Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Gil de Biedmaren paradisua

Gil de Biedmaren paradisua

Rikardo Arregi 2005/04/08 00:01

Zenbait idazlek erantzun zioten gerora Audenen Paradisuari buruzko galdetegiari, inoizkari honetako hirugarren sarrera osatu duenari hain zuzen; horietako bat aurkeztuko dugu gaur hemen. Idazle haiei ere esanguratsua iruditu zitzaien literatur kritikari bezala egin zuten edo egin behar zuten lana "biluzteko" bide hori. Batelariotako bakoitzak, beraz, gure kritikak plazaratzen hasi aurretik, norberaren Paradisua zein den adieraziko du hemen.

Edonola ere, Jaime Gil de Biedmak (1929-1990) honela bete zuen Audenen galdetegia 1960ko hamarkadan:

Paisaia: Goi-lautada gorabehera leunekin: lur eremuak eta soro landatuak, tartean mahastiak eta pinudiak; bizpahiru muino arrokatsuak eta arte batzuk; ur emari gutxiko ibaiak, makalak ilaratan. Sortaldean, urrunean, mendiak, elurrez estalita neguan.
Mendien bestaldean, eskualde mediterraniar estua. Benicasim-eko inguruetako pasaia.
Beste nonbait, kostalde desolatua, patagonikoa, helikopteroz bakarrik joan daiteke hara: itsaslabarrak, harkaitzak, berunezko argia. Bale arrantza; gutxienez hondoratze bat urteko. Alde honetan ez naiz inoiz egon, baina handik aldizka iristen diren berriek liluratzen naute.

Klima: Muturretakoa, hotzean zein beroan. Negu lehorrak, uda hezeak.

Biztanleen jatorri etnikoa: Lumpen.

Hizkuntza: Argotikoa, baina oso landua, hala metaforetan nola hiztegi-sintaxian ere. Literatur estilo degradatu bat bezalako zerbait.

Pisu eta neurriak: Distantziakoak ezinbestez zehazgabeak.

Erlijioa: Errebelatua, baina oso nahasia. Sinkretismoa. Herrialdeko leku batzuetan kultua naturaren indarrei. Mitologia ugaria. Fantasmengan sinesmena.

Hiriburuaren tamaina: Ehun mila biztanle. Ehun mila gehiago sakabanaturik herrialdean.

Gobernu mota: Parlamentarioa. Beheko Ganbara, hirurogei urte baino gehiago duten gizonek osatua; Senatua, hamazazpi urtetik hogeita bostera arteko gazteek osatua.
Gizonak, hogeita hamar urtetik hirurogei urtera arte, merkataritzan aritzen dira eta arteetan eta lanbide liberaletan. Ez dute ahotsik ez botorik gobernuan baina aitortzen zaizkie ezkontzeko eta jabego pribatua izateko eskubideak. Zergak ordaintzen dituzten bakarrak dira.
Derrigorrezko zerbitzu industriala: hogeita bost urtetik hogeita hamarrera, heren bat kostalde patagonikora joango da.
Derrigorrezko zerbitzu sentimentala: Hamazazpi urtetik hogeita bost urtera arteko gazte erakargarritasun fisikoagatik ezagunekoentzat bakarrik. Amodio afera bat, gutxienez, izan behar dute urteko, norekin eta negozio mota hauetan arrakastarik izaten ez duen edo bakardade gehiegi pairatzen duen norbaitekin.

Natur energia iturriak: Hidroelektrikoak. Kostalde patagonikoan petrolio ustiaketak.

Jarduera ekonomikoak: Abeltzaintza eta nekazaritza. Zerrategiak. Irin fabrikak. Errementeriak. Industria kimikoa.
Sortaldeko kostan: kontserbak. Oliba olioa. Etxean erabiltzeko tresnak. Kostalde patagonikoan: petrolioa; zinema estudioak.

Garraiobideak: Automobila, 1933. urtea baino lehenagoko modeloak. Merkantzi trenak. Zaldiak. Neguan lerak zintzarritxoekin.

Arkitektura: Hiriburuaren erdigunea: XVIII. mendeko hirigintza, oinarrian Lisboakoa bezalakoa Restauradores eta Praça do Comercio artean. Gainontzekoa: estilo guztiak, Erdi Arotik 1914 urtera arte, biltzen dituzten etxetzarrak, askotan txikitu dituzte, berreraiki, konpondu, eta itxura aldatu zaie mendeetan zehar.
Art nouveau estiloko merkatu publikoa. Kale estuak ugari dira, bi aldeetan horma altuak, hormen gainetik zuhaitzak ikusten dira; kale maila baino altuago daude lorategiak. Hiriburuaren inguruetan baseliza erromanikoak.

Altzariak eta etxeko tresnak: Korapilatsuak eta pittin bat apurtuak.

Janzkera formala: Hamazazpi urte bete arte, bi sexuak: alkandorak eta jeans-ak, ile luzea.
Hamazazpi urtetik hogeita bost urtera, bi sexuak: Botticelli-ren margolanetan agertzen diren adin bereko pertsonajeak bezala.
Hogeita bostetik hogeita hamarrera: gizonak, berriro ere jeans-ak, orain koipez zikinduta, jertse lodiak; alkandora zaharrak udan. Emakumeak, aurreko aldian bezala.
Hogeita hamarretik hirurogei urtera: gizonak, franela griseko trajea eta gorbata ingelesa. Emakumeak, aukeran: a) panniers à la Pompadour eta b) kabaretera western bateko saloonean.
Hirurogei urtetik aurrera. Gizonak: karta-jokoetako erregeak bezala. Emakumeak, aukeran: a) ipuinetako amonatxoa eta b) Ingalaterrako Elizabeth I.aren janzkera eta orrazkera azken erretratuetan -Maria Luisa Parmakoenak ere, Goyaren margolan batzuetan, balio du-.

Hedabideak: Prentsa askatasun absolutua, baina egunkari-aldizkariak hamar urteko atzerapenarekin agertzen dira, hori baita gertaera batek behar duen gutxieneko denbora, benetan interesgarria izan dadin.

Monumentuak: Iturriak irudi mitologikoekin, guztiak XVIII. mendeko errege ilustratu batek eraiki zituen.

Dibertsio publikoak: Zinema astean behin -egin eta hamar urte pasa arte ez dira ematen filmak eta gehienak mutuak dira-. Larunbatetan edaleen bilkurak. Inauteri eta erromeria batzuk urtean zehar. Aste Santuan liturgia solemneak haurrentzako.

etiketak: Kritikak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44