Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Zibilizazioaren defentsan

Zibilizazioaren defentsan

Ibon Egaña 2005/07/21 12:30

Proselitismora bulkatzen gaituzte liburu batzuek. Idazle honen edo haren izen ona etxez etxe zabaltzera. Liburuak erosi eta lagun, ezagun eta lehengusuei oparitzera. Hala nabil ni ere Sławomir Mrożek irakurri dudanetik, bolbora edo penizilina deskubritu banu bezala, predikatzen. Kritika. Ironia. Umorea. Absurdua. Satira. Jolasa. Horiek dira Mrożekengan deskubritu ditudan bolbora eta dinamita. Eta tentazioari ezin eutsiz, horren aletxo bat ekarri dugu hona itzulia.

Polonian 1930ean jaioa, ilustraziogintzan eta marrazkigile satiriko bezala egin zen ezagun Mrozek, 27 urterekin literatura idazteari ekin aurretik. Antzerkigintzan eta narratiban egin ditu geroztik nabarmentzeko urratsak. Maisu da narratiba laburrean, osagai guztiak koktel txikian biltzen, eta izan du dizipulu finik gurean (Karlos Linazasoro) nahiz gure auzoetan (Quim Monzó, noski).

Jakina da bolbora aspaldi deskubritu zela, eta izan da Mrożek euskaratzeko hau baino lehenagoko saiorik ere. Kirmen Uribek, kasu, haren ipuin baten itzulpen-moldapena egin zuen Berria egunkariko zutabe batean (ipuin haren bertsio osoa irakurgai dago sarean: hemen frantsesez eta hemen gaztelaniaz).

"Europarra" titulua darama hona dakargun eta Mariasun Landaren krokodilo zapata-jale hura gogora ekar dezakeen narrazio honek. Beste hainbat ipuinetan bezala honetan ere europar zibilizazioaren kontraesanak, hazkurak eta erreminak gutxik bezala daki umorez aireratzen poloniarrak. Beti ebidentziari uko eginez, europar zibilizazioa bezala aginte komunista, demokrazia, Eliza nahiz erlijioa hankazgoratzen ditu egileak ipuinez ipuin. Umorez eta ironiaz.

Egin ote zezakeen besterik Poloniaren XX. mendeko historia bere larruan bizitzea egokitu zaionak?

Europarra

Krokodiloa nire logelan sartu zenean pentsatu nuen ez zela komeni exageratzea. Ez naiz krokodiloaz ari, neure buruaz baizik. Izan ere nire lehen inpultsoa izan zen telefonoa eskuratu eta larrialdietarako hiru zenbakiak markatzea: polizia, suhiltzaileak eta anbulantzia. Baina, hain zuzen, tamainako erreakzioa neurriz kanpokoa iruditu zitzaidan. Espiritu cartesiarrean hezitako europarra bainaiz, higuina sentitzen dut estremismoekiko, modu arrazionalean pentsatzen dut eta ez diot men egiten ezein inpultsori aurrez aztertu gabe.

Beraz bada, burua edredoiaz estali eta gogo-lanari lotu nintzaion. Lehenik -ebatzi nuen- krokodiloa nire logelan agertu izana absurdu bat da eta, pentsamendu logikoaren arabera, absurduak ez du balio ezpada ondoreneko arrazonamendutik baztertua izateko. Alegia, ez zegoela inolako krokodilorik. Ondorio honekin jabalduta, edredoi azpitik aurpegia arrimatu nuen, zeinari esker lortu bainuen ikustea nola krokodiloak ausiki batez mozten zuen aurretiaz irentsia zuen telefono aparailuaren kablea. Bere ahutzetan barrena urdaileraino eskua luzatuz larrialdietako zenbaki bat markatzea erdietsiko banu ere, komunikazioa etena zegokeen orduko. Hurbileneko telefono kabinara joatea erabaki nuen, nire telefono partikularraren akatsaren berri zegokion telekomunikazio-enpresako departamenduari jakinaraztera, zeinari esker, aditu talde batek akatsa zuzendu ostean, harremanetan jartzen ahalko bainintzen krokodiloak erretiratzeko ardura zuen erakundearekin. Hala ere, gizon zibilizatua izaki, ezin nuen pijama jantzian kalera atera, eta, krokodiloak, hain zuzen ere, irentsi berriak zituen nire galtzak. Jakina, ez ziren neuzkan galtza bakarrak.

Bizi mailaren igoera ene ustez apala gorabehera, nire armairuan baziren galtza mordoska bat. Tamalez, jantzi asmo nituenak, Yves Saint Laurent jakarekin hobeto zetozkidanak, ez zeuden armairuan, tindategian baizik. Eta non zegoen galtza haien jabe aitortzen ninduen nortasun egiaztagiria, zeina gabe ezinezkoa izango bailitzaidake tindategitik galtzak ateratzea? Egiaztagiriaren bila hasi nintzen herren txikian, bitartean krokodiloak jana baitzuen nire hanketariko bat. Ez nion jaramonik egin hankari, hazten baitzihoan nigan prakekiko kezka. Orduantxe beste zangoa irenstekotan zegoen, egia beldurgarria aurkitu nuenean: krokodiloak tindategiko egiaztagiria irentsi zuen eta ez nituen sekula nire galtzak berreskuratuko.

Neure eskuz ito nuen piztia. Onartzen dut basakeriaz jardun nuela eta, are okerrago dena, kontrolik gabeko emozio baten eraginpean. Onartzen dut erakunde konstituzionalengan konfiantza izan ordez, neure kontura jardun nuela. Baina tindategiko ziurtagiria jatea ere! Badira egoerak non zibilizazioaren defentsak behartzen duen zibilizazioaren arauei muzin egitera.



Juego de azar, Bartzelona, El Acantilado, 2001.
etiketak: Testuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44