Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / "Elektrika". Kritika motza

"Elektrika". Kritika motza

Angel Erro 2005/07/06 12:30





Hilen bizimoldea trilogia ixten du Xabier Montoiaren Elektrika-k. Angel Errok irakurri du eta laburki kritikatu. Hala ere, osorik irakurri nahi ez duenak jakin dezala oro har gustatu zaiola, alderdi teknikoagatik, eta moralagatik; literatura onaren zaporea utzi diola, mikatz samarra. ELEKTRIKA. KRITIKA MOTZA.

Los muertos pocas veces libertad
alcanzáis a tener.
Jaime Gil de Biedma

Aipua jarri nahi izan diot kritika honi aipuak gustatzen zaizkidalako (Rikardo Arregik dioen bezala, "askotan liburu [eta, gehitzen dut nik, kritika] batzuetan esaldirik onenak direlako"), argi uzteko zer ari naizen azkenaldian irakurtzen, zerk kutsa dezakeen, ondorioz, nire irakurketa, eta Elektrika liburu honek burutzen duen trilogiaren izenari –Hilen bizimoldea– zein espirituari ezin hobeki datorkielako, nire ustez.

Jean Etxegoien, Hezur gabeko hilak eta Blackout-eko Jean Etxegoienen Aljeriako gerrara joan da familiari, batez ere aitari, ihes egiteko (eta nolabait aurre egiteko), bere buruari oso ongi ez dakigun zerbait frogatu nahi balio bezala, seguruenik bera ez dela Jean Etxegoien bat. Eta bada.

Liburu honen egituran begiradak berebiziko garrantzia du. Begirada urruna da, objektiboa, fotografikoa (ez da muzin egitekoa protagonista argazkilaria izatea). Pertsonaien portaerak baino ez ditugu ikusten, ez haietara eraman dituzten barne zirimolak. Begirada berezi hau osatzeko bigarren zutabea teknikoagoa da. Aditzaren pertsonei dagokienez nobela bigarren pertsonan idatzita dago. Horrek intimitatea areagotzen omen du zenbait nobelatan, Sugeak emakumeari esan zion-en, esaterako. Hemen nik esango nuke ezetz. Despertsonifikazioaren prozesuaren partea dela esango nuke. Zu hori edozein izan zitekeen, baita zu ere, irakurle hipokrita –mon semblable, –mon frère! Izenordeen joko honek gehiagorako ematen du, zu askotan zuek pluralean, taldean urturik baitago, bien artean dialektika ezartzen delarik. Eta baita haiek direlakoekin ere. Adibide bat, nihaur ere argi nadin: "Zuetarikoen ondotik, harkiei heldu zaie emaztearen barrenean husteko txanda." (131. or.) Jean Etxegoienek ez du emakume aljeriarra bortxatu; izan ere, itolarria sentitu du, zurbildu da eszena ikusita, baina nolabait erruduna ere bada, armada frantsesekoa den aldetik, horretan guztietan parte hartzen ari den aldetik. Edozein modutan, terroristak, etsaiak, eta baita zuen alde dauden harkiak ere haiek dira.

Erru sentimendua da Jean Etxegoien, itxuraz, besteengandik bereizten duena. Eta eleberria izanen da haren hatsarre moralen, eta baita horiek eragiten dioten erru sentimenduaren mututze prozesua. Eztabaidarako gelditzen da eraldaketa honen esanahia. Geneei men egin dio, eta ezin izan dio berezko maltzurkeriari itzuri? Ala logika militarrera egokitu da, seguruenik haren kide guztiek pasatu duten krisia gaindituta?

Irakurle irudimentsuak liburu honetan aurkituko du, halaber, Euskal Herriko gatazkaz, Elizaren eta Boterearen arteko erlazioaz, adiskidantzaren koldarkeriez, terrorismo internazionalez eta abarrez zer hausnartu franko.

Baina utz diezaiodan liburuaz mintzatzeari eta has nadin nitaz. Elektrika irakurrita askotan oroitu naiz Irakeko gerrarekin, paisaiak eta batez ere egoerak berdintsuak direlako, eta oraintsu epaitzen ari omen diren England soldaduarekin, jakinda zuk eta biok bere egoeran gauza bera eginen genukeela, eta hori ez dakienak ez daki hori eta ia-ia ezer ere ez.

Hori da nik gizateriaz daukadan ikuspegi etsitua. Eta poztu nau eleberri batean islaturik ikusteak, horregatik zait hainbeste gustatu. Horregatik eta zoragarriki idatzita dagoelako, euskara batu ederrean, narrazioaren hariak bikain erabilita (batez ere iraganeko istorio doi iradoki eta inoiz argitu gabeen suspentsea, Il deserto dei tartari akaso arrazoirik gabe burura ekarri nauen terrorista gorrotatu bezain beharrezko haien absentzia…). Eta orobat poztu nau trilogiako bigarren nobela irakurrita ez izateak, askori entzun edo lerro artean irakurri baitiot hirutan hoberena dela, eta eszeptikoa banaiz ere, promesak bete daitezen esperantzarekin Blackout gorde nahi dut udarako. Edo akaso itxarongo dut irailera arte.

etiketak: Kritikak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44