Astelehen urdin baten
Bat
Nafarroako Antzineko udalekuetan, 1979ko uda izango zen. Hango oroimenak oso difusoak dira, baina banda sonora garbia da: "...ene maitia, agur, ohituta zaude, haurrak zaindu...". Egunero diska berdina udalekuetako megafonian.
Bi
Hamalau urte nituela, 1985ean. Aitaren tunako gitarrarekin Juegos prohibidos melodiaz aparteko zerbait jotzen hasi nintzen. Hotel California Akelarreren bertsioan eta Marea gora izan ziren lehenengo frogak.
Hiru
Eztanda. 1985ean bi kontzertutan izan nintzen, bakarrik. Bat Eibarren San Juanen inguruan eta bestea Elgoibarren, azaro edo abendu aldera. Akordatzen naiz bietan lehenengo filan izan nintzela, JC-ren aurre-aurrean. Inoiz hain gertutik ikusi gabe nengoen ez Telecaster eta ez Les Paulik . Foisis, Jimmy eta ez dakit nor zebilen gitarran, JCri lagunduaz. Uste dut teklaturik ez zegoela. Nik hori egin nahi nuen, musika talde batean jo.
Lau
Kortatu, Hertzainak, La Polla eta abarretaz paso egin nuen. 1989ko uztailean gure etxean lapurretan sartu ziren eta nire lehenengo gitarra elektrikoa eraman zuten. Musika aparailua ere oso osorik. Diskojogailuan Ambulance zegoen. Hura ere eraman zuten. Diskaren azal hutsa oraindik gordeta daukat.
Bost
Lau Teilatu izan zen ikasketak egin nituen artean gehien entzun eta kantatu genuen abestia, hainbeste momentu eder izan genuen! Gelditu gabe, Endika edo Txorirekin. Ia JCk baino gehiagotan kantatu genuen. Hala ere oraindik ez gara higuindu. Atzo bertan entzun eta kantatu nuen autoan.
Sei
2005eko gabonetan Olentzerok opari bikoitza. Hari Xingle bat liburua eta diskografia osoaren kaxa. Diska zaharrak gogoratzen eta ezagutzen hasi naiz. "Alkolea ze ona den. Lehenengo diska ona bai, baina oraindik nahiko berde zegoen. Ezekiel inoiz ulertuko ote dut?"
Zazpi
Ubeda anaietako batek Astelehen urdin baten abestiaren bertsio berria jarri du bere Herri Irratiko programan pasa den astean, aurrerapen moduan. Zuzenean grabatu omen da, eta zuzeneko soinua gordetzeko intentzioz. Nahiko soinu zakarra iruditu zitzaidan, batere landu gabea, etxean grabatutako maketa batetakoa bezala. Baina gustatu, noski, eta lehenengotik zazpigarrenerako pauso guztiak errepasatu ditut berriz ere buruan. Nirekin lotuta doa Itoiz.
Zure bizitza erdiaren kronika ederra, Gari.