Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Gay poesia: Jacek Dehnel

Gay poesia: Jacek Dehnel

Rikardo Arregi 2007/01/28 01:00


Gaurko honekin bukaera ematen diot Esloveniako itzulpengintza lantegian euskaraturiko lau poeta hauen antologiari. Azkena poloniarra da. Jacek Dehnel Gdańsk-en jaio zen 1980an; poeta, margolaria, idazlea eta itzultzailea (W. H. Auden, Philip Larkin, O. Mandelstam, George Szirtes, Mary Oliver). Haren lehen liburua ipuin liburua da: Kolekcja (Bilduma). Ondoan hiru poema liburu: Żywoty równoległe (Bizitza paraleloak), Wyprawa na południe (Espedizioa hegoalderantz) eta Wiersze (Poemak). Nobela bat idatzi zuen iaz, Lala izenekoa, eta laster aterako da beste poema liburu bat. Hemen euskaraturik dauden poemak Bizitza paraleloak eta Espedizio hegoalderantz liburukoak dira. Biek argazki zaharrak dituzte, XX. mendearen hasierakoak gehienbat, eta poema asko argazki horiekin lotuta dago, oso argi dagoena zenbait kasutan, adibidez ondoko poemetan: Lehen planoa, Warhol-Mapplethorpe eta 370. irudia, eta ez hain argi batzutan: Begikeinuaren bizar labana poemaren ondoan dagoen argazkian uholde bat ikusten da eta uholdeari aurre egiten dion jendea. Poloniako molde klasikoak erabitzen ditu Jacek Dehnelek; laburbilduz, herrikoiak (8 silabakoak) eta poesia klasikoak edo erromantikoak erabili zituenak (11 eta 13 silabakoak, azken hau 7-6 banaturik). Poema batzuetan, irakurlea konturatuko da, itzultzailea saiatu da metrika bat asmatzen.


ZORIONTASUNA

                                                                                                  P. T.-rentzat

                                                                     Datorren astean zure urtebetetzea da
                                                                                        Ziur asko urtebete barru
                                                                                                 Ez zara existituko
                                                                                   M. Roberts, Lacrymae rerum

Emakume ingeles itsusi hori izan - argala, adindua,
ez hain poeta ona: udako etxe batean bizi
hozten ari den gizon batekin (bihotza, gibeleko minbizia,
kausek ez dute garrantzirik). Eskaileretan gora
(estu hezeak) erretilua eraman bion
gosariekin. Idatzi: "Datorren
                                        astean - euli baten burrunba -
zure urteak dira" - berriro ere - "Ziur asko urtebete barru – gizona
oihuka mindurik - ez zara existituko". Berarengana jo. Laztandu.
Bainuontzian etzan berarekin, negarrez. Leihotik
zuhaitzak begiratu, antzerkia egiten, baina benetan, jakina.
Gutun horiek, sugar zahar horiek eduki hainbeste urte eta gero,
lepoaren neurria jakin, zapatena, buruarena.
Beste gizonik gogoratzeko gai ez izan.
Esaldi eta izen samur horiek erabili.
Ohean okerrago ez dagoela sinistea,
gogoan gorderik hainbeste une, leku, bide:
hamaka bat, masusta zukua, tren bat presaka
Veneziatik Nizara, editore baten mahaia,
museo bateko gela. Lagun eta medikuen
bisitak hartu. Gorringoak azukrearekin nahasi.
Itxurak egiteko gai ez izan eta, hala ere, itxurak egin.

Baina batez ere, jakin izan zen guztia
ezin zela, ezin zitekeela desberdina izan beste norbaitekin,
beste nonbait, beste noizbait - horixe da zoriontasuna.

Osotasuna ikusi duzu. Orain bazoaz, poliki,
adaxkei hostoak kenduz. Norbaitek estaltzen du ispilua.
Norbaitek deitu, norbaitek hitz egin. Erretilu. Bainu. Ohe.



IL SOGNO

Ariketa gogor hau, egunero, gauero.
Ibiltze hau mendian gora "bi-izaten-bi",
nota batek aldatzeak asko du aldatzen.

Goizean esnatze hau besoa sorgorturik,
norbaitek lo egin baitu zu ez esnatzeko,
ariketa gogor hau, egunero, gauero,

krema frantsesak, bizarra mozteko aparra,
masailek gutxiago hazkatzeko, musuez
ez nekatzeko, batek asko baitu aldatzen,

teknika hobetu, bitxi landua bezala,
zantzu arina aspergarri izan daiteke;
ariketa gogor hau, egunero, gauero,

lasaitu, nola desbideratu eztabaidak,
nola bilakatu mugimendu txikienez
atsegin, ez atsegina (asko du aldatzen

hitzen hautua, beso mugimendua). Laztan.
Errotu ozta-ozta ernatzen ari dena,
ariketa gogorraz, egunero, gauero.

Zerbait herdoiltzen delako kontzientzia hau,
desegiten dela jakin gabe, hozten dela.
Ariketa gogor hau, egunero, gauero,
denak, aldatuz, alda gabe iraun lezake.

                                    ***

                                         P. T.-rentzat

Orratz mehea bezalakoa zinen, odol lasterrean presaka
jostun gazte baten zainetan zehar: zehatza,
hotza, eskuraezina, bihotz taupadetako erritmo
etengabearekin bidaiatzen. Odol bide sekretuek
utzi zaituzte nire egun eta arterietako ertzetan:
drakkar lerden eta zorrotz aleazio gogortuz egina.
Bazara, izan behar zinelako - nahiz eta itsuan igeri
helmugara iritsi zara eta irmoki itsatsi,
odolaren burrunbak eta altzairuaren jakintzak gidaturik.



SIMETRIA

                                         P. T.-rentzat

Elkarrengandik gero eta urrunago gautza. Ohe
bera, izara bera, baino urrunago.
Saguzarrak polinizaturiko lorea bezala, ohea
gauero zabaltzen da - gu aurrez aurreko
lore hostoetan. Gero eta urrunago. Urrun gautza.
Eskua ezin da iritsi, oinak ez du beste oina ukituko -
- zure ertzetik urretxoriak eta katamotzak xurrungaz
entzuten dira, nire ertzetik murgilak eta batzuetan
izaren sasi artean jauzi egin zuen erbinude zuriak.
Gero eta urrunago. Gazteluak eta harrizko esklusak,
portu osoak, lorategiak, basamortu amaigabeak.

Bakoitza bere gaueko aldean. Paraleloak
bakardadean, isilean. Ezin da deitu.
Ezin amildegiaren ondoan egon eta entzun.
Askaturik daude loturak, errimak lasaiturik.
Ate-leihoetatik gertuago bestearengandik baino. Lo gaude.



                                    III

                           LEHEN PLANOA

                        Posta txartela R. de M.-ri
             Brujaseko San Joan Ospitaleko Museotik.
    Beste aldean Hans Memling-en San Joan triptikoaren
                                ezkerreko aldea.

Errubi erraldoi artifizial bat, haren distira
beroagoa da egiazkoarena baino. Islak. Oholen ebaki lauak.
Sarreratik erre egiten du, beste guztia ilunduz,
margoak, organoak eta aldarea.
Eta dena zehatza, mundua bezala
Neronen leiar luxuzkotik begiratzen denean.
Odol iturria lepo irekitik. Lau zaldun.
Herensugea, erraldoia, kristalezko itsasoan
islaturiko birjina. Salomeren arkua. Sagarra. Eraztuna
Katalinaren hatzean. Eta dena egia baino
egiatiagoa - horixe ulertu nuen zazpi urterekin
edo bostekin, Flammarionek argitaraturiko
liburu bateko erreprodukzioan: eztanda koloretsu zehatzak,
jarraitu ahal nituen han (mendebaldeko erreprodukzio
teknikei esker) martirioen pasarteak,
Apokalipsiaren xehetasunak: hari brokatuzkoa,
zilizioaren zuntz bakoitza, perla bakoitza.
                                                     Baina
hemen bakarrik eta orain, hogei urte beranduago,
ez ditut atzealde urrunak ikusten - hiriak eta aingeruak,
loriazko ortzadarrak, Herodes - baizik eta haragi puska txikia
jaka motz altxatuko barrenaren
eta galtza leun gris argien artean, galtza estu horiek
borreroaren ipurdia probokatzen. Haren sorbaldak
eta hanka gihartsuak, ezpatari eusteko duen
arintasuna.
            Begira.
                   Nola ezkuta zitekeen, nola egon zitekeen ezkutaturik
hainbeste urtetan? Hor zegoen, lehen planoan.
Heldua, nire aurreko niaren ondoan nago. Memling,
iluntasuna berde gozoan, zutik dago zutabe baten ondoan,
irribarre lausoa; ume bezala aspergarria zela pentsatuko nuen,
zurruna ikatzez eginiko bola bezala. Orain badakit: hori
margoz eginiko orbana baino ez da. Benetakoa hemen dago,
haragi puska txiki honetan. Beherantz begiratzen dut. Banoa.
Mazapana erosten dut aurreko dendan.




Andy Warhol, Robert Mapplethorpe, polaroid print, 1973
Robert Mapplethorpe, Self-portrait with Skull Cane, gelatin silver print, 1988

                                          Eugeniusz Tkaczyszyn-Dycki-rentzat

Baina zer gertatu zaizu, mutiko, zer gertatu zaizu?
Nondik sartu zaizu gauza izugarri hori, nondik?
Zein itsasartetik sartu dira nabigatzen
itsasuntzi horiek ilunez zamaturik? Zein hodeitik erori ziren
euri mingots horiek? Fruitu mingarria izan zen? Artseniko
pozoitsua izan zen? Zer irentsi duzu, mutiko,
zer ikusi, mutiko, zer petrolio zatiki,
zer basalto sedimentu, zer zepa meta?
Gizon horrek ukitu zintuen, ukitu zenuen zuk,
zerk hunkitu zaitu hainbeste? Hiri hori izan zen
edo jende hunkigarri hori? Nondik aldaketa hori, mutiko,
nork eman zizun pozoi hori, nork lerratu pilula hori
zure eskuetara? Nork asmatu zuen pozoi hori, argaltasun hori,
tristezia hori, mingostasun hori? Zer lortu zenuen ordainez?
Irabazi zenuen, galdu? Zer sartu zizuten?
Zein urratutik edo zein hozkadatik
sartu zen zugan? Noiz? Eta zergatik ez zuen joan nahi,
zergatik ez du joan nahi izango? Zergatik beltz
hain zuri bazen? Queens-en jaiotako batek
aurkitu al du bukaera desberdina? Argiarekin sartu zen,
obturadorearekin, diafragman zehar? Eta nork zabaldu dio bidea,
nork zabaldu du zabal daitekeen gauza hori?
Beste irteerarik zegoen agian? Beste sarrerarik
sartzeko erabili zuen horretaz gain? Zer zegoen azpian
azaletik zenbiltzanean? Eta zer dago azpian
barruan zaudenean, barrura sartu zinenean?



NORBAITEN MAITALEAREN LEPOARI BEGIRA

Haren lepo latz ile moztu berriari
begira nengoela (tinta urtua eta sangina, ertzean
ilunagoa da, lepoa bukatu eta paperaren punta
hasten den tokian, gazte batek Bidaia Handian eginiko akuarelaren antzera,
kortse azpiko taupadaren antzera, sargori eta arnasaren antzera)
pentsatu nuen: aski denbora daramagu elkarrekin
jakiteko itxura hobea dugun gehiago eta gutxiarekin,
elkarren gustukoak garen
ile luzeago edo motzagoarekin. Ez zekiten.
Haientzako ile bat atorreko tolesetan ezusterik gabe
aurkitu ahal den gauza bat besterik ez da,
axolarik ez, bizarra mozteko makinaren gainean gauren batean
haren etxean, haienean. Gauzaki bat isurbidean.



ARROSA DA ARROSATXOA DA ARROSA-PIPILA

Zure zainetan, Gertrude, ez doa jadanik ibaia
ehunzango, larba lodiz eta labezomorroz beterik (ez doa

tantaz tanta harritxintxarretan, ez zaio egokitzen
hilkutxari, xingola eta oihalen hondakinak);

ez aurreko hura -odola borborka, tronbozitoak
lasterka geldiezin, zain estu gorri ilunetan

ez lur azalekoa -urdin, lasai. Delta bat.
Ukabilen korronte ezkutua. Zuhaitz batuak.

Paris lurra da. Pablo eta Ernest lurra dira.
Eta lurra da Alice. Eta lurra. Ez da paper edo

oihal bihurtuko. Orain zu zeu zoaz, isuri,
hostoen zainetatik zehar: kardu, gari, belarrak.

Eta esanahi gutxi zuenak esnahai asko du orain:
orain bakarrik arrosa da arrosa da arrosa.



HARRERA JAIA

Leihoen atzean aldapa ilunak daude.
Iluna leihora dator gonbidatu gisa.

Iluntasun atzetik animaliak datoz,
bestiario zaharrek ez lukete gordeko.

Animalien atzetik heriotz-urratsak.
Sei hegal heriotzak, hegaletan begiak.

Leiho ondoan geldirik. Barrura begira.
Asko aldatuko du aurkitzen dituenak.

Barruan jende, liburu, altzari, kristalak.
Hain zuzen: kristal, paper, egur eta oihalak.

Heriotza eta piztia argitzen dira,
janari asko zerbitzatzen ikusten dute.

Gingko adaxken artean mokadu hauei
begiratzen diete, axolagabe, bare.

Ikaskizun moral baten zain baldin bazaude
ez itxaron gehiago. Denbora gutxi dago.

Izan ona. Maitatu. Zahar zaitez dotore.
Sarrailak ahulak dira. Kristalak meheak.



                                     370. IRUDIA
    BIZKARREZURREKO TUBERKULOSIAK SORTUTAKO KONKORRA

Lasai, lasai asko, geldi eseri da,
delikatua, kontzentraturik, “Hezurretako gaixotasunak”
izeneko ilustrazio handi baten beheko ezkerraldean,
gertu daude “Izterreko tuberkulosia bi ultzerarekin”,
“Bizkarrezurreko kolapsoak sortutako makurdura”
eta “Kondentsazio elefantinoak”.
                           Margolariaren zehaztasunak
(eta aurretik argazkilariarenak) dena gorde du,
baita xehetasun txikiena ere: tapizeriako tatxetak,
belusa eta bernizaren distira aulkiko hanka kurbatuetan,
belarriaren itxura, ilea motza eta
batez ere konkorraren ingurua eta ganbiltasuna,
elbarriaren perfekzioa, malformazioaren agertokia.

Konkorra eta tristezia berdinak dira Graz, Berlin,
Drohobycz, Kiev edo Vienan, beraz ez dakit
non eseri zen izozturik estudio batean, zein
hiritan erantzi zen argazki honetarako,
non esan zioten begiak jartzeko ate gaineko puntu batean.
           Bizitzaren intentsitatea, eztanda egiten duen ur lasterra,
martxoan handituta, ertzeetatik harritxintxarrak, lur mokorrak
eta zuhaitz erroak lapurtu eta biraka itsasoraino,
itsasoraino eramaten dituen ur laster hori
beste nonbait zegoen, beste bide batetik zihoan,
ez zen berea jadanik. Argi eta garbi ikusten da
ez konkor izugarrian edo belaun argaletan,
baizik haren ezkerreko eskuan, gorputzaren luzera osoan zintzilik,
esku ahur bakartia hanken eta aulkiaren artean:
ezintasun ahul bat, presaz margoturik
ez duelako ezertarako balio. Handik, irekirik,
hamabi urte hauetako bizitza geroko osoak
ihes egiten du: heriotza babes etxe batean, zahartzaroa
elizen aurrean eskean Vienan edo Berlinen,
emakume eta dirurik gabeko urteak, ohe
estuegi batean, mota guztietako min
amaigabeak, gaztaroa ospitaletan
eta goiz horretako argi ahula aulkitik
altxatu eta estalki baten atzean janzten dituenean
alkandora, prakak eta berokia, eskerrak
ematen dizkie argazkilari eta medikuari,
jendetasunez makurtzen da eta isilik badoa.


BREDAKO ERRENDATZEA

Krakoviako Geltokia baino lau kilometro lehenago
coca-cola hondarrak edan eta liburua ixten dut.
Muino garai batetik zuzen hazten dira
makila luzeak -las Lanzas- martxoko lokatzean.

Gutxi batzuk zeharretara hazi dira - horietan, ilaratan
zintzilik daude prakak, atorrak, zerbait laukidun,
garbi izotz urtzearen argipean. Hor nonbait bide zidorren atzean
norbait bere erara bizi da urtzen den elurrean,

doan. Alokairuan, ordainketa edo kopuruan pentsatzea
barregarria da: ugazabandrea, gutun azala, billeteak.
Geroago alokairuan pentsatzen dut - hemen tunelean erori gara
haren argi aurreikusian, ikusezina eserlekuetatik.


BEGIKEINUAREN BIZAR LABANA

Begira: hemendik pasa zen keinuaren labana,
sepia bildu koloreko orban txikiak lekuko dira,
eskuinaldean - larre urez estaliak eta landetxeetako teilatuak
ur uher gehiegizkoaren gainean,
ezkerraldean haiek: fardela, berokia, zartagina,
gona hezeak geruzetan eta bizar lausoak

txano biseradunetako lerroen azpian. Salbamendu txalupak
Brzesc edo Kamien-etik etorriko dira edo ez.
Uren maila ez da aldatu. Gelditasuna. Keinuaren labanak
ezer balio ez duena mozten du. Gainerako mundua
gainezka egiten duen ibaiaren haratago, larrialdi gune batzuk,
lebita jantzita, bibotedunak, kaobazko mahai zabaletan

telefono zaharren distira. Lau zegoena
planoan gelditu zen, mozketaren
azal dirdiratsuaren gainean: euri hauek, ez beste batzuk,
jaso ditugu, ez une bat lehenago, ez geroago, eta marea
gora eta txorimaloak eta xingola ezkutatuak,
horietatik zintzilik hustasunean Leica beltz txiki bat.

etiketak: Testuak
Pruden Gartzia
Pruden Gartzia dio:
2007/03/03 13:45

Eskerrik asko, Rikardo.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44