Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Aurkezpen gisa

Aurkezpen gisa

Volgako Batelariak 2005/04/01 00:01
Volgako Batelariak literaturari buruzko aldizkari bat da, edo izan nahi du behintzat. Hausnarketarako eta kritikarako espazio bat. Euskal literaturaz eta munduko literaturez hitz egiteko gune bat. Erredakzio batzordea honoko hauek osatzen dugu: Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak.

 Oraingoz, atal hauek izango ditu inoizkariak:

-Elkarrizketak atalean literaturarekin edo artearekin zer ikusia duen jendearekin hitz egiten saiatuko gara. Egin den hizkuntzan eskainiko da elkarrizketa: euskaraz burutu bada, euskaraz; ingelesez izan bada, ingelesez, etab.

-Inoiz idatziko ez nukeena: sekzio honetan, edozein testu onartezin onartuko da, egileak ziurtatuta daukalarik testu hura inoiz ez dela beretzat inoiz, inon, inola, inork aipatua izango. Egileak askatasun osoa du, beraz, bera ez den idazlea izateko, gorroto duen estiloa argi uzteko, antipoetika adibidetzeko, ez dakit zer parodiatzeko, jolaserako, gazte zeneko testu arnegatu eta irakurrezina agertzeko...

-Kritikak atalean liburuen kritikak argitaratuko ditugu, noski. Azken aldiko nobedadeen artean (eta zaharrago batzuen artean ere bai) zenbait aukeratu eta zoriz banatuko ditugu (gutxi gora-behera) VBko idazkuntza-batzordeko partaideen artean.

-Irakurri gabeko liburuen kritikak: egunkarietako eta unibertsitateko kritikoek halakoak egiten badituzte, zergatik ez Volgako Batelariak-ek? Guk, behintzat, abisatzen dugu eta, gainera, ez dugu sosik kobratuko. Edonola ere, ziurtatzen dugu atal honetan agertuko diren liburuak ez ditugula irakurri, eta kritika egiteko bakarrik oinarrituko garela liburuaren kontrazaleko edo hegaleko informazioan, aurkezpen-ekitaldiari buruzko albisteetan, egileari egindako elkarrizketetan, beste kritikarien iruzkinetan, etab. Eta, batzuetan, ezta horretan ere.

-Testuak atalean literaturaren inguruko gogoetak, burutazioak, itzulpenak, etab. eskainiko ditugu. Sorkuntza lanak izango dira, baina, oro har, ez-fikziozkoak, aukera hau guztiz baztertzen ez dugun arren.

-Volgako Batelarien ukaseak: erredakzio-batzordearen ohar kolektibo eta jakingarriak plazaratuko ditugu atal honetan, aurkezpen hau bezalako testuak alegia.

Volgako Batelariak aldizkariak kolaborazioak onartuko ditu, helbide honetara bidaliko direnak: hepzagoi@vc.ehu.es . Dena dela, kolaborazio bat argitaratua izateko erredakzio batzordearen onespena jaso beharko du lehenago.

Inoizkariko artikuluei erantzuna eman ahal izango zaie blog honetan bertan, baina beti ere erantzuna izen-abizen errealez edo ezagunez sinatuta badator. Baldintza hori ez bada betetzen, edo betetzen ez dela susmatzeko arrazoirik balego, aldizkariak ez du argitara emango.

Bide batez: inoizkari honen aurkezpen publiko eta nazionala apirilaren 6an egingo dugu, asteazkenarekin, arratsaldeko 21:00etan, Gasteizko Gora tabernan (San Frantzisko kantoia 1, alde zaharra). Bertan egongo gara erredakzio batzordeko kideak, pintxoak banatuko dira, eta, amaitzean, DJ saioa DJ Ilun (Zaldunbiderekin). Ezin duzu huts egin!

Pruden
Pruden dio:
2005/04/06 12:54

Eta zer puñeta daukazue zuek "irakurle militanteen" kontra? Edo "militanteen" kontra da, besterik gabe?

Baina barkatu, ahaztu egiten zitzaidan mundu hits honetan tontokeria hutsa dela jarrera antiestetikoak hartzea, eta zer antiestetikoagorik "militantearen" irudia baino? Bai jauna, esan zuen Erroma inperialeko filosofo hark (nor zen? Petronio? Epikuro? Savater? ez zait izena burura etortzen...), esan zuen... bai, bada, hori, esan zuen jarrera antiestetikoen kontrako zerbait, hura ere ahaztu zait, baina ziur txit egokia zela, eta badakizue beste guztia, hemen kontua ondo pasatzea da, naturaltasunez dibertitzea eta norberaren egoa bere hegoarekin berdintzea, eta abar luzea. Luzearena, jakina, apropos jarri dut.

Tira, naturaltasun horren barruan tik erretoriko bat edo beste berrikustea ez litzateke alperrikakoa. Ni, adibidez, bibliotekaria naiz, eta gure gremiokoek biziki estimatzen ditugu irakurle militanteak, gure bezerorik atseginenak baitira.

Arraun egitea ez da atsegina.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44