Ikasitakoa desikasten ikasten
Erdibidean? Ni pa dios
(beste purrustada bat, microblogging egin beharko nuke)
Iturrinean irakurri dut erdibidearen inguruan , erdibidean omen gaude bai 18/98 kasuarekin eta bai bi goardiazibilen hilketarekin etsita gelditzen garenak.
Nik uste dut kontrakoa dela. Erdibidean daudenak dira gertaera batekin sumindu eta bestea ulertzen saiatzen direnak. Nire ustez barrikadaren alde berdinean daude 18/98ko gartzelaratuak eta bi goardiazibil eta beraien familiak: biktimen aldean. Nik barrikadaren alde horretan sentitzen dut nire burua.
Arrikrutz, Oñatiko kobazuloak
Gaur planik ez geneukan eta goizeko 9tan irakurri dut Nire etxeko leihoan blogean Arrikrutzerako txangoa . Bi aldiz pentsatu gabe lagun batzuei deitu eta hara joan gara. Benetan merezi du joateak. Familia guztiarentzat egokia, gure bi urteko Olatz ongi ibili da eta oso momentu puntualetan hartu behar izan dugu besoetan.
Zenbait informazio erabilgarri:
- Aurretik deitu eta erreserbatu . Gure kasuan goizez ez zegoen tokirik eta arratsaldean joan behar izan dugu.
- Bazkaltzeko toki majoa, merke eta etxekoa, Etxeberria Jatetxea , Oñatiko plazatik oso gertu, 11 Eurotan jan dugu menua. Umeekin joateko ere ardura handirik gabe. Egongo da beste toki hoberik, baina hori aurkitu dugu orduerdian, Oñatiko Turismo bulegoan eman diguten jatetxe zerrenda bati esker. Beste tokiren bat gomendatu nahi badiguzu, bota erantzunetan.
- Araotzen ez dago tabernarik ere ez. Toki oso polita ikusteko eta buelta bat emateko, baina ez espero han bokadilo bat jateko tokirik aurkitzerik.
Euskadi Irratian
Atzo Donostian ikastaro bat neukala eta, Faktoriako saioa Miramoneko estudiotik egin nuen gure bulegoko bilera gelatik egin beharrean. Aukera ona izan zen Ainara, Oihane eta beste Faktoriatarrak ezagutzeko, (lehendik ezagutzen nituen Manu eta Jone). Lastima ez nik eta ez beraiek ez genuela denbora askorik. Hurrengoan izan beharko. Hemen uzten dizuet estudioan izan nuen bista:
Gogoratu irratsaio guztiak podcast moduan publikatzen ditudala. Badakit Euskadi Irratia ari dela podcast sistema prestatzen, baina bitartean hementxe duzue Teknosexua Faktorian Podcast-a
Pirateoaren paradoxa
Gai interesgarria dakar La Petite Claudinek pirateatzearen inguruan, berak Newyorker-en irakurri du.
Gutxi gora behera hau da teoria: modak beharrezkoa du pirateria.
Zergatik erosiko dut jertse berria aurreko urtekoa oraindik ongi badaukat? Modaz pasatu delako.
Eta zergatik pasa da modaz? Kalean ehunaka pertsona ikusten dituzulako zure jertse berdinaz, arropa fabrika guztiek egin dutelako modelo hori edo oso antzerakoa.
Beraz, modaren industriak aurrera egin nahi badu kopiatze asko behar da (moda kopiatzearen zentzuan ulertuta). Horrela, marka esklusiboek erraz salduko dituzte urtero produktu berriak eta bigarren mailako markak saiatuko dira beti modan egoten marka garrantzitsuen produktuak kopiatuz.
OpenSocial - Behin bakarrik eman izena
Facebook-ek erakarri ninduen arrazoi berdinagatik ekarri nahi dut hona OpenSocial .
Gehiena gaur goizean azaldu dut Euskadi Irratian . Fidatuko gara?
EITB mesedez: erraztu gauzak!
Nere ohe-laguna ( marijok esaten duen moduan , nahiz eta oso definizio motza den) Luis Rojas Marcos sikiatraren jarraitzaile sutsua da eta atzo ezin izan zuen Radio Euskadin egin zioten elkarrizketa entzun. Erregalatzea pentsatu dut, bere MP3an entzun dezan kirola egitera doan hurrengoan. Ondorengo pausoak eman behar izan ditut:
- Webgunera joan eta elkarrizketan klik egin.
- Audioa gelditu eta Ktrl-U Firefox-en, orriaren iturburu kodea ikusteko.
- mms://... bidez hasten zen lotura kopiatu
- Microsoft-en asf fitxategia deskargatzen jarri
- asf fitxategia, wav formatura bihurtu
- Lame erabiliz, wav fitxategia mp3-ra bihurtu.
Nola egiten dudan, azaldu dut lehenago ere: Nola grabatu irratiko programa bat Internet bidez Ubuntun
EITBko lagunei eskaera: hau ezin da errazago jarri? Zergatik ez duzue zuzenean mp3, ogg edo dena delako fitxategia jartzen, ahal bada formatu ireki eta libre batean?
Mplayerren mezuak
Bestalde, lan honek mezu polit bat irakurtzeko aukera eman dit. Mplayerrek emandakoa:
Everything done. Thank you for downloading a media file containing proprietary and patented technology. Core dumped ;)
Eguneraketa (2007/10/28): Hara non aurkitu dudan fitxategi asko mp3-an dituztela. Zerbait asmatu beharko dugu hau errazteko, jakinik hortxe dagoela soluzioa:
Berrikuntzak B5M zerbitzuan
Gipuzkoako Foru Aldundiaren B5M mapa zerbitzua da kanpoko ikuspegi batetik inguru hauetan administrazio batek informazio geografikoaren inguruan egindako lanik onenetakoa, eta gainera, egunez egun hobetzen doana.
Gaurkoan feature berri bat aurkitu dut: aireko irudien alderatzailea (parekatu esaten diote beraiek, baina nik nahiago dut alderatu esatea).
Dakizuenez, airetik argazkiak atera eta webgunean jartzen dituzte. Bada oraingoan, urte desberdinetan ateratako irudiak bata bestearen gainean jarri eta konparatzeko tresna jarri dute martxan. Ikaragarria!
Sistema honekin ikusi dezakegu non moztu diren basoak, zure auzoko batek zein urtetan egin zuen igerilekua bere txaletean edo gure lantokiaren ingurua nola aldatzen ari den, autopista irteera eta guzti. Ikaragarria! Zorionak B5M-ko taldeari!
Zuk zeuk ikusi tresna, bertara joanda: Azitain ingurua, B5M webgunean
Geroz eta blogari gehiago medio tradizionaletan
Pixkanaka irabazten ari gara. Orain arte hain sarri kazetari profesionalak vs. blogari afizionatuak konparaketaren inguruan entzun behar izan dugu. Denbora asko ematen duela blog bat idazteak, endogamia dela, kuadrila edo komunitatea garen eta abar entzun ditugu.
Gauza da geroz eta blogari gehiagori deitzen digutela medio tradizionaletik. Zerrendan azkena Imamon da, eta hark osatu du zerrendatxoa . Seguru badela hor zehar gehiago, herri aldizkarietan eta abar.
Oraingoz gehienetan teknologia berrien txokoa eta antzerakoak betetzen ari gara, baina marea zabaltzen doa eta geroz eta gauza gehiagorako deitzen joango dira, bai irrati, telebista eta bai prentsatik.
Eta hori dena zergatik? zer esan badugulako, iritzia dugulako eta publikatzera ausartzen garelako, lotsa gutxi dugulako, ideiak antolatu eta kanporatzen ikasi dugulako. Agian hau dena ez da guztiz egia nire kasuan, urliarenean edo zeurean, baina denon artean ahots desberdinen korua osatzen dugu, eta balio dugu. Guk badakigu hori eta medio tradizionaletakoei erakusten ari gara.
Ostiraleko saioa podcastean
Ostiraleko Faktoriako saioa jarri dut podcastean . Grabazioak huts egin zidan eta Euskadi Irratitik bertatik bidali didate. Mila esker.
Bestalde, ez dakit podcasta kargatzen dudan bakoitzean hemen abisatu beharko nukeen ala ez. Hasieran abisatuko dut, baina kontutan izan han ere badela Podcast-aren RSSa
Gaur: Los reyes del K.O. Elgetan
Gerturatzeko aukera baduzu, ez galdu gaur gaueko kontzertua Elgetako Espaloia Kafe Antzokian : Los Reyes del K.O. .
Musikari onak, handikeriarik gabe. Gainera zuzenean entzuteko aukera gutxi izaten da inguruotan, normalean Alemanian ibiltzen dira eta.
Ia edonori gustatzeko bezalako moduko musika egiten dute, gaur egungo edozein estiloren barnean bluesa dago eta.
Bideo bat uzten dizuet, Michael Jacksonen The way you make me feel