Non nabilen
Azken 3 hilabeteetan kotxez egin ditudan buelta guztiak aprobetxatu ditut aitak utzitako mendiko GPS batekin errejistratzeko.
Mendiko GPS horrek grabatzen du nondik nora goazen, eta gero datu horiek OpenStreetMap zerbitzuan kargatu ditut. Horri esker, nire inguruko errepide mapa sortzen ari naiz. Loiuko aireportutik, Donibane Lohitzunera, eta handik Gasteizko Olabide ikastolara. Horiek dira azken 3 hilabeteotako nire ibilbideen mugak.
OpenStreetMap
Ziur ezagutuko duzula Wikipedia proiektua. OpenStreetMap mapak egiteko Wikipediaren antzerako proiektua da. Izena eman, eta bai GPSa erabiliz edo klik, klik eta klik eginez, errepide mapa sor dezakegu!
Tagzania ez da gauza berdina?
Ez. Tagzania puntu pertsonalak gehitzeko da: nire lantokia, nire etxea, egon naizen toki hori... Tresna soziala da Tagzania. Hango informazioak ez du "ofiziala" izateko bokaziorik. OpenStreetMap-en helburua aldiz, errepide eta kaleen mapa ahalik eta zehatzena egitea da.
Mapak zertarako? ez dituzte liburudendetan saltzen ala?
Horretarako, hobe Luistxok INSPIREren inguruan idatzitakoa irakurtzea.
Proiektuan lagundu nahi baduzu eta arazoak badituzu, esan eta lagunduko dizut.
Zenbat buelta eman zenituen Gasteizen aparkatzeko?