Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / 1512ren (ospakizunen) aurka, eta proposamen alternatibo xume bat

1512ren (ospakizunen) aurka, eta proposamen alternatibo xume bat

zaldua 2011/02/04 08:34
Oraindik urtebete falta den arren, 1512ko Nafarroaren Konkistaren bosgarren mendeurrenaren inguruko “ospakizunekin” alamena ematen hasi zaizkigu ohiko nafarmaniakoak. Iban Zalduak ospakizun horren egokitasunaren inguruko zalantzak eta haren ordezko proposamen postindependentista planteatu nahi izan zituen, besteak beste, ikasturte honetako Udako Euskal Unibertsitateko sarrera hitzaldian. Alabaina, urde-gripe batek ohera lotuta eduki zuen egun hartan, eta testua Gidor Bilbao irakasleak irakurri zuen haren ordez (emaitza nabarmenki hobetuz, zantzu guztien arabera). Hemen duzue, egokitua, egun horretarako prestatu zuena.

navarre beach

Ezin da ukatu: nafarmania historizista gure artean geratzeko etorri da, Facebookek, Iruña-Veleia afera amaigabeak, Patxi Lopez lehendakariak eta Belen Estebanek egin duten bezala. Nafarmaniaren arabera, guztiok euskaldunak ez baizik eta nafarrak gara, eta hori, ulertuko duzuen bezala, zaila da irensteko ni bezalako donostiar batentzat, zeinari txiki-txikitandik azaldu baitzaio, Nafarroa Euskadi dela ez ezik, nafarrak, askoz jota, gure hondartza estuak gainezka betetzera etortzen ziren kanpotar erdeinagarriak zirela.

Edonola ere, oraingo nafarmania honek, zalantzarik gabe, (balizko) oinarri historizista bat dauka: hortxe daude, besteak beste, Antso Nagusiaren euskal estatu primigenioaren inguruko amets prefabrikatuak, Orreagako mitomania guztia (espero zitekeena baino gutxiago esplotatzen dena, hala eta guztiz ere), eta, jakina, Nafarroaren Konkistaren inguruko matraka guztia. Honetaz arituko naiz hemen, 2012a gainean dugulako eta, antza denez, alamena ederra eman behar digutelako kontuarekin data iritsi arte, eta, imajinatzen dut, baita ondoren ere. Eta ni, zuen baimenarekin, matxinatu egingo naiz, eta ezezkoa emango diet 1512aren ospakizunei. Baina gauzei besterik gabe ezezkoa ematea dotorea ez denez, hau da, ezezkoak arrazoitu behar direnez, eta gainera, ahal dela, alternatibak proposatu, ba horixe, proposamen alternatibo bat eskainiko dut, ikuspegi postindependentista batetik, 1512ko bosgarren mendeurrena ordezkatzeko.

Baina, lehenengo, hausnarketa bat, parentesi artean nahi bada, euskaldunok eta, batik bat, abertzaleok dataziorako, daten zehaztasunerako garatu dugun mania niretzat gehiegizkoa deitoratzeko, eta euskaldunoi datazioen kontua bost axola zitzaigun garaia nostalgia poxi batez gogoratzeko. Ez nazala inork gaizki ulertu: historia irakaslea naiz, eta, zer esanik ez, badakit kronologia ahalik eta zehatzen batek daukan garrantzia, gure ezaguera zientifikoen garapenerako. Eta beraz, ez dut faltan sumatuko “euskaldunok ez dugu datarik”  esaten ziren garai horiek; badakizue, Pierre d’Iharce de Bidassouet-i egozten zitzaion anekdota hura, zeinaren arabera, XVIII. mendean, baserritar bati, Rohan etxeko noble handi batekin topatu zelarik, jaun horrek esan baitzion: “Jakizu Rohandarron jatorri-data XII. mendean dela”, eta nola baserritarrak erantzun zion “Ba guk, euskaldunok, ez dugu datarik”. Orain, ordea, datazioaren mania sartu zaigu, eta hori, jakina, ona da... baldin eta neurrian egiten bada, eta ez Euskal Zibilizazioaren defendatzaileen kasuan edo Iruña-Veleiako indusketetan agertutako ostraken fedea sostengatzen dutenen kasuan bezala (esaterako).

Dena dela, geratzen dira, nik uste, “euskaldunok ez dugu datarik” joera horren arrastoak gure artean (ohitura tematia baita), eta biziraupen horien adibide polit bat emango dizuet, uzten badidazue. George Steiner intelektual handiak duela urte gutxi bizi izandako eskandalutxo batekin dago lotuta; imajinatzen dut askok gogoratuko duzuela gertatutakoa. Steiner, jakingo duzuen bezala, literatur kritiko britainiarra da, jatorriz judua, Oxforden eta munduko beste zenbait unibertsitate inportantetan irakasle bezala aritua, batzuentzat azkeneko humanista klasikoetako bat izango litzatekeena. Ba duela pare bat urte, 2008an, elkarrizketa bat egin zion Juan Cruzek El País Semanalerako, hautsak pixka bat harrotu zituena. Bertan bota zuen, beste perla batzuen artean, honako hau (gaztelaniaz utziko dut, denok ulertuko duzuelakoan):

            “Steiner: Cambiando de tema, me han dicho que hay una universidad en España en la que es obligatorio hablar en gallego.

            Juan Cruz: Igual que es obligatorio en Cataluña compartir el catalán con el castellano.

            Steiner: ¡Pero no me compare el catalán con el gallego! El catalán es un idioma importante, con una literatura impresionante. Pero el gallego ¿por qué ha de ser obligatorio en una universidad?”

Tira, badakizue zer etorri zen ondoren: mota guztietako protestak (partiduenak, Akademia Galegoarena, Galiziako PEN klubarena, hango idazleen elkartearena, intelektual lumadun ugariena, etab.). Hainbeste ezen Steinerrek berak publikoki onartu behar izan zuen, Pen Clubaren aurrean, hanka sartu zuela (intelektual batek gutxitan egiten duen zerbait, hori onartu behar zaio). Baina agian gogoratuko ez duzuena da euskaldunoi buruz elkarrizketa horretan bertan esan zuena:

            “Steiner: Cuando el asunto del IRA estaba llegando a su fin, publiqué un artículo considerando que con ETA pasaría lo mismo. Y no, ETA sigue matando.

            Juan Cruz: ¿Qué pasa? ¿Cuál es su opinión?

            Steiner: No lo sé. Ese idioma tan misterioso es muy raro, muy poderoso. Quizá por eso a alguna de esa gente le resulta tan imposible aceptar el mundo exterior.”

Ba kasu honetan, nik dakidala behintzat, eta Belen Altunaren iruzkin apal bat kenduta (El Paíseko erkidegoko edizioan), hemen inork ez zuen ezer esan. Eta niri, zer nahi duzue esatea, larriagoa iruditzen zait hau, gure literatura txarra dela esatea baino (iruzkin hori, bide batez esanda, gehiago gerturatuko litzaioke egiara literatura galiziarraren kasuan baino, behintzat gure literatura klasikoari dagokionez). Baina uste dut honek badaukala zer ikusia arestian aipatutako “los vascos no datamos”-en kontu harekin, eta inork gutxik protestatu zuela halako astakeria baten aurrean zeren eta, muinean, euskaldunoi izugarri gustatzen zaigu pentsatzea gurea oso hizkuntza misteriotsua eta antzinakoa dela, datarik gabea kasik; badakizue, “zaharregia, txikiegia agian”, eta kutsu erromantiko-sentimentaleko parafernalia hori guztia. Eta bitartean, euskarak, dauzkan problemak dauzkala, frogatu du ez dela zaharregia, oraingoa, oso oraingoa baizik, eta ondo adaptatzen dela, erabiliz gero noski, egungo premietara, esaterako, lan zientifikoaren eremura (Udako Euskal Unibertsitateko Uztaro giza eta gizarte zientzien aldizkariak berak behin eta berriro, zenbakiz zenbaki erakusten duen bezala, besteak beste).

Baina onar dezagun azken aldi honetan euskaldunok datamaniarako zaletasun handiagoa garatu dugula, eta 1512ko mendeurrenaren kontu hori testuinguru horretan sartu beharko genukeela. Izan ere, gero eta gehiago jotzen da etorkizuna iraganaren bitartez baldintzatzera, eta hori, niri, arriskutsua bezain ergela iruditzen zait. Jakina: iragana ezagutu behar dugu, eta zenbat eta sakonago, hobe; nire buruaren kontra harrika egitea izango litzateke kontrakoa defendatzea. Baina gauza bat da iragana ezagutzea, eta beste bat etorkizuna nolakoa izango den erabakitzeko erabiltzea eta, batez ere, manipulatzea. Agian izango da nire gaztaroan, iraultza posible izango zela uste genuenean, etorkizunera begiratzen genuelako soilik, esperantza baikenuen etorkizunean, eta egiten genuena (eta egiten ez genuena), etorkizun hobe horretatik justifikatzen zelako soilik, eta ez, inondik ere, iraganetik. Alde horretatik oso ados nago Santi Leoné bezalako egileen proposamenekin, Euskal Herri imajinario baten alde liburuan (Elkar, 2008) egiten dituenekin, hain zuzen ere.

1512ko mendeurrenaren (eta bere ospakizunaren) aurka egoteko nire arrazoiak hauek dira:

1. Kostatzen zait konkista hura Euskal Herriaren egungo kontzeptuarekin lotzea. Xabier Zabaltzak ondo azaldu duen bezala behin baino gehiagotan (sintetikoen, ziurrenik, Gu, nafarrok liburuan, Alberdania 2008), estatu hartan euskaldunak bazeuden ere, Nafarroa ez zen estatu euskaldun bat. Eta, bestalde, monarkia feudal bat zen, klase eta estamentu interes oso jakin batzuek gidatutakoa, eta egungo nazioaren eta herritartasunaren kontzeptuekin oso nekez uztartu dezakeguna. Beraz, ez dut sinesten alde batekoek esaten dutenean “nafarrek aurre egin ziotela konkistari”, edo, gauza bera dena azken finean, “nafarrek poz-pozik bat egin zuten Gaztelako eta Aragoiko koroekin, beren berezitasunak gordez”: hori guztia, akaso, baliagarria izan zitekeelako elite nafarrentzat, bertako noblezia eta elizaren fakzio batzuentzat, baina nekez populazioaren gehiengoa osatzen zuten nekazarien masarentzat; haiei, egia esan, ez zitzaien hainbeste axola subiranotasuna eta kontu horiek guztiak (leialtasunak beste maila batekoak ziren, askoz ere tokikoagoak), baizik eta ea batzuekin edo besteekin haien lepo bizi ziren jaunen zama handiagoa ala txikiagoa (edo berdina) izango zen (adibidez).

Halakoetan beti etortzen zait gogora Hugo Pratten komiki bat, Basamortuko eskorpioiak izenekoa (1969 eta 1973 artean marraztua). II. Mundu Gerraren garaian kokatzen den sail horretan Koïnsky lotinanta da protagonista, nazien inbasiotik ihesi Afrika iparraldeko armada britainiarrean sartu den poloniarra. Haren abenturetako bat hilobi baten aurrean amaitzen da, Juditah Canaan agente juduarenean hain zuzen ere: 1943an gaude, eta bertan elkartu dira Koïnsky lotinanta, Hassan Beni Muchtar palestinarra eta Caleb Stern judua (hauek ere Afrika iparraldeko armada britainiarrekoak); Stern eta Beni Muchtar berehala hasi dira Palestinako arazoaz gogor eztabaidatzen.

koinski3

[irudia handitzeko, klikatu bertan]

Koïnskyk moztu die: “Ez duzue sekula amaituko. Honela hitz eginez, herri osoak bihurtzen dituzue beste interes batzuekin lotutako agenteek burututako ekintzen erantzule. Gainera, uste al duzue hau dela lekurik egokiena eztabaida baterako?”. Oso ohar egokia iruditzen zaidana ez soilik II. Mundu Gerra garaiko Palestinako istiluaren inguruan hitz egiteko, baizik eta baita Aro Berri hasierako elite nafarren (eta gaztelauen, eta aragoiarren, eta frantsesen…) jarrera eta ekintzei buruz aritzeko. Ezin ditugu herri osoak (are gutxiago egungo “herriak”, garai bateko “herriekin” kontzeptualki zer ikusi gutxi dutenak) beste interes batzuekin lotutako agenteek burututako ekintzen mendeko egin. Are gutxiago per secula seculorum.

2. Manipulazioa berdin-berdin egin daitekeelako beste aldetik… eta haiek botere gehiago dute, tamalez. Hor kokatu beharko genuke Nafarroatik (barkatu, Navarratik) bultzatu bide den “Comisión 1212-2012. VIII Centenario de las Navas de Tolosa” delakoa, zeinaren helburua baita, hain zuzen ere, Las Navas de Tolosako batailaren ospakizuna gogora ekartzea, eta, bide batez, Nafarroak, antzina-antzinatik (1512 baino dezente lehenagotik) Penintsulako, hots, Espainiako beste erresumekiko zeuzkan (eta garatu gura zituen) loturak azpimarratzea. Eta, jakina, zortziehun urtek irabazten diete bostehuni, hori esan gabe doa, are gehiago erakunde publiko batzuen laguntza eta indar osoarekin antolatuz gero… 1512ko mendeurrenaren bultzatzaileek, zer esanik ez, haien mendeurrena estaltzeko operaziotzat salatu dute Las Navas de Tolosakoarena (bataila bat zeinetan, ez dezagun ahaztu, eta legendak dioenez, Nafarroako erregeak, eta Nafarroak beraz, bere armarriko kateak lortu baitzituen…). Eta arrazoia daukate, noski.

Baina ahazten dute alde biek jolasten dutela manipulazio mota berarekin. Zeren, azken finean, gaurko agintari nafarrek (navarroek) ziurrenik ahaztuko dutena zera da, Las Navas de Tolosako batailan, almohadeen kontra Gaztelako, Nafarroako eta Aragoiko koroetako gudarosteez gain, Portugaleko erresumakoak ere egon zirela, eta Portugal, egun, nik dakidala behintzat, ez dagoela Espainiako batasun sakrosantuaren barruan. Eta, hori gutxi balitz, Leongo erresumak, garai hartan Gaztelatik independentea zenak, zaldun bolondres gutxi batzuk alde batera utzita, ez zuela parte hartu etorkizuneko Espainiar Batasun Ekidinezina aurreirudikatuko omen zuen bataila loriatsu hartan. Zozoak beleari, ipurbeltz, alegia.

3. Baina, tira, onar dezagun Nafarroako erresuma hura gure erresuma zela, edo izan zitekeela, edo izatera hel zitekeela inoiz, eta Gaztelaren konkistari aurre egin zioten agramondarrak benetako nafar bakarrak zirela (ez dezagun ahaztu nafar eliteak banatuta zeudela auzi horren inguruan, eta nobleziaren zati garrantzitsu bat, beaumondarrena hain zuzen ere, Gaztelako erregearen aldekoa zela). Ba hori onartuta ere, diot, kontra nengoke, derrotak ospatzea ez zaidalako bereziki sanoa iruditzen. Ala katalanek bezala egin behar al dugu? Gaixo horiek egun nazionala ospatzen dute Filipe V.ak Ondorengotza Gerra irabazi eta foruak kendu zien egunean. Edo feröetarrek bezala, haien egun nazionala Stiklestadeko batailako derrotaren egunean ospatzen dutenak, San Olafen heriotza gogoratzeko (benetan tematia da, patologikoa ez esatearren, herri txikiek derrotak goraltzeko erakusten duten jaidura). Alde horretatik, zergatik ez izan espainolak bezain anbiziotsuak eta aurriritzi gabeak, eta, urriaren 12an bezala, Hispanitatearen egunean, genozidio baten hasiera ospatu, edo antzeko zerbait? Horretarako, egia esan, Aberri Egunarekin geratzen naiz; Pazko Igandean, behintzat, morroi baten berpizkundea ospatzen zen, nahiz eta gizona euskalduna ez izan (Euskal Zibilizazioaren zaleetako batek juduak, funtsean eta jatorrian, euskaldunak zirela demostratzen digun arte, behintzat). Baina derrota bat… mesedez… horrek ez du ona izan behar herri baten autoestimurako, inondik ere…

(Honek, bide batez esanda, eta parentesien artean, egun nazionalen auzira eramaten nau. Susmoa baitaukat 1512koa bezalako gertakarien ospakizunen puztearen inguruan egun nazional argi baten falta dagoela. Umezurtz gaude egun nazionalaz. Onar dezagun: Aberri Eguna ideia ona zen ezarri zenean, XX. mendearen lehenengo herenean. Azken finean, bat egiten zuen orduko abertzaletasunaren oinarri katolikoarekin –Jaungoikoaren berpizkundea eta aberri ukatuarena metaforikoki lotuz–, eta berez ezarrita zetorren jaiegun batean egiten zenez –opor-egun ugari ez zegoen garai batean–, ezin egokiagoa zen masa-mugimendu propagandistikoak antolatzeko. Baina, halaber, ametitu beharko zait garai postkeynestarrak, Aste Santuko opor ordainduekin eta abar, ez zaizkiola propizio gertatu Aberri Egunari, baldin eta ospakizunak, Hendaian edo Gernikan ez ezik, Saloun, Benidormen edo Tenerifen antolatzen hasten ez badira bederen. Eta, esan gabe doa, urriak 25eko Estatutuaren Eguna, jaieguna bihurtuta ere, ez da nahikoa kitzikagarria suertatzen: epikotasuna falta du, eta, okerragoa dena garaiotan, baita glamourra ere; demaseko kutsu administratibo-burokratikoa dauka. Alde horretatik, ez nau batere harritzen jendea ordezko egun nazionalen xerkan ibiltzeak: 1512rekin dagoen tema testuinguru horretan kokatzea ez zait guztiz zentzugabea iruditzen).

4. Azken finean, kontra nago, kontrafaktual bat dagoelako Nafarroako konkista ospatu nahi dutenek egiten duten kalkulu historikoaren atzean: zer gertatuko zen baldin eta Nafarroako erresuma hark independente izaten jarraitu izan balu? Eta haien erantzuna, ez esplizitua, baina bai inplizitua, da, jakina, zoriontsuago izango ginatekeela, euskal estatu bat izango genukeelako martxan oraindik ere, zeinetara, dudarik gabe, mendebaldeko eta iparraldeko lurrak batuko baitziren hurrengo bostehun urteetako uneren batean edo bestean. Ba hori, zer esanik ez, gehiegi suposatzea da, eta nik, historia irakasle naizen neurrian, mesfidantzaz baino ezin ditut ikusi mota horretako ariketa hipotetikoak, esplizitatzen ez badira ere (edo esplizitatzen ez direlako hain zuzen ere).

Horri guztiari, gainera, bulgarizazioaren arriskuak gehitu behar dizkiogu: halako gauzetan dabiltzan historialariak, gutxienez, itxura akademiko bat ematen saiatzen dira haien ahalegin propagandistikoetan (beti lortzen ez duten zerbait), baina haien ideiak jaso eta zabaltzeaz arduratzen direnek ez dute izaten prebentzio minimo hori, eta gehiegikeriak aise zabaltzen dira. Har dezagun, esaterako, Berria egunkariko notizia urriak 12ko independentziaren aldeko Iruñeko manifestazioaz (2010-X-10).

berria3

[irudia handitzeko, klikatu bertan]

Bertan esaten da, besteak beste, Amerikako konkistak produzitutako diru-etekinek Granadako konkista finantzatzeko erabili zirela, Kanariar uharteetakoa, Afrikako iparraldekoa edo Nafarroakoa aurrera eramateko bezala… Kontua da Granadako konkista 1492ko urtarrilean burutu zela, hots, Kolon Amerikara iritsi baino lehenago! (izan ere, aski ezaguna da Kolonek Isabel I.arekin izan zituen azkeneko negoziazioak, bere bidaiaren proiektua aurkezteko, Granada konkistatu berriaren ateetan egin zirela, Santa Fen). Kanariak ere, bide batez, ia osoki konkistatuta zeuden 1492rako, eta Amerika ez zen Gaztelako fiskoarentzat diru-iturri benetan esanguratsua bihurtzen hasi XVI. mendea nahiko aurreratua egon zen arte. Egia esan, kasu honetan ez dakit errua kazetariarena den, informazioa eman zion pertsonarena edo, oro har, gure hezkuntza sistemarena.

Beste kasutxo bat, honako hau abuztuaren 31ko Donostiako ospakizunetan agertutako ezker abertzalearen (ezker abertzale tradizional edo ofizialaren) kartelen kontura: badakizue egun horretan gogoratzen edo ospatzen dela Donostia kasik suntsitu zuen sutearena (Urgull mendiari pegatuta zegoen aldea izan zen salbatu zen bakarra). Ados, nahiko absurdoa da festa bezala, donostiarrok ospatzen ditugun beste guztiak bezala (Danborrada, Kaldereroak, Aste Nagusiya...), baina utz dezagun hori momentuz. Asuntoa da 2010eko ekitaldian afixa eta pankarta hauek agertu ziren kaleetan:

Iphone1Iphone2

[Argazki biak, iPhone Egañaren eskutik]

Bertan argi ikusten da Amaiur 1512, Donostia 1813 eta Gernika 1937 konparatzen direla, eta “Euskal Herriaren aurkako sarraski”-tzat hartzen direla. Hiru gertakari horren ezberdin parekatzeak sortzen dizkidan zalantzak alde batera utzita (gaztelu ez bereziki erraldoi baten setioa, armada baten erretiradaren testuinguruan gertatutako hiri baten suntsipen nahigabekoa, eta populazio zibilaren aurka egindako lehenengotariko aire-bonbardaketa terrorista), kontua da… Amaiurkoa 1522an izan zela!

En fin.

Baina goazen alternatibarekin. Eta, une batzuetan kontrakoa iruditu ahal izan duen arren, testu hau idazten ari naizenez ez historia irakasle bezala, idazle bezala baizik, uste dut zilegi dela neuk ere nire ariketa kontrafaktuala egitea, eta 1512koaren aurrean alternatiba bat aurkeztea, 1512koa bezain plausiblea, baina, nire uste apalean, askoz ere hobea eta, esan gabe doa, postindependentistagoa, eta, ondorioz, 1512koaren antolatzaileei proposatuko nieke horretaz ahazteko, agian horrela, bide batez, Miguel Sanzek edo bere ondorengoek ere uko egingo diotelako itxaropenean, aurrekontuen murrizketa garaiotan, Las Navas de Tolosako mendeurren potologoaren ospakizun ergelari.

Eta nire proposamena, jaun-andreak, hauxe da: Castillongo bataila edo guduaren Seigarren Mendeurrena ospatzea (1453).

Castillongo batailak oso leku berezia betetzen du munduko historia militarrean, Ehun Urteko Gerraren azkeneko bataila nagusia izan zen heinean. Jakina den bezala, Ehun Urteko Gerra (1339-1453) Ingalaterrako eta Frantziako erresumen arteko gatazka luzea eta intermitentea izan zen, Ingalaterrak kontinentean zeuzkan posesioen ingurukoa, eta, orobat, Behe Erdi Aroko krisiaren faktore nagusienetako bat; protagonista printzipalak, aipatu bezala, Frantziako eta Ingalaterrako erresumak izan ziren arren, Europako beste estatu eta lurralde asko ibili ziren bertan inplikatuta, une batean edo bestean. Gerrak gorabehera ugari izan zituen, baina Ingalaterraren derrotarekin amaitu zen: kontinentean zituen lurralde gehienak galdu zituen, eta mugarri inportante bat izan zen Aro Berrira eramango zuen iraultza militarra delakoaren bilakaeran. Askorentzat Erdi Aroaren amaiera markatzen du, gainera, urte berean gertatutako Konstantinoplaren konkista otomandarrarekin batera.

Ingalaterrak kontinentean zituen posesio edo feudoetako bat, hain zuzen ere, Akitania edo Gaskoinia zen, tartean Lapurdi eta Zuberoa egongo zirelarik. Castillongo bataila izan zen Ingalaterraren azkeneko ahalegina lurralde horien kontrolari eusteko; Bordele inguruan borrokatu zen 1453ko uztailaren 17an, eta bertan, gorputz espedizionario ingeles bat, gudaroste gaskoindar batzuek lagunduta, guztiz derrotatu zuten armada frantsesek, zeinen laguntzan Bretainiako hainbat zaldun etorri baitziren. Guk dakigula, ez zen euskaldunik izan gudu honetan.

Eta galdera (logikoa, bestalde) hauxe izango litzateke: honek zer ikusia du Euskal Herriaren edo Nafarroaren historiarekin eta etorkizunarekin? Ba, printzipioz, batere ez. Baina kontrafaktualak egiten jarrita (eta 1512koa ospatzen jarrita, festa nazional gisa alegia), irudipena daukat Castillongo bataila leit motiv nagusi gisa hartzeak badituela bere abantailak.

1. Lehenengo onura aipatu dut jada: bataila honetan ez zen euskaldunik izan eta, beraz, ez zen euskaldunik hil. 1512an, ordea, nafarrak (haietako batzuk euskaldunak) aurkitzen ditugu aurrez aurre, eta baita gipuzkoarrak eta bizkaitarrak ere (gaztelauekin batera, oro har), gure atzoko eta gaurko enfrentamendu zibil errekurrenteak gogora ekartzen digun zerbait. Baztertu ditzagun anai-arrebon arteko gatazkak, beraz, eta hel diezaiogun, behin bakarrean bada ere, euskal odol isurtzerik gabeko zerbaiten ospakizunari. Izan gaitezen pixka bat Heidi, behingoagatik.

2. Bestalde, onartu behar da, gertakari historiko bezala, eta Europa konformatu den moduan, Ehun Urteko Gerra kategoria handiagoko episodioa dela Nafarroako konkista baino, zeina, azken batean, XVI. mendeko bi superpotentzia handien arteko talkaren bigarren mailako episodio bat baino ez da, Italian erabakitzen ari zen joko nagusiaren adar marginal bat. Guri, hemendik begiratuta, noski, Nafarroako konkista izugarri inportantea iruditzen zaigu, baina gauzak perspektiban jarrita, Ehun Urteko Gerra Ehun Urteko Gerra da. Literaturako Euskadi Saria Espainiako Sari Nazionalarekin konparatzea bezala da, edo Sari Nazionala, Nobel Sariarekin. Aldea dago.

3. Gainera, seigarren mendeurren bat da, beti inportanteagoa, esan gabe doa, bosgarren mendeurren bat baino. Ez diogu irabazten Las Navas de Tolosako batailaren ospakizunari, baina ezin da ukatu zama konmemoratiboan urrats bat aurrera ematen dugula. Mendebete, mendebete da.

4. Baina, inportanteena, azken batean, Castillongo batailak ukatu zigun aukera historikoan datza. Eta hor legoke, nire ustez, euskaldunok Castillongo bataila ospatzeko genukeen arrazoi nagusia, 1512ko Nafarroaren konkistaren gainetik. Zeren eta Castillongo bataila ingelesek irabazi izan balute, Gaskoiniak edo Akitaniak, eta tartean Lapurdik eta Zuberoak, ingelesak izaten jarraituko zuten, lehen bezala alegia, eta modu sendoago batean gainera, Ehun Urteko Gerra irabazita haien presentzia kontinentean finkatu egingo baitzen. Eta ingelesak Iparraldean geratu izan balira, zergatik ez suposatu haien boterea ondoko euskal lurraldeetara ez zenik hedatuko, hurrengo urteetan edo mendeetan? Azken finean, Nafarroaren konkista horren inportantetzat hartzen duten abertzaleen arteko kontrafaktuala da, seinalatu dudan bezala, erresuma independentea mantendu izan balitz, euskal estatu bat garatzeko posibilitatea egongo zela. Zergatik ez pentsatu halakorik gertatuko zela ingelesekin? Eta, jaun-andreak, nik uste dut euskaldunon ikuspuntutik, eta honetara nator, askoz ere aukera hobea izango zela ingelesek menderatu izan bagintuzte, espainolek eta frantsesek baino. Eta azalduko dut zergatik:

4.1. Ingelesek, beren lurraldeetatik urrun kontrolatu dituzten espazioetan, beti utzi dietelako autonomia gehiago bertako eliteei, indirect rule delakoaren bitartez. Bai Parisek eta Madrilek baino gehiago, behintzat.

4.2. Gure bigarren  hizkuntza (edo lehenengoa eta are bakarra), une hauetan, ingelesa izango litzatekeelako, eta ez espainola edo frantsesa bezalako hizkuntza dekadenteak. Eta horrek, zalantzarik gabe, askoz ere tresna eraginkorrago bat eskainiko zigun mundu globalizatu honetan aritzeko, historiak ipini gaituen kinka larri honetan.

4.3. Eskoziak eta Galesek (eta Ipar Irlandak) bezala, ziurrenik, gure selekzio nazional propioak izango genituzkeelako kirol guztietan, edo gehienetan, eta, funtsezkoena dena, batez ere futbolean, zeinarekin gure arazo nazionalaren zati handi bat konponduta egongo bailitzateke, Volgako Batelariok behin baino gehiagotan aldarrikatu dugun bezala.

4.4. Ingelesen pean gauzak umore handiagoz hartzeko ohitura izango genukeelako, historikoki, eta, onena dena, umore ingelesarekin gainera, zeina, nire ustez (baina hau gustu pertsonalen kontua da noski) umore forma gorena baita, ikuspuntu literariotik bederen. Eta irakurleak, zer esanik ez, ez luke zertan agoantatu hau bezalako artikulu ustez umoretsua, baina (ezbairik gabe) hain vayasemaniteskoa, hots, horren espainola, funtsean, beste artikulu bat baizik, ezberdina bezain britainiarra (beste alde positibo hipotetiko bat ikusten diot halaber, eta da umore ingelesaren ezarpenak ondorio kaltegarriak izan zezakeela bertsolaritzaren bilakaera historikoan, hura desagerrarazteraino, demagun, XVIII edo XIX. mendean. Baina ez dut horren optimista agertu nahi).

Ados: egia da ingelesen mende ibili izanak desabantailak ere izango lituzkeela, adibidez, gure gastronomiaren garapenaren ikuspuntutik; adio egin geniezaieke Michelin izarrei eta (ingelesez idatzita badago ere) Basque Culinary Centerri. Baina, nire uste apalean, abantailek desabantailak konpentsatuko lituzkete, askogatik, eta, ondorioz, prest egon beharko ginateke euskal sukaldaritzaren orainaldia sakrifikatzeko, orainaldi hipotetiko britainiarrago baten kontura.

5. Azkenik, nik uste dut abantaila gehigarri bat baduela, eta ez txikia, Castillongo batailaren mendeurrena ospatzeak: oraindik berrogeita bi urte falta direla 2053rako, eta, ondorioz, ez dugula zertan matraka hori ordura arte jasan beharko.

Izan ere, batzuok ez genuke ezta jasan beharko ere, dena normal joanez gero.

etiketak: Testuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44