Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua / Urtebete liburu elektronikoarekin

Urtebete liburu elektronikoarekin

Gari Araolaza 2012/07/03 13:45
2011ko maiatzean erosi nuen Amazon Kindle liburu irakurgailua. Urtebeteko esperientzia oso positiboa izan da. Urte honetan normalean baino askoz gehiago irakurri dudala garbi dago. Urrun dago liburuaren desagertzea, baina paperezko edizio askorena geroz eta gertuago.

Amazon Kindle bat euskarazko testua irakurtzeko prest

Paperzaleak gustora

Ni teknobedade zalea naiz eta garbi zegoen ongi moldatu behar nintzela. Kontua da inguruan ditudan liburuzale sutsuak direla formato berrira hobekien moldatu direnak. Hasieran "bai baina niri paperaren ukitua gustatzen zait..." esaten zutenak, aldi berean 3 liburu irakurtzen dabiltzanak, horiek daude benetan gustora liburu elektronikoarekin.

Amazonen erosketa esperientzia

Erosketa prozesua oso ongi landuta dauka Amazonek, bai lehenengo erosketa eta bai liburuak beraien sistema bidez erostearena. Batere trabarik gabe, badirudi ordaindu ere ez dugula ordaintzen!

Duela zenbait hilabete Kindlearen pantaila izorratu zitzaidan. Beraiei txat batean idatzi, eta hiru egunen buruan berria neukan etxea. Zaharra itzuli eta listo, ez nuen ezer ordaindu behar izan.

Asko gustatzen zait nola Amazonen liburuaren zati bat eskuratu daitekeen ezer ordaindu gabe, frogarako. Liburua pixka bat irakurri eta gustatzen bazait gero erosteko aukera dago. Gainera dena instantean gertatzen da wifiari esker. Liburua aukeratu eta 10 segundutan irakurtzen hasi zaitezke.

Baina kontuz Amazonekin

Aldi berean, kontuz ibili behar da Amazonekin. Beti ere ziurtatu kontrola zuk duzula. Hau da, liburuak saldu baino, esango nuke "utzi" egiten dizkigutela, izan ere egunen batean beste irakurgailu bat erosten baduzu ez dute harako balioko Amazonen erositako liburuek.

Hori ekiditeko garrantzitsua da liburu elektronikoak kudeatzeko Calibre aplikazioa zure ordenagailuan instalatu eta beraren bidez Amazoneko liburuak beraien DRMtik "askatzea". Bilatu Interneten eta ziurtatu kontrola zure eskuan duzula. Adibidez hemen azalpenak eta hemen deskargak

Kontutan izan Kindlea 100 Euro inguruan saltzen duela Amazonek. Prezio horretan argi dago beraien helburua ahalik eta tresna gehien banatzea dela, gero irabaziak liburuen salmentarekin izango bait dituzte.

Kindle irakurgailua

Amazonen arrakastaren arrazoi handienetakoa da aparatua bera. Arina, bateria luzea, tinta elektronikodun pantaila, kapazitate altua, wifi bidez liburuak deskargatzea eta abar luze bat. Ohean irakurtzeko adibidez, beti izan ditut postura egokia aurkitzeko zailtasunak paperezko liburuekin. Kindlearekin bat ere ez.

Liburuak euskaraz

Iturri onena: Susaren liburu elektronikoak

Liburuen prezioen absurdua Espainian

Izugarri ernegatzen nau honek. Inozoak garela uste dute eta oso sarritan liburu elektronikoa paperezkoa baino euro pare bat gutxiagotan saltzen da edo bertsio ingelesen aldean askoz garestiago. Azken adibidea: Austerren Sunset Park. Euskaraz aurkitzea ez dut espero (paperezkoa bai baina ez digitala) eta Amazonen erostera joan nintzen. Ingelesez 2,29 Eurotan zegoen eta gazteleraz, 7,50 Eurotan. 7 Euro ez da gehiegi, baina horrelako aldearekin haserretu nintzen eta deskarga libreen webguneetan hasi nintzen bila. Ez nuen aurkitu eta horrek libratuko du oraingoz. Horren ordez deskargatu dut ingelesezko muestra, eta gustora irakurtzeko gai banaiz, ingelesez erosiko dut.

 

Hurrengoan idatziko dut nola beste erabilera batzuk aurkitu dizkiodan Kindleari, txuleta moduan eramateko edo RSSak irakurtzeko adibidez.

EGUNERAKETA: DRMa apurtzeko beste erreferentzia bat jarri dut, lehengoan zenbait informazio falta zen eta. Bide batez, Javier Vizcaino kazetariak sufritu du DRMen gaia eta artikulu argigarria jarri zuen bere blogean: Fnac, Kindle, Ebook... Crash!

Amatiño
Amatiño dio:
2012/07/03 17:44
Azken astebeteotan asmo horretan ari naiz, ebooka erosi gurarik alegia, baina egia esan ez nekien nondik nora jo ere. Zuk emandako informazioa interesgarritzat jotzen dut, baina "calibre", DRM eta horrelakoak niretzat baino gehiago dira.
Gerardo L.
Gerardo L. dio:
2012/07/03 18:01
Oso datu interesgarriak. Aspaldi esan nuen tramankulu hauen zabalkuntza ailegatzear zegoela, eta astiro baina hemen daude, eta daukaten guztiak ezin poziago daude. Hortaz...
asier
asier dio:
2012/07/03 23:59
Eta ni ez nauala iñundik iñora harrapau? Baiña ezta piztu bez ixa... Norbere irakurzaletasunak be eragingo dau. Nik gauza raruak irakortzen dittut azkenaldixan, Kindlerako ez dagozenak. Abuztuko oporretan saiakera bat egin bihar dot (maletak larregi ez kargatziarren, besterik ez bada be).
Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2012/07/04 10:47
@Amatiño : Buruhauste gutxi nahi badituzu eta DRMak lorik kentzen ez badizu (eta Amazoneko katalogoarekin konformatzen bazara), aukera onena Kindlea da. Agian inoiz idatziko dut gauza sinple bat DRM eta Calibren inguruan, ea argitzen dudan.

@Gerardo eta @Asier: Benetan merezi du. 100 Euro dira eta ez da arrisku handia.

Joxe Aranzabal
Joxe Aranzabal dio:
2012/07/04 11:54
Oso interesgarria zure artikulua Kindleri buruz. Bertan lotura hau ematen duzu http://www.vidadigital.net/[…]/ ikasteko zelan kendu DRMa liburuei. Hori ere oso ondo dago, baina klik egin dudanean bertan proposatzen duen lotura honetan http://www.datafilehost.com/download-542af277.html ikusi dut hor dagoeneko ez dagoela ezer.

Badakizu non lor daitezkeen plugin horiek? Jakinez gero, jaitsi eta instalatu egingo nituzke Calibren.

Nik orain bi aparailu dauzkat liburu elektronikoak irakurtzeko: Kindle eta iPad. Azkena, esate baterako, iPadean irakurri dut, Charles Darwinen Autobiografia, eta gustura, aizu.
Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2012/07/04 12:00
Kaixo Joxe,

Ikusi duzu eguneratu ditudala loturak, eta hor dago deskargak egiteko webgunera lotura. Eskerrik asko abisuagatik!
Asier Arregi
Asier Arregi dio:
2012/07/06 14:04
Kaixo Gari, ni paperzalia izan naiz teknozale baino gehixago, baina oin dala urtebete be, Sonyren gailua erosi neban. Oso atsegiña irakurtzeko, bai eguzkittan eta bai kerizpian. Eta ondo erabili ezkero, paper pilua aurreratzeko moduan. Liburu pila, kontsultako pdfiak eta abar. Calibre hori be erraza begittandu jata.
Hori bai, dana Wifi barik.
Edu Lartzanguren
Edu Lartzanguren dio:
2012/09/15 09:54
Hau dagoeneko han eta hemen argitaratu dut, baina Gariren esperientziaren osagarria delakoan, hemen itsatsiko dut berriz:

Azken egunotan hiru Kindle liburu elektroniko heldu dira nire ingurura. Galdera dabil airean: Amazonen erregistratu edo ez erregistratu?
EZ erregistratzea erabaki dut nik, informazioa biltzen ibili ondoren. Azalduko dut zergatik. Kindlea erregistratzeak abantaila batzuk ekartzen dizkizu: Amazonetik liburuak zuzenean erosteko aukera, ordenagailurik gabe. Erregistratu bezain pronto, konfiguratzeko aukera batzuk piztu egiten dira, ordura arte ezkutuan dituztenak: ordua, erabiltzailearen izena jartzea gailuari… Kindle-a erregistratuta Amazonen hodeia erabil dezakezu, han gordetzeko gailuan dituzun liburu guztiak, badaezpada ere. Horrez gain, beste formatu bateko testuak .mobi bihurtu eta gailura bidaltzen dizkizu Amazonek, automatikoki.

Horiek aski arrazoi iruditzen bazaizkizu Kindle-a erregistratzeko, egia osoa entzun behar duzu.

Begiratu Amazonen Kindle License Agreement and Terms of Use. Horren arabera, gailua Amazoneko zerbitzariekin konektatzen den bakoitzean, zure Kindle-aren barruan dagoen GUZTIAZ jabetzen da Amazon: zer liburu dituzun, zein ohar hartu dituzun, zein orritan marka jarri duzun, zer nabarmendu duzun… Zein den irakurri duzun azken orrialdea ere jakiten du Amazonek konektatzen zaren bakoitzean.

Nire ustez, Amazonek eskaintzen dituen sasi-abantaila horiek ez dute konpentsatzen Kindle-a erregistratzean galtzen duzun pribatutasuna. Beraz, Kindle-a erosketa ona da, Amazonek subentzionatu egiten dizulako, baldin eta Amazonen ”zerbitzua” erabiltzen EZ baduzu.

Beste aukera? Zure liburutegi elektronikoa kudeatzeko, Calibre programa erabiltzea, ordenagailuan; Kindlerekin koskarik gabe dabil. Beste hodei zerbitzuak erabiltzea, ez Amazonena. Kindlerako liburuak beste nonbaiten erostea edo lortzea, eta gero .mobi formatua Calibrerekin eman. Hori guztia egitea oso erraza da, eta horrela eginda, gailuak jantzi egingo zaitu, eta ez zaitu biluztuko.
Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2012/09/16 22:20
Ba bai, hala da. Kindlea tresna ederra da, baina baita saguak harrapatzeko tranpa ere bai! Oraingoz nere kasuan onartu dut eta errejistratuta daukat Kindlea.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.

Mastodon