Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Iban Zalduaren paradisua

Iban Zalduaren paradisua

Iban Zaldua 2005/05/14 11:30



Oraingoan Iban Zalduari egokitu zaio Audenen galdetegiari erantzutea, kritikak argitaratzen hasi aurreko ezinbesteko urratsa (Volgako Batelariaken, behintzat). Paradisua

Paisaia: Berdea, Baztan aldekoaren tankerakoa, baina oasi hiritar ugariekin.

Klima: Aurrekoarekin ez da ondo konpontzen, baina mediterranearra ondo legoke, udako bero saparik gabe noski.

Hizkuntza: Komunikazio telepatikoak obsoleto samar bihurtu du edozein hizkuntza, baina bertako biztanleak, esnob jartzen direnean, elkarrizketa fonikora jotzen dute. Halakoetan hizkuntza hilak dute gustukoen: latina, sanskritoa, irokesera, erromatar konkista garaiko protoeuskara.

Biztanleen jatorri etnikoa: %40 lurtar, %25 arkturustar, %10 andromedar, %9 vulkanotar, %16 izar-jatorri anitzetakoak eta hibridoak.

Pisu eta neurriak: Izan gaitezen erosoak: sistema metriko hamartarra (arkturustarrek edo andromedarrek ezer errazagorik asmatu ez badute behintzat).

Erlijioa: Axolagabe praktikatu daitekeen (edo ez) horietako bat, greziar panteoiarena adibidez, edo Robespierrerik gabeko Izaki Supremoaren kultua.

Hiriburuaren dimentsioak: Bi milioi biztanle gehienez.

Gobernu-modua: Legegintza-boterea: demokrazia elektronikoa; botere judiziala: Asimoven Hiru Robotika-Legeez eta Aranzadi osoaz hornitutako robot epaileen esku; botere exekutiboa: infinituki jakintsua izango litzatekeen ordenagailu zentral baten esku (zeina, oso noizean behin, erotu egin beharko bailitzateke, HAL 9000ren antzera, populuak altxamenduaren ohitura gal ez dezan).

Natur energia iturriak: Hidrogeno atomoen fusioa.

Jarduera ekonomikoak: Industria izango litzateke nagusi; garai bateko Italia bezala, produktuen diseinuagatik izango litzateke ezaguna.

Garraiobideak: Teletransportazioa, bizikleta estatikoa, motor sidekardunak.

Arkitektura: Neogotikoa, 1920-30ko arrazionalismoa, barroko pixka bat. Modernismorik ez; are gutxiago Gaudí.

Altzariak eta etxeko tresnak: Zenbat eta pop-ago, hobe. Labazko lanparak egongo lirateke alde guztietatik.

Janzkera formala: Txilaba, sari-a, kimonoa. Korbata debekatuta.

Hedabideak: The Times zaharraren tamainako egunkari luze-zabalak eta albiste-blog-ak.

Monumentuak: Oteizaren eta Txillidaren gauza erraldoiak nonahi.

Dibertsio publikoak: Zuri-beltzeko zinema, rol-jokoak, brilé-a (barkatu aldaera donostiarregiagatik: "balón quemado", "campo quemado"...); poesiaren irakurketa publikoa planetaren ilargi izoztuko auditoriora mugatuta egongo da (bi espaziontzi-bidaia hilabete bakoitzeko).

etiketak: Kritikak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44