Konpromisoaz
Txillardegiren omenez Koldo Mitxelena kulturunean ospatutako astera konbidatu ninduten Iraultza eta Literaturari buruz aritzera Itxaro Borda eta Laura Mintegirekin batera. Ur Apalategi izan genuen moderatzaile. Konpromisoaz aritu ginen batez ere. Ideia batekiko konpromiso estuak literaturari kalte egiten diola esan nuen Audenen pentsamendu baten harira. Hortik tiratuz euskal literaturan konpromisoa nola dagoen zehazten saiatu nintzen. 1-Iraultza eta Literatura
Hitzaldi hau prestatzen hasi nintzenean iruditu zitzaidan gaia idazleak eta konpromisoa zela, gero KMko arduradunek interneten hitzaldia zintzilikatzeko eskariarekin gutun bat bidali zidatenean ikusi nuen gaia Literatura eta Iraultza zela. Egia da erlazionaturik daudela baina egia da baita ere irribarre bat ezpaineratu zitzaidala, izan ere, literatura izan bada, Iraultza ordea...enfin munduari begiratu besterik ez dago. Papera hartu eta eskuartean nuen liburuan sartu nuen, KM honetan bertan maileguan hartutako Esperantza guztiaren kontra esanen dut, nahiz eta titulua Contra toda esperanza izan. Liburuaren berri banekien baina beti atzeratzen nuen haren irakurketa; baina hitzaldi hau prestatzeko hartu dut.
Ezagutuko duzue liburua, noski, Mandelstam gizajoaren emazteak, Nadia Mandelstamek, idatzitako liburua da eta Stalinen garaian senarrak eta berak jasandako jazarpena azaltzen du. Garai ilunak ziren, erraz esateko, eta Stalinek erabakitzen zuena gulagetan desagertzen zen betiko; Stalinek ezarri zuen estatu totalitario hartan, Totalitarioa Hannah Arendt edo Orwellek erakutsi moduan, Stalinek berak, eta ez funtzionario batek, erabaki zuen hainbat idazle eta intelektualen bizitza. Halaxe dio Martin Amisek bere Koba el Temible liburuan : "Stalinek, Leninek bezala intelektualak gorrotatu egiten zituen baina, hala ere, halako ahuldade bat zeukan sormen idazleekiko. Askotan parodiatu eta komentatu da bere esaera hau: 'idazleak giza arimaren ingeniariak dira'; ez da bakarrik harropuzkeria bat baizik eta berak idazleen egitekoari buruz zuen ustea". Eta gero jarraitzen du: "Stalinek berak, zelatatzen zituen bere garaiko nobelagile, poeta, zein antzerkigileak. Idazle ofizioko jendearekin duda-mudatan aritu zen beste ofizio batzuekin ez bezala. Zamiatiniri askatasuna eman zion, emigrazioa, alegia, Ameriketara; Bulgakovi mehatxu egin zion baina bere horretan utzi zuen; Babel torturatu eta fusilatu zuen; Mandelstam desegin zuen. Anna Ajmatovaren sufrimenduaren eragile nagusia izan zen".
Enfin, hitz batean esateko Iraultza Sobietikoa (beste batzuk izan dira, bai, kolonialismoaren kontrakoak, esaterako, eta hor, beharbada, literaturak bukaera hobea izan du) ez zen aingerutxo aritu idazleekin; izan ere Leninendako idazleak ez ziren zenbait idazle konprometituk uste bezala nazioaren garuna baizik eta, barkatu hitza, nazioaren kaka.
Esan nahi dudana zera baino ez da, Txilardegiren garaietatik gauza gehiago dakizkigula Iraultza eta haren ondorioei buruz; eta ezin dugula Sartrek egin zuena egin, isildu, alegia, eta Camusekin haserretu hura SESB zer gertatzen ari zen salatzen hasi zelakoz. Ez, ezerk ez du merezi injustizia isiltzea, gizartearen hobe beharrez egiten direnak gora-behera. Duela gutxi zera irakurri diot Miloszi: "Nire liburua El pensamiento cautivo mende honetako deabruaren kontra dago idatzita: beharrezkotasun historikoaren uste hegeliarraren kontra, Historia aurretik ezarritako bideetatik garatuko delako ustearen kontra. Nire burua ideia honetatik askatzeko, filosofia honen kontrako argudioak aurkitzeko idatzi nuen liburua. Horregatik dio Gombrowiczek, seguru aski, nire borroka ezezaguna zitzaiela beste idazle batzuei".
Uste hegeliarraren argitara garrantzitsua izanen da literaturaren lana: liburuen bidez agintariek erabakitako moldetan arimak zizelkatu eta aurre-ezarritako ildotatik bideratzea. Arimen ingeniaritza. Ideia bitxia, bitxirik bada, giza naturaren sena ezagututa. Gaur egun beharbada ideia horrek irribarrea sortzen digu baina jende aunitz hil da ideia horren alde eta jende askok hil du ideia horren izenean.
Ondorioztatuko zenuten bezala literaturak ez dauka ezer ikustekorik ideia horrekin, eta nahiz eta gaur egun Iraultzaren kontzepturik gabe bizi, iruditzen zait zegoen iraultzarendako hobe gaudela horrela, Stalinik gabe, Hitlerrik gabe hobe gauden bezala. (Nahiz eta igualak ez zirela izan onartu: Stalin benetako gertakari batean oinarritu baitzen, Iraultzan. Hitlerrek aldiz gertakaria asmatu egin zuen).
2-Konpromezua.
Baina martxan iraultzarik ez badago gutxienez injustiziaren salatzea gelditzen zaigu. Balio du literaturak salatzeko? Egin daiteke literatura ona salatuz? Ongi ezkontzen da literatura konpromisoarekin?
Paris Review aldizkarirako zera galdetu zioten behin Audeni : "Nola ikusten dituzu idazleak politikagintzan, edo buruzagitzan? Yeats kargu publiko izan zen " "Eta oso gaizki aritu zen" -erantzuten du Audenek-. "Idazleak oso gutxitan izaten dira buruzagi politiko onak. Hasteko, bere kontura lan egiten dute, eta oso harreman gutxi dute beren bezeroekin. Idazle batendako oso erraza da errealitatearen zentzurik gabe bizitzea eta funtzionatzea. Nik ez dut politikarekiko interesa galdu baina ohartu naiz injustizia sozial eta politikoaren aurrean bi gauza baino ez direla eraginkorrak: ekintza politikoa eta eremuan egin eta ikertutako kazetari lanak, gertakariak jasotzen dituztenak. Arteek ezin dute ezer egin. Europako historia politiko-soziala berdin-berdina izanen zatekeen Dante, edo Shakespeare, edo Miguel Angel, Mozart eta abar ez balira bizi izan. Poeta batek, poeta den neurrian betebehar politiko bakarra du, eta hauxe baino ez da: ama hizkuntzaren erabilera zuzenaren lekukotza ematea, izan ere, ama hizkuntza egunero sasitzen baitute. Hitzek esanahia galtzen dutenean indar fisikoa ezartzen da. Dena dela, utz diezaiogun poeta bati, hala nahi badu, gaur egun poema konprometitua deitzen zaion horietako bat idazten, beti ere ohartzen bada, poema hori idaztean, bere burua dela etekin gehien ateratzen duena. Bere ospea zabalduko baitu bere gisa pentsatzen dutenen artean".
Hori da nik deritzodana literatura konprometituari buruz, iraultzaren mesedetan, martxan iraultzarik ez dagoenez, literatura ideia ezkertiarren mesedetan paratzeak ez dio batere onik egiten literaturari, bai, aldiz, idazleari.
3-Intelektuala.
Utzidazue orain beste hari batetik tiratzen nolabait ere utzitako horri beste hari bat lotzeko.
Idazleari, idazle konprometitua izateaz gain "erreferente moral bat" izatea eskatzen zaio , nolabait ere gizartean gertatzen diren prozesu guztien erreferente morala izatea, zer dagoen gaizki eta zer dagoen ongi plazaratzea. Egia da neurri batean testu oro irakur daitekeela "moralki", testu orok esaten digula zer dagoen gaizki eta zer ongi, baina hori beste kontu bat da. Intelektualaz ari gara, alegia gizarteari egia esateko gai den idazle horretaz: idazle konprometituaren gailurra, eta, neurri batean, idazle askori eskatzen zaigunaren eredu. Beno bada ni gaur paratuko naiz intelektual, ez dut literatura konprometituan sinesten, baina ariketa eginen dut. Edward Saidek bai sinesten duela intelektualaren figuran. Harendako oraindik bete behar handia du intelektualak, eta hara zein ezaugarri eransten dizkion: "intelektualak izan beharko luke nazionalismo abertzalea, multzo pentsamendua eta klase zentzua, genero edo arraza pribilegioak zalantzan paratzen dituena". Ez da makala gero lana! Eta beste nonbait halaxe jarraitzen du: "Niretzat intelektuala da jendaurrean eta jendearendako mezu bat, ikuspuntu bat, ikuskera bat, filosofia edo iritzi bat artikulatu, ordezkatu, gauzatzeko daukan norbait. Eta lan hau zorrotza izan behar du, eta galdera deserosoak plazaratu gabe ezin da egin , ortodoxiari eta dogmari kara eman gabe; ez du ortodoxia eta dogma indartu behar" bukatzen du. Saiden Intelectuals liburuan langintza horri buruzko askoz ezaugarri gehiago dago, eta nik, berriz diot, ironikoki begiratzen diet. Intelektualaren rolean sinesten duenari- egia da bestalde askok lan bat gaizki eginagatik ez dela lan hori txarra dela ondorioztatu behar- gogoratu nahiko nioke, demagun, Jugoslavia oihan hainbat intelektualek jokatutako papera: armaden aurre aurrean jendea hiltzen, edo talde, nazio, lurralde sortu berri zein sortu zaharren guda eta inbasioak edo garbiketa etnikoak zuritzen. Hona nola aurkezten dizkigun Dubravka Ugresic idazle kroaziarrak: "Intelektuala erosotasun atsegina bihurtu da hedabideendako. Orori buruzko bere ustea galdetzen diote, eta intelektualak ez du orori buruz pentsatzeko aukera galtzen, are gehiago, uste du hori dela intelektualaren egitekoa. Lan hori alde batera (Europa Ekialdean, behintzat) utzi zuen intelektual hori bera da, intelektual lanak zekarren manipulazio maila guztiak ezagutzera ailegatu zen bera. Orain, bat-batean, izate horri buruzko jakintza guztiak ahantzirik, gogo eta konbikzio betez ekin dio lanari. Bitartean, ez biktimak ez borreroak, ez du intelektualik behar. Biktimak nahiago izanen du kantari folk maiteenaren kaseteko kantekin bere zoritxarreko patuari buruz negar egin, intelektualari, bera zergatik den biktima berriketan entzutea baino. Borreroak badaki zergatik den borrero eta, gainera, baditu bere aldeko intelektualak".
4-Euskal Literaturaren konpromisoa.
Barkatu hariaren luzea baina eman dezagun intelektuala ez-esan bezala Ugresic anderearen intelektualaren figuratik gertuago nago Saidenetik baino, Saidena "handiegia" eta beharbada harroputzegia iruditzen baitzait- baina eman dezagun hona ekarri nauzuenez badudala egia bat esateko. Ekar dezagun Audenen arestiko testuaren bukaera "Bere ospea zabalduko baitu bere gisa pentsatzen dutenen artean" hura; euskal idazle konprometituak(eta behar bada baita horren konprometitua ez denak) bera bezala pentsatzen dutenen artean ospea lortuko du.
Ondorioz Saidi segituz ortodoxia indartzen, dogma azpimarratzen ari gara euskal idazleok, denak ez bada, bai, idazle konprometituok, izan ere, gure literatura asko konprometitua dago-ez dut esan nahi hizkuntzarekin, literatura oro da hizkuntzarekin konprometitua hizkuntza tresna den neurrian, behintzat- gure irakurle gehienen ikuspuntuarekin: nazionalismoarekin eta zentzu horretan historia gure errotetara eramateko ahaleginarekin; gure literaturaren hondoan hori ageri da "marko" (barkatu hitza) ikusezin baten gisa; denon artean horren uste partitua denez, ezaugarri nabari ezina zaigun eta ez gara ohartu ere egiten gure literaturaren aurre-usteak abertzaleak eta ezkerrekoak direla erro-errotik. Hori printzipioz ez legoke gaizki, ezkerrekotasun, edo keria hori, (ez nago horren seguru abertzaletasunari buruz) baina horren azpian edo nahi baduzue horrekin nahasirik, bai abertzaletasunak bai ezkerrekotasunak sustengatzen eta elikatzen duen ideia bat dago, hain zuzen ere, euskaldunok biktimak garelako sentipena.
Eta biktimak garen neurrian inozenteak, eta baztertuak, eta beraz, gu bezalako inozente, baztertu, deserrotu guztiek duten eskubide gabezia dugu eta haiekin elkartasuna adierazi beharra dugu.
Benetan gara baztertu? Benetan gara biktima? Elkartasun orokor horiek noraino ez dira gure lehendabiziko munduko gizon-emakumeen ardura zuritzeko ahalegin faltsua? Noraino zipriztintzen du ideia honek gure buruei buruz dugun irudia, eta besterena; eta noraino mengeltzen du gure literatura halako gezur sentimental batean ezarriz? Jaun- andreok bizimodu aldetik ez gara biktimak, kristo bezala bizi gara, lehendabiziko munduko biztanleak gara eta kontuz nola agertzen dugun elkartasuna hirugarren munduarekiko; izan ere hutsala eta ia ironikoa suerta baitateke elkartasun hori. Bere burua biktimatzat duenaren aldetik soilik egin daitezke Euskal Herrian bolo-bolo dabiltzan hainbat elkartasun adierazpen, edo hainbat poema iraultzakor, edo horrenbeste zutabe malaparteko; izan ere, gure buruak biktimatzat ez bagenitu, lotsagarriak izanen lirateke. Kulturalki biktimak gara? Izan, izan gara baina aspaldi euskal jendearen eskuetan dago euskal kultura(Nafarroan ez, bale), eta globalizazioaren eskuetan, beraz nahikoa da negar egiteaz.
Idazle konprometitu horrek bat egiten du konpromiso orokorrarekin eta kausa guztiekin: elkartasun unibertsala. Zeren izenean? Bera ere biktima denez uler dezake beste biktima batzuk sentitzen dutena eta horren inguruko testu bat idatzi. Testu topikoa izanen dena, izan ere, biktima izatearen inplikazioak biktimaren egunerokotasunaren erro erroetaraino barneraturik daude eta beharbada biktimen ageri da ogia erosten ari denean kartzelara sartzen dutenean baino. Izan ere badakit ur handitan sartzen ari naizela baina ez dakit zein filosofok esana den, eta Said hortik doa, artea, egiaren esperientzia da soil-soilik esperientzia ematen bada, alegia, artelanarekiko topo egiteak behatzailea benetan aldatzen badu. Zentzu horretan hainbat euskal idazlek ez du irakurlearengan ezer aldarazten, haien biktima statusetik mintzatuz irakurlearengan errotutako ustea indartzen duelakoz.
Oso gutxitan esaten zaio euskal irakurleari, demagun miskitoen biktima izateari buruzko poema batean, gure arbaso batzuk zer ikusitxo bat edo beste izan zutela miskitoen gaur egungo egoeran; baina, batez ere, oso gutxitan esaten zaio euskal irakurleari gure izenean biktimak eragin direla eta gure ondoan bizi direla. Ez, biktimatik biktimara erruki faltsu batez zipriztintzen da dena humanismo lauso eta orokor baten izenean. Gure testuei, sufrimendua transferiezina denez, indar morala falta zaie, izan ere, gu borreroaren tokian ere paratu beharko ginateke, borreroak garelako, neurri batean, behintzat.
Euskal idazle askok lege moralaren ukoa egiten du. Ez da bakarrik alde batekoen sufrimendua baino ez duela ikusten. Ez da hori bakarrik: areago doa.
Egunerokotasunean denok erabiltzen dugu gure arautegi morala zer iruditzen zaigun ongi eta zer gaizki erabakitzeko. Zenbait idazlek, aldiz, irakurlearen usteak ez zapuztearren, euskal errealitateari buruz gogoeta egitean, errealitate horri bakoitzaren arautegi morala egokitu eta ondorioak atera beharrean, trikimailu literario gordinenak erabiltzen ditu: horrela ez da esaten hau gaizki dago eta hori ongi, ez dena biktimatik biktimarako elkartasun horretan gelditzen da kasurik hoberenetan, txarrenetan, aldiz, aberatsetik pobrearen gaineko erruki lausoan. Arrazoitu, argudiatu, sakondu beharrean, azaldu, metaforizatu eta, batez ere iradoki dira hitzak. Iradoki ere, modu samurrean iradoki, bihotzaren zola ukitu nahiko ligukeen arpa baten notak eginen lukeen bezala. Arazoa lausotu egiten da horrela, urrundu eta denok segi dezakegu sinesten duguna sinesten. Samurtasuna versus judizio morala. Larria. Bernardo Atxaga handiak eskola gehiegi sortu du, eta jakina, samurra, modu atxagiarrean, Atxaga bera salbu, oso gutxi izan daitezke. Narratzailea hil ondoren (Beckett edo Saizarbitoriaren kasua), Atxagak lortu zuen narratzaile inozentea berpiztea, kontatzearen kontatzeaz ez jakitunarena egiten duen narratzailea, mundua, aspaldiko partez, begi aratzez begiratuko duena. Baina narratzaile horrek ez dio balio bide hori egin ez duenari: inozentzia ere konkistatu beharreko trebezia da, baina batez ere, balorea. Horrela euskal idazle askoren poema, zutabe eta ipuinetako inmigranteak, homosexualak, emakume jipoituak, pobreak eta abarrak, samurki iradokitzen zaizkigunak, gehiago erakusten dute idazlearen politikoki zuzen, ezkerreko, abertzale, hitz batean, on izateko irrika, arrazoitu edo agertu arazi nahi den gabetu horien errealitatea baino. Klixea, eta klixea, esana dauka Nabokovek, literaturaren heriotza da, eta seguru aski egiarena, nahiz eta denok jakin Egiarik, horrela, en plan grande, ez dela.
Beñatekin bat nator: izen deiturak beharko nituzke gaiari buruz hobeto eztabaidatzeko. Ikuspuntu interesgarria. Biktimismoarena aipatzen duzula, ez ote da euskaldunoi derrotaren estetika gustatzen zaigula eta hori erreproduzitzen dugula etengabe? (ongi ala gaizki, horretan ere mailak baitaude) Saizarbitoriaren Rosettiren obsesioan pertsonaietako batek aipatzen zuen. Niri behintzat zer pentsatua eman zidan.
www.eremulauak.com