Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Addenda

Addenda

Iban Zaldua 2005/05/25 11:30

Audenek proposatutako jolasa, zer esanik ez, esanguratsua iruditzen zait, eta kritika egin behar duenari buruz benetan pare bat egi esaten duenik ezin ukatu; izan ere nik, besteen erantzunak irakurtzean, nirea aldatzeko premia sentitu nuen, baina azkenean ez dut egin, nire (nolabaiteko) bat-bateko erantzun automatikoak esanguratsuagoak izan daitezkeelakoan, Audenen helburua betetze aldera.

Hala ere, irudipena daukat zerbait gehitu behar dudala. Joxemari Iturraldek komentatu zidan behin irakurri duenaren aitorpena egin beharko lukeela, ezer baino lehenago, kritikariak. Lan hori zehazki egitea, jakina, memoriak ondo funtzionatzekotan ere, absurdoa izango litzateke, kasik borgestarra, eta ez luke inora eramango. Baina nire biblioteka pertsonalari buruzko zantzu batzuk ematea egingarriagoa (eta eraginkorra) iruditzen zait: Paradisuak bezala, nigandik zer espero daitekeen eta, batik bat, nire irakurle formazioak zeintzuk hutsune dituen islatu ditzatekelako. Eta horixe egingo dut hemen; amaieran, gainera, kritikari buruzko (maileguan hartutako) ohar batzuk gehituko ditut.

Irakurketen aitorpen laburtua

Pello Lizarralderen azalpenak baldarki imitatuz, eta egileak aipatzea kontraesankorra izan daitekeela onartuz (izenburuak aipatu beharko nituzke, baina azalpena gehiegi luzatuko litzateke bestela), esango nuke badagoela hari bat, nire kasuan, komikitik zientzia-fikziora eta hortik horrorezko eta fantasiazko literaturara zuzentzen dena. Hori izan zen nire eskola. Ari naiz, zientzia-fikzioaren alorrean, Isaac Asimov, Arthur C. Clarke, Philip K. Dick, Ursula K. LeGuin, Ray Bradbury, Brian W. Aldiss, J. G. Ballard, Stanislaw Lem eta enparauez: nobelaz gain, guztiek praktikatzen zuten ipuingintza, eta haien narrazio asko irakurri nituen gaztaroan; hortik datorkit, ziurrenik, ipuinerako joera, hein batean behintzat. Terrorezko azpigeneroak gutxiago erakarri ninduen, zientzia-fikzioak baino; hala eta guztiz ere onartu beharra daukat Lovecraft-en irakurle sutsua izan nintzela garai hartan ere bai. Nobela beltzak eta genero poliziako-detektibeskoak gutxi erakarri ninduten gaztetan (Conan Doyle saihestezina alde batera utzita, noski), baina beranduago, Igela argitaletxeari esker batik bat, nahikoa Chandlerzale bihurtu naiz, Patricia Highsmith eta Jim Thompsonena bezala.

Hari horretatik tiraka, edonola ere, beste hari batera heldu nintzen, Edgar Allan Poe-ren ipuin "zirkularraren" edo "klasikoaren" eskolarekin identifika daitekeena problema handirik gabe; egia da zientzia-fikziozko egile horiek guztiak, ipuinak idazten zituztenean, Poeren eskolakoak jo daitezkeela, nolabait, baina oro bat literatura "jasotzat" hartzen dira: Italo Calvino, Julio Cortázar, Jorge Luis Borges, Juan Rulfo eta horiek guztiez ari naiz. Hortik, jakina, garai hartako hainbatek bezala, boom-eko egileen gaindosira pasatu nintzen, bere alde onak baina baita txarrak ere izan zituen sukarra, nik uste: aipatuez gain hor sartu beharko nituzke Mario Vargas Llosa, Adolfo Bioy Casares, Alfredo Bryce Echenique, Gabriel García Márquez, Julio Ramón Ribeyro, Augusto Roa Bastos, Ernesto Sábato eta abar.

Gaztetan literatura "klasiko" gutxi irakurri nuen, eskoletako ohikoa kenduta (Cervantes, Dostoievski...); XIX. mendeko nobelagintzari dagokionean, adibidez, hutsune handiak ditut. Azkeneko hamar-hamabost urte hauetan saiatu naiz betetzen zulo horiek, eta aitortu behar dut debilidadea sentitzen dudala Jane Austen-ekiko; orobat, maiteago ditut idazle ingelesak (Dickens, Wilde, Chesterton, Kipling...) frantsesak baino: azken horien artean Stendhal eta Maupassant ditut maiteen. Onartu behar dut, bestalde, Kafka kenduta, Mitteleuropako literaturarekin ez dudala oso harreman erraza izan, tamala dena. Ekialderantz joz, edonola ere, sorpresa ederra hartu nuen –askok bezala– Stefan Zweig-en "birraurkikuntza" editorialarekin, eta errusiarren artean, aukeratzekotan, Tolstoirekin geratzen naiz

Beno, hau erdizkako egia besterik ez da: errusiarren artean une hauetan nire kutuna Anton Txekhov baita. Gaztetan irakurria nuen Txekhov, baina ez ninduen batere inpresionatu; amerikar dirty errealism delakoaren eraginpean itzuli nintzen Txekhovengana, eta sekulako sorpresa hartu. Richard Ford-en hitzek (Txekhoven ipuin bilduma bateko hitzaurretik lapurtuak) egoki azaltzen dute gertatu zitzaidana, nire ustez: "Txekhoven ipuinek (…), sinpleak diruditen arren, errazak eta argiak ematen duten arren, iruditzen zait ohiko gazteentzat erlatiboki ulertezinak izaten jarraitzen dutela. (...). Txekhoven nahia pertsonaiei buruzko gure inpresioa konplikatzea eta zalantzan jartzea da, lehenengo bistadizoan ulertuko genituela pentsatzen dugun arren, huts eginez noski. (…) Joera hori, jakina, ez da beti antzematen erraza, gazte garenean". Hauxe da nire irakurketen beste haria edo soka, ipuingintzaren joera "Poearretik" urruntzen dena eta, Carverrengandik hasi eta, Txekhovengandik bueltan pasatuz (Txekhov delarik iturburu argia) Hemingway (Hemingway ipuinlaria, ez nobelagilea), Cheever, Tobias Wolff, Richard Ford bera, Jhumpa Lahiri eta enparauengana heltzen dena, asko apreziatzen ditudan bi egile euskaldun ahaztu gabe: Xabier Montoia eta Pello Lizarralde.

Soka argiren batean lotuta egon gabe, bestalde, hauek dira azken urteotan gozamen handiena eskaini didaten egile "garaikideak" (haien liburu batzuek, behintzat): Kjell Askildsen, Agota Kristof, Deszö Kosztolanyi, Julian Barnes, Ian McEwan, Richard Yates, Natalia Ginzburg, Max Frisch...

Gurera etorriz, eta amaitzeko, Espainia mailan (eta "klasikoak" ahaztu gabe: Galdós, Baroja, Aldecoa), azken urteotakoen artean Juan José Millás-en zenbait gauzekin geratzen naiz, eta José María Merinoren ipuin-liburu batzuekin. Euskal literaturari dagokionean, nire Obabatiko tranbia irakurri duen edonork badaki zeintzuk diren nire gustuak, baina badaezpada, hemen doa kutunen zerrenda laburtu bat (gorago aipatutako biak barne): Bernardo Atxaga, Ramon Saizarbitoria, Joseba Sarrionandia, Inazio Mujika, Juan Garzia, Karlos Linazasoro, Arantxa Iturbe. Gehiago dira, noski, baina ez dut luzamenduetan ibili nahi.

Poesiaren gainean zein iritzi daukadan ezaguna da. Solemneki zin egiten dut, beraz, Volgako Batelariaken ez dudala poema-libururen kritikarik egingo.

Gogoeta ttipia (maileguan hartua) kritikaren inguruan

Azkenik, agindu bezala, gogoeta labur bat egin nahiko nuke kritika beraren inguruan. Zer esanik ez, kritikaren aldekoa naiz, zentzu zabalenean: kultura bizirik dagoela frogatzen duen gauzetako bat da kritika. Egia da literatur kritikan (hala Euskal Herrian idazten den horretan, nola kanpokoan) gehiegikeria handiak egiten direla, eta zorrotz begiratu behar diegula kritikei, Víctor Morenok behin baino gehiagotan gogorarazi digun bezala (bere 1994ko De brumas y de veras saiakeran eta Mugalariko zutabeetan, esaterako), baina Morenoren lanak berak (kritikaren kritika egiten baitu, azken batean) frogatzen du zein inportantea izan daitekeen kritika on eta oinarritu bat egiteak.

Eider Rodriguezek Nabarra aldizkarian argitaratu zuen artikulu biziki gomendagarri batean (Xabier Mendigurenek hemen jaso zuen) ziria sartzen zien –besteak beste– juje bokazioa huts egindako kritiko "justizieroei", eta ezin uka arrazoi pixka bat duenik; nik neuk ere estilo ez bereziki atsegineko erasoak jasan ditut hori dela eta (adibidez hemen). Halere, kritikak beti ere epaia barneratzen duela sinesten dutenetakoa naiz ni, epai izugarri partziala gainera: horretan Baudelaire edo Wilderen iritzi berekoa naiz, zer esanik ez. Badago esaten duenik egin daitekeela epairik gabeko kritika, baina ez dut sinesten: are epairik egiten ez dutela ematen duten iruzkin soil itxurako kritikek barneratzen dute epaia, isilpekoa eta, ondorioz, oinarri argirik gabekoa izan ohi dena; Umberto Ecoren aburuz hori saihestezina da prentsa-mailako kritikan (Volgako Batelariaken egiten saiatuko garena, hein handi batean) eta literaturaren historia egiten dutenen kasuan (salbuespena, agian, kritika testuala litzateke, hots, testu jakin baten funtzionamenduaren mekanismoak aztertzera bideratuta dagoen horretan, ikus "Sobre el estilo" artikulua semiotikalari italiarraren Sobre literatura liburuan, RqueR argitaletxea 2002).

Leopoldo Alas Clarínen iritzikoa naiz ni kritika kontuetan. Hala zioen idazle asturiarrak (eta kritikari gupidagabeak), duela mendebete baino pixka bat gehiago, Madrilgo aldizkari batean:

Demokrazia ona, literaturan, publiko handiaren gustua hobetzean datza, gustuan eta bereizmenean pobre diren asko daudela ez ahanztean alegia, erdipurdikoa eta txarra ontzat hartzeko arrisku handian daudenetakoak hain zuzen ere. Kritikari demokratak ezin du izan kritikari aristokrata bezalakoa, katedraleko kanpaitzarra dena, soilik egun solemneetan joz; aristokrata idazle txarrak bazter utziz bizi da, ontzat hartzen diren arren, eta erdipurdikoak ahaztuz, herri xeheak bikaintzat aldarrikatu arren. "Posteritateak ez du jende horretaz ezer jakingo; zertarako zigortu? Utz itzazue bakean, nahikoa zigor dute eta beren loria faltsuaren laburrarekin". Demokratak ez du horrela pentsatzen. Egungo publikoaren interesa zaintzen duelako, zeina errotarriak komekatzeari ez baitio muzin egiten. Etorkizuneko publikoak ez dio beldurrik izan behar egungo egile txarren gustu txarrari; herri xehe engainatuak ez du erreputazio iraunkorrik eraikitzen. Baina egungo publikoak bai har dezakeela oso exenplu txarra egun txalotutako adefesioentatik... ("Palique", Madrid Comico, 1897-IV-17).

Horrek ez du esanahi –inola ere ez– Clarínen mailako idazlea edo kritikaria kontsideratzen naizenik: urrun nago harrokeria horretatik. Izan ere, agian ez da beharrezkoa idazle bikaina izatea kritika onargarriak idazteko. Isaac Bashevis Singerrek ederto azaldu zuen bere autobiografian, II. Mundu Gerraren aurreko Varsoviako literatur giro yiddishtarra deskribatzean, ez ironiarik gabe:

... horrela iritsi nintzen ezagutzera idazle gazte asko, ni bezala hasten ari zirenak eta ni bezala estualdiak pasatzen ari zirenak. Haien guztien nahia Literatur Orrialdeaken zer edo zer argitaratzea zen, eta pentsatzen zuten agian nik izan nezakeela eraginen bat bertan [yiddish aldizkari horren froga-zuzentzailea garai hartan Singer]. Erridikulizatu egiten zituzten idazle kontsagratu haiek guztiak, zeinen poema, artikulu eta ipuinak neuk zuzentzen bainituen, eta horrek berresten zidan nik aspalditik nekien zerbait: oso maiz idazle txarrak beste idazle batzuen kritiko biziki azkarrak izan ohi direla. Beren kritika zorrotza eta zehatza zen, beraietako batzuk idazle handien akatsak zehaztasun osoz adierazteko gai ziren, baina horrek ez zuen ekiditen beraiek baldarkeria handiaz idaztea, harrituta uzten ninduena (Maitasuna eta erbestea, 1984).

Singerren pasarte horrek izugarri lasaitzen nau, beraz. Edozein modutan, kritika, taxuz egiten bada, eztabaidarako eta gatazkarako tresna da, edo hala izan beharko luke behintzat. Baina horrek, zer esanik ez, talka egiten du (Angel Erroren izendapen burutsua erabiltzearren) "plastidecor literaturak" menderatutako gure testuinguru postmodernoaren joerekin. Dubravka Ugresicek ondo baino hobeto azaltzen du, nire uste apalean, bere Eskerrik asko ez irakurtzeagatik (2004) saihestezinean:

(Artea) posible da erresistentzia intelektualeko kultura batean. Baina hara non gatazka ekiditen duen inguru kultural batean bizi garen, zeinetan kulturaren monologoak (edo narzisismoak) bazterrera bultzatu baitu elkarrizketaren kultura. Monologoaren kultura barru-barruraino sartu da gizarte-esfera guztietan, baita intelektualean ere. Mundu globaleko komunikazioa eldarnioa da, zeren eta komunikazioak, berez, elkarrizketa suposatzen duen arren, praktikan, monologo gisa garatzen baita. Beste era batean esanda, jende guztia bizkor doa mundura bere mezuak jaurtitzera, eta autopromozioa gizarte-arau bihurtu da. Edozein ekintza "artistiko" edo intelektuala ez doa, funtsean, autopromozio motaren batetik haratago. Merkatu globalean denok gara saltzaileak, hala ez badirudi ere. Mundu guztiak ateratzen du automatikoki bere txartel profesionala, mundu guztiak egiten du borroka entzuna izateko nahiz eta zer esanik ez izan. Ez dirudi kulturaren testuek zer ikusirik dutenik kulturaren beste testuekin, tradizionalek garaikideekin ez duten bezala. Ez dago jada bi aldeen arteko komunikaziorik, ezta haien arteko gatazkarik, ezta haien arteko laguntzarik ere; testu bakoitzak bere kabuz zirkulatzen du, beste batekiko antza osoa izan dezakeen arren.

Eta Claríni, Singerri eta Ugresici maileguan hartutako pasarte hauekin kritikaren funtzioez eta aukerez zer pentsatzen dudan adierazi dudalakoan, laster arte.

etiketak: Kritikak
e-gor
e-gor dio:
2005/05/26 10:05

Ba pena da ezin zarela gehiegi luzatu, gustura jasoko bainuke zuri gehien gustatzen zaizkizun albumen berri, maisu... Eta egileak ere ziur bat baino gehiago ahaztu zaizula, erantzun azkar eta labur horretan... (aurreko baten komentatu zenidan Van Hamme datorkit gogora orain, adibidez)

Iban Zaldua
Iban Zaldua dio:
2005/05/26 02:48

Arrazoia duzu: inoiz kritikatu izan dudan aurritzi berberak eraman nau komikiaren mundua ahaztera. Izan ere, hemen kritikatuko ditugunak irudirik gabeko liburuak izango dira, batik bat, eta horretan jarri nahi izan dut indarra. Baina komikia ere aipatu behar nuen: are gehiago kontuan hartuta artikulu honetarako aukeratu dudan irudia Mongo planetaren maparen zati bat dela, Flash Gordon-ekoa alegia.

Uste dut, gainera, inportanteak izan direla idazle (eta, beraz, irakurle) askoren formazio-garaian, batik bat; oker ez banago, Anjel Lertxundiri irakurri diot inoiz hori buruzko iruzkinik, bere kasuari buruz ari zela.

Zuk aipatzen duzun zerrendari, dena dela, Eisner kenduko nioke (ez naiz, dena delakoagatik, oso Spiritzalea; Mignola, bestalde, ez zait iruditzen izugarria, une gogoangarri batzuk lortzen dituen arren), eta Bilal, Christin, Schuiten/Peeters, Hermann eta Otomo gehituko nieke. Baina hemen ere, gorago aipatzen nuen bezala, albumei buruz hitz egin beharko genuke, eta ez egileez. Baina ezin gehiegi luzatu...

e-gor
e-gor dio:
2005/05/26 00:45

Zure kurrikulu horretan Moore, Ibáñez, Spiegelman, Moebius/Giraud, Eisner, Hergé, Lee, Pratt, Quino, Miller, Satrapi, Mignolla, Mora, Goscinny eta besteak falta dira... Ze zuk ez duzu komikia "genero txiki" kontsideratzen, ala? ;-D

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44