Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Literatura eta Errealitatea

Literatura eta Errealitatea

Iban Zaldua 2005/06/22 12:00

Errealitatearekin obsesionatuta al dabiltza irakurle asko? Eta, horrekin lotuta, ez al zaie gauza bera gertatzen idazle batzuei ere, azken aldi honetan? Reality showaren bertsio literarioa al da hau guztia, Rikardo Arregik inoiz defendatu duen bezala? Panfleto honen egile-lapurra Javier Maríasen, Oscar Wilderen eta (batik bat) Deszö Kosztolányiren testuez baliatzen da, besteak beste, ziurrenik inora ez daramaten hausnarketa arin batzuk harilkatzeko. Obsesio txiki bat sumatzen dut, azken aldi honetako literaturan, errealismoarekin, edo, hobe esanda, errealitatearekin: "egiarekin". Rikardo Arregik Juanjo Olasagarreri esaten zion bezala, Linterna Gorria aldizkarian, "Nobelak fikzio dira baina gero eta jende gehiagok hartzen ditu idazlearen aitorpen errealak bailiran. Reality-showaren eragina izango da agian". Antzeko zerbait esan zuen duela gutxi Javier Marías idazle espainiarrak El Pais Semanaleko bere artikulu gero eta erretxinduago horietako batean. Zinemaren fikzioa errealitatearekin nahastu ohi duten ikusleen balizko kopuruaren igoera progresiboa salatu ondoren, hau gehitzen du Maríasek: "ez da, beraz, horren arraroa gertatzea, jende ez oso ilustratu baina ugariarengan (...) niretzat oso bitxia eta larritasun handikoa den zerbait, hau da: fikziozkoaren eta historikoaren arteko konfusioa edo bereiztezintasuna. Existitu ziren pertsonaien gainean –Leonardo, Vermeer edo Joana Eroa bezala– ergelki fabulatzen duten nobelen ugaltze oportunista dela eta, gero eta pertsona gehiago aurkitu dut, batik bat gazteak, esaten dutenak irakurtzen dituztela ‘horrela, gainera, ikasten dudalako’, eta fikziozko lan horiek kontatzen (...) dietena goitik behera sinesten dutenak (...). Hau harrigarria da, mendeak direlako gauza biak (fikzioa eta errealitatea) bereizi zituela gizateriak; eta lehen nobela historikoak irakurtzen ziren, esan dezagun, ‘parentesi artean’. (...) Gaixo horien nahasmena orokorra da egun, eta egunez egun haien kopurua handituz doala dakusat. Gaur egun Da Vinci kodea eta haren milaka imitazioetako bat irakurtzen duenak sinestuz horrela ‘ikasten duela’, ez da pertsona izugarri primitiboa baizik, zinemako lehenengo ikusle haien antzekoa, bufaloen ihesaldi bat ikustean korrika hasten zirenak pantailatik salto egingo ote zuten beldurrez (...). Premiazkoa da abedea berriz irakastea, hots, fikzioaren eta historiaren arteko diferentzia. Eta, egia esan, nork imajinatuko zuen beharrezkoa izango zenik berriro ere".

Ez nago seguru gauza bera den ala ez, baina gutxienez kontu paraleloak direla uste dut, hots, susmoa daukat irakurleak benetakotasunaren bila abiatu diren bezala, antzeko zerbait gertatzen dela idazle batzuekin ere: gure artean nabaria da azken urteotako Xabier Mendiguren Elizegiren tema kontu horrekin, gutxienez Nerabearen biluzia lan autobiografikotik aurrera (1999), eta nabarmenki Errekarteko koadernoa (2001) eta Arbelaren gainean (2004) liburuetan.

Jakina, joera hau ez da soilik gure letretakoa, ezta gutxiago ere: inoiz aipatu izan dut Javier Cercasen Soldados de Salamina (2002) eleberriaren arrakastak baduela zer ikusirik idazleak erabili zuen "egiazko kronikaren" mozorroarekin (izan ere, "errealitate-nobela" bezala izendatzera heldu da inor); esanguratsua da, bestalde, Paul Austerren liburu baten izenburua (Esperimentuak egiarekin, 2000), eta nola, irrati publikorako zuzentzen zuen saioan, idazle estatubatuarrak entzuleei eskatu zizkien ez ipuinak, baizik eta "benetako istorioak" (Gure aita Jaungoikoa zela sinesten nuen liburuan daude bilduta irratitik irakurtzeko aukeratu zituenak, 2001); azkenik, nabarmena da, aipatu nobela historikoarenarekin batera, genero autobiografiko edo memorialistikoak izan omen duen gorakada, azken urteotan.

Edonola ere, ez naiz helduko defendatzera Oscar Wildek errealismoaren eta, batik bat, bere garaian nagusi ziren joera literario naturalisten aurka esan zituenak:

Garaiotan, poesia idazteko moda gehiegi zabaldu eta ahal den heinean hura adoregabetu beharko litzatekeenean, gezurretan aritzeko moda kasik desohorean jauzi da. Gazte asko gehiegikeriarako dohain natural batez hornituta abiatzen dira bizitzan barna, eta dohain hori, giro lagunkoi eta egoki batean edo eredu onenen imitazioaren bitartez elikatuz gero, loratze oparo eta liluragarri batera hel zitekeen. Baina, orobat, ez da inora ere heltzen. (...) Hala zehaztasun ohitura baldarrak hartzen ditu, nola pertsona edadetu eta ondo informatuen tratuaren zale bihurtzen da. Bi gauza horiek hilgarriak dira haren irudimenarentzat –izan ere, edonoren irudimenarentzat izango lirateke hilgarri–, eta laster egia esateko gaitasun morboso eta gaixobera garatzen du, beraren aurrean egiten den baieztapen oro egiaztatzeari ekiten dio, ez dio muzin egiten bera baino gazteagoak diren pertsonen esanak gezurtatzeari, eta askotan amaitzen du idazten bizitzarekin horrenbeste adosten diren nobelak ezen ezinezkoa baita haien egiantzekotasuna onartu (Gezurraren gainbehera, 1889).

Ez, ez naiz Wilderen extremismo horretara iritsiko, baina uste dut badaudela arrazoiak mesfidatzeko, pittin bat sikiera, errealitatearen aldarria horren ozenki egiten duten idazleez eta, are gehiago, haien obrez. Eta gogorarazteko literaturan, errealismoa baino inportanteagoa dela egiantzekotasuna, askoz ere iheskorragoa eta lortzen zailagoa den zerbait. Hori azaltzeko, Deszö Kosztolányi idazle hungariarraren testu labur batez baliatuko naiz (izan ere, artikulu hau guztia testu hau euskaratzeko aitzakia baino ez da). Kosztolányi (1885-1936), Berria egunkarian argitaraturiko iruzkin batean azaldu nuen bezala, 1920-30eko hamarraldietan egin zen ezagun, Hungarian batik bat, eta pixka bat atzerrian (Thomas Mann-ek egin zion hitzaurrea haren Neron, poeta odoltsua 1922ko nobelaren alemanerarako itzulpenari). Kazetari, poeta, ipuinlari... gaur egun nobelengatik da ezagunago, Espainian baino gehiago Frantzian, non Kosztolányiren obraren puska ona argitaratu baita; nobela horien arteko famatuena, zalantzarik gabe, Hegatxabal da (1923; gaztelaniaz Ediciones B-k eman du argitara –Alondra–, eta frantsesez Viviane Hamy-k –Alouette–; gaztelaniaz La cometa dorada eleberria argitaratu diote berriki). Idazle dotorea eta sotila, puntu aristokratikoa zuena, abangoardien garaian berrikuntza berezirik egin nahi izan ez zuen horietakoa dugu, nolabait, Kosztolányi, baina "betikoa" egiten (hots, XIX. mendeko kutsuko nobelak eta ipuinak idazten) abilezia berezia garatu zuena. Badakit "betikoa" idaztea zehazgabetasunean erortzea dela, hein batean: Freuden eta psikoanalisiaren eragina arrazoi nahikoa da (besteak beste) Kosztolányiren "nobela psikologikoak" XIX. mendekoen pare-parekotzat ez jotzeko. Niri, alde horretatik, garai bertsuko beste idazle batzuen lana ekartzen dit gogora Kosztolányirenak, adibidez Jaroslaw Iwaszkiewicz poloniarrarena (berriki euskaratu dute bere Wilkoko andereñoak ederra) eta, batik bat, Stefan Zweig austriarrarena alegia. Biek, Kosztolányik eta Zweigek, antzeko zirkunstantziak bizi izan zituzten (Gerla Handia, Austro-Hungariar Inperioaren desegitea, mundu oso baten desagerpena...), biek ezagutu zuten arrakasta, biak izan ziren ahaztuak edo erdi-ahaztuak hil ostean, eta bien obrak “erreskatatu” dituzte, azken aldi honetan, mendebaldeko argitaletxeek (Kosztolányi baztertu samar gertatzearen zirkunstantziek, halere, zer ikusi gutxi dute, ziurrenera, Brasilen erbesteratuta haren buruaz beste egin zuen Zweig juduarenekin: antza denez, Béla Kun-en iraultza osteko Hungariako diktadura-erregimenari oniritzi apala eman zion Kosztolányik edo, behintzat, ez zuen haren aurkako ezer egin, eta horrek ez zion onik egin, biziraupen postumoaren aldetik, II. Mundu Gerraren osteko Hungaria komunistan).

Baina goazen harira. Aipatu bezala, Kosztolányi zutabegile ezaguna izan zen 1920 eta 30eko Hungarian, eta zutabe horietako batzuk nahiko hurbil daude egun ipuin hiperlaburtzat hartzen ditugun artefaktoetatik. Errealismoaz eta egiantzekotasunaz ari den hau ilustrazio ona iruditzen zait, ukitu dugun gairako alegia:

Goncourt anaiak, haien Journalean, emakume batez ari dira, urtetan ikusi gabeko haren adiskide bati kontatzen diona, diligentzia-bidaia batean zehar, familiaren istorio lazgarria. Bere aita fusil-tiroz asasinatu zuten, itoa zen bere ama, senarra sute batean hil zitzaion, eta seme bakarra geratu zitzaion bizirik, Egipton bizi zena: halako batean, beste askotan bezala, jostari eta inolako beldurrik gabe Nilo ibaian bainatzen ari zela, krokodilo bat hasi zitzaion hurbiltzen. Baina emakumea ezin izan zen urrunago iritsi bere errelatoan. Bidaiariek, ordura arte erruki handiz entzuten egon zirenak, ezin izan zioten amaieraraino eutsi, ezin izan zuten itxaron krokodiloak aho ikaragarria zabaldu eta umea irentsi arte, eta entzuten ari ziren guztia hitzez-hitz egia zela ondo zekiten arren, guztiak batera lehertu ziren, bat-batean, barre-algaratan. Hala da, lagunak. Muga bat baitu orok. Eta gehiegi, gehiegi da (Le Traducteur cleptomane eta autres histoires bildumaren kontrazaletik hartua, Paris, Viviane Hamy, 1994).

Gehiegi, gehiegi da, bai horixe. Eta errealitatea –errealitatea deitu ohi dugun hori– gehiegi da gehienetan, literaturaren ikuspuntutik behintzat. Literaturan "errealitatearen" presentziaren defentsa sutsua egiten duten horiei gogorarazi beharko litzaieke, noizean behin, Borgesek esaten zuen hura, errealitatea bezain erreala dela literatura. Eta hori defendatzean, jakina, literatura onaz ari zela idazle argentinarra.

etiketak: Testuak
Asel Luzarraga
Asel Luzarraga dio:
2005/06/22 14:26

Oso interesgarria. Orain dela gutxi gertatu zitzaidan pasadizoa dekarkit burura. Oso gertukoa dudan pertsona batek Da Vinci kodea kritikatzen zuen, irakurri barik, prentsan ikusitakoa aintzat hartuta, eta haserre jende askok holako liburuak irakurrita historiaz zerbait ikasi dutela uste duelako. Baina berak holako literatura mota kritikatzen zuen. Nik esan nion, alde batetik, ez neukala iritzirik liburu horri buruz, ez dudalako irakurri, eta egunkarietan agertzen denari jaramon gutxi egiten diot, are gutxiago kritika edo iritzi etiketaz datorrenari. Baina banuen, ordea, holako literaturaren zilegitasunaren gaineko iritzia. Eta badut. Saiatu nintzen azaltzen, holakoak gertatzen badira, ez dela idazleen errua, irakurle ezjakinena baino. Eleberri moduan, fikziozko narrazio moduan, hartzen duguna, lehenengo eta behin hori da, fikzioa, beste ezeren gainetik. Idazleak errealitatetik ateratako datuak har ditzake, eta haiekin gura duena sortu (emaitza beste kontu bat da, gustuen araberakoa beti ere): aldatu, deformatu, manipulatu, nahastu... Azken finean, beti izango da fikzioa, asmakizuna, errealitate berria. Benetako historia ezagutzeko (holakorik bada, behintzat), historiako liburuak eta entziklopediak daude. Irakurleak interpretazio okerra egiten badu, ezjakintasun handia erakutsi besterik ez du egiten, eta uste dut idazleek ez dutela irakurleen ezjakintasunaren ardura bere gain hartu behar...

Beat Sarasola
Beat Sarasola dio:
2005/06/22 12:04

Gai interesgarria, inondik ere. Niri, hala ere, arazoa irakurle kaskarrena dela iruditzen zait, idazleena bainoago. Errealitatea bere osotasunean azaleratzeko xedea duen idazleak hobe luke zientzietara dedikatuko balitz; eta horrela ere lanak. Idazleak jakin beharko luke idazten duena errealitatearekin bat etorrita ere, idazten duena fikzioa izango dela beti. Egiakotasuna "erabili" (ironiarako esaterako) egiten duten lan literarioak uste dut direla interesagarri; egiakotasuna zerbaitetarako balio badu literaturan "erabiltzeko" (zentzu instrumentalean -edo) da. Egiakotasunarena serio eta militantziaz hartzen duen idazleak, errespetu guztiarekin, ez daki non dagoen iparra, non dagoen hegoa.

Egia esan, azken aldian kazetaritzak literaturan egin dituen sarraldiak izan dezake, paradoxikoa badirudi ere (barka kazetariak), egiakotasunaren gaiaren goratzearekin zerikusirik. Edonola ere, literatura irakurri ondoren entziklopedia batetara edo Google-era kontsulta egitera dioan irakurleak ere badu bere grazia; akaso, horrela ikasiko du hurrengorako.

Pruden Gartzia
Pruden Gartzia dio:
2005/06/29 11:55

Gauza gehienetan bezala, ez dut uste erantzun erabatekorik dagoenik. Bai esango nuke, ordea, errealitatea eta fikzioa guztiz kontrajartzea, ura eta lehorra balira bezala, nahikoa praktikoa dela bizitza honetan, baina ez liburu bat irakurtzen edo historia/istorio bat entzuten ari zarelarik. Historia-ariketarik txikiena idazten saiatu denak badaki zein puntutaraino den utopikoa pentsatzea idazten ari zaren hori "errealitate" hutsa dela sinistea. Areago, esango nuke edozein idazki, baita administrazioko jakinarazpenak ere, ezinezkoa dela fikzio-dosi bat gehitu gabe. Zeren zer da "errealitate" delako hori, unean unean bizitzen ari zarenaz haraindi? Denbora bera, bizitza izozteko edozein saio, hots, idaztea, errealitateari ihes egitea da, berez, definizioz.

Beraz, ez nuke esango "dena da literatura", baina Ebangelioa bera fikzioz osatuta badago (eta oraingo aitasantuak ere ez du esaten hango kontakizunen elementu guzti-guztiak historikoak direnik), edo Fernando García de Kortazarren edozein Historia- (maiuskulaz) liburu ere zati handi (oso handi) batean fikzioz osatuta badago, ez dakit zertan ari diren/zareten idazleak zuen liburuen errealismoaz arduratzen.

Literaturan errealismoa kategoria fiktizioa da.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44