Juan Carlos Perez (Itoiz) Elgetan
Espaloia
Jendeak flipatu egiten du joaten den lehenengo aldian. JC Perezen musikariei ere gertatu zitzaien (berak esan zuen) eta gustora egon ginen, sofan jarrita, Gonzalo Tejadarengandik 2 metrotara. Oso gertuko kontzertuak izaten dira. Hain gertu jartzen gara, soinuaren kalitateak ere galtzen duela apur bat, ez dugulako teknikoak egindako nahasketa entzuten. Baina merezi du benetan hor aurrean egoteak. Eta lehentasuna soinuari eman nahi dionak, bost metro atzerago jarri besterik ez dauka, Elgetan zerbait baldin badago, soinu ona da eta!
Bukatutakoan segituan hustutzen da eta horrek ematen du musikariekin kontaktua izateko aukera, lotsatia ez bada bat behintzat. Zoragarri berriz ere. Zorionak Iban eta Villarribatar guztiori!
Abentura
Beti gertatzen da zerbait Elgetako kontzertuetan. Batzutan elurra, bestetan musikariak ezagutzeko aukera eta abar. Atzokoan ere izan zen zerbait.
Etxera gindoazen Bergaratik, Elgetan bokadilo bat jan ondoren. Ubera pasatu eta berehala bihurgune baten ondoren, ilunpean, zuhaitz batek errepidea guztiz moztuta zuela konturatu nintzen. Zapaldu nituen frenoak sakon, eta ABSa klak-klak-klak entzun nuen. Ongi geratu zen autoa, baina izugarrizko beldurra sartu zitzaidan, ea atzekoak ikusiko ninduen. 112-era deitu eta minutu pare batetara etorri zen lehenengo autoa atzetik, eta ondoren beste hiru edo lau. Maialen joan zen abisatzera zer gertatzen zen, zuhaitza ikusi ere ez zen egiten ia. Juan Carlos Perez bera zen gure atzetik zetorrena!
Ni zuhaitza bidetik kentzen saiatu nintzen, eta hara non ikusten dudan nere burua Fernan Irazoki eta Juan Carlos Perezekin zuhaitz hori bidetik kendu nahian! Imajinatzen duzue? Juan Carlos Perez kontzertu batean azkeneko aldiz 1985 edo 1986an ikusi nuen, eta atzo berarekin bukatzen dut euripean zuhaitz bat kentzen. :-)
Beste auto batetik norbaitek atera zuen aizkora txiki bat eta horri esker karril bat garbitu ahal izan genuen, eta aurrera! Handik 200 metrotara ikusi genuen Ertzantzaren autoa, zuhaitza zegoen tokira zihoala.
Kontzertua
Gauza pertsonala da eta berak jakingo du hobeto, baina badut sentsazioa JC Perez beti Itoizengandik ihesi dabilela. Musikari onak ziren denak eta kontzertua ederra izan zen (argazkiak Juan Carlos Perez Elgetan ), kexarik ez, baina kontzertu guztian zai egon nintzen, ea noiz hartuko zuen Telecasterra (pianoarekin aritu zen gehien bat). Esango nuke berak ere asko disfrutatu zuela gitarra eskuan, agian hor barruan izango du har bat, eta horri jaten ematen arituko zen agian. Itoizaleoi kontzesio bat egin zigun bisetan, Ezekielen prophezia kantatuz. Esango nuke kontzertuaren puntu altuena hori izan zela, eta Ibanek ere hala sentitu zuen. Hala ere berriz egoera kontrolatu eta hor bukatu zuen kontzertua.
Kontua da niri azken diskek ez didate barrua gehiegi betetzen. Hau berua eta tenpo erdiko kantu horiek bai, baina beste piano jazzero ambiental horiek ez hainbeste. Nostaljiko astun bat izango naiz, baina nik Astelehen urdin batean entzun nahi nuen, eta sentsazioa dut nostaljikoei ere ihes egin nahi digula JC Perezek.
Musikari sortzailearen ikuspegitik jarrera oso kontsekuentea iruditzen zait, eta asko baloratzen dut bide berriak bilatze hori, baina bihotzak beste zerbait eskatzen dit. Ezer berririk ez luketela aportatuko diote beraiek, ez dakit, baina ni bezalako nostaljiko asko izugarri poztuko ginateke Juan Carlosek Itoizen zenbait kantu kantatuko balitu, Telecasterra eskuan.
Gustora egon ginela! Hona hemen sorpresatxo bat, Ezekielen prophezia kantuaren zati bat bideoan:
Gari, neri ere iruditzen jata, Itoizengandik ihesi bezela dabilela. Nere sensazioarekin asmatu dozu betebetian. Eta ez dot gainera eroso ikusten ihesaldi horretan... Pisu haundiko harrixa ete da Itoiz? gu desde luego fan haundixak gara, eta bere bakarkako lanak ere gertutik jarraitu ditugu. Disfrutau dogu Hau beru eta Atlantic Riverrekin... baina gehixaotan ikusi nahi dogu programauta, kontzertu luzeagotan, eta orduan rankaranka gitarra gehixao raskauko dau, eta partituretatik areago, har hori kentzea lortuko dogu denok!