Ohe azpia
Volgako Batelariak inoizkarian kolaborazioak argitaratuko genituela iragarri genuen, eta hona hemen lehenengoa, Jokin Muñozek eskaini diguna. Idazle nafarrak lagun batekin batera Iruñeko Hizkuntz Eskolan aurtengo martxoaren batean eman zuen irakurketa-hitzaldia jasotzen du, eta testuaren ardatza Bizia lo ipuin-liburua da, 2003ko Euskadi Literatur Saria jaso zuena. Interesgarria eta eztabaidarako zinez aproposa iruditu zaigu batelarioi.
BIZIA LO
OHE AZPIA
Semeak begiak itxi ditu. Erabat isildu da azken eztularekin batera, eta geldi-geldi dago orain, burua pareta aldera emanik. Burua alde honetara jarriko diat, Andres, mekanoari begira, esan dio aitak, eta xuabe-xuabe heldu dio lepo atzetik. Burua gora, sapai aldera begira jarri dio, ordea. Gero laztan egin dio kopeta izerdi hozten hasian. Ze lanak hartu dituen beti kopeta gaineko ile-punta bihurri horiek orrazten! Jarraian eseri da, aulki txikian oraingo honetan, belaunak bular parean kuzkur-kuzkur eginik. Burua belaunen gainera erori zaio, eta horrela egon da, tarte batez, ezpainak galtzen kontra estuturik. Ez dio jada emazteari entzuten, baina haren eskuak sorbalda gainean sentitu ditu halako batean, eta ezin izan dio eutsi begietara etorri zaion aurreneko negar kolpeari.
"Mekanoa", Bizia lo, 32 orr.
DENBORA-PASA
Arratsalde on. Tristea pasartea, ezta? Lagun batek esan dit hitzaldi baten aurreneko legea dela jendea entretenitzea: zerbait alaia, txisposoa, okurrentea esan behar duzula tarteka, alegia, eta, batez ere, ez dela irakurri behar. Ikusten duzuenez, ez diot kasu piperrik ere egin lagunari. Barkatu didazue, ordea. Gertatzen dena da elkarrizketa eta komentario gaizto bat edo bestek bultzatu nautela dena goitik behera idaztera, badezpadere, nahiz nire estiloa ez den. Beste kontuari dagokionez, zuek esango didazue, irakurri baduzue, liburu honi umore apurrik atera ote dakiokeen. Beraz, hemen naukazue, irakurtzen eta triste.
Bestelako liburuak idatz nitzakeen, noski. Baina horregatik ni idazle alaiagoa izango nintzateke? Nik uste dut liburu tristea=idazle tristea eta liburu alaia=idazle alaia elkarketak ez direla zuzenak. Irakurleak entretenitzeko soilik idazten duen idazlea ez da ni baino alaiagoa. Kontrakoa esango nuke nik. Berak, nik ez bezala, irakurlea errealitate, egunerokotasun mikatz eta tristetik urruntzeko beharra ikusten du fikzio zoragarrien bidez. Irakurlea zoritxarrekoa da, eta ahazteko bideak eman behar zaizkio. Nik, berriz, kontrakoa uste dut. Irakurleak, orohar, bizipoza daukala, zoriontsu bizi dela, baina, noiz edo noiz, zenbait gauza triste, mikatz gogorarazi behar zaizkiola.
Gertatzen dena, beharbada, zera da: jendeak ez du buruko minik nahi. Egunean zehar lanpetuta egoten da, eta ez du eseri nahi mutiko baten azken hatsaren kronika ralentizatua irakurtzeko, adibidez.
Konfliktorik gabeko gizartea da Mendebaldeko Europaren azken 50 urteetakoa. Konflikto, gatazka politiko-armaturik gabekoa, diot. Bi tokitan bakarrik izan dugu horrelakorik: Irlanda eta Euskal Herria. Gainerakoan, esan bezala -Yugoslavia ekialdeko Europan dago-, ez dugu konfliktorik izan azken 50 urteetan. II gerrate mundiala bukatu zenez geroztik, alegia. Hartara, mendebaldeko gizartea bizi omen den asperdura horretan, irakurleak distraitu, distraitzen dira denborapasako literatura irakurtzen. Buruko minik hartu gabe. Zer pentsatua eduki gabe. Heriotzerako bide geldo horretan, asperdura horretan, "nobelak leituz distraitzen gara".
Nik uste dut, halere, gatazkarik gabe, tentsiorik gabe ez dagoela literatura ona egiterik. Badago esaten duenik ere gaur egun nobela onak bakar-bakarrik 3.mundutik etor daitezkeela. Noski, esageratzen ari da. Baina nik zera diot: hemen, Euskal Herrian ere, nobelarako, fikziorako aukera itzelak daude. Gure gizartean fikziorako sustrato aparta daukagu, erabili beharrekoa zerbait ezberdinik eskainiko badugu Europako literaturen mapa errepikakor betiberdin honetan.
Euskal Arazoa. "La Cosa", nire lagun batzuek dioten bezala, hain baita amorfoa, hain baita handia, hain baita omnipresentea. Eta ez da bakar-bakarrik han barna tiroka dabiltzan burugabe batzuen kontua. Gizarte osoa hartzen du goitik behera. Nik uste dut, neurri handi batean, gizarte hau, eta euskararen mundua bereziki, gaixo dagoela.
Niri, behintzat, telediarioak deitzen dit behin eta berriro. Obsesio bilakatu zait "La Cosa" deitzen dugun hori. Idazten dudanean beti agertzen zait bizkarrera, eta sorbaldetan kas-kas- kolpetxoak ematen dizkit. Aspaldi jada Julio Llamazaresenen estiloko bidai liburu bat idatzi nahi izan nuen -En Babia, El rio del olvido, Tras-os-montesen antzekoa-, Etxauritik Castejonera oinez joanez, eta Astraineraino iraun zidaten asmo nobleek, Astrainera iritsi gabe "La Cosa" bidera atera zitzaidan-eta.
Stephen King idazleak esaten du idazten duenean, sortu nahi duen beldur eta ezinegon efektu hori eragiteko, bizkarrean monstruo baten arnasketa sakona sentitu behar duela -affff!, affff!-. A ze umekeria, ezta? Nirea terrorifikoagoa dela uste dut. Nik idazten dudanean eulitzar bat entzuten dut kortina atzean, -tzzzzzz- ito beharrean, eta deitu eta deitu aritzen zait.
Bai, gure konfliktoak erromantizismo dexente galdu du dagoeneko. Jada ez da Victor Hugok esaten zuen orgen kirrinka amaigabe hura entzuten dena, hemengo arazo politiko konpongabearen erakusgarri. Keba. Euli tzar nazkagarria dugu, kortina atzean harrapatuta, ari eta ari aspergarri-temosoan.
Baina hori beharbada ni bezalako obsesibo batzuen kontua besterik ez da. Light denaren gizartean bizi gara: alkoholik ez, tabakorik ez, proteinarik ez, pikanterik ez... No problem. Eta light izate hori gure literaturara, gure fikziora pasatu da. Dena arina izan beharra. Liburuak zerbait inokuoa behar du, eta kritikarik egiten bada, izan dadila beti amablea. Terrenoa betiere ondo mugatua. Hor dugu pornografia, kleroa... Hor ditugu batzokiak, joder...! Terreno ezin hobea probokaziorako. Baina, gure zoritxarrerako, Mirandek aurre hartu zigun duela 30 urte, edo Boccacciok duela 600. Berandu iritsi gara. Terreno horretan egin dezakeguna beti boy-scout batzuen bihurrikeria bat izango da. Inokuoa. Esaneko literatura baita, gurea.
Non dago, ordea, pentsamendu basatirako terrenoa? Nora bideratu gure zalantzak, gure amorruak? Non daude, hitz batez esanda, gure tabuak? Euskaldunen terreno debekatua? IDENTIDADEAn, noski. Politikan. "La Cosa"-n.
Gertatzen dena da gai batzuek denbora behar dutela fikzio bilakatzeko. Hain dira mingarriak! Hain dira gertuak! Baina ni horrekin ez nago erabat ados. Ez da bakar-bakarrik distantzia kontua. Neurri handi batean, euskal idazleek errealitate mikatzari bizkarra erakusteko joera izan dute beti. Hor ditugu, esaterako, exilioko idazleak eta gerraondokoak, lubakietako trajediak, miliziano eta gudarien heriotzak kontatu beharrean, baserrian, amonaren gonapean giltzapetu zirenak. Ez ziren hurbildu gerraren izu-laborrira. Eta ez dakit zergatik. Guk, bestalde, zerbait egin badugu gure tragedia moderno honekin azken 30 urteetan, izan da kritika nahiko gainetikoa -hi, gure mutilak dituk-eta!-, fikzio metaforiko-poetikoa edo, okerrena dena, panegiriko bat edo beste.
Orain, berriz, ematen du garaia dugula "La Cosa"-ri alde guztietatik heltzeko. Akaso izango da denboragatik beragatik. 30 urteko tregua bat eman diegu gure askatzaileei, eta, hortaz, hau ez da, jadanik, anekdota historiko hutsa. Nik esango nuke kodigo existentzial bat dela, gure jarrera, iritzi guztiak baldintzatzen dituena. Mundu ikuskera berezi bat da konflikto luze honek gugan txertatu duena. Eta mundu ikuskera horrek, neurri batean, ahoa itxi ez, baina lokartu bai, lokartu egin gaitu.
Beha itzazue Euskadi Sarietarako aurtengo hautagaiak. Denek ukitzen dute konfliktoa zuzen edo zeharka. Klabe historikoan batek, beste batek klabe errealista-poetikoan, beste batek klabe filosofikoan, eta beste bik -Bizia lo barne- klabe, nola esango nuke, intrahistorikoan? Gordin-errealistan? Eta atea zabalik dago, zeren, irakurri duzue Juanjo Olasagarreren azkena? Eider Rodriguezena? Iban Zalduarena?
Heldu behar diogu, bai, gureari, kupidarik gabe heldu ere bai. Ezeroso, minduta sentitzeraino zenbaitetan, zergatik ez. Tregua bukatu baita. Nahikoa kasu egin diegu gure gurasoei, gure aiton-amonei... Jon Juaristik ez du arrazoirik esaten duenean "gurasoek gezur esan zigutela". Ez, ez ziguten gezurrik esan. Lokartu egin gintuzten, eta ez dugu -ez dut- lo gozoan segitu nahi. Nirea ere entzutea nahi dut.
Senarraren aldera jiratu da, nekatu itxurak eginez. Ohe buruan eserita dago, burkoa bizkarrean jarrita, eta telebistaren argiek tarteka aurpegia argitzen diote, orain piztu, orain itzali. Kaskorik gabe dago, baina ez dio telebistari begirik kentzen. Iragarkiak dira. Yankee itxurako umekozkor batzuk ageri dira bizikleta gainean, ziztu bizian maldan behera. Nesquick. Ezagutzen du iragarkia. E.T. filma ekartzen dio gogora. Jonekin ikusi zuen, aspaldi. Akaso segidan ezohiko informatibo bat jarriko dute. Egun osoa pasa dute leherketaren gaineko aldiroko informazioa ematen. Eta horixe dator orain. Teleberriaren ohiko aurkezpena ikusten ari dira, hain juxtu. Doinua kanta lezake irudiekin batera. Kaskoak pasabidean geratu dira, telefonoaren ondoan, baina bietatik inork ez du ohetik jaikitzeko keinurik egin. Beste behin ere, irudiekin etsi behar. Aurkezlea ageri da orain. Aurpegian larridura eta kezka nabari zaizkio, beste askotan bezalaxe. Eta beste askotan bezalaxe ere, auto hondarrak ikusten dira ondoko irudietan. Karrozeria eta kristal puskak han-hemen, eta arropa zati odolduak nonahi. Akaso izen bat edo beste esango du aurkezleak, irudiak kendu eta berriz ere enfokatzen dutenean. Baina kieto daude biak, nor bere aldean. Ez dute entzungo. Ez dute entzun nahi.
"Ixiluneak", Bizia lo, 55-56 orr.
URRUTIRATU BEHARRAZ
Batzuetan errealitatea edozein ametsgaizto baino aberats, harrigarri eta izugarriagoa da, ez da hala? Horretaz aparte, fantasia dago. Baina fantasia literaturan ez zait batere interesatzen. Nahiago dut imaginazioa. Amos Oz idazle israeldarrak -ez sionistak- esaten du imaginazioa dela fanatismoaren kontrako antidotorik onena. Egingo dugu aproba?:
Sartu da Idoia. Ume guztien begiradek bat egin dute bere gainean. Maixua gela erdian dago, mahats mordo bana belarrietan eta masailak gorriz margotuta. Antzerkia prestatzen ari gara!, oihukatu dio ume ilegorri batek; Bako da! esan dio beste batek, maixua seinalatuz. Idoia bi-hiru pauso eman eta parean jarri zaio maixuari. Tiro egin dio. Lurrera erori da maixua, eta lau hankatan hasi da ihesi arbel aldera, mahats mordoak oraindik belarrietan. Ume guztiak oihuka bizian hasi dira. Bigarren tiroa sorbaldan egin dio, berta-bertatik, baina maixuak arrastaka segitu du, aulki eta mahai txikien artetik odol arrasto bat utziz. Jon heldu da orduan. Maixua arbelaren azpian aurkitu du, paretaren kontra jarria. Mahats mordo bakarra belarri batean, eta masailen gorria ezabatuxea aurpegi odoleztatuaren azpian. Iritsi da Idoia bere parera. Jarri dio Browning-a bekokian. Maixuak eskuak aurpegira eraman ditu, oihu eta oihu. Eskua dardarka ari zaio Idoiari. Hor dago, tiro egin-ez egin. Jon umeak ostikoka baztertuz hurbildu da, eta tiro egi dio lokian, inpentsan. Tiro bakarra.
"Elurraren isila", Bizia lo, 146-147 orr.
Idazle bakoitzak bere barrenak agerian uzten ditu fikzioaren bidez. Bere intimidadea agertu, kontatu dioten Historia Nagusi horretan sinisten ez duela azaltzeko. Baina toki bat behar du, bertatik errealitatea ikusteko. Nondik idatzi, ordea? Lizardik Muttitegitik idazten zuen. Arestik Bilbotik. Ez dira beti geografia jakinak izaten. Balkoi ideologikoak ere erosoak dira. Baina problema da behe-lainoak begiak itsutzen dizkigula zenbaitetan.
Herri honetan aktualitateak errealitatea jaten du. Periodikuek ez digute inguruan dugunaren ñabardurak antzematen uzten. Errealitatearen parte handi bat ezkutatzen digute. Arreta desbideratzen digute. Horrela, garrantzitsuena ahazten dugu, premia handikoa iruditzen zaigunari heldu behar diogulako.
Zeren, aktualitatea ez baita errealitatea. Aktualitatea, esan bezala, periodikuetan dago. Baina errealitatea? Non dago errealitatea? Eta oraina? Oraina ulertzeko klabeak aspaldiko liburuetan aurki daitezke, eta orainaren berri ere eman daiteke aspaldian kokatutako fikzio baten bidez. Nik, esaterako, Robinson Crusoe nobelan aurkitu dut gure herriaren orainaren metaforarik behinena. Bukaeran irakurriko dizuet, zalantzaren gainean hitz egiten dizuedanean.
Esaten nizuen aktualitatetik urrutiratu beharra dagoela errealitatea ondo ulertzeko. Kanpotik idazteak beti propuesta literario interesgarriak eragin ditu. Mirandek Parisetik idazten zuen. Arestik Bilbotik. Biek euskararen herriaren kanpo aldetik, ohartu zarete? Urrutitik gauzek esanahi sekretu eta harrigarriak hartzen dituzte. Pessoak esaten zuen ETXEA -Aitaren etxea- toki bat dela non ez den sentitzen. Barruan egoteak bihotz-begiak isten ditu. Ikustea, ondo ikustea, urrutikoa izatea da. Argi ikusteko urrutiratu eta gelditu beharra dago. Begi arrotzekin begiratu beharra dago.
Garai batean PERIFERIAren kontzeptua erabiltzen nuen esan nahi dudana adierazteko. Orain, berriz, gehiago gustatzen zait EZKARATZA kontzeptua. Ezkaratzan, etxeko sarreran, alegia, ez zaude ez barruan ez kanpoan. Ez zeruan ez infernuan, batek baino gehiagok aurpegiratuko lidakeen bezala. Toki hori, ezkaratza, exilio txiki bat da. Nahi duzunean sartu, nahi duzunean ateratzen zara.
Gero bidaia dago, noski. Erabateko urrutiratzea. Baina kontuz bidaiekin. Ulises urrutira joan zen, baina etxera bere ideiak indartuta itzuli zen. Horiek bidaia zirkularrak dira, alperrikakoak. Marra zuzena nahiago dut nik. Bidaia rektilineoak, alegia. Halakoetan hasten dena askotan etxera itzuli ezinean geratzen da, bidean identidadea eta beste gauza asko ere utziz.
Biluztu beharra dagoela iruditzen zait, aldean daramagun ezkutu ideologikoa lurrera bota. Ez ditut aterpe ideologikoak maite. Ideiak argi edukitzea ez dator bat idazle izaerarekin. Idazleok behar dugun babes bakarra norberaren kaskezurrak ematen diguna da.
Harago joango nintzateke gogoeta horrekin. Beharbada bidaia rektikineoan jada, baina, tira, botako dut: ez gara herri, nazio bateko idazleak, hizkuntza batekoak baizik. Euskal idazleak baino areago, euskarazko idazleak. Motibo bat baino gehiago dugu-eta Euskal Herriaz esateko Cernuda poeta gaztelaniazkoak Espainiaz esaten zuena, alegia: "soy un español sin ganas". Ba, horixe: zenbaitetan, gogorik gabeko euskalduna naiz.
-Hara! Zezenplaza! -esan dio Aitorri. Urrutian, kaitik harago, zezenplaza ageri da mendixka baten gainean, garabiek inguratuta.
-Etxea ere ikusten duk! -esan dio Aitorrek, zigarroa ezpainetatik apartatu gabe.
Kaioen garrasiak baino ez dira entzuten, itsasoaren arnasarekin batera. Gutxi dira hegan ari direnak. Gehienak arroken gainean daude anabasean, ur zikinak isurtzen dituen hustubidearen arrimora etorriak.
-Polita duk paisaia, ezta Gabi? -segitu du Aitorrek, badia osoa aurrean dutela-. Ez fidatu, ordea. Hor behean kaka eta miseria besterik ez zegok.
Gabik sudurra maukarekin lehortzeko keinua egin du, baina anaiak, eskua kolpe batez baztertu, eta bere muki-zapia eman dio.
-Erabili hau, Gabi! Horrela tontoa ematen duk-eta!
Gabik muki-zapia sudurretik pasa du, etsipenez.
-Tontoa nauk, Aitor.
-Zer diok?
-Hala esaten zidatek auzoko guztiek: tontoa.
-Nork?
-Guztiek -erantzun dio Gabik-. Beno, Joxek eta Manuk ez.
Aitorrek beste zupada bat jo dio zigarroari, eta, ia-ia hasi berritan, behera bota du, arroketara. Gabik begiradarekin segitu dio zigarrokinari amildegitik behera, eta lagunekin gogoratu da.
-Niri ere hala esaten zidatean -segitu du Aitorrek-: tontoa, leloa, babua... Begiradak orain, ordea! Begiradak! Zer naizen ni eta zer diren beraiek! Lezio ederra eman zieat!
Arnasa sakon-sakon hartu du. Gero anaiari bekoz-beko begiratu dio. Zapia sudurretik pasatzean mukiak masailetik zabaldu baino ez ditu egin gixajoak. Ez dio ezer esan, ordea. Zapia kendu eta berak garbitu dio muki-arrasto hori, xuabe-xuabe.
-Ez utzi inori hitaz barre egiten, Gabi. Hi ez haiz tontoa. Egunen batean goitik begiratuko diek, nik bezala.
"Xantilli", Bizia lo, 88-89 orr.
UNIFORMIDADEAREN KONTRA
Askotan kexatu izan gara espainiarrek euskaldun guztiok -ez baskoak, euskaldunak- uniformizatzen gaituztelako. Ematen du euren begien aurrean halako logia edo tribu bat osatzen dugula, denok bat egiten dugula beti. Gogoratu: "La cuadrilla". Hori, beharbada, ikusirik zer-nolako irudia ematen dugun kanpora begira, ez da oso harritzekoa. Nik esango nuke euskal idazle guztiok, den-denok, aurrena "euskal" garela, eta gero "idazle". Eta hizkuntzak, beste inon ez bezala, batu egiten gaituela ezeren gainetik. Eta kasu askotan, gehiegitan esango nuke nik, hizkuntza bainoago "baskoa" izatea da lokarria. Basko abertzalea, gainera.
Kezkatzen nau, bai, uniformizazioak. Nik beti kulturaren alorrean indibidualismoa aldarrikatu izan dut. Errebeldia indibiduala, norbanakoa, ez errebeldia hiper-antolatua. Horretaz nazka-nazka eginda nago aspalditik. Kezkatzen nau uniformizazioak, eta batez ere guk geuk geure buruei ezartzen dieguna. Gurean pentsaera, jarrera, mundu ikuskera askozez ere pluralagoak egon behar lirateke. Oso prebisibleak garela esan nahi dut, eta handik espainiarren, arrotzen pertzepzio okerra. Alde horretatik, uste dut gureak, euskarazko literaturak, dinamikoagoa, biziagoa, pluralagoa behar lukeela izan. Akaso horregatik sentitzen naiz erosoago erdal munduan euskal munduan baino. Akaso horregatik nire lagunik onenak hemen, Nafarroan, erdaldunak dira.
Guztiagatik ere, uste dut mundu sinboliko berriak sortzen ari direla euskararen munduan, euskaldun tradizional eta uniforme-zaleei arrotz eta ezerosoak egiten zaizkionak. Eta hori ez dugu gure literaturan islatzen jakin.
Hizkuntza eta identidadearen inguruan kolore eta norabide bakarreko diskurtsoa egin eta egiten dugula iruditzen zait. Eta esango nuke belaunaldi berriak gogaitu egin ditugula dagoeneko. Adibide bat jarriko dizuet. Gazte jendearekin lan egiteak errealitatera hurbiltzen zaitu. Nik ikasleak ditut. Euskarazko ereduko ikasleak. Orain urte batzuk -ez da oraingo kontua, hortaz, aspaldixkotik datorren jarrera baten erakusgarri izan daiteke-, orain urte batzuk, diot, idazlan bat proposatu nien ikasleei. Bertan kexa gutun bat idatzi behar zioten institutuko zuzendariari, institututik etxera bidaltzen zituzten eskutitz guztietan bere izena ageri beharrean -hau da: Andoni- Antonio azalten zelako. Hara ikasle gaiztoaren idazlanaren hasiera:
Institutuko zuzendari jauna: Honakoaren bidez adierazi nahi dizut zinez gogaituta nagoela, ez baitidazue kasu izpirik ere egin orain artean. Hamaika aldiz esan dizuet nire izena ez dela Andoni, ez Antton, ez, mesedez, Andolin ere, Antonio baizik. Antonio Gerrikagoitiagomezkorta.
Gure esparruak, euskarazko kulturarenak eta, askotan ere, literaturarenak, halako kibbutz handi bat ematen du, eta hizkuntzak, eta hizkuntzarekin batera korrekzio ideologikoak ezartzen dizkigun mugetatik hara ez gara apenas ateratzen. Oso argi dugu zer esan dezakegun eta zer ez. Euskaldun zintzoaren txipa oso ondo txertatua daukagu. Eta euskal idazle zintzoarena ere bai. Zein manifestu sinatu behar dugun, zein ez. Zein manifestu ez sinatzeak ekar diezagukeen problema bat edo beste... Ez da harritzekoa. 30 urteko abertzaletasun soziologiko baten ondorioa besterik ez da hori. Gogoratu lehen aipatu dudan kodigo existentzialaren kontu hori.
Oraindik gogoan duk argazki hura. Egin egunkarian presoei animoak emateko ia egunero ateratzen zituzten horietako bat zuan. Lagun koadrilla bat ageri zuan. Zorionak Ina zioen haietako bik erakusten zuten pankartak. Denak pozik zeudean, benetan pozik. Han inor ez zuan alai itxurak egiten ari. Hiruk-edo ukabila gora jasota zeukatean, hiri horren inozoa iruditzen zaian jarrera hartan -egia esateko, urteak dituk abertzaleen parafernalia hori guztia barregarri samarra iruditzen zaiala-, eta neska batek -Mariasunek- ume txiki bat, hilabete eskasekoa, besoetan zian. Umea kamarara begira jartzen saiatzen ari zuan, presoak -Inaziok- bere semea ondo ikus zezan.
Harrez geroztik, ia-ia urtero segitu diok koadrilla horren -Mariasunen- arrastoari. Lehenengo hiru-lau urteetan jende berbera agertu zuan, bizpahiru gazte sutsuk lagunduta. Hauek ikurriñak, arrano beltzak-eta erakusten zitiztean, Zorionak Ina zioen pankartari betiko lagunek eusten ziotean-eta, aurreneko argazki haietan behinik behin. Urte batzuk geroago betiko lagun horiek ere ezari-ezarian argazkitik desagertuz joango zituan. Azaldu bitartean, baina, urtero pankarta berria atera zitean, okasiorako propio egina, beti mezu berarekin -Zorionak Ina-, eta zenbaitetan xelebrekeriaren bat eta guzti -txanpaina freskatzen jarri diagu; marmitakoa punttu-punttuan zegok, eta antzekoak-. Haiek argazkian agertzeari utzi ziotenetik, ordea, inork ez zian hartu pankartaren ardura, eta urtetik urtera pankarta bera ateratzen hasi zituan, ziurrenera urte osoan Herriko Tabernan bertan gordea, eta batere mezurik gabe.
Zorionak Ina, Zorionak Ina, Zorionak Ina...
"Azterketa", Bizia lo, 101-102 orr.
Baina mundu ikuskera hori amiltzen ari da, biolentziaren kulturarekin batera, eta ez gara enteratzen ari. Edo ez dugu enteratu nahi. Transizio garaiak zailenak izaten dira antzematen. Literatura, gainera, ez da oso tresna egokia aldaketak deskribatzeko. Gauza iraunkorrak deskribatu nahiago ditu. Hilotza hobeto deskribatzen du hilzorian dagoena baino.
Espainian, adibidez, Franko azkenik hilotz bilakatu zenean, eta demokraziaren hasierarekin batera, literaturaren alorrean testimonio literatura, literatura autobiografikoa etab.. nagusitu zen. Atzean bazegoen zer kontatua, eta halako batean, une egokia ikusi zuten idazleek horretarako.
Nik uste dut hemen, biolentzia politikoaren amaierarekin batera, antzeko zerbait gertatuko dela. Alegia, begirada, sentsibilidade, mundu ikuskera berriak sortuko direla euskaren eta euskal literaturaren alorrean. Eta orduan bai, izango dugula munduari zer kontatua. Eta irrikaz eta interes handiz entzungo digutela uste dut.
Neurri handi batean, gure literaturari begirada berriak, mundu ikuskera berriak, kolore berriak eskaini nahia da ni euskal literaturan segitzera animatzen nauena. Behin baino gehiagotan galdetu didate nolatan, Castejonekoa izaki, ama hizkuntza gaztelania izaki, idazten dudan euskaraz. Eta halakoetan metafora batekin erantzuten dut beti. Hizkuntza handietan idaztea -frantsesa, espainiera, inglesa- autopista batean ibiltzea bezalakoa da. Bideak eginda daude. Zure aurretik milaka pasatu dira. Dena eginda dago. Dena esanda dago. Euskaraz idatziz gero, berriz, askotan kontua ez da autopistatik errepidera, edo errepidetik mendiko pistara pasatzen zarela -gogoratu Atxagaren trikua -, baizik eta, nire kasuan, matxetazoka zabaldu behar duzula bidea, Mato Grosso-an barrena ibiliko bazina bezala. Adibidea oso ilustratiboa da, baina, tamalez, areagotzen du kanpoko zein barruko askori gustatzen zaion tribu irudi hori. Badakizue, Europako herri indigena bakarra garela eta beste trogloditakeria horiek...
Bai, gureaz, gure gaixoaldiaz hitz egitea izango da, finean, gure literatura kanpoko irakurleei ere erakargarri egingo diena. Planteamendua klabe komertzialetan ere egin daiteke. Kontradiktorioa da, euskaraz idaztearen aldeko apostua egin eta gero, baina galdera botako dut. Hara: zerk erakartzen edo erakarriko ditu kanpoko irakurleak gure literaturara? Zer eskain diezaiekegu autopistetan ibiltzeaz gogaituta dauden kanpoko irakurleei? Jadanik euren hizkutzetan irakurritakoa? Nobela beltza? Intriga historikoa? Alegia, gauza bera? Gauza izango al litzateke, demagun, irakurle ingles bat, hamar libururen artetik euskaratik itzulitakoa antzemateko? Beste modu batera planteatua: Zerk egiten du gure literatura hemengo, hizkuntzaren erreferentetik harago? Zerk definitzen digu hemengotasuna, hizkuntza ez bada? Orain, eta batez ere gure harresia erortzen denean, gure literatura definitu eta, aldi berean, harenganako interesa piztuko duena "La Cosa" da. Biolentzia politikoak eragindako kodigo existentzial hori, alegia. Gure mitikotasuna, poetikotasuna, unibertsaltasunaren kontu hori Obabarekin batera agortu baitzaigu.
Gizarte gaixotu baten berri eman behar dugu. 30 urtetako gaixoaldi baten berri. Eta hori gertatuko da gure transizioa pasatzen dugunean. Kibbutzeko alanbradak mozten ditugunean. Gutaz gehiago hitz egitea da falta zaigun bakarra. Eta besteek gugandik esperoko dutena, dudarik gabe. Aldaketarako prestatu behar gara.
Bizia lo eskuan duela euskarazko irakurleak, eta erdarazko irakurle baskoak, zera pentsatu behar du: liburu hau ez da bakar-bakarrik biolentzia politikoaz ari. Liburu hau gutaz ari da. Liburu hau nitaz ari da.
Lasaitu itxurak egiten saiatu da senarraren ondoan etzan denean. Ez al du esaten, ba, histerika hutsa dela? Gertatutakoaz ez du ezer ere komentatu. Bazkaldu eta gero banketxera joan da, eta orain burua egunkariaren atzean ezkutatzen du. Horrek ez du harritu, halere. Berak ere nahiago du isilik egon. Zertarako hitz egin, ba? Giroa gaiztotzeko? Garai batean, beste gixajo bat esaten zuen norbait hiltzen zutenean, eta senarra aztoratzen zen. Bai; baina besteak ere.... Horixe esan zion, gogoratzen da, tregua hautsi zenean. Bai; baina besteak ere... ez dira gelditu. Behinik behin aspalditik dago pasaportearena entzun gabe, eta ez da gutxi. Ez-dakit-nori pasaportea eman diote, esaten zen garai batean. Edo matarilea. Orain, berriz, mutu biak. Mutu, adibidez, bonba-auto hura telebistan ikusi zutenean, manta baten azpian zetzan politiko ezagun haren gorputik ez oso urruti; eta mutu ere gaur, beste bonba-auto batek lau gixajo -bai, gixajo, esan du berekiko- inork ez ezagutzeraino txikitu dituenean.
"Isiluneak", Bizia lo, 35 orr.
ANAEROBIOAK GARA
Biologian anaerobioak esaten zaie airerik gabeko giroetan bizi diren mikroorganismoei. Nik uste dut, neurri handi batean, anaerobioak garela, airea falta dugula. Matematika eragiketa sinple batek eman dezake gure gaitzaren tamainaren berri. Egin dezagun kontua: 700 preso, 1000tik gora hildako, ehundaka iheslari... Jar dezagun kopuru bat preso, hildako eta iheslari bakoitzeko: 4 senitarteko eta 20 bat lagun kaltetu bakoitzeko. Ikaragarria da minaren hedapen soziala. Ez zen beharrezkoa Oldartzen-ek sufrimendua sozializatzea. Gure artean bazegoen-eta.
Hiru belaunaldi anaerobio, hortaz. Hiru belaunaldi gaixo, ezin hel daitekeena, ezin koka daitekeena gizartean. Hiru belaunaldi frustrazioaren eskolan heziak. Eta paranoia luze baten gainbeherak, gogoratu, umezurtzak uzten ditu bidean. Horror vacui. Hutsune esistentziala. Ez iraganik, ez gerorik.
Baina epikaren ahuldadeak onik ere badakar. Nekea, adibidez. Eta nekea hasten denean kreatibitatea indartzen da. Autozentsura ahuldu egiten da, eta kontu eske hasten gara, dagokionari kargu hartzen. Autokritika indartzen da, hitz batez esanda. Eta imajina ditzakegu sekulan imajinatu ez ditugun ñabardurak eszena zoritxarrez ezagunetan:
Bi gazteei bizkar emanda, belauniko, Aitor dago, Che Guevararen kamiseta beltza jantzita. Inguruan, azken orduetako langarrak sortutako putzuetan sartuxeak, lata, kartoi eta plastiko hondarrak ageri dira nonahi. Manuk bere amak erabiltzen duen garbigarri ezagun baten pote handi hustu bat hauteman du Aitorren oinetatik gertu.
(...) Aitorrek karkaisa bat bota du, inoiz baino lodiago, inoiz baino ozenago, aurreneko tiroa buruan jaso aurretixe. Karkaisaren beraren gainean erori da gorpua, garbigarri potearen ondo-ondoan, eta gero beste bi-hiru aldiz gehiago egin diote tiro, denak buruan. Zezenplazatik datorren zaratak ez du ito tiroen eztanda, baina, horrela ere, ez dute Gabiren arreta berenganatu. Gero bi gazteak lasterka ikusi dituzte eskaileretarantz. Bertan hirugarren gazte bat zain daukate. Joxek ederki ezagutu du, urruti dagoen arren. Txima luze horiek, lasterka egiteko modu hori... Etxera iristen denean, ez dio esango, ez, amari, nor ikusi duen gaur arratsaldean zezenplazako hareatzan.
"Xantilli", Bizia lo, 98-99 orr.
Giza arima, ideia nobleek bultzatuta, ezin krudelagoa izateraino hel daiteke. Gizakiak ongia edo gaizkia egin dezake. Gizaki izatez gaiztoak zenbaitetan ongia ere egin dezake, baina gizaki izatez onak gaizkia egin dezan gauza bat behar du, bakarra: Fedea. Ideologia.
Fededun militantea altruista hutsa da. Eskuzabala. Interes handiagoa dauka besteen (herriaren, aberriaren) zorionean bere zorion propioan baino. Besteen arima salbatu nahi du. Besteak bekatutik urrundu, bekatuan gozo-gozo badaude ere.
Okerrena da gaizto amorratua denak hiru-lau hildako eragin ditzakeela gehienez ere, baina militante zintzoak, soldadu esanekoak dozenaka, eta lasai arraio geratu.
Ongia eta gaizkiaren kontu honek Adolf Eichmann-en kasua dakarkit gogora, nahiz eta, ziurrena, adibide oso egokia ez izan. Zer egingo diogu, ba. Batek uzten die bere gogoetei libre mugitzen, paperik eskatu gabe. Autozentsura eskasa, nonbait. Edo autokritika sobera. Auskalo. Baina goazen harira: Badakizue nor izan zen Adolf Eichmann? SS-ko Teniente-koronel bat, gerra kriminala. Jerusalemen epaitu zuten 61ean. Eichmann ez zen, itxuraz, mamu hiltzaile bihotzgabe bat. Epaitu zutenean ez zuten halakorik ikusi beregan. Oso humanoa zen. Oso atsegina tratuan. Bere familia giroa, gainera, eredugarria zen. Oso pertsona kezkatua eta arduratsua bere lana ondo egiteko. Badakizue zein izan zen funtzionario, soldadu baten efikaziaz bete zuen lana? Judutarren kontzentrazio esparruetarako deportazioa ondo antolatzea. Izaera arrunta, normalekoa zen. Gaizkiaren banalidadea deitu izan dio bere kasuari batek baino gehiagok. Horixe zen Eichmann-en problema: bere normalidadea, bere gertutasuna. Normalidadea tratuan, familian, bizitzan.. Horixe da, bai, Eichmann bezalakoen problema, normalidadea.
Borgesek badu El Aleph liburuan ipuin bat ideia honekin nahiko lotua.: "Deutsches Requiem". Bertan azaltzen da Otto Dietrich Von Linde delako bat. Otto halako batean atxilotzen dute, Tarnowitzen-go kontzentrazio esparrua zuzendu izanaren akusaziopean. Atxilotuak honela dio epaitzen ari direnean: "Ez dut zuen barkamenik nahi, nigan ez baitago errurik. Ulertua izatea besterik ez dut nahi".
-Hotzak negok, Jon esan dio neskak.
Elurra egiteari utzi dionetik, mutila hiru aldiz gelditu da horrela, sorgortuta, inguruko bazter zuriei begira. Astebete zeramaten lokatz izoztuaren gainetik aurrera egiten, botak apenas busti eta zikindu gabe. Orain, baina, elurraren etorrerak ekarri die, atzera berriz, behatz busti-hoztuen sentsazio mikatza.
-Zer duk, Jon?
Lautadan jada ez dira antzematen galsoroek bezpera arte erakusten zituzten berde argi-ilunak. Zuriak berdindu du paisaia, udan urreak berdindu ohi duen gisara. Eskua luzatu du txakurraren lepo ingurura. Dobermanak ez daude hotz horietara eginak, pentsatu du. Ondo-ondoan eraman du denbora guztian, isil-isilik eta burumakur. Lekutan geratu dira erbien atzetik lasterka egiten zuen sargoriko egun haiek.
-Mapa behar duk, Jon?
"Elurraren isila", Bizia lo, 129 orr.
ZALANTZA AKUILU
Idazleok zalantza eduki behar dugu akuilu eta gidari. Begibistakoa dena, denon ustea dena ezbaian jarri. Ume esku batek bezala ukitu behar dugu dena, eta ume-begiekin begiratu, denak berri antza har dezan. Idazteak beti transgresio bat dakar. Profanazio lan bat da. Eta mendeku ekintza bat, zergatik ez esan. Sufriarazi digun, angustia ekarri digunaren kontrako mendeku ekintza bat.
Absolutuen atzetik tematu gara azken 30 urtetan, eta orain, periodikua zabalten ez badugu, ingurura begiratu eta gauzatxoak, gertakaritxoak besterik ez dugu ikusten: autobusa hartzera doan aguretxoa, semetxo bihurriari erritan egiten dion ama, ezinegonak hartuta azterketa egitera doan ikaslea... Bi mende, bi milenioren ondotik, eta hainbeste izu, sarraski, barbaridaderen ondotik, badirudi mundua, eta munduarekin batera gu, ideia absoluturik gabe bizitzen ikasten hasi garela.
Zalantzaren etorrera ikusten ari gara. Hamlet moderno egin da azkenik, eta moderno izatearen angustiak bizi du, zalantzaren akuiluak. Edozein barbaridaderen kontrako antidotoa.
Eta ez gaizki ulertu, mesedez. Kontua ez da nihilismoa aldarrikatzea, baizik eta dogmatismo ororen arbuiaketa, ideologiak dakarren sinplismoa eta ustezko seguridadea arbuiatzea.
Ez naiz Robinson Crusoerekin ahaztu. Hitzaldiaren hasieran esan dizuet pasarte bat irakurriko nuela, zalantza hizpide hartzen nuenean. Eta zalantzaren apologia egiten ari naizenez, segidan doakizue, ezin egokiagoa iruditzen baitzait hitzaldi honen amaierarako. Geroaz ari da. Etor dakigukeenaz.
Robinson Crusoek beste naufragio bat izan zuen denok ezagutzen duguna gertatu baino lehen. Imagina dezagun eszena: Beste marinel batzuekin batera doa Crusoe txalupa batean, barkua itsasoak irentsi ondoren. Itsasoa zakartua dago, eta olatuek gora eta behera erabiltzen dute txalupa txikia. Halako batean, urrutian, lur desiratua ikusi dute, eta haruntza bideratzen dute txalupa, ilusioak akuilatuta. Horrela dio Robinson Crusoek:
Ez genekien nolakoa izango zen kostaldea. Denok espero genuen badia bat izatea sikiera, edo ibaia baten bokalea, txalupa olatuen eta ur bizien batere beldurrik gabe lehorreraino eraman ahal izateko. Baina ez zen horrelakorik gertatu. Ez genuen horrelakorik ikusi. Aitzitik; kostaldera hurbiltzen ari ginen heinean, lehorrak itsasoak berak baino beldurgarriagoa eta mehatxagarriagoa ematen zuen.
Eskerrik asko
Oso ona iruditu zait Jokin Muñozen hitzaldia. Oso ausarta eta sakona. Ezagun du ez dabilela polemika bila. Badaki batzuek agian gorrotatu egingo dutela esandakoengatik, edo irakurleak galduko dituela. Baina, hala ere, benetan pentsatzen duena esan nahi du. Eta hemen, Euskal Herrian, jende asko ez da oraindik ausartzen. Hemen kontua ez da euskal gatazkaz edo euskal errealitateaz hitz egin dugun ala ez gure literaturan, baizik eta oso modu estereotipatuan eta gure lubakitik begira egin dugula ia beti. Errealitateaz mintzatzeko lubakien artean ibili beharra dago (ez lubaki bakar batean sartuta), eta jakina, ez da batere atsegina, bi bandoen tiroek hil baitzaitzakete. Nire lehen eleberria, orain dela urte dezente, argitaratu zenean, ez zen batere atsegina izan bakardadea. Oker ez banago, hura izan zen ETAren astakeriak nolabait kritikatzen zituen lehen euskal eleberria, edo lehenengoetakoa (estatu-terrorismoa ere kritikatzen zen). Orduan askoz tabuagoa zen honetaz mintzatzea. Zorionez, honetaz guztiaz hitz egiteko gero eta askatasun handiagoa sentitzen dugu, hilketarik ez dagoelako kaleetan agian. Urruti dirudi ia astero ETAk norbait hiltzen zuen garaiak. Zorionak, Jokin, zure ausardiagatik. Espero dut egunen batean elkar ezagutzea. Mikel H. Abaitua