Geografia aldakorreko liburua
2004ko Durangostean Batelarion artean banatu genituen liburuen kritika gehienak dauzkagu argitaratzeke, oraindik; beranduagoko beste batzuk dauzkagu pendiente, baina ezin horiei ekin aurrekoekin amaitu baino lehenago (salbuespen bakarra Angel Erro dugu, Elektrikarena eskaini ziguna, jator-jator, uda honen erdialdera). Zerrendarekin aurrera egiten segitzeko asmoz, hona hemen Iban Zalduak bidali dizkigun oharrak Harkaitz Canoren Belarraren ahoari buruz (badaezpada: liburu hau irakurri dugu, bai horixe, are bi aldiz, baina horrek ez du esan nahi "irakurri gabeko liburuen" kritiketan baino gehiago asmatu dugunik...).
Harkaitz Cano
Belarraren ahoa
Irun, Alberdania, 2004.
Harkaitz Canoren literatur proposamena ez da ohikoa, hots, ez da bereziki konbentzionala. Idazle gazteen azkenaurreko belaunaldiaren ikur eta Lubaki Bandako biziraulerik behinena, ibilbide luzea egin du jada poeta (Kea behelainopean, 1994; Norbait dabil sute-eskaileran, 2001), nobelagile (Beluna jazz, 1996; Pasaia blues, 1999) eta ipuingile gisa (Telefono kaiolatua, 1997; Bizkarrean tatuaturiko mapak, 1998; berehala argitaratuko du, bestalde, bere azkeneko errelato-bilduma, Neguko zirkua); onartu beharra daukat azken alderdi hori, narraziogilearena, izan dela niri gehien interesatu zaidana, orain arte.
Akaso horregatik gustatu zitzaidan dezente Belarraren ahoa irakurri nuen lehenengo aldian. Izan ere, ideia zirraragarri batean oinarritzen da, eta, Philip K. Dick idazleak zientzia-fikziozko ipuinei buruz zioen bezala, hori da lan on bat burutzeko abiapuntu nagusia. Kasu honetan kontrafaktual bat da abiapuntua, eta horren inguruan antolatzen du istorioa: Alemania nazia ari da II. Mundu Gerra irabazten, menderatu du Britainia Handia, eta Estatu Batuak inbaditzera doa, Gizon Txikiak (Adolf Hitlerrek) berak gidaturiko ontzidia dela medio. Baina bada, ere bai, obsesio baten istorioa, diktadoreari New Yorkera iritsi bezain laster gerra-ontzitik ihes egingo dion Komediantearen (Charles Chaplinen) aurkako herrarena, eta Komediantearen beraren askatasunaren aldeko borrokarena (eta idazketa izango da, ez ustekabez, askatasun hori gauzatzeko Komedianteak aukeratuko duen bidea). Eta adiskidetasun batena, Komediantearen eta New York okupatuan babesa emango dion Olivier Legranden artekoa, Komedianteak eta Gizon Txikiak bezala Europatik Amerikarako bidaia egin zuena, baina hirurogei bat urte lehenago, Askatasunaren Estatuaren atalen barruan ezkutatuta (izan ere, itsas-armada alemaniarraren eta Askatasunaren Estatua garraiatzen duen ontziaren bidaia paraleloek osatzen dute nobela labur honen lehenengo partea). Eta Belarraren ahoa bada, halaber, fikzioaren muga lausoen inguruko ikerkuntza literario bat.
Liburu hau hogeita bederatzi ataltxoetan banatutako nouvelle bat da, hau da, nobela labur bat, edo, nahiago bada, ipuin luze bat, euskaraz gehiegi praktikatu ez den generoa, nahiz eta azken aldi honetan badirudien bultzada bat ematen ari zaiola, Alberdaniak berak argitaratu dituen beste liburu batzuek (Karlos Linazasororen Itoko dira berriak edo Patxi Zubizarretaren Barrikadak, esaterako) edo Elkar enporioak antolaturiko Agustin Zubikarai sariak frogatzen duten moduan. Eta, izan ere, emango luke Belarraren ahoa Ambrose Biercek Deabruaren hiztegian nobelak idazteko proposatzen zuen metodoan oinarrituta dagoela, hots, ipuin baten luzaketan; zorionez, Harkaitz Canok ez du neurrigabeki hedatu nahi izan ipuina, eta tamaina egokiko lana eskaini digu, eserialdi batean disfrutatu daitekeen horietakoa, eta gogora dezagun hori zela beste genero guztien gainetik (are poesiaren gainetik) bide zegoen ipuinaren definizioaren lehenengo araua, E. A. Poerentzat. Esango nuke puntu honetan datzala hain zuzen ere liburuaren indarra, baina baita ahulezia ere.
Liburu hau, bestalde, ukronia bat dugu; ukronia bitxia halere. Ukroniak zientzia-fikzioaren azpigenero bat dira eta, gorago aipatu bezala, kontrafaktualetan oinarritzen dira: historikoki gertatu ez zen (baina gerta zitekeen) zerbaitetik abiatzen dira errelatoaren giroa eta zioa eraikitzeko orduan. Esan bezala, zientzia-fikzioan oso erabilia den baliabidea da, behintzat L. Sprague de Camp-en Iluntasuna etor ez dadinen argitarapenaren garaitik (1939; hau jotzen da zientzia-fikzioaren lehenengo ukroniatzat, nahiz eta badituen aurrekaririk, espekulazio historikoaren arloan batik bat); ukronia ugari argitaratu da orduz geroztik, baina esan beharra dago nobela mota honen gailurtzat hartu ohi dela Philip K. Dick-en Gizona gaztelu garaian (1962), zeinaren hipotesia ez baitago Belarraren ahoarenetik horren urrun: Canoren nouvellea Estatu Batuen inbasio naziaren lehenengo uneetan kokatuta dagoen bitartean, Dick-en lana gerraosteko garaira eramaten gaitu, Estatu Batuen ekialdea nazien eta mendebaldea japoniarren esku legokeen denbora batera. Edonola ere, ez da hau ere euskal literaturan ukronia bat agertzen den lehenengo aldia, gogora ekarri behar baitugu Xabier Kintanaren "Ukronia" ipuina (1972), Francoren diktadurarik gabeko euskal autonomiaren garapen hiperjeltzale bati buruzko hausnarketa umoristiko kitzikagarria (honi eta zientzia-fikzioari buruzko kontu gehiago, hemen). Baina, esan bezala, Harkaitz Canorena ukronia berezia da. Izan ere, teknikoki zientzia-fikziotzat hartzea zilegi balitz ere, ni ez nago seguru nouvelle honen izaeraz, eta ez dakit zein puntutaraino onartuko lukeen Canok berak genero horretakotzat. Zientzia-fikziozko ukronien erdigunea historiaren ibilbidearen aldaketa bera delako, hots, "zer gertatuko litzateke baldin eta ?" galderari idazleak ematen dion erantzuna, eta ez zait iruditzen hori denik idazle donostiarraren helburu nagusia, bere errelatorako aukeratu duen testuingurua baizik. Harkaitz Canori, hasierako aipuan (eta izenburuan) iradokitzen duen bezala, testuingurua baino ikuspuntua interesatzen zaio, tragedia kolektibo alternatibo horretan suertatu diren pertsonaien tragedia eta itxaropenena; historia alternatibo horren intrahistoria, nahi bada, Unamunoren kontzeptua oso ondo egokitzen ote zaion ez dakidan arren. Zientzia-fikziozko ukronia baino, Belarraren ahora ukronia poetikoa dela esatera ausartuko nintzateke, beraz.
Zinemak garrantzi berezia du Belarraren ahoan: ez bakarrik protagonistetako batek, Komedianteak, zinemaren munduan egin zuelako bere karrera, edo istorioa zinemaren urrezko aroan kokatuta dagoelako, hots, zinema komunikabideen jaun eta jabe bihurtu zenean (eta horretaz ondo baino hobeto ohartu ziren naziak, liburuan bertan gogorarazten zaigun bezala). Protagonismo berezia du liburuaren beraren abiapuntua inoiz grabatzera heldu ez zen Chaplinen Diktadore Handia filmaren (1935) eszena batean dagoelako, eta horixe bera izango delako liburuaren amaiera "irekirako" gakoa eskainiko diona idazleari, bukle literario dotorea osatuz; alde horretatik, nabarmentzekoa da idazleak fikziozko kontrafaktual bat hautatu duela nobela irekitzeko, hots, film bat egiteko gogoan hartu zen alternatiba bat (baina gauzatu ez zena azkenean), kontrafaktual historiko baten atari gisa funtzionatzen duena: naziak irabazten ari diren II. Mundu Gerra batena. Eta zinemak protagonismoa du, halaber, bertako eszena batzuk, niri behintzat, bereziki zinematografikoak iruditu zaizkidalako, 28. ataleko borroka bikaina esaterako (zeinetan, bide batez, "zinema mutua" aipatzen baita, ziurrenik ez kasualitatez). Bitxia da: Harkaitz Canok, batzuetan, ez du ematen telebistaren belaunaldikoa, zinema nagusi zeneko batekoa baizik.
Bestalde, Belarraren ahoan aurkitzen ditugu Harkaitz Canoren obran ohikoak diren elementuak: idazkera dotorea (geroz eta dotoreagoa: laudatzekoa da esaldi luzeenak harilkatzeko duen abilezia; irakurlearentzat erraza bihurtzen du berez konplikatua dena, eta ez dago horretaz harro egon daitekeen hainbeste euskal idazlerik), prosa lirikorako joera, irudi deigarriak edo iradokitzaileak eraikitzeko zaletasuna, testua han-hemenka zipriztintzen duten konparazio eta ukitu surrealistak, sasisurrealistak edota absurduak; esaterako, "ez dute burkoek gure buruen itxura hartzen, gure buruek burkoarena baizik", "Ez da erosoa emakume honen [Askatasunaren Estatuaren] buru barruan bizitzea. Oro har, ez da oso erosoa ezein emakumeren buru barruan bizitzea", "Polizoi bat naiz. Askatasunaren polizoia. Eta nork ez du polizoi bat barruan?", "Ideiak katuak bezalakoak ziren, zenbat eta leku gutxiago izan orduan eta zailagoa izango zuten begien bistatik ezkutatzea", etab. (askotan baliabide horietatik filtratzen da, bestalde, liburuak duen umore-kuota, batzuetan beltza izatera heltzen dena, sagarren eta konpotaren pasartean bezala). Kontu horiek gustuko dituenak, beraz, gozamena aurkituko du orrialde hauetan; ni, aitortu beharra daukat, ez naute bereziki betetzen, batzuetan luzimendurako jolasak begitantzen zaizkidalako, eta ez horren beharrezkoak narrazioaren garapenerako, baina onartzen dut (eta eskertzekoa da) baliabide horien erabilera ez dela beste idazle batzuengan bezain neurriz kanpokoa eta, ondorioz, lehenengo aldian behintzat, apenas zamatu zidatela irakurketa.
Harkaitz Cano abila da iradokitzen, eta horregatik esan dut lehenago ukronia bitxia dela hau, xehetasuna izugarri maite baitute ukroniagile gehienek, oro har, eraiki nahi duten errealitate paralelo horretan ezberdinak (edo berdintsuak) diren gauzak azpimarratzeko alegia; Canok, esan dudan bezala, ez du hori helburu, eta horregatik konformatzen da ukroniaren zantzu batzuk eskaintzearekin, irakurleak egin dezan, irudimenarekin eta hala nahi balu, berreraikuntza osoago bat. Hori oso argi ikusten da, adibidez, nazien eta batik bat Gizon Txikiaren krudelkeria erakusteko erabiltzen dituen baliabide soil baino eraginkorretan (adibidez, Komediantearen tortura-saioaz hitz egiten denean, edo okupazio-gudarosteak erresistentziaren edo beltzen kontra egindako ekintza basatien kasuan). Nago kasu batzuetan, Estatu Batuen inbasioa gauzatuko duen ontzidiaren deskribapenarenean adibidez, datu gutxiago ematea efikazagoa izan zitekeela, testuaren egiantzekotasunaren mesedetan, baina ez dira kontu bereziki garrantzitsuak.
Hasieran aipatu dut nouvelle hau hurbilago dagoela ipuinetik nobelatik baino, eta horretan datzala, nire ustez, bere indarra eta baita bere ahulezia ere. Hau da, irudipena daukat oso abiatze kementsua duela lanak, eta istorio nagusiaren garra nahikoa zaiola bere ehun eta bat orrialdeen irakurketari eusteko, baina aurrera egin ahala interesa murrizten joaten dela pixkana-pixkanaka, amaierako ataletan ederto berreskuratzen den arren. Esan nahi dudana zera da, luzeagoa izan balitz asko galduko lukeela Belarraren ahoak, eta, izan ere, lehenengo irakurketan ez bezala, bigarrenean astun samarrak egin zitzaizkidan episodio batzuk, Olivier Legranden bidaiari buruzkoak batik bat. Horregatik diot "geografia aldakorreko" liburua iruditu zaidala, denbora historikoaren geografiarekin jolastu ez ezik, bigarren irakurketan ez dudalako lehenengoan bezainbeste disfrutatu: lehenengo irakurraldiaren sorpresa ahituta, eta aipatu dohainak beti ere hor daudela kontuan hartuta ere (hasiera ahaltsua, amaiera enigmatiko eta fina), bigarrenak gehiago balio izan dit testua (nire ikuspuntutik) zamatzen duten ezaugarriak azpimarratzeko, hausnarketarako edo gozamenerako gako berriak aurkitzeko baino. Dena dela, liburu batzuk agian behin baino ez dira irakurri behar, eta horretarako zinez gomendagarria iruditzen zait Belarraren ahoa.