Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Ikasitakoa desikasten ikasten

Nola mugitu fitxategiak bi ordenagailuren artean

Gari Araolaza 2012/06/30 22:25
(Ubunturekin, noski) Sarritan bi ordenagailuren artean hainbat fitxategi mugitu behar ditugu. Bide azkar eta sinpleena hauxe da:

Zabaldu terminal bat eta mugitu fitxategiak dauden karpetara cd erabiliz. Gero, zerbitzatu direktori hori web zerbitzari moduan, ondoko komandoaz:

python -m SimpleHTTPServer

Beste makinan, zabaldu nabigatzailea eta joan helbide honetara:  http://zerbitzariaren-ip-a:8000/

Voila! Python rulez!

Hemendik ikusi eta itzulia: How can I transfer files between two Ubuntu computers on a LAN without installing additional software?

Arditurrira bizikletan

Gari Araolaza 2012/05/07 11:18
Larunbatean bizikleta ibilaldi polita egin genuen, Oiartzungo Arditurrirainoko bidegorrian.

Eibar aldetik inbidia handiaz ikusten ditugu inguruan egiten ari diren bidegorri guztiak. Azkenaldian probatu ditut Markinakoa, Soraluze-Bergara, Urkulu, Azkoitia-Zumarraga, Plazaolakoa eta larunbat honetan Arditurrikoa. Etxetik bizikletan ateratzeko aukera ematen diguten arte, bizikletak autoan sartu eta hor ibiltzen gara batera eta bestera.

Arditurriko bidegorria

Arditurrikoa bereziki gustatzen zait, batez ere azken loturekin posible delako Donostiako Boulebarretik Arditurriraino bizikletan umeekin joatea. Alderantziz planteatu daiteke agian: bidegorria erabiltzea Donostiako erdigunera egunpasa iristeko. Pagotxa: arriskurik gabeko 18 kilometro inguruko bidea.

Larunbatean Kisale bizikleta dendak irteera antolatutako irteeran parte hartu nuen (CodeSyntax gure enpresa Kisale dendaren parte da). Nere umeen adinagatik ibilbidearen tarte bat egin genuen bakarrik, baina oso gustora! Gero, Oarsoaldeko turismo erakundeak gonbidatuta, hamaiketakoa egin genuen Olaizola jatetxean, eguzkia ere irten zen, umeak errekan jolasean... Ederra plana!

Olaizola jatetxean hamaiketakoa

Hurrengorako gelditzen zaizkigu Arditurri mehazuloetarako bisita eta Artikutza ezagutzea, baina horietarako prebisio handiagoa behar izaten da, eguna eta ordua lehenago hartu behar izaten direlako.

Laburbilduz Oiartzun inguruan gustatzen zaizkidan tokiak:

 

Argazkiak: Mikel Lizarralde (CC-BY-SA)

Nafarroako gazteluak ezagutzeko aukera

Gari Araolaza 2012/04/10 23:54
Apirila osoan, maiatzak 6 arte, Nafarroako hainbat gaztelu eta jauregi doan ezagutzeko aukera duzue.

Nafarroako gobernuan antolatutako "Agur gaztelukoari!!" ekimenaren barruan, hainbat jauregi eta gaztelura bisita egin daiteke.

Aste santuan egin diegu bisita Amaiurkoari eta Iruritakoari. Biak ere oso-oso interesgarriak. Gida biak historian oso jantziak, detaile eta gusto guztiz azaldutakoa gainera. Aprobetxatu asteburua eta egin buelta, merezi du eta.

Gaztelu horietako asko bisitatu datezke beste garaietan, baina normalean 5 euro inguruko sarrera kobratzen da kasu bakoitzean.

Nafarroako gobernuak beraien webgunean jarri du zein gaztelu diren eta nola egin behar den erreserba. Berriro diot: aprobetxatu!

Agur gaztelukoari! Azalpen eta egutegi osoa

Autismoa: jabetzea ongi dago, baina gehiago behar da

Gari Araolaza 2012/04/03 10:43
Egun hauetan izan da autismoaren egun internazionala. Hainbat artikulu ikusi dut mediotan, Boing-boing-ekoa iruditu zait interesgarria.

Autism: awareness isn't enough artikuluan aipatzen da Steve Silberman ikerlaria, eta bi puntu azpimarragarri irakurri ditut:

Lehen baino autismo gehiago dago?

Autismoa goraka joan da azken urteotan. Urtero kasu gehiago diagnostikatzen ari dira; une honetan AEBtan 88-tik batek omen du autismoa. Batzuentzat hori albiste txarra da, eta hortik atera dira oinarri gabeko hainbat teoria, txertoek eragiten dutela eta abarrekoak.

Baina zientzilarien ustetan, diagnosia da aldatu dena, eta horrek dakar goizago eta hobeto diagnostikatzea autismoa. Eta hori albiste ona dela uste dut. Izan ere, zenbat diagnostikatu gabeko autismo egongo da hor bazterretan?

Nola tratatzen ditu gizarteak?

Autismoaren arazo nagusia Silbermanen ustetan, gizarteak autismoarekin duen erlazioa da. Umeen kasuan bideratzen ari dira gauzak, baina haur horiek nagusitzen direnean adaptazio arazoak izaten dituzte. Gizartearen jokaera arrunta desberdintasunak azaleratzea da, desberdintasun horiek onartu eta integratu beharrean. Gainera, diru gehienak bideratzen omen dira autismoa ikertu eta prebentziora. Aldiz, gizarteratzean sortzen dira arazo handienak eta horretarako ez dago dirurik.

Izan ere, errespetua, laguntza eta inklusioa dira askoz garrantzitsuagoak, berez okerrik ez duten umeak sendatzen saiatzen ibili beharrean.

Herri bakoitzean errausgailu bat

Gari Araolaza 2012/02/26 10:21
Zaborrez beteta gaude eta hala ere inguruan ez dut sentsibilitate handirik nabari. Badirudi oraingoan ere "arazoa konpon diezadatela" dela jendearen erantzuna.

Eibarren berriki ezarri dute kale batzuetan kontenedore marroia. Oraingoz aukerakoa da, norberak erabakitzen du birziklatu nahi duen ala ez. Niri ez zait tokatu, baina tokatu zaion norbaiti entzun diot bere pegoran gutxik hartu dutela aukera hori.

Ez gaude mentalizatuta. Zaborrak gureak dira, ez dira inorenak. Guk botatzen ditugu janari, patata azal, plastiko eta yogur poteak. 

Bi aukera ditugu: arazoa guk konpondu edo norbaiti (asko, izugarri!) ordaindu lan hori egin dezan. Nik uste dut ohitura kontua dela, eta horrela denez, hobe ohiturak aldatzea, ala?

Proposamen bat: Foru Aldundiak planifikatu ditzala errausgailu txikiak, ia herri bakoitzean. Kontzientzia batzuk esnatuko ditu, ala?

Argazkian, gure enpresako bulego parean dauden Azitaingo errausgailu zaharrak. Errausgailuak ez dira atzo gaueko asmakizuna.

Eibar - Incineradora

Eskerrik asko ghettolagunei

Gari Araolaza 2012/02/04 11:02
Atzo gertatutakoarekin eskerrak eman beharrean nago. Zenbat komentario, retuit eta erantzun! Mila esker denori.

Herenegun gauean artikulu hau idatzi nuen: Si hablas en euskera no sales en ETB2  eta espero gabeko erantzun ona jaso nuen atzo, Twitterren, Facebooken eta abarretan. Oso sorpresa polita izan zen, jende askoren babesa sentitu nuen. Kultura sailburu berak gaia aztertuko zuela esan zidan eta alderdi batek galdera egingo omen du legebiltzarrean gai honen harira. Eskerrik asko denori.

Kontua da nere helburu nagusia ez zela salaketa egitea. Ni ez naiz jokaera hori azaleratu duen lehenengoa eta ez dut uste niri gertatutakoa kasu larriena denik. Euskaldunon ghettoan (erdi serio jartzen dut ghetto hitza) gai ezagun eta arrunta dela iruditzen zait. Azkena atzo bertan aipatzen zuen Facebooken Marijo @desplazatuak, nola Abadiñoko Sanblasetako feriako baserritarrek euskaraz eta gazteleraz eman zituzten hitzak, ETB1 eta ETB2rako.

Nik artikulu hori gazteleraz idatzi baldin banuen, nire sare sozialetako kontaktu baskoentzat izan zen (EHn bizi direnak baina normalean euskaraz jarduten ez dutenak). Nahi nuen ea beraiek ulertzen zuten egoera. Ez da munduko arazorik larriena, arantzatxo bat da, baina beraien pauso bat ikusi nahi nuen, euskarari ongietorria ematen, ulertzen zutela gaia eta babesa ematen.

Baina keba... ez du ezertarako balio. Ez dut ia baskorik identifikatu atxekimenduen zerrendan. Sare sozialetan euskaraz idazten badut jende horrek ez du normalean ez aipamen eta ez erreakziorik izaten. Ikusezina bihurtzen naiz beraientzat. Hizkuntza kontua zela uste nuen, baina atzoko artikuluarekin berdina gertatu zait. Nik gazteleraz idatzi eta nork erantzun dit? Euskaldunen ghettoko kolegek.

Ondorioa: lagun horiengana iritsi nahi badut beharrezkoa da: gazteleraz idaztea eta idatzitako gaiak euskararekin zer ikusirik ez izatea, ez daitezen deseroso sentitu.

Ez dakit nola apurtu konpartimentazio eta isolamendu hori. Nahi nuke.

Kontenedore arriskutsua

Gari Araolaza 2011/10/13 21:25
2011ko maiatzean kontenedore honekin behatz txikia moztu nuen

2011ko maiatzean kontenedore honekin behatz txikia moztu nuen, nirea ez zen kartoi bat botatzera nindoala. 4 punto eman zizkidaten eta orain dela gutxi arte ez dut sentsibilitatea berreskuratu. 

Istripua izan eta hurrengo lanegunean eman nuen abisua Debabarreneko Mankomunitatean. Kasurik ez zidatenez egin, bi hilabete ondoren gogorarazi nien beste idatzi batekin. 

Bada, bost hilabete geroago, urria erdialdean, oraindik ez dut beraien notiziarik eta kontenedoreak han jarraitzen du azenarioak moztu nahi dituen edonorentzat prest.

Karroza bat bihurtzen ari naiz

Gari Araolaza 2011/09/05 07:40
Umetan, "carroza" hitza musikarekin lotzen nuen batez ere, musika zaharkitua gustatzen zitzaion jendeari deitzen genion "carroza"

Jovenes carrozas

Musika asko gustatzen zait, garai batzuetan ez dut besterik izan buruan, gelan sartuta, gitarra eskuan. Horregatik azkenaldian beldurtzen ari naiz, gaur egungo musikaz geroz eta desentxufatuago nagoelako. Ez dut gaur egungo musikarekin konektatzerik lortzen. Eta saiatzen naiz!!

Azkena atzokoa: Wilco taldeak diska berria atera du, eta atzoko egunez disko osoa doan entzuteko aukera eman zuten. Wilco ezagutzen ez duzuenontzat, gaur egungo musikan IN egoteko behar-beharrezko erreferentzia da. Ez nago ziur, baina uste dut elkarrizketa batean Benito Lertxundi berari irakurri niola Wilco entzuten zuela (ala amestu egin dut?).

Deskargatu nituen Wilcoren kantuak, eta entzuten saiatu nintzen atzo, baina ez. Ez zidan txisparik egin. Ez zidaten eguna poztu, ez dut Wilcoren musika ulertzen. Hurrengo egunotan ere saiatuko naiz, ea gauza hobetzen den. Bitartean, Twitterren Wilcorenganako gorazarre besterik ez nuen irakurtzen ( Anamalagon, LoveOf74, edo Ricardo Aldarondo

Pena ematen dit trena galtzeak, badakit musika horretan gozamena egongo dela, (ni harrapatzera iristen ez banaiz ere). Ba, berriz saiatuko naiz, ea zerbait aurkitzen diodan ala Radiohead, Moby, Interpol edo beste hainbat bezala gelditzen zaizkidan biltegian.

Bitartean, jarraitzen dut musika klasikoarekin gozatzen. Irailaren 23-an MrBig Barakaldon, Azaroan Yes Madrilen, eta auskalo beste zein kontzertu harrapatuko dudan tartean. Oraintxe bertan, nere bozgorailuan, benetako musika klasikoa. Hauxe:

ETB1-ean, sare sozialen pribatutasunaren inguruan

Gari Araolaza 2011/09/02 08:10
Egosurfing pixka bat. Atzo ETB1-ean izan nintzen, Euskadi Tropikala programan sare sozialen eta bereziki Facebook-en pribatutasun arazoen inguruan hizketan.

Nire interbentzioa 59. minutuan hasten da.

Message in a Metro ticket

Gari Araolaza 2011/08/26 15:49
Atzo Bilboko Termibusean atentzioa eman zidan lurrean ikusi nuen zerbaitek, testu bat idatzita zegoen letra txikiz. Hauxe da aurkitu nuena:

Billete con mensaje

 

Este es mi primer billete de metro es Madrid. Ha sido un trayecto cansado. Estoy emocionada y muy nerviosa porque no sé qué va a pasar. Afortunadamente encontré a Sonia quien me salvó de perder el bus a Bilbao.24-08-11

 

Testu polita da eta imajinazioak historia asmatzen lagunduko digu. Ziurrenez etorkinen batek idatzitakoa da testua. Souvenir bat nahi zuen eta galdu egin zitzaion.

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.