Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Bigarren Manifestua

Bigarren Manifestua

Ibon Egaña 2005/04/22 20:30
(Beste autopropaganda saio bat, Volgako Batelariak blogaren aurkezpen egunerako Ibon Egañak prestatutako testuaren transkripzioa alegia).

 

Galdetuko diguzue: "zer da Volgako Batelariak?". Eta guk erantzungo dizuegu, Volgako Batelariak oihu etsitu bat dela, Askatasunaren eta Iraultzaren aldeko aldarria. Eta Chicagoko Maiatzaren leheneko hura ekarriko dizuegu gogora.

Maiatzaren leheneko greba ekintzetan parte hartzeagatik 1887ko abuztuaren hogeian heriotza zigorra ezarri zen Spies, Fischer, Engel, Parsons eta Lingg-en aurka. Fielden eta Schwad-i biziarteko kartzela zigorra jarri zieten, eta Neeb-i 15 urteko espetxealdia. Lingg-ek bere buruaz beste egin zuen exekuzioaren bezperetan, eta gainerako lauak urkatu egin zituzten 1887ko azaroaren 11an. Beraiek, duin eta osorik, heriotzaren enkontrura soraiotasun osoz bertaratu ziren. Heine-k Silesiako Ehungileei eskainitako poema errezitatzen zuten. "Marseillesa" abestea eragotzi egin zieten. "Internazionala" artean ez zen existitzen, 1888ra arte ez zen estreinekoz abestuko. Patioan, baina, inork ezin izan zituen ixildu. Han abestu zuten "Rhineko Batelariak" eta "Volgako Batelariak", eta azkenik, orduan bai, "Marseillesa". Goizeko hamaikak ziren, kantuen oihartzunak hormak dardarazten zituen, baita Chicagoko kaleak ere. Azken eskaloian, borreroak eskutik heltzen ziola, Spies-ek oihu egin zuen: "Osasuna, oh, gure ixiltasuna gure ahotsak baino ozenago mintzatuko den garaiok!". Fischer-ek oihu egin zuen: "Gora anarkia!". Azaroaren 11an 20.000 laguneko segizioak hilobiraino lagundu zituen. Galarazi egin zitzaien ilean xingola eta krabelin gorriak eramatea.

Eta esango dizuegu, Volgako Batelariok garela Spies, Fischer, Engel, Parsons eta Lingg berriak, euskal literaturaren biziaren alde jokoan jartzen dugula larrua eta bizia. Baina ez diguzue sinetsiko. Iraultzetarako koldarregiak eta burgesegiak garela leporatuko diguzue, arrazoi osoz. Eta adinez ere –batzuk behintzat– ez gaudela jada iraultzetarako. Eta orduan, ados, literato kaxkarrak baino ez garela aitortuko dizuegu. Baina hori bai, idazle eta kritiko serio orok bezala, 15 urte betetzerako irakurriak genituela Jules Verneren liburu guztiak, Mikel Strogoff barne, eta zuen baimenarekin, haren pasarte bat irakurriko dizuegu:

 

Gainera, ezerezetik sortutako hiri horren plaza eta auzoetan molde guztietako txerpolariak pilatzen ziren: saltinbankiak eta akrobatak, hurbiltzen zirenen belarriak sorgortzen beren orkestren orro eta uluekin eta beren antzezpenaren deiadarrarekin; mendietatik etorritako buhameak, ikuslerik inozoenei zoria iragartzen, motxaileak edo tsiganeak (horrela deitzen diete errusiarrek ijitoei, koptoen antzinako ondorengoei), beren doinurik alaienak kantatzen eta beren dantzarik bitxienak dantzatzen; komediante ibiltariak, Shakespeareren dramak jokatzen, ikusle ugarien gusturako egokitu ondoren. Halaber, ibilbide luzeetan, hartz hezitzaileak zebiltzan, aldean beren lau hankadun dantzariak eramanez; piztien garrasi latzek durundi egiten zuten kaioletan, zaindarien zartailu gogorrez edo ziri goriez xaxaturik; eta, erdiko plaza handian, zale sutsuen lau lerroko birunda inguruan, VOLGAKO MARINELEN abestalde bat lurrean eseri eta txalupan baleude bezala egiten zuten arraunean, orkestra zuzendaria buru zutela, zeinak alegiazko ontzi haren lemazain egin-egina irudi zuen!

 

Gure erudizioak eta literatura unibertsalaz dugun jakinduria amaigabeak galderak egiteko ahoa lehorregi utzi badizue, ez kezkatu, galdetzen ez badiguzue ere esango dizuegu-eta baietz, Joan Paulo II. a Handiaren heriotzak arras atsekabetu gaituela, eta hari omenaldia egin nahi diogula guk ere, Volgako Batelariak izena hartuta, haren izen ona munduan barreiatuko dugula. Eta gogora ekarriko ditugu Volgako Batelariak izenarekin Elizaren berri ona Sobiet Batasun gorri deabruzkoan barrena zabaldu zuten misiolari haien lana. Eliza Behartsuarentzako Laguntza izeneko talde hura, Haurrentzako Bibliak errepublika malapartatu haietako hizkuntza ahoskaezin guztietara itzuli zituzten Volgako Batelari misiolari apartak. Guk ere, Volgako Batelariok, Aita Santuaren hilotz oraindik beroaren aurrean hitz ematen dugu misiolari lanari lotuko gatzaizkiola hemendik aurrera. Eta gure misioa euskal literatura gaitz guztietatik libratzea (xehetasunetarako, ikus lehenengo Manifestua), eta gure batela lagun, mundu guzietarik zabaltzea izanen dela.

Eta hau ere sinesten ez badiguzue, sinetsiguzue, arren, behintzat, Volgako Batelariak koktel bat ere badela, eta lagun editore baten eskergaitzeko ikerketari esker jakin ahal izan dugunez, hura prestatzeko edalontzi erdi vodka, 3/4 edalontzi gerezi zaporeko brandy eta 3/4 edalontzi laranja zuku ongi nahasi behar direla, izotz apurtuaz lagunduta. Eta besterik ezean, koktelak on dagizuela.



Oharra: Zin egiten dugu Repin-en koadroarekin egindako muntaia ez dela gurea, Errusiako 4x4-en kontzesionario baten iragarkitik ateratakoa baizik. O tempora, o mores.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44