arabera. Zergatik gelditu kanpoan?
Baina zergatik sartu? Sexua, baina, zer da
sexua?- Seguru aski zorionaren muina
bikoteka aurki daitekeela pentsatzea-.

Oker galanta, niri dagokidanez behintzat.
Ni mihi lakarreko ezkila gora horrek erakartzen nau
(Artea, nahi baduzu). Haren banakako soinuak
ni ere banakakotzat nauka.
Mintzo zait, entzuten dut; bestek ere entzun dezakete,

baina ez nire ordez, ez nik haien ordez;
berdin zoriontasunarekin. Horrexegatik nago kanpoan
aburu hauekin; eta horiek, barnean jo eta ke
aburu horiekin; eta denok primeran, norbera
bere buruarekin oker-ustetan ez arituz gero. Edo gezurretan.



HURRENGOA, MESEDEZ

Beti etorkizunarekiko gose
aiduru egoteko aztura txarra hartzen dugu.
Beti ari zaigu zerbait hurbiltzen, egunero
diogu orduraino,

talaiatik begira nola heldu den
promesen itsas-armada tiki, argi, distiratsua.
Zein geldi datorren! Zer denboraketa galtzen duen
ezin aurrera eginez!
Eskuetan, ordea, etsipen adaska malerusak baizik
ez dizkigu uzten, ezen hurbildu
hurbiltzen bada ere, letoi apainez okerturik
sokak ageri-agerian,

banderak airera eta urrezko titidun maskaroia
guregana, ez du aingurarik botatzen.
Ezin azkarrago, oraina, iragana dugu.
Azkenera arte

uste dugu gure bizitzan on guztia
hustera datorrela, horren leial, horren luze
itxaroteagatik dagokigun hori guztia.
Oker gaude:

ontzi bakarra ari zaigu bila, bela
beltzeko hori, arrotz, txoririk gabe,
isiltasun izugarriz dator zamaturik. Uharan
ez zaio olaturik sortzen, ez lehertzen.



ABIATZEA

Hona, badator arratsa
larretan barna, berri-berria,
ez du argirik izekitzen.

Ezti dirudi urrutitik, baina
ez dakar kontsolamendurik
bular eta belaunendako.

Nora joan zaigu zuhaitza, zeru-lurrak
lotzen zituen hura? Zer dut eskuen azpian,
ezin dut sentitu?

Zer lor daukat eskuetan?



ATZO JAIOA
            Sally Amis-endako

Gozo ernatutako pipila,
Besterena ez bezalako
desioa opa nahi dizut:
ez ohiko ergelkeriak
ederra izatea,
edo inozentzia eta
amodioaren latsetan ibiltzea-
hori opatuko dizute
eta hala bedi.

Baina ez baledi, orduan
izan zaitezela arrunta,
izan ditzazula, beste emakumeen gisa,
dohainak neurrira:
ez itsusi, ez eder,
ez zaitzala desoreka
aparteko ezerk, berez
landu ezin, galeraz ez dezan
gainontzekoaren lantzea.
Izan ere, izan zaitez txepela
Horretan baldin badatza
Zorionaren izatea esaten diogun
Zera trebe, erne
Espantu gabeko, egoki
Liluragarri hori.



ADIOEN POEMA

Batzuetan entzuten duzu
hamaikagarren eskutik
hilartitzatako:
Dena pikutara bidali
eta alde egin zuen,
eta ahots horrek ziurtzat joko du
brausteko iraulketa
ausart, aratz horren
aldeko zarela.

Izan ere, halaxe dateke.
Denok gorrotatzen dugu etxea
eta hor egon beharra:
nik gorroto dut nire gela,
horko traste egokiak,
liburu onak, ohantze ona
nire bizitza txukuna.

Ospa egin du horrek
lotsatu eta inarrosi egiten nau
Neskak soinekoa laxatu zuen
edo To, kabroia horrek;
hark egin bazuen, nik ere, seguru.
Eta horrek edanari utzi eta
lanera jartzen nau.
Baina joan, oraintxe noake,

bai, harro, intxaurrez estali bideetatik barna,
brankan kuzkurturik
bi eguneko bizarrarekin eta pozik,
horren artifiziala ez balitz,
helburu bat sortzeko
nahita eman atzera pausua:
liburuak; lorontzia; bizitza berria,
gaitzesgarri perfektua.



DENBORA HIRUKOITZA

Karrika huts hau, beraztu arte garbitu zeru hau,
haize hau, udatzenez lauso
errainua bailitzan, horretan datza oraina
usadioz garraztutako aroa
ez da giro moduko aroa.

Baina beste zerbait ere badakar:
hauxe da etxe handien artean, zeru ibiltarien pean
aspaldiko haurtzarotik ikusitako etorkizuna,
ezkilen ingi-dangetan entzundakoa-
heldutasunaren afanen aire leinurua.

Eta egun bat barru iragana izanen da,
galdutako aukera potoloz ereiniko bailara
ez baikenuen, axolagabeok; uzta hori bildu nahi izan.
Horri leporatzen dizkiogu gure azken
ikuspegi karraskatuak, urtaroko gainbeherak.



GOGOAN DUT, GOGOAN

Bagindoazen behin, urte hasiera hotz batean,
Ezohiko bidetik Ingalaterran gora
eta trena gelditu egin zen; gizon batzuk
lasterka, geltokiko txartela ikusi nuen.
"Hara, Coventry" oihukatu nuen "hemengoa naiz".

Atera nintzen, herri hura "nire" herria
izan zeneko seinaleren baten bila.
Alferrik, jada ez nuen
leku hura ezagutzen. Familia oporretara,
bizikleta zahar horiek zeunden tokitik

abiatzen ote zen? Txistuak jo zuen:
Trenaren trinki-tranka. Burumakur eseri nintzen.
"Hortaz, hemen dituzu" egin zidan irribarre lagunak "sustraiak?"
Ez, haurtzaroa alferrikaldutako tokia,
erantzun nahi izan nion, haslekua baino ez:

Orain akordatzen naiz tokiarekin.
Gure lorategia: non ez nuen
lore edo fruituei buruzko
teologia itzelik asmatu,
non ez zitzaidan sonbreiru zaharrik mintzatu.
Eta, hara, familia zoragarria

zeinarengana ez nuen jo depresio alditan,
mutikoak, dena bizeps, neskak, dena bular,
Ford barregarria, etxaldea, non "ni neroni"
izan nintzatekeen. Etorri, erakutsiko dizut
iralekua non ez nintzen dar-dar batean eseri

Nirean tenkor, non neska
Jiratu, eta dena bihurtu zen laino gori.
Tailer horretan ez zituzten paper
Horiztatuan nire bertso kaskarrak inprimatu,
Ez eta alkatearen lehengusu jaunak ere leitutakoan

Gure aitari hots egin eta esan
Gure mutiko hau, etorkizunean handia...
"Zure aurpegiaren arabera ematen du"
esan zidan lagunak “gorroto duzula lekua”
"Oi"- nik- "uste dut ez dela lekuaren errua"

"Zerbait nonbait gertatu behar duela eta
Halaxe deus ez!"



AUSENTZIAK

Oldarkor eta orroka itsasoa euripean.
zoru azkarrak zulo bilakatuz,
bat-batean dorre, kalpar-kardatu gisa.
Kontrakara hormak bezala erori dira uhinak:
beste bat atzetik bare, galdorretan gora jolasean,
han ez da ez ontzirik ez kairik.

Itsaso aurrean kostagabeago eguna,
haizeak gidaturik, kale-kantoietan zehar:
badoaz ildo erraldoirantz, badoaz urruti.

Antzeko ganbarak utzi ditut! Antzeko ausentziak!



LARRUA

Eguneroko soineko esanekoa,
ezin diozu beti itxura
gazte eta aparteko horri eutsi.
Mugak ikasi beharra dauzkazu:
haserrea, aisia, loa;
Harez zamatu haize

gaixto horren seinale
gutxi horiek: denbora;
gizendu beharra duzu, zabartu
izen zikinduko zaku
zaharra bihurtu.
lehortu, bada; zaildu; higatu;

eta barkatu, berri zinela,
zu erakusteko festa builosorik
ez aurkitu izana, hala nola
arropak, moda aldatu arte,
eskubide duen moduan.

etiketak: Testuak
Pruden Gartzia
Pruden Gartzia dio:
2005/10/17 13:13

Eskerrik asko, Juanjo. Mila esker. Zoragarria izan da poema hauek irakurtzea (aitor dut hitzaurrea irakurtzeko pazientziarik ez dudala izan).

Eta egia osoa aitortzeko, gaineratu beharko nizuke Audenen antologia hura ezin izan dudala inoiz ganoraz irakurri. Insoportablea. Sentitzen dut, baina esan dizut egia osoa aitortu behar nizula.

Beldur nintzen Larkin ez ote zen izango beste ingeles pedante bat. Orain esango nuke ezetz.

Dena den, hurrengo botaldiaren zain geratzen naiz.

Bitartean, mila esker berriro.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44