Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Ikasitakoa desikasten ikasten

Blogak 2.0: kanpotik begira

Gari Araolaza 2006/04/07 10:55

Disclaimer: Han egon gabe jarraitu nuen ebentua.

Atera ditudan zenbait ondorio:

  • Geek-ek, geek-en bilera bat behar dugu lotsarik gabe portatila atera eta WiFiz lotuta jarduteko.
  • Ez dut uste hizlari gehiegi zirenik, baina denborek motzak eta diktatorialki neurtuta izan beharko lukete. Denok irabazle eta txaparik ez.
  • Backchannela oso ona. Agian momentu askotan txorrada asko esan ziren, baina serio hartuz gero demaseko tresna da. Hizlari bat ondo ez dabilenean komentatzeko asko balio lezake.
  • Teknosexualen bilera bat da. Susmoa dut Web 1.0-ko jendea falta zela iruditzen zait argazkietan.
  • Euskara: hitzaldiak hizkuntza desberdinetan badaude, interpreteak behar. Bestela alferrik. Kanpotik etorritako jendeak zer jakin zuen atzo Zabaldu.com edo gure blogosferaren inguruan? Orduan, interpreteak ala lingua franca bat aukeratu. Ni ingelesaren alde. Horrela kanpoan oihartzun gehiago.

Zorionak antolatzaileei!

Non dago hegazti gripea?

Gari Araolaza 2006/04/07 10:40

Norbait akordatu da azkenaldian hegazti gripeaz? Zer gertatu ote da halako arrisku handiarekin? Non daude kazetari erreportari azkar horiek? Oilasko aurrean steinmana egindako guztiak hil dira ala?

Medioen eragina pixka bat neurtu beharko genuke.

Publizitatea: Sagardi euskal taberna

CSS Naked day: nire bloga diseinurik gabe

Gari Araolaza 2006/04/05 09:31

Estandarrak garrantzitsuak direla sartuta daukat buruan. Horregatik bat egiten dut CSS Naked Day ekimenarekin.

Zure webguneak estandarrak ongi betetzen baditu, diseinua kendu ezkero ederki irakurtzeko moduan gelditu beharko litzateke. Bereziki garrantzitsua bilatzaileentzat, itsuentzat eta etorkizuneko tresnentzat.

Horixe erakusteko da gaurko ekimena. Zure webgunea diseinurik gabe. Bihar itzuliko da diseinua.

Euskal Sarea: hemen dago hurrengo belaunaldia

Gari Araolaza 2006/03/26 23:14

1998an hasi ginen bazterrak nahasten. Gerora Eibar.ORG , Aurki.com , Sustatu.com eta gure lantokia ere asmatu ditugu.

Orain bigarren belaunaldia dator, guk edaten dugun iturri berdinetatik edaten dute, eta Internet ulertzeko ere antzerako modua dugu. Hor daude Teketen , Mutilmedia edo IKTeroak adibidez, baina beste batzuk ere.

Aurrekoan blogari.net izan zen, gu blogak.com prestatzen ari ginela. Oraingoan Zabaldu.com izan da. Aupa!

Zabaldu.com

Sartu, bistazo bat eman eta pixka bat erabili. Datozen asteotan eta ez dakit noiz arte asko hitzegingo da horren inguruan. Bihar ea azaltzen dudan modu errazean zer den. (edo agian beraiek kontatuko dute lehenago)

Astelehen urdin baten

Gari Araolaza 2006/03/25 23:54

Bat

Nafarroako Antzineko udalekuetan, 1979ko uda izango zen. Hango oroimenak oso difusoak dira, baina banda sonora garbia da: "...ene maitia, agur, ohituta zaude, haurrak zaindu...". Egunero diska berdina udalekuetako megafonian.

Bi

Hamalau urte nituela, 1985ean. Aitaren tunako gitarrarekin Juegos prohibidos melodiaz aparteko zerbait jotzen hasi nintzen. Hotel California Akelarreren bertsioan eta Marea gora izan ziren lehenengo frogak.

Hiru

Eztanda. 1985ean bi kontzertutan izan nintzen, bakarrik. Bat Eibarren San Juanen inguruan eta bestea Elgoibarren, azaro edo abendu aldera. Akordatzen naiz bietan lehenengo filan izan nintzela, JC-ren aurre-aurrean. Inoiz hain gertutik ikusi gabe nengoen ez Telecaster eta ez Les Paulik . Foisis, Jimmy eta ez dakit nor zebilen gitarran, JCri lagunduaz. Uste dut teklaturik ez zegoela. Nik hori egin nahi nuen, musika talde batean jo.

Lau

Kortatu, Hertzainak, La Polla eta abarretaz paso egin nuen. 1989ko uztailean gure etxean lapurretan sartu ziren eta nire lehenengo gitarra elektrikoa eraman zuten. Musika aparailua ere oso osorik. Diskojogailuan Ambulance zegoen. Hura ere eraman zuten. Diskaren azal hutsa oraindik gordeta daukat.

Bost

Lau Teilatu izan zen ikasketak egin nituen artean gehien entzun eta kantatu genuen abestia, hainbeste momentu eder izan genuen! Gelditu gabe, Endika edo Txorirekin. Ia JCk baino gehiagotan kantatu genuen. Hala ere oraindik ez gara higuindu. Atzo bertan entzun eta kantatu nuen autoan.

Sei

2005eko gabonetan Olentzerok opari bikoitza. Hari Xingle bat liburua eta diskografia osoaren kaxa. Diska zaharrak gogoratzen eta ezagutzen hasi naiz. "Alkolea ze ona den. Lehenengo diska ona bai, baina oraindik nahiko berde zegoen. Ezekiel inoiz ulertuko ote dut?"

Zazpi

Ubeda anaietako batek Astelehen urdin baten abestiaren bertsio berria jarri du bere Herri Irratiko programan pasa den astean, aurrerapen moduan. Zuzenean grabatu omen da, eta zuzeneko soinua gordetzeko intentzioz. Nahiko soinu zakarra iruditu zitzaidan, batere landu gabea, etxean grabatutako maketa batetakoa bezala. Baina gustatu, noski, eta lehenengotik zazpigarrenerako pauso guztiak errepasatu ditut berriz ere buruan. Nirekin lotuta doa Itoiz.

Mapak Wikipedia estilora

Gari Araolaza 2006/03/23 13:34

Aurrekoan komentatu nuen zein mapa proiektutan sartuta nabilen.

Gaur idatzi potentea dakar euskal izena duen Mikel Maron Californiarrak:

In all but name... what about OSM for the world?

Hiru aipu datoz artikulu horretan: Ed Parson, Tim Berners-Lee eta Bill Gates-enak. Argi gelditzen da mapak egiteko Wikipedia sistemak etorkizuna duela.

Tasca i vins

I+G eta dirulaguntzak

Gari Araolaza 2006/03/15 22:53

La pastilla roja software librearen inguruko blog espainiarra irakurtzen dut, eta gaurkoan asko gustatu zaidan artikulua dakar Forma de las ayudas públicas a la I+D izenburuarekin. Artikuluak sobran du Catalunyako Generalitateari buruzko aipamena, ez dakit zertara datorren, baina bestela, ados nago beraiekin.

Ez naiz ni dirulaguntzetaz kexaka hasiko, beste askok bezala guk ere erabili bait ditugu, eta orokorrean esperientzia ona daukat. Bestela posible izango ez liratekeen zenbait proiektu atera ahal izan ditugu horrela. Besterik ezean ongi etorriak beraz.

Baina Sergio Montororen artikuluak asmatzen du administrazioaren gabezia batean: bezero ausarta izatearena. Sergioren ustetan administrazioak diru bat eman beharrean, zerbitzu eta produktu berritzaileak erosi beharko lituzke, eta bere arrazoiak ematen ditu.

Lerro honetan nik sentitu izan dudana zera da: ausardia hori politikariek (askotan gai teknikoak gertutik ezagutzen ez dituztenak) badutela eta teknikariek aldiz (gai teknikoetaz ezagupen zabalagoa) faltan.

Funtzionario teknikariak normalean nahiago du betiko produktuak betiko hornitzaileari erostea, enpresa txiki eta berritzaile baten aldeko apostua egitea baino. Alderantziz, sarritan ikusten ditut politikariak piroteknia eta ke jokoekin txundituta, atzean benetako ideia berritzaileak dauden ala ez jakin gabe.

Horixe eskatuko nieke nik politikariei: konfidantza gehiago ematea teknikariei, interesgarriak izan daitezken proiektuetan apostu egin dezaten, gaizki irtetzen bada inoren bronka baten beldurrik izan gabe. Izan ere, teorian behintzat, gai teknikoetan teknikariek politikariek baino gehiago asmatu beharko lukete. Ala ez?

Mutriku berriz ere

Gari Araolaza 2006/03/14 15:43

Gaurko Berriak Mutrikuko portuko obren inguruko erreportai zabala dakar. Badaezpada ere, bi PDFtan jaso ditut hemen: lehenengoa eta bigarrena

Obrak aurrera doaz, eta zaila izango da gauza gelditzea. Baina azken aldian entzuten ari naizen zerbaiti erantzun nahi nioke:

Esaten denez, portuaren obra guztiaren lehenengo fasea bakarrik egingo omen da. Hori horrela bada, norbaitek hotzean pentsatu du eta konturatu da astakeria zela horrelako itsasontzirik gabeko (aire)portu bat egitea. Zerbait ba da.

Lehenengo fasea omen da babes dikea, olatuen arazoa konpontzeko, Berriako artikuluan gorriz azaltzen dena. Bigarren fasea da portua bera, ekarriko dituen moila, eraikin, zerbitzu eta abarrekin.

Baina, bigarren fasea egin behar ez bada, orduan zertarako babes dike handi hori? Porturik ez badator, ez ote zen errazagoa, merkeagoa, azkarragoa eta adostuagoa Hobetu Leike-ren proiektua adibidez?

Eta ez dudana inolaz ere ulertzen: Nola egon daiteke ezker abertzaleko jendea horrelako proiektu baten alde?

PD: Are gehiago, nola egon daiteke ezker abertzaleko jendea horrelako proiektu baten alde, eta Pasaiako portu berria, AHT eta antzerakoen aurka?

Mutriku portu berria

Non nabilen

Gari Araolaza 2006/03/10 09:51

Azken 3 hilabeteetan kotxez egin ditudan buelta guztiak aprobetxatu ditut aitak utzitako mendiko GPS batekin errejistratzeko.

Mendiko GPS horrek grabatzen du nondik nora goazen, eta gero datu horiek OpenStreetMap zerbitzuan kargatu ditut. Horri esker, nire inguruko errepide mapa sortzen ari naiz. Loiuko aireportutik, Donibane Lohitzunera, eta handik Gasteizko Olabide ikastolara. Horiek dira azken 3 hilabeteotako nire ibilbideen mugak.

OpenStreetMap

Ziur ezagutuko duzula Wikipedia proiektua. OpenStreetMap mapak egiteko Wikipediaren antzerako proiektua da. Izena eman, eta bai GPSa erabiliz edo klik, klik eta klik eginez, errepide mapa sor dezakegu!

Tagzania ez da gauza berdina?

Ez. Tagzania puntu pertsonalak gehitzeko da: nire lantokia, nire etxea, egon naizen toki hori... Tresna soziala da Tagzania. Hango informazioak ez du "ofiziala" izateko bokaziorik. OpenStreetMap-en helburua aldiz, errepide eta kaleen mapa ahalik eta zehatzena egitea da.

Mapak zertarako? ez dituzte liburudendetan saltzen ala?

Horretarako, hobe Luistxok INSPIREren inguruan idatzitakoa irakurtzea.

Proiektuan lagundu nahi baduzu eta arazoak badituzu, esan eta lagunduko dizut.

Zenbait puntu OpenStreetMaps-en:

Gero arte!

Gari Araolaza 2005/11/28 10:44

Banoa hemendik gutxienez aldi baterako posteatzeko gogo eta ideia gehiagoren bila. Eskerrik asko jarraitu duzuenoi. Laster arte.

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.

Mastodon