Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Bidaia-literaturaz, eta abarrez

Bidaia-literaturaz, eta abarrez

Iban Zaldua 2007/01/19 13:30



Asko poztu nintzen jakitean azkeneko Durangoko Azokaren gaia bidaia-liburuak izango zirela, Gerediaga Elkartea gure letren errepublikako eztabaida erabakigarrienen eta azken aldiko literatur joeren jarraitzaile fina denaren seinale ezin nahasizkoa. Eta pentsamendu lasaigarri horietan murgilduta nengoela, kasualitatez, Eça de Queirosen liburu bat irakurtzen hasi nintzen, eta, hara non, bigarren atalean bertan gaiari buruzko ohar ezin garaikideago bat topatu nuen, testua 1881ekoa den arren.
Hura irakurri eta, berriro ere, originala izaten saiatzea alferrikako ariketa dela ondorioztatu nuen: baieztapen hori guztiz begien bistakoa eta ezaguna izanagatik ere, ez gaitu zuhurrago bihurtzen, harri berean egiten baitugu oztopo behin eta berriro. Duela urte pare bat gure literaturan ugaltzen ari zen (eta ugaltzen jarraitzen duen) azpigenero horren kontura harrikadatxo batzuk bota nituen Bidaia-literaturaren aurka artikuluxkan. Klasikoengana jo izan banu, ordea, ez nukeen agian orrialde pare hura zirriborratuko, gaitzari buruz askoz ere lehenago eta, zalantzarik gabe, nik inoiz egin ahal izango dudana baino estilo eta eraginkortasun handiagoaz idatzi baitzuen, adibidez, Jose Maria Eça de Queiros idazle portugaldarrak (Póvoa de Varzim, 1845-Paris, 1900). Bere Eskutitzak Ingalaterratik artikulu-bilduman topatu dut ondorengo perla hau, zabarki euskaratu dudana Volgako Batelarien irakurle ororentzat. Ingalaterra "denboraldien" edo "sasoien" lurraldea zela kontatzen zuen bere "Liburuez" kronikan Eça de Queirosek, nola gauza guztietarako denboraldiak dituzten britainiarrek: ehiza sasoia, cricket sasoia, Yachting sasoia, kongresuen sasoia eta, jakina, baita "liburuen sasoia" ere (eta gu Durangoz kexaka, soilik gaur egungo izurria balitz legez!); liburuen sasoi horren barruan, nola ez, eleberriez dihardu ("hori ez da egun produkzio literarioa, produkzio industriala baizik"), baina baita gero eta gehiago bide ziren bidaia-liburuez eta haien egileez ere ("industrial berri bat sortu da: prosista bidaiaria"), zeinei buruz honako hau gehitzen baitu:

Antzina bidaia kontatzen zen kasualitatez bidaiatzen zenean. Herrialde urrunak bisitatu zituen pertsona, abentura xelebreekin topo egin zuena, itzultzean, sutondoan pausatzen zelarik, luma hartu eta egun haiek birbizitzen zihoan inpresioen eta paisaien oroitzapen atsegin legez. Gaur egun ez. Gaur egun bidaiari ekiten zaio soilik liburua idazteko helburuarekin. Atlasa ireki, unibertsoaren puntu oso exotiko eta oso salbai bat aukeratu, eta hara abiatzen da paper bostehuneko batekin eta hiztegi batekin. Konpetentzia oso handia denez, kontua datza jakitean Lurreko zein txokoaz ez den oraindik liburu bat argitaratu. Edo, herrialdea dezente ondo ezagutzen bada, ikertzean bertan ez ote dagoen herrixka ñimiñoren bat, urrutiko errekaren bat zeinaz posible izango baita prosazko hirurehun orrialde produzitzea.

Egun Lurreko puntu iritsiezin batean norbaitek morroi bat aurkituz gero, kortxozko salakota buruan, arkatza eskuan eta binokulua soin-uhalean, ez dezala pentsa denik esploratzaile bat, misiolari bat, landare bitxien biltzaile jakintsu bat; prosista ingeles bat da bere liburukia prestatzen.

Ipini Microsoft Word lumaren ordez, Google Maps atlasaren lekuan, ordenagailu eramangarria paper pilaren partez, Ternua markako produkturen bat (edo batzuk) salakotaren truk, kamara digitala binokuluaren ordainetan, eta egungo bidaiari euskaldun profesionalaren irudi ia perfektua lortuko duzu, munduan zehar urtero bidaltzen dugun gure Jontxu ugarietako bat, Azokaren inaugurazio egunerako haren azkeneko kronika fresko-freskoa prest izango duena (bitxia da, ziur nago ohartuta egongo zinetela, ale horien artean Jon izenak duen arrakasta: Jon Abril, Jon Arretxe, Jon Maia… aholku bat seme bidaiaririk izan nahi ez duzuen protogurasoentzat: badaezpada, ez ezazue bataiatu izen horrekin, ikerketa sakonago bat egiten ez den bitartean behintzat).

Jose Maria Eça de Queiros, ezaguna den bezala, XIX. mendeko Portugaleko nobelagile handienetakoa izan zen, handiena izan ez bazen behintzat, eta agian baita Penintsula osokoa ere, kritikari askok (espainiarrek ez ezik) aldarrikatu bezala (kontatzen denez, kritikari espainol batek aurpegiratu zion Borgesi, hitzaldi baten ondorengo eztabaida-saioan, ea nola defenda zezakeen Eça de Queiros izan zela XIX. mendeko idazle penintsularrik bikainena, mende horretan gutxienez lau idazle espainiar handi egon zirenean; Borgesek galdetu bide zion ea zeintzuk ziren idazle horiek, eta kritikariak erantzun: "Larra, Bécquer, Galdós eta Clarín". Borgesen arrapostua: "Nire doluminik bizienak, hortaz").

Literatur korronte errealistan eta are naturalistan kokatu ohi da, nahiz eta euskaratuta daukagun bere lan bakarra, Mandarin zaharra (O mandarim, 1880), eleberri argiki fantastikoa den –"errealista" edo "naturalista" bezalako klasifikazio orokorrez mesfidati izateko aholkatzen duen zerbait, apika–; edonola ere, ezagunagoa da honokoak bezalako obrengatik: Aita Amaroren krimena (O crime do padre Amaro, 1875-76, zeinaren zinemarako bertsio mexikar bat pantailaratu zen duela urte gutxi), Basilio lehengusua (O primo Basilio, 1878, Madame Bovaryren ereduaren arabera eraikia, Zolarentzat Eça de Queirosen eleberria Flaubertenaren gainetik egongo litzatekeen arren), Maiatarrak (Os Maias, 1888, batzuentzat bere lan nagusia) edo Ramirestarren etxe leinargia (A ilustre casa de Ramires, 1900, ironiaz eta gizarte-kritikaz beteriko nobela metaliterarioa).

Goian itzuli dudan pasartea, esan bezala, Eça de Queirosek Gazeta de Notícias egunkari brasildarrarentzako 1880 eta 1882 bitartean idatzitako kroniken bildumatik aterata dago; garai hartan Bristolen zebilen kontsul-lanetan, eta hortik liburuaren izenburua, Espainian El Acantilado etxeak eman duena argitara (Cartas de Inglaterra, Bartzelona 2005). Harritu egin naute oso egilearen ironia finak, alde batetik, eta haren begiradaren zorroztasunak, bestetik, gai batzuetan egungo kazetari eta kronikari askorenak baino garaikideagoak iruditu zaizkidanak. Eta hasi naiz pentsatzen agian arrazoia izan dezaketela Penintsulako XIX. mendeko idazle nagusitzat hartzen dutenek, nekez imajinatzen baitut Galdós bat, adibidez, nazioarteko egoera politikoaz edo bidaia-liburuez Eçarenak bezalako artikuluak idazten –Clarín bai, agian, Clarín gehixeago irudikatu dezaket halako zerbaitetan, baina Galdós ez¬, kanariarraren eleberrien mireslea naizen arren; bide batez, Galdós Eça de Queirosen urte berean jaio zen, 1843an–. Eta burutik pasatu zait, alde batetik, tamala dela zein kasu gutxi egin zaion historikoki Portugaleko literaturari (eta kulturari) Espainian. Eta, bestetik, agian literaturaren historia handi bat izatea (On Kixote, Urrezko Mendea eta zama horiek guztiak, Espainiaren kasuan) batzuetan abantaila bezain oztopo izan daitekeela hurrengo belaunaldi literarioentzat, historia horren zamak norberaren tradizioarekiko hartu-eman autarkikoetara muga baitezake literatur jarduna, atzerrian "oxigenatzeko" premia handirik sortu gabe; puntako idazle portugaldarrengan, ordea, kosmopolitismorako joera handiago bat sumatzen dela esango nuke, literatura txikiago eta kasik menpeko batek horretara behartuko balitu bezala: Eça de Queirosengan pentsatzen ari naiz, noski, baina baita Pessoarengan ere, esate baterako. Edonola ere, horrek esanahi berezirik ote duen ez dakidan arren, Eça de Queirosen lanak aspaldi hasi ziren frantsesera itzultzen (Mandarin zaharraren lehenengo bertsioak 1884ean ikusi zuen argia, Revue Universelle Internationalen); Galdósenak, ordea, XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera itzuli dituzte frantsesera.

Baina, tira, aurreko hori zeharkako ohar bat besterik ez da izan: ez dakit nahikoa XIX. mendeko literaturaz halako kontuez gutxieneko ziurtasun batekin aritzeko, beraz, hobe izango dut isiltzea. Bai aipatu nahiko nuke, ordea, amaitzen hasteko, Cartas de Inglaterra liburuaren existentziaz Félix de Azúaren ezinbesteko blogaren bitartez jabetu nintzela, sarrera honetan hain zuzen ere. Bertan Azúak komentatzen du zein paralelismo estua ikusi zuen Eça de Queirosek Alexandriako bonbardaketaz eta Egiptoko inbasio britainiarraz idatzitako kroniketan kontatutakoaren eta egungo Irakeko interbentzio "aliatuaren" artean. Azúak zioen bezala, Egiptoko inbasioa prestatzeko "prozesu osoa, zoragarria, Irakeko bi gerren prototipoa da, Bush bien, aitaren eta semearen estrategek kanpainaren diseinua britainiar inteligentzia zerbitzuen esku utzi izan balute bezala, zeinak, alfer porrokatuak izaki, Graham Greenek beti deskribatu dituen bezala, ehun urte lehenagoko antzeko egoera batean Gladstonek erabilitako programa kopiatzera mugatu baitziren". Eta Egiptoko inbasioaren inguruko artikulu sorta irakurrita, arrazoia eman behar zaio Azúari.

Harrigarriena da, ordea, 1880 inguruan –britainiar inperialismoaren aro betea zen, zer esanik ez– Afganistan ere inbaditu zutela, gutxienez bigarren aldiz, Berorren Maiestate Graziosaren gudarosteek (lehenengo gerra 1840ko hamarkadan borrokatu zen), eta Eça de Queirosek horren inguruko kronikatxoa ere idatzi zuela Rio de Janeiroko Gazeta de Notíciasentzako, Cartas de Inglaterran jasota dagoela, eta, zer esango dizuet, orain gertatzen ari denarekiko antzekotasunak, berriro ere, ikusgarriak direla, eta kontakizuna bera, ironia finez betea, ikuspuntu literariotik eredugarria. Eta ezin izan diot tentazioari eutsi: artikulu horretako pasarte bat itzultzera ausartuko naiz, nire ohar digresibo honi amaiera emateko. Hona hemen, zuen baimenarekin:

Han goitik 1880ko Afganistango kanpainako gertaldiak zuzentzen ari den Patua edo Probidentzia, edo dena delako Jainkokia, badirudi aurrean dauzkala 1847ko Afganistango kanpainako dokumentuak eta miraberiazko kopia bat besterik ez dela egiten ari, irudimen akitu bat salatzen duena.

1847an ingelesek, "Estatu Arrazoiagatik, muga zientifikoen premiagatik, Inperioaren segurtasunagatik, Asiaren gaineko errusiarren nagusitzeari mugak jartzeko…" eta beste arrazoi lauso batzuengatik, Indiako politikariek biboteak bihurrikatuz marmarrean erabiltzen dituztenak goibelki, Afganistan inbaditzen dute, eta hortik doaz mendeetako tribuak suntsitzen, hiriak eraisten, laboreak eta mahastiak sakailatzen. Hartzen dute azkenik Kabulgo hiri saindua, haremetik botatzen dute emir zahar izutua, eta arraza otzanagoko beste batez ordezkatzen dute, hornigaiekin batera prest zekartena, emakume esklaboak eta alfonbrak barne. Eta egunkarietako berriemaileek garaipena telegrafiatu bezain laster, armadak, Kabulgo erreken ertzean eta baratzeetan kanpatuta dagoena, uhaleria askatu eta bakearen pipa erretzen du… Hala gertatzen da zehazki 1880an ere.

Aldi berean, eta 1847an bezalaxe hain zuzen ere, buruzagi kementsuek, Mesias indigenek, alderik alde zeharkatzen dute lurraldea, eta "Aberriaren" eta "Erlijioaren" izenean gerra nazionala aldarrikatzen dute, gerra santua. Tribuak biltzen dira, badoaz leinu feudalak haien zaldun taldeekin, elkarren etsaiak diren printzeak batu egiten dira atzerritarraren, "gizon gorriaren" kontrako gorrotoa dela medio, eta handik gutxira, kanpalekuetako suen distira zabaltzen da mendilerroen gailurretatik, Indiarako bidea, sarrera diren haitzarteen gainetatik… Eta azkenean armada ingelesaren zati handiena handik agertzen delarik, haren ganbelu karabana luzeekin, jendetza barbaro hura gainera datorkio eta suntsitu egiten du.

Hala izan zen 1847an, eta baita 1880an ere. Orduan, armadaren hondar sakabanatuak mugako hiriren batean babesten dira, behin Ghaznin eta hurrengoan Kandaharren. Afganoak bizkor doaz hara, setioa ezartzen dute, setio mantso bat, pazientzia sortaldetarreko setio bat. Setitatutako jeneralak, gerra hauetan beti komunikatu daitekeena, Indiako erregeordeari telegrafiatzen dio, eta sumindurik eskatzen dizkio "errefortzuak, tea eta azukrea" (Hori testuala da; duela egun batzuk bota zuen Roberts jeneralak britainiar jatunkeriazko deiadar hori; ingelesak, terik gabe, energiarik gabe borrokatzen du). Orduan Indiako Gobernuak, ura gastatzen duenaren gisa milioika libera gastatuz, bizkor bidaltzen ditu tea bizkorgarrizko fardel formagabeak, azukrezko muino zuriak eta hamar edo hamabost mila gizon. Ingalaterratik abiatzen dira gerra garraiuntzi beltz eta munstrotsu horiek, lurrunezko Noeren arkak, kanpalekuak daramatzatenak, zaldi taldeak, artilleria parkeak, inbasio beldurgarri oso bat … Hala izan zen 1847an, eta hala da 1880an.

Armada hori Indostanen lurreratu, gudaroste indiarren beste zutabe batzuekin elkartzen da eta gau eta egunez bidaltzen dute mugara orduko berrogei milia egiten duten espresoetan. Handik martxa suntsigarri bati ekiten dio, hornigaietarako berrogeita hamar mila ganbeluekin, telegrafoekin, makina hidraulikoekin eta egunkarietako berriemaileen zalduneria elokuente batekin. Goiz batez Kandahar edo Ghazni begiztatzen dute, eta istant batean suntsitua eta lautadaren hautsen artean sakabanatua da afganiar armada gaixoa, haren melodramazko zimitarrekin eta kulebrina beneragarriekin, antzina Diu-n tiro egin zuten modelo berekoak. Ghazni askatua! Kandahar askatua! Gora! Horretaz guztiaz kanta patriotiko bat osatzen da berehala, eta egitandia Ingalaterra osoan bihurtzen da ospetsu estanpa bati esker, zeinetan jeneral askatzaileak eta jeneral setiatuak eskuak elkarri tenkatzen baitizkiote berotasunez, lehenengo planoan, zutitutako zaldien eta Apoloak bezain eder diren granadarien artean, azken hatsa jarrera noblean ematen ari direnak. Hala izan zen 1847an; hala izan behar du 1880an.

Hemen egin beharreko aldaketak lehenengo testuan baino gehixeago izan daitezke (tearen ordez hanburgesak eta pizzak, ganbeluen eta trenen lekuan abiazioa, kanten eta estanpiten ordez CNNko erreportaiak…), baina susmagarriro antzeko izaten jarraitzen du funtsezkoak, nik uste; gure albistegietan errepikatzen diren hirien izenak, behintzat, berdinak dira. Tentagarria izaten da beti, halakoetan, Marxen esaldi famatua errepikatzea, hots, "Hegelek dio nonbait historia unibertsaleko gertakari eta pertsonaia handi guztiak bi aldiz jazotzen direla nolabait esateko. Baina ahaztu egin zitzaion gehitzea: batean tragedia gisa eta bestean fartsa gisa", eta hala egingo nuke nik oraingoan ere, Afganistango eta, oro har, ekialde hurbileko egoeran fartsa zantzurik topatuko banu bederen. Eta, jakina, errepikapena behin bakarrik gertatu izan balitz.

Edozein modutan ere, hori guztia Bristoleko kontsuletxe portugaldarreko bere besaulkitik mugitu beharrik gabe idatzi ahal izan zuen Eça de Queirosek, prentsa ingelesa lasai kontsultatu ondoren eta bere tea edo bere ginebra edan bitartean. Bidaiatzeko, literaturzaleek ondo dakiten bezala, ez delako zertan bidaiatu behar, azken batean.

etiketak: Testuak
Jurgi Kintana
Jurgi Kintana dio:
2007/01/24 21:34

Oso interesgarria (benetan diot). Ez naiz ordea gai nagusian sartuko. Espainiako Urrezko Mendeaz diozunak Alatriste ekarri dit gogora eta horretaz dihardut nire blogean (hemen ).

Barkatuko didazu, Iban, link parasito hau, baita "irakurri gabeko liburuen kritika" eredua plagiatu izana, ez da?

Jurgi

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44