Ikasitakoa desikasten ikasten
Nola askatu PDF fitxategiak
Osakidetza: Enplegu Publiko Eskaintza
Gertuko bat dabil Osakidetzaren EPE-ra aurkezteko prestatzen. Oraingoan galde-erantzunen sail handi bat ikasi behar du eta horietatik 100 azalduko dira azterketan. Deskargatu ditu Osakidetzaren webgunetik galdera horiek PDF txukun batean eta saiatu da inprimatzen. Ezin. PDF dokumentua babestuta dago eta ezin da inprimatu. Pantailan irakurri bai, baina inprimatu ez. Horrelako aukera zoragarriak eskaintzen ditu PDFak.
Dokumentuan irakurri daiteke:
Lehen argitalpena : 2008ko abendua
©.Osakidetza. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa
Internet: www.osakidetza.euskadi.net
Maquetazioa eta inprimaketa: Editorial MAD Eduforma
PSP: 5,49 euro, BEZ barne
LG: SE-7302-2008
ISBN: 978-84-89342-90-3
No está permitida la reproducción total o parcial de este libro, ni su transmisión
por ningún procedimiento informático o electrónico, incluida la fotocopia, grabación
magnética o cualquier almacenamiento de información y sistema de reproducción,
sin permiso previo por escrito de los titulares del Copyright o los derechos.
No comment.
Askatu zure PDF fitxategiak
Zer esanik ez, askatu dugula Osakidetzako PDF petral hori. Orain inprimatzen utziko digu. Baina zer gertatuko da truko hauek ez dakizkiten herritarrekin? Gero irisgarritasunaz hitz egingo dugu.
Baina guri berdin zaigu: hona hemen bi aukera interesgarri PDFekin sarri ibiltzen bazara:
- PDF tresna ugari
- Free PDF Unlock Online (hau erabili nuen atzo Osakidetzakoa askatzeko)
Ogien eta arrainen miraria
Gaiak jarraitzen du, beste modalitate batzuetan:
Gu Gira diska: 20.000 kopia
Eguerdian entzun dut irratian Elkar eta Radio Euskadik ateratako "Gu Gira" diskak 20.000 kopiaren muga gainditu duela. Esatariak esan duenaren arabera, gaur egungo teknologiek kopiatzea errazten dutenez esan genezake 20.000 kopia horiek garai bateko 40.000 saltzearen baliokideak direla. Hau da, 20.000 pertsonak erosi du diska eta beste 20.000 pertsonak kopiatu egin du.
40.000ko kopuru hau Benitorenaren errekorretik nahiko gertu omen dago. Benito Lertxundik orkestrarekin grabatutako diskaren 50.000 kopia saldu zituen. Gertu gaude beraz. Oraintxe noa diska horren bila PizzaTorrent bilatzailera, ea laster iristen garen Benitoren errekorrera!
Brothers in Arms: 40 kopia
1985ean erosi genuen etxean Dire Straits taldearen Brothers in Arms diska (binilozko LPa). Aurretik taldearen zuzeneko diska ongi errepasatuta geneukan, kasete batean grabatuta, noski!.
Hala ere, garai hartako "zailtasun teknikoak" gainditzea lortu genuen itxura denez, eta kalkulatzen dut 40 lagun ingururi atera geniola kopia kasetean. Anaia eta bion inguruan denek zekiten diska hori etxean genuela, eta behin eta berriz eskatzen zizkiguten kopiak. Kasetea eman eta hurrengo egunean bueltatzen genien grabatuta.
Ruperren kantuak zioen bezala "Baina gauzak zer diren, kontuak ez zaizkit ateratzen ongi"
Gazako mapa eraikitzeko laguntza bila
Mikel Maronek egin du deia. OpenStreetMap erabiliz Gazako mapa on bat ahal den azkarren ateratzea pentsatu dute, bere garaian Bagdadekin egin zen moduan. Bereziki garrantzitsua gaur egungo krisia kudeatzen lagundu ahal izateko. Informazio gehiago Mikel Maronek berak: Gaza OpenStreetMap
Tagzania eta OpenStreetMap
Konpontzeko gauza asko dugu oraindik, eta buruan etorkizunerako bide bat pentsatua ere badugu. Zerbait bururatzen bazaizue edo behar baduzue, idatzi lasai tagzania abildua gmail.com helbidera.
Hack txiki baten primizia eman nahi dizuegu etxekoei, euskal blogen jarraitzaileei. Datorren astean kontatuko dugu ingelesez eta gazteleraz.
Mapstraction erabiltzen dugu Tagzanian
Tagzaniako mapa gehienetan ez dugu zuzenean Google Maps-ekin lan egiten, nahiz eta horiek diren ikusten diren mapak. Horren ordez Mapstraction izeneko liburutegi bat darabilgu.
Tagzaniak Googlerengandik izugarrizko dependentzia du, hori edonork badaki. Googlek bere estrategia aldatzen badu egun batean, Tagzania kaltetuta atera daiteke. Horregatik eta uste genuelako kasu batzuetan beste mapa batzuk hobeak zirela, pentsatu genuen Mapstraction erabili behar genuela. Orain atera badugu ere, hau aspaldi prestatu zuen gurekin jadanik lanean ez dagoen Txusek (eskerrik asko Txus!).
Mapstractioni esker, edozein mapa zerbitzari integratu daiteke erraz. Hau da, Tagzania ikusi dezakegu Googleren, Yahooren edo Microsoften mapak erabiliz. Eta nola ez, baita OpenStreetMapen mapekin ere!
Oraingoz Tagzaniaren erabilpen arruntean ez dugu aktibatu, eta pentsatu behar dugu nola integratu hauek denak, baina teknikoki jadanik posible da Tagzania erabiltzea beste mapa zerbitzari batzuekin, horretarako hack txiki bat nahikoa da, helbidearen atzetik map parametroa jarriz. Hona hemen zenbait adibide:
Beste aukera batzuk ere badaude, baina horiek dira nagusiak. Ea nork aurkitzen duen besteren bat! ;-)
Juan Carlos Perez (Itoiz) Elgetan
Espaloia
Jendeak flipatu egiten du joaten den lehenengo aldian. JC Perezen musikariei ere gertatu zitzaien (berak esan zuen) eta gustora egon ginen, sofan jarrita, Gonzalo Tejadarengandik 2 metrotara. Oso gertuko kontzertuak izaten dira. Hain gertu jartzen gara, soinuaren kalitateak ere galtzen duela apur bat, ez dugulako teknikoak egindako nahasketa entzuten. Baina merezi du benetan hor aurrean egoteak. Eta lehentasuna soinuari eman nahi dionak, bost metro atzerago jarri besterik ez dauka, Elgetan zerbait baldin badago, soinu ona da eta!
Bukatutakoan segituan hustutzen da eta horrek ematen du musikariekin kontaktua izateko aukera, lotsatia ez bada bat behintzat. Zoragarri berriz ere. Zorionak Iban eta Villarribatar guztiori!
Abentura
Beti gertatzen da zerbait Elgetako kontzertuetan. Batzutan elurra, bestetan musikariak ezagutzeko aukera eta abar. Atzokoan ere izan zen zerbait.
Etxera gindoazen Bergaratik, Elgetan bokadilo bat jan ondoren. Ubera pasatu eta berehala bihurgune baten ondoren, ilunpean, zuhaitz batek errepidea guztiz moztuta zuela konturatu nintzen. Zapaldu nituen frenoak sakon, eta ABSa klak-klak-klak entzun nuen. Ongi geratu zen autoa, baina izugarrizko beldurra sartu zitzaidan, ea atzekoak ikusiko ninduen. 112-era deitu eta minutu pare batetara etorri zen lehenengo autoa atzetik, eta ondoren beste hiru edo lau. Maialen joan zen abisatzera zer gertatzen zen, zuhaitza ikusi ere ez zen egiten ia. Juan Carlos Perez bera zen gure atzetik zetorrena!
Ni zuhaitza bidetik kentzen saiatu nintzen, eta hara non ikusten dudan nere burua Fernan Irazoki eta Juan Carlos Perezekin zuhaitz hori bidetik kendu nahian! Imajinatzen duzue? Juan Carlos Perez kontzertu batean azkeneko aldiz 1985 edo 1986an ikusi nuen, eta atzo berarekin bukatzen dut euripean zuhaitz bat kentzen. :-)
Beste auto batetik norbaitek atera zuen aizkora txiki bat eta horri esker karril bat garbitu ahal izan genuen, eta aurrera! Handik 200 metrotara ikusi genuen Ertzantzaren autoa, zuhaitza zegoen tokira zihoala.
Kontzertua
Gauza pertsonala da eta berak jakingo du hobeto, baina badut sentsazioa JC Perez beti Itoizengandik ihesi dabilela. Musikari onak ziren denak eta kontzertua ederra izan zen (argazkiak Juan Carlos Perez Elgetan ), kexarik ez, baina kontzertu guztian zai egon nintzen, ea noiz hartuko zuen Telecasterra (pianoarekin aritu zen gehien bat). Esango nuke berak ere asko disfrutatu zuela gitarra eskuan, agian hor barruan izango du har bat, eta horri jaten ematen arituko zen agian. Itoizaleoi kontzesio bat egin zigun bisetan, Ezekielen prophezia kantatuz. Esango nuke kontzertuaren puntu altuena hori izan zela, eta Ibanek ere hala sentitu zuen. Hala ere berriz egoera kontrolatu eta hor bukatu zuen kontzertua.
Kontua da niri azken diskek ez didate barrua gehiegi betetzen. Hau berua eta tenpo erdiko kantu horiek bai, baina beste piano jazzero ambiental horiek ez hainbeste. Nostaljiko astun bat izango naiz, baina nik Astelehen urdin batean entzun nahi nuen, eta sentsazioa dut nostaljikoei ere ihes egin nahi digula JC Perezek.
Musikari sortzailearen ikuspegitik jarrera oso kontsekuentea iruditzen zait, eta asko baloratzen dut bide berriak bilatze hori, baina bihotzak beste zerbait eskatzen dit. Ezer berririk ez luketela aportatuko diote beraiek, ez dakit, baina ni bezalako nostaljiko asko izugarri poztuko ginateke Juan Carlosek Itoizen zenbait kantu kantatuko balitu, Telecasterra eskuan.
Gustora egon ginela! Hona hemen sorpresatxo bat, Ezekielen prophezia kantuaren zati bat bideoan:
Baja emateko konfirmazio eske
Aspaldian boletin batekin espameatu naute, nik izena eman edo eskatu gabekoa. Intereconomia irrati kateko Internet zerbitzutik. Zein helbidetara? auskalo. Nik Gmailen jasotzen ditut mezuak eta kasu horretan ez nekien konfiguratuta ditudan zein helbidetatik bidaltzen zidaten.
Gaur mezu bat jaso dut beraiengandik. Gutxi gora behera honakoa:
"Buletinaren izena aldatu dugu eta hemendik aurrera bidaltzen jarraituko dugu. Orain La Nacion izena izango du. Ez baduzu jaso nahi, deitu edo erantzun mezu honi, bestela jarraituko dugu txapa bidaltzen"
??? WTF! Sutan jartzen naute honelako jokaerek. Hotzean pentsatuz ez du merezi horrelako txikikeriekin haserretuta ibiltzeak, baina ezin aguantatu momentuko beroa.
Kontua da nik ez diedala nire daturik eman eta ez diedala eman nahi. Telefonoz deitu edo idazten badiet baja eskatuz, ari naiz jadanik nire helbidea ematen. Beraien jokaera okerragatik.
Buletin batetara jendea harpidetzean, jokaerak kontrakoa izan behar du: "Buletin hau martxan jarri behar dugu. Harpidetu nahi baduzu, klik hemen" edo horrelakoak. Oker ez banago legediak ere hori dio, eskaera positiboa izan behar dela, eta ezer esaten ez bada, ezezkoa dela.
Kontua da telefonoz Madrilgo neska batekin bronkan bukatu dudala. Nik bere arazoa ulertzen dut, nola emango dit baja, ez badiot nire daturik eman nahi? Baina arazoa ez dut nik sortu, beraiek baizik. Amenazo egin diet APD-n denuntzia jarriko diedala baina hala ere berean jarraitu du... eta nik neurean, noski ;-)
Soluzioa? Gmail-en spam moduan markatzen hasiko naiz etortzen zaizkidan guztiak. Halako batean Gmailek erabakiko du ez dudala berriz horrelakorik nahi eta "baja" emango dit. Bien bitartean Madrilen exekutiboren batek Powerpoint batean grafiko bat aurkeztuko du, harpidedunen kopuruaren hazkunde izugarriaz.
Baina zein tontok nahi du ni bezalako harpidedun erretxindu bat, blogean kontra idatziko diena?
Gaiaz gehiago hemen: Buletinen lehen eguna
World Plone Day 2008
Mundu osoan ospatzen zen Plone eguna eta beste 30 tokitan egin ziren jardunaldiak, Jamaica, Argentina, Taipei edo Munchenen adibidez. Helburua Ploneren zabalkundea zen, jende gehiagorengana iritsi eta darabiltenek elkar ezagutzea, komunitatea bultzatuz.
Plone zer den
Plone edukiak kudeatzeko sistema bat da, webguneak erraz editatu eta publikatzeko sistema bat. Software librean egina dago eta urte luzez garatu denez oinarri sendoak ditu. Webgune hau bera (Eibar.org) sistema horrekin garatuta dago.
Hitzaldiak
Ostiralean zenbait hitzaldi eman genituen bulegoan: Plone zer den eta zertarako balio duen, zein webgune dauden Plonerekin eginda munduan eta nola instalatzen den. Aukera erabiliz, marketing eta analitiken inguruko pare bat hitzaldi ere eman genituen interesa zutenentzat.
Bukaeran inkesta bat betetzeko eskatu genien inguratu ziren guztiei. Gure helburua da etorkizunean Plone egunaren aitzaki beharrik gabe beste jardunaldi batzuk antolatzea, guretzat oso aberasgarriak bait dira honelako egunak.
Eskerrik asko etorri zineten guztioi eta etorri ez zinetenok hurrengoan animatu! Enpresako blogean duzue informazio gehiago eta baita aurkezpenetarako lotura ere: Plone Eguna, munduan eta Euskal Herrian
Podometroa
Nola jakin ume batek zapatak txikiak dituen? Eta nola jakin zein tamainako oina dugun? Erantzuna podometroa da. Baina zergatik da hain ezezaguna eta zergatik ez da egoten honelako tresna zapata denda guztietan?
Gure etxean oinetakoak saldu izan ditugulako beti izan dugu tresna hori eskura:
Lehenengo oina neurtu
Gero oinetakoa neurtu
Simulazioa, ikusteko nola neurtzen den oinetakoa barru aldetik.
Oinetakoen zenbakien zoramena
Teorian, oinetakoen zenbakia zehaztea erraza da, zenbaki europarretan behintzat uste dut hau dela norma:
2 Zentimetro = 3 zenbaki
Baina errealitatean, marka batzuetan zenbakiak handiagoak dira eta beste batzuetan txikiagoak.. Gaur 43-a soberan daukagu eta bihar 45-ean ez zaigu oina sartzen!
Horregatik uste dut tresna hau oinetako denda guztietan egon beharko litzatekeela, norberari dagokion oinetakoa di-da batean aurkitu ahal izateko.
Nahi gabe, Wikipedian laguntzen
Duela zenbait hilabete Euskadi Irratiaren estudioetan izan nintzen, teknologia berrien inguruko kolaborazioa egiten. Hasi aurretik sakeleko telefonoa hartu eta Manu Etxezorturi argazkia atera nion estudio barruan. Gero Flickr-en kargatu nuen:
Hara non, norbaitek argazki hori aukeratu duen Wikipediako Euskadi Irratiari buruzko artikulua ilustratzeko. Zein eta argazki hori!
Ez ote da sarean hoberik egongo?
Lizentzia kontua
Uste dut aukeraren arrazoia garbia dela: argazkia Creative Commons BY lizentziarekin publikatu nuela. Lizentzia horri esker edozein proiektutan erabili daiteke argazkia, beti ere nire izena aipatzen baldin bada.
Orduan, nire alferkeria gaindituz eta nik jakin gabe ere, Wikipediarekin kolaboratzen ari naiz. Ez da polita? ;-)
Flickr edo Argazkiak.org
Klik txiki bat da, argazkia lizentzia libreekin eskaintzea. Flickr-en hori egin daiteke argazki bakoitzean zehaztuz.
Argazkiak.org-en kasuan, webgunean kargatzen diren argazki guztiak dira libreak, eta beste edonon erabili daitezke, beti ere bertako Creative Commons-aitortu-partekatu (BY-SA) lizentzia errespetatzen baduzu.
Argazkilari entziklopedista
Honetan pentsatuz, azken egunotan bisitatu ditudan tokietan filosofia hori erabili dut, eta artxibo modura atera ditut zenbait argazki, familiako argazkietaz haratago: azken egunotako argazkiak Norbaitek behar baditu zerbaiterako, hor dauzka, beti ere lizentzia errespetatuz!
YTB: YouTube Telebista
YTB edo YouTube telebista da, egia esan YouTube, EuskalTube edo beste edozein bideo webgune. Gai bat aukeratu, bilaketa egin eta gero erlazionatutako bideoak ikusiz orduak pasa daitezke YouTuberekin. Gure seme alabek ederki ikasi dute tresna manejatzen, pantaila osora, noski!
Argazkiak.org | Youtube telebista © cc-by-sa: garaolaza
Dinosaurioen liburu bat ikusten ari ginen eta han azaltzen ziren nola jaiotzen ziren arrautzetatik. Antzerako zerbaiten bila krokodilo baten jaiotza aurkitu nahi izan dugu YouTuben; dordokatxoak ikusi ditugu jaiotzen eta ondoren txakurkume polit-politak. Afal ondoren klasikoetara jo dugu: Chip eta Chop (edo Chip n'Dale) katagorrien ipuinak.
Nahi duzun programa, nahi duzun unean!