Liburu elektroniko askeak
Ezagutu beharreko oinarrizkoak
Zer dira epub, mobi eta abarrak?
Liburu elektronikoen formatuak. Liburu elektroniko bat erosten dugunean, formatu horietako batean etorriko da, fabrikatzailearen arabera. Garai bateko VHS eta BETA bideoen formatoetaz akordatuko zara 40 urtetik gora baldin badituzu. Ba horixe bera gertatzen da gaur egun liburu elektronikoekin. Baina oraindik merkatuak ez du erabaki zein izango den estandarra. Baliteke gainera inoiz ez erabakitzea, horixe da egoera. Marka bakoitzak berea hartu du eta ea nork irabazten duen, hor ari dira tiraka. Hala ere, arruntena edo estandarrena epub da. Mobi da Amazonek erabiltzen duen formatua.
Ziurrenez ez da formatu bateratzerik izango etorkizunean. Arrazoia da gaur egun dirua ez dagoela tresnak saltzean, baizik eta liburuak tantaka-tantaka saltzen. Horregatik komeni zaie jendea beraien formatuetara lotzea, banatzaile bakoitzak bezeroak gatibu bihurtu ahal izateko.
Aldiz, gu, kontsumitzaile arduratsuok, banatzaile edo editorearengan independentzia lortzea dugu helburu. Zuk ez? Nik bai! :-)
Zer da DRM-a?
DRM: Digital Rights Management edo Eskubideen Kudeaketa Digitala
Termino zabal bat da DRM, teknologia mota desberdin asko biltzen dituena bere azpian. Industria editorialak erabiltzen ditu teknologia horiek, kultura kontsumitzaileen eskubideak mozteko, adibidez kopiarik egin ez dezagun, lagun bati ez diezaiogun liburu bat utzi edo AEBn erositako Hollywood-eko DVD bat ez dezagun Europan ikusi ahal izan.
Hain zuzen ere, sortu zen lehenengo DRM sistema DVD-arena izan zen. Industria konturatu zen globalizazioa hor zegoela eta jendeak musika CD-ak eta VHS filmak erraz kopiatzen zituela, sarritan kontinente batetik beste batera eramanez. Horregatik DVD fabrikatzaile guztiek akordio bat sinatu zuten eta horren ondorioz DVD irakurgailu guztiek hainbat arau bete behar zituzten, funtzionamendua mugatuz ez arrazoi teknikoengatik baizik eta negozioa kontutan izanda.
Industriaren aitzakia egile eskubideak dira, baina azkenean erosleon askatasuna mugatzeko erabiltzen ari dira. Hau dela eta, DRMdun liburu elektroniko bat ezin zaio lagun bati utzi, ezin dugu kopiarik atera. Kasu askotan gainera tresna edo irakurgailuaren fabrikantez aldatu nahi badugu, baliteke ordura arte erositako liburutegi osoa galtzea, ez badugu aurretik hori dena kontutan izan.
Zer da Calibre?
Calibre liburutegi digital pertsonala kudeatzeko programa bat da. Windows, Apple eta Linuxean dabil eta erabiltzeko oso erraza da. Zure irakurgailu elektronikoa edozein markakoa dela ere, komeni zaizu programa hau izatea ordenagailuan. Irakurgailu elektronikoa lapurtzen badizute adibidez, Calibren izango dituzu zure liburu guztiak, ongi antolatuta autoreka, gaika eta abar.
Calibreren berezitasun garrantzitsu bat da formatuen arteko bihurgailu ere badela. Lagun batek epub bat bidaltzen badizu eta zuk mobi formatuan behar baduzu, Calibrek minutu batean bihurtuko dizu liburuaren formatua batetik bestera.
Hau da eduki kontsumitzaile moduan zure askatasun oinarrizkoa ziurtatzeko tresna: erosi dituzun liburuak zureak dira, berdin da zein den zure irakurgailua. Kontutan izan!
Calibre eta DRM-a
Calibreren beste berezitasun garrantzitsu bat DRM-arekin lotuta dago.
Nik liburu elektroniko bat erosi badut Amazonen, liburu hori modu berezi batean dago kodifikatuta, bakarrik nire Kindlean irakurri ahal izateko. Alferrik pasatuko diot liburua nire lagun bati bere Kindlean irakurri dezan. Ezingo du, Amazonek erabilera hori mugatu bait du. Hau da, liburu hori DRM-arekin giltzapetuta dago.
Calibre erabilita, DRM hori kendu ahal izango diogu liburuari. Calibre berak ez du lan hau egiten, baina jendeak hainbat gehigarri ditu lan horretarako. Urtebete liburu elektronikoarekin artikuluan aipatu dut gai hau eta lan horretarako pare bat erreferentzia ematen ditut.
Ez da guztiz erraza, baina pixka bat saiatuta egin daiteke, eta pauso garrantzitsua da gaur erositako liburu elektronikoen kontrola etorkizunean zure eskuan izan nahi baduzu. Ez utzi alferkeriaz edo akordatuko zara hemendik 5 urtera!
Ez ahaztu: