Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Dennis Cooper-en poema bat

Dennis Cooper-en poema bat

Rikardo Arregi 2005/04/07 00:01
Dennis Cooper (Kalifornia, 1953) ezagunagoa izango da agian, gure artean, eleberrigile moduan poeta moduan baino. Egia da 80ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, gutxi gorabehera, prosa landu zuela nagusiki eta berehala agertu zirela haren eleberri ospetsuenak gure bi erdaretan. 1995. urtean, baina, poema antologia bat argitaratu zuen: The Dream Police (Selected Poems, 1969-1993). Hemen euskaratu dudan poema lehen liburuetakoa da, 1978. urtea baino lehenagokoa. Zergatik urte eta data horiek guztiak? Bada, Dennis Cooperen poemak irakurri eta gero zaila egiten zaidalako fellatioari buruz Pako Aristik idatzi zuen Libreta horiko poemak-eko hura irakurtzea barre algaraz hasi barik. (Ohar bat: gaur egungo kaleko euskaraz zakiljana deitzen zaio fellatioari). Zaila egiten zaidalako praktika sexual batzuen aipamena irakurtzea poema berri-berri batzuetan, ipurdia miazkatzea adibidez (boterearen ipurdi metaforikoa, hori bai), harri eta zur gelditu barik. Zaila egiten zaidalako gay eta lesbianei buruz euskaraz idazten diren poema ustez egoki eta modernoak irakurtzea iruzurra eta adar jotzea eta auzo lotsa sentitu barik.

 
Askotan entzun dugu gaur egun gure literatur tradizioa ezin dela euskaraz idatzitako literatura bakar-bakarrik izan, gureak direla Homero eta Wang Wei, Kafka eta Capote, eta abar eta abar. Eta horrela pentsatzen dut nik, baina ez dakit noraino baieztapen hori esanahirik gabeko baieztapena den, literaturaren inguruan egiten diren beste asko eta asko bezala. Argi daukat Dennis Cooperen testu honek, orain dela urte asko idatzita, hemendik milaka kilometrora, beste hizkuntza batean, gehiago esaten didala errealitateaz eta munduaz Pako Aristik orain dela gutxi, hementxe bertan eta euskaraz idatzitakoak baino. Are gehiago arrotza egiten zaidala azken hori, ulertezina, beste planeta batetik etorri izan balitz bezala. Bestaldetik poemak izan zuen harrera eta defentsa harrigarriak izan ziren, Juanjo Olasagarre Beriain mendiak duen pareko egonarriaz zenbait puntu argitzen saiatu bazen ere.

Sexismoak hizkuntzan duen eragina aztertu du mugimendu feministak, eta azaleratu nola esamolde eta hitz ustez errugabeen atzean ezkutatzen den emakumezkoen gorputzarekiko mesprezua eta haien sexualitatearen ukazioa. Gay eta lesbianen mugimenduak lan hori zabaldu du eta, sexismoak ez ezik, heterosexismoak ere hizkuntzan duen eragina azaldu eta kritikatu du. Kontuan hartu beharko genuke, gainera, hogeita hamar urte baino gehiago daramagula mendebaldean sexu askapena aldarrikatu zenetik (beste kontu bat izango litzateke aztertzea benetako askapena izan dugun ala beste gauza bat arras desberdina). Baina oraindik praktika sexual batzuk (heterosexualak zein homosexualak) zikin edo gaixo kontsideratzen dira, aipaturiko ipurdi miazkatzea esate baterako, eta idazle ustez progresistek eta apurtzaileek irudi hori indartzen segitzen dute. Ez dut honekin hizkuntza politikoki egokiaren defentsa egin nahi, uste dut argi dagoela hori aukeratu dudan testua irakurtzen bada, esan nahi dudana da hitzak ez direla aratz eta garbiak, eta askotan idazleak berak esan nahi duena baino askoz gehiago esaten dutela, idazlearen kalterako gehienetan.

Dennis Cooperen poema honek, eta beste askok eta narrazioek, harreman homosexualei buruz erakusten duena gordina izango da agian batzuentzat, gogorra, orain, bigunkeriaren garaietan, esaten den bezala. Haren testuetan agertzen diren pertsonak ez dira gay guay horiek, amari aurkezteko moduko mutiko zintzo eta sentikorrak, koadrillaren afarietara eraman ahal diren gizon normalak. Uste dut euskal literatura (euskal literaturaren zati handi bat behintzat) azken urteotan bide bigun eta eztizkoetan behera doala, badirudi ez duela balizko irakurleengan arazo handirik sortu nahi ez forman, ezta mamian ere. Balizko irakurleari gehiago gustatuko litzaioke istorio presentableago bat, non gaiztoak eskubiko eta katolikoak izango liratekeen, jendea solidarioa homosexualekin eta denak zoriontsuak Heidi Alpeetan bezala. Baina, sentitzen dut, mundua ez da horrelakoa. Ezkontzarekin eta modako aldizkari eta tabernekin pozik dauden gay askori ere ez zaie gustatuko poema hau, Dennis Cooperek heriotza mehatxuak izan ditu Estatu Batuetan gay jendeari buruz eskaintzen duen irudia negatiboegia delako talde batzuen ustez. On dagizuela. Edo ez.

BI MUTIL

BI

Igeltseroa komun hauetara etorri da ea norbaitek jaten dion buztana
edo gazte itxura oneko baten bati lan berbera egiterik posible den
garaipen batzuk baditu eta beste gizonek inbidia diote
haren ondoan dagoenak hogeita bi urte du eta oso itxura ona
igeltseroak galdetu dio ea zer egiten duen bera bezalako mutil batek
hura bezalako leku batean
hik egiten duan berbera erantzun dio
igeltseroak hogeita hama-asko du, ezkonduta, bi alaba
baina ezin duenez burutik kendu gizon gazteen usaina
hemendik dator eta noizbehinka, orain bezala
ondo dihoakio
igeltseroak eskatu dio mutilari buelta emateko une batez
eta mutilak buelta eman du
argi dago mutiko honek ipurdi itzela duela
berotu beharra dago mihiarekin eta gero zulatu
mutila itsas armadan dago
txima horiekin utzi ziaten sartzen?
jakina, arau horiek aspaldian aldatu zizkiaten
hitz egin dute hitz egiteagatik eta berehala ahaztu dute
mutil honi gustatzen zaio norbaitek atzea ongi jatea
igeltseroaren gustuetako bat
beraz garbiketa ona egin dio
ez dute behin ere kontsideratu musuka hastea, dotoreegia da
hi, nahikoa izan duk hor behean? sartuidak buztana
igeltseroa zutitu da eta erraz sartu dio
mutilaren ipurdia estua eta delikatua bada ere
horixe bera esan dio eta besteak badakiela erantzun dio
itsasuntzian ederki sartuko diate
gogorik dudan bakoitzean hi
igeltseroak barruan isuri du berea, mutilak lurrean
mutila janzten ari denean igeltseroak goitik behera begiratu dio
ongi dago bai, oso itxura ona du
igeltseroak pentsatzen du nola izango litzatekeen ipurdi horretatik xerra bat ebakitzea
eta gero jatea
erditentaturik dago eta labana laztandu du
mutil hau hil eta kanpora eraman
esanez gaizki sentitzen dela
eta gero nahi izango lukeen guztia egingo zion, bere haragia erre
su motelean eta gero jan, edozein gauza
baina ez, agian bizirik utziko du
dena den horretan pentsatzen ibiltzeak berotu du berriro
mutilak agur esan du eta agur esan du igeltseroak
eta hori da dena
igeltseroa hor nonbait eseri da zain
ea datorren beste gizon bat bere hazia jasotzera
komunetatik agertu denak gazte-gaztea ematen du
hogeita lau edo, ezer berezirik ez, argalegia
baina ze ostia, utziko dio buztana jan diezaion
mutila belaunikatu eta xuxurlatzen hasi da ozen
aitatxoren aurrean belaunikatzeaz ari da edo horrelako zerbaitetaz
ene, marika halakoa, baina ze ostia, agian utziko dio buztana jan diezaion
igeltseroak hasperena egin du sabaiari begira

etiketak: Testuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44