Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Ikasitakoa desikasten ikasten

Mutriku (eta 2)

Gari Araolaza 2005/09/06 16:56

Eguneraketa azkar bat:

Atxukalen aipatzen da EAJ-ko zinegotzi ohi baten mezua, gaur goizean Diario Vascon azaldu dena:

Desastre en Mutriku

Mutrikuko portu berria

Gari Araolaza 2005/08/25 17:09

Gauzak programatuta bezala badoaz, irailaren bukaera aldera hasiko dira Mutrikuko portu berria eraikitzeko lanak.

Mutrikun desagertzera doana

Beste edozerren gainetik argi gelditu dena da, instituzioek ez dutela informazioa argi eman nahi izan. Informazio asko ematen zutenaren itxurak eginez prentsa oharrak ugariak izan dira, Aman-en bisitak Mutrikura, medio eta talde jakin batzuei informazio filtrazioak eta abar. Hala ere oraindik argi geratu ez dena da, zein helburu duen obra handi horrek, zertarako egingo duten triskantza hori.

Arrantza portua zela hasieran (zeren arrantza?), gero kirol portua (eta orain dagoen hutsune guztiarekin?), gero merkantzia portua (zein errepide edo trenbiderekin lotuta?). Edonola ere, proiektatuta dagoena ez da gauza txikia, Ondarroa edo Bermeori, Hondarribiari, edo Pasaiari hurrenez-hurren konpetentzia zuzena egingo liokeen portua (kar, kar...).

Gero, aitzakiren baten bila itxura batean, olatuen bidez energia sortzeko esperimentazio gunea egingo zutela. Hurrena futbol zelaia izango da, obra guzti hori zerbaiterako aprobetxatu behar bada behintzat. Azken hau ez diot brometan, gaur egungo tokitik kendu nahian dabiltza eta. Operazio inmobiliarioak, badakizue.

Laburpen sinplista bat egiteko baimena hartuta, hona hemen nere iritzia:

Euskal portu guztietan dirutza handiak inbertitu dira azken urteetan, batzuk arrantzarako, beste batzuk kirolerako, beste batzuetan sarrera-irteerak hobetze aldera eta abar. Hasi Hondarribiatik eta herri guztietan gastatu da dirua, Mutrikun ezik.

Azkenean, Mutrikuarrek hainbeste protesta egin zuten, Mutrikun ere dirutza gastatu behar zela erabaki zutela Jaurlaritzan, konpentsatzeko edo. Horra hor obra faraonikoa, herritarrek azkenean pozez hartu zutena hasiera batean: "Gutxienez zerbait egin dezatela" izan da Mutrikun entzuten zena. Zerbait bai, baina edozer?

Sei edo zazpi lantalde sortu dira herrian, gehienak proiektu honen aurka, eta aspaldian batera lanean dabiltzanak, eta orain herritarren artean buelta etortzen hasi da. Mutrikun ez dago hain garbi obra hori behar dutenik. Nahiago lukete seguru diru hori errepide hobe bat egiten xahutzea, baina portuetako diruak dira, ez errepidetakoak.

Balio duen aitzaki bakarra da, portuan sartzeko arazo handiak daudela eguraldi txarra dagoenean. Bale, hortan plataforma guztiak ados daude, zerbait egin behar da konpontzeko. Baina horretarako nahikoa zen babes molla bat, eta ez megaproiektu hau.

Diruak lotuta dituzte jadanik, enpresa handiak kontratuak sinatuta... Zer egin daiteke? Aurrera jarraitu.

Ni ez naiz Mutrikuarra, baina Leizaran, Itoiz edo antzerakoen inguruan ere kanpokoei ez zaie beraien iritzia emateko aukera egotzi.

Astakeria handia da, eta niregatik ez dezatela egin.

Mutrikuko taldeen webgunea

Komando-lerroko Photoshop-a

Gari Araolaza 2005/08/25 16:08

Tresna ikaragarriak dira Photoshop eta bere anai librea den GIMP . Azken hau gainera euskaratuta daukazu.

Hala ere, bi arazo dituzte programa hauek:

  • Batetik konplexuegiak dira urtean behin edo birritan bakarrik erabiltzen ditugunontzat.
  • Bestetik ongi erabiltzen jakin beharra dago. Tresna beraren erabilpenaren ezagutzaz gain, oso zabaldua ez den zerbait behar da: estetika, gusto ona edo koloreak eta proportzioak ongi konbinatzen jakitea.

Horregatik buruhauste asko izaten ditut nik biekin.

Bederatzi argazki orri bakarrean

Hori da egin nahi nuen gauza bakarra. 9 argazki hartu eta fitxategi bakar batean jarri, 3x3-ko lerroetan banaturik, gero argazkidendara eraman eta inprimatzeko.

Ezinezkoa, ez Photoshop eta ez Gimp-ekin. Batek ez zuen nik bezala zehazki egiten, bestearekin ez nintzen ongi konpontzen... Kaka zaharra, denbora asko galduta.

Soluzioa komando-lerroan Linuxzaleentzat

Sarean bila eta bila, azkenean aurkitu dut ImageMagick programa liburutegia erabilita. Aurretik ere erabilia nuen, tarteko beste programaren bat jarrita, argazkien tamainak kudeatu zitzan, baina nik kontrolatuta gaur erabili dut lehenengo aldiz.

Nire Mandrivan soluzioa segituan jarri dut martxan:

    su    urpmi ImageMagick  # Honek egin du paketearen instalazioa    exit 

eta orain, instrukzio majikoa:

    montage dsc*.jpg -tile 3x3 -geometry +10+10 emaitza.jpg 

edo beste modu batean esanda:

  • Hartu dsc*.jpg fitxategi guztiak
  • 3x3-ko lerrotan jarri (9 argazki neuzkan)
  • Utzi 10 pixeletako marjina irudien artean
  • Gorde emaitza emaitza.jpg fitxategian.

Listo! Pakea!

ImageMagick-en erabileren adibideak hemen

Eta nik egindako adibide bat hemen Lili eta Andoni jolasean

Eguneraketa (2005/08/26): Artikulua idatzi eta handik pixka batera, ez dut aurkitzen ba, Peio Arreituren bloga ? eta ImageMagick-en inguruko artikulu batekin gainera! Hori ere jarraitzekoa izango da...

Miramar hotela bozgorailu handi bat da

Gari Araolaza 2005/08/24 10:01

Oporretan ere horrelako tontakerietan ibiltzen naiz.

Badakizue zer diren katadioptrikoak? autoetan, bizikletetan eta emerjentziazko txalekoetan ditugunak. Hiru espiluz osatutako angelu zuzendun eskinak dira. Argia nondik bidali, bueltan bidaltzen da zuzen-zuzen hara, igorlearengana.

Oso erabilgarriak gauean ikus zaitzaten, ilargirako distantzia kalkulatzeko eta abar. Wikipedian ere badago informaziorik horren inguruan: Corner reflector edo Retroreflector .

Debako Miramar hotela zena ere horrelakoa da, baina soinuari dagokionez. 60 balkoi ertzek sortzen dute efektu hori, ingurune jakin batean, argazki hau aterata dagoen tokitik:

Miramar hoteleko altaboza

Froga erraza da:

Egin Deban buelta bat, eta Miramar hotelaren alboan, Itziarko errepidearen alboan jarrita zaudela hotelari begira, isilean zerbait xuxurlatu. Hotelak segituan erantzungo dizu, 60 balkoiei esker. Lasai egon, bi metro haratago daudenek ez dizute entzungo eta. Zuk bakarrik entzungo duzu.

Horrelako jolasetarako ez dago Kutxaespaziora joan beharrik!

Aurki.com-en aurkezpena UEUko udako ikastaroetan (2005)

Gari Araolaza 2005/07/21 17:20

Iruñetik iritsi berri naiz, UEU-ren udako ikastaroetan ospatzen ari den Blogen inguruko mintegitik

Gustora egon naiz, lehenengo Aurki.com aurkezten eta gero mahainguru batean parte hartzen. Talde majoa zegoen, guk noiz bukatu eta blogeatzen hasteko zai.

Materia askorik ez du baina hemen utzi dut erabilitako aurkezpena

Zenbait argazki ere Flickr-en

Delicious eta Tagzania

Gari Araolaza 2005/07/20 23:29

Ez dituzula Del.icio.us eta Tagzania ezagutzen? Zeren zai zaude ba?

Irakurle: feedback-a eman

Gari Araolaza 2005/07/05 16:27

Blogen irakurleei deia:

Ez utzi blogariak bakar-bakarrik usteltzen. Ieup! bat egin edo... zerbait noizean behin, alde edo kontra berdin da. Askotan nahikoa da "Ze polita" edo "nolako txorrada" esatearekin.

Azkenaldian sentitu dut zenbaitek erritmoa gutxitu dugula. Nire kasua ere oso irregularra da. Batzutan berotu eta bi egunetan bi mezu, bestetan asteak ezer idatzi gabe. Hala ere egunero nabil hemen inguruan, ea nere txokotik norbait pasatu den ikustera.

Hau da buztan luzea. Egunean hiruzpalau bisitari bakoitzak, eta horietatik %5-ak uzten du mezuren bat. Batzuk jakin nahi izaten dute zenbat jende pasatzen den beraien tokitik, besteek bultzadatxo bat behar dute aurrera jarraitzeko...

Horregatik, blogak irakurtzen bazabiltza, utzi noizean behin hor izan zarenaren seinaletxo bat, lehen mendi puntetako kutxatiletan txarteltxoak uzten ziren moduan.

Lastima da, baina azkenaldian faltan botatzen ditut Trapero edo JabiSarean edo beste batzuk. Oraintxe noa haiei zerbait esatera.

Asike irakurle, txintxoa izan eta gaur utzi norbaiti erantzuntxoa.

Google eta Yahoo mapen API-ekin borrokan

Gari Araolaza 2005/06/29 23:14

Albiste ikaragarria da. Edonork jarri ahal izango ditu Google edo Yahooren mapak bere webgunean:

Google opens up Google Maps to developers

Nolako astea daramagun. Hau da bukaera gabeko karrera!

Software librea: epe luzerako apostua

Gari Araolaza 2005/06/28 23:52

Informatikari euskaldunen bilkuran esan nuen, eta geroz eta argiago daukat: Software librea epe luzerako apostua da

Badaude software librera ekonomiaz pasatzen direnak. Horiek gaurko lizentzia kostuak aurreztu nahi dituzte, epe motzari begira. Baina ez dira konturatzen epe motzean nolako lan egin beharko dute software librearekin produktibo izateko. (hala ere, ongi etorri!). Batzuk lehenengo zailtasun horien aurrean atzera egingo dute. Beste batzuk tematuko dira eta jarraituko dute. Bejondeiela! bide ona aukeratu bait dute.

Dena dela, software libre guztia ez da horrela. Badaude esfortzurik gabe erabili daitezkeen aplikazio asko, baina ni aldaketa sakon batetaz ari naiz: Windowsetik Linuxerako migrazioaz adibidez.

Nire esperientzia

Ia bi urte izango dira Linux-era pasa nintzenetik. Asko kosta zitzaidan; 4 bat urte joan ziren lehenengo aldiz Linuxa instalatu nuenetik benetan pasatu nintzen arte. Tartean RedHat, Suse, Mandrake, Debian eta azkenean berriz Mandrake, buruhauste ugari, ohitura falta (Windows-era hain lotuta nengoen).

Hobeto nenbilen aspaldian, gustora, aukera berriekin Linuxean, eta Windows-eko zenbait aukera galduta. Eta gaur konturatu naiz benetan zein abantaila dudan. Sistema guztia eguneratu dut, zaharra ezabatuta. 20 minutu besterik ez.

  • Goizeko 11etan jarri dut deskargatzen CD bat.
  • Ordubatak eta laurdenetan deskarga bukatuta zegoenez, CD-a grabatu eta berarekin sistema berrabiarazi.
  • Instalazioa konfiguratu dut (partizio bat tamainaz aldatu, formatatu eta abar...) eta nahi nituen programak aukeratu ditut.
  • 5 minututan instalatu ditu pakete guztiak, monitorea, txartel grafikoa, soinu txartela, dena ongi instalatuta.
  • Nire datuak hor zeuden, denak garbi-garbi, ordubiak hogeitabost gutxitan.

Gero arratsaldez, egin ditut retoke batzuk, pakete eguneraketa ziurtatu eta e-posta programa instalatu (beste bost minutu). LISTO! Pena merezi du.

Turistak Donostian

Gari Araolaza 2005/06/27 13:16

Flickr.com argazki webgunea RSS bidez jarraitzeko modua dagoenez, nik baditut zenbait etiketa fitxatuta nire Bloglinesean

Horrela deskubritu dut zein den Donostiako txoko kurioso bat, turista guztiek argazkiratzen dutena: alde zaharreko Santa Maria eliza, kale nagusitik begiratuta. Kontxa ere bai, baina hori zabalagoa denez perspektibak ere oso desberdinak dira.

Bilaketa azkar batek emaitza hauek eman dizkit:

Donostiako turismo arduradunek kontutan izateko modukoa!

Donostiako argazkiak Flickr-en

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.

Mastodon