Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua / Eskerrik asko ghettolagunei

Eskerrik asko ghettolagunei

Gari Araolaza 2012/02/04 11:02
Atzo gertatutakoarekin eskerrak eman beharrean nago. Zenbat komentario, retuit eta erantzun! Mila esker denori.

Herenegun gauean artikulu hau idatzi nuen: Si hablas en euskera no sales en ETB2  eta espero gabeko erantzun ona jaso nuen atzo, Twitterren, Facebooken eta abarretan. Oso sorpresa polita izan zen, jende askoren babesa sentitu nuen. Kultura sailburu berak gaia aztertuko zuela esan zidan eta alderdi batek galdera egingo omen du legebiltzarrean gai honen harira. Eskerrik asko denori.

Kontua da nere helburu nagusia ez zela salaketa egitea. Ni ez naiz jokaera hori azaleratu duen lehenengoa eta ez dut uste niri gertatutakoa kasu larriena denik. Euskaldunon ghettoan (erdi serio jartzen dut ghetto hitza) gai ezagun eta arrunta dela iruditzen zait. Azkena atzo bertan aipatzen zuen Facebooken Marijo @desplazatuak, nola Abadiñoko Sanblasetako feriako baserritarrek euskaraz eta gazteleraz eman zituzten hitzak, ETB1 eta ETB2rako.

Nik artikulu hori gazteleraz idatzi baldin banuen, nire sare sozialetako kontaktu baskoentzat izan zen (EHn bizi direnak baina normalean euskaraz jarduten ez dutenak). Nahi nuen ea beraiek ulertzen zuten egoera. Ez da munduko arazorik larriena, arantzatxo bat da, baina beraien pauso bat ikusi nahi nuen, euskarari ongietorria ematen, ulertzen zutela gaia eta babesa ematen.

Baina keba... ez du ezertarako balio. Ez dut ia baskorik identifikatu atxekimenduen zerrendan. Sare sozialetan euskaraz idazten badut jende horrek ez du normalean ez aipamen eta ez erreakziorik izaten. Ikusezina bihurtzen naiz beraientzat. Hizkuntza kontua zela uste nuen, baina atzoko artikuluarekin berdina gertatu zait. Nik gazteleraz idatzi eta nork erantzun dit? Euskaldunen ghettoko kolegek.

Ondorioa: lagun horiengana iritsi nahi badut beharrezkoa da: gazteleraz idaztea eta idatzitako gaiak euskararekin zer ikusirik ez izatea, ez daitezen deseroso sentitu.

Ez dakit nola apurtu konpartimentazio eta isolamendu hori. Nahi nuke.

etiketak: etb, euskara, sare-sozialak
Txus Ordorika
Txus Ordorika dio:
2012/02/07 19:32

Aupa Gari,

Gettoen alde ez nago, baina getto batean gaude eta zaila da gettotik kanpo daudenei egoera hau azaleraztea, arrarotzat hartzen baikaituzte :-(

imanoltxu
imanoltxu dio:
2012/02/08 13:24

Antzeko bat pasatu zitzaidan neri orain dela bi bat urte. Umeen eskolan egonda (D eredukoa) Espainiako telebista bateko kazetari bi etorri zaizkigun. Umeei galdezka erdaraz umeek aditu ez. Eurek ez zekiten euskaraz eta umeek ez zekiten erdaraz. Nere bitartez azkenean umeei nahiko elkarrizketa luzetxoa egin zieten, euskaraz jakina, eta neri ere tarte batzuk erdaraz eta tarte batzuk euskaraz. Telebistaz atera zutenean bakarrik nere erdarazko zatiak agertu ziren, euskarazkoak ezer-ezer-ezer ez. Harrezkero erabaki nuen gehiago ez nuela kolaboratuko. Politika garbi dago, euskaldunak ez garela esistidu behar euren telebistetan. Kitto.

Patxo
Patxo dio:
2012/02/04 20:37

Nire eskarmentuaren arabera, erdaldunen artean euskararekiko erdeinua nagusi da. Ez zaie interesatzen eta ez dute ezer jakin nahi. Bereziki identitate espainiarrekoak badira. Baina bere burua "baskotzat" duen askorentzat ere, euskara traba eta zama besterik ez da. Arazoa da euskaldun asko ez dela jabetu bizi(raun) dugun egoeraz. Arazoa da ghettorik ere ez dugula apenas. Mitxelenak aipatutako ghettoaren inpernurik bagenu sikiera... Nik uste dut ghettoa sortu eta hedatu beste erremediorik ez dugula, ghetto beroa, zabala eta bizia, noizbait ghetto izateari utzi eta giza talde bizia izateko, baina ghettoa ezereza edo hutsaren hurrengoa baino askoz gehiago da.

oier g
oier g dio:
2012/02/05 01:15

Gora ghetta ghettarrak.

Sortu daigun materixal interesantia vascuencez. Sentidu deixela, ez dakixenak, "zeozer" galtzen dabizela.

asier sarasua
asier sarasua dio:
2012/02/05 16:16

Zer nahi duzue esatea. Ni ghettoaren alde. Aspaldi galdu dut esperantza erdaldunen konplizitatean. Honezkero 40 urtean euskaraz ikasi ez duen horrek, uste dut nahiko garbi adierazten duela euskararekiko duen atxikimendua: hutsa. Hortaz, ni neu, behintzat, ghetto elebakarren alde. Ez dut sinesten bilinguismoan; fartsa hutsa da. Modernitatez mozorrotutako diglosi soila. Euskaldunok egin dezagun euskaraz; euskara hutsean. Eta nahi duena hurreratuko da ghettora. Exotismo bila besterik ez bada ere.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.

Mastodon