Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Dantza pasteurizatua

Dantza pasteurizatua

Oier Araolaza 2009/05/07 08:15
San Antonio egunez Urkiolan adina erroskila salduko zituen bere garaian “munduko musikak” zigilua asmatu zuenak. Orain berriz, kexu dira ez dela diska alerik saltzen, ezta etiketa guaiena jarrita ere. Salmentak urri izan arren markak bidea egin du eta “munduko musikak” etiketak funtzionatzen jarraitzen du —mundukoa ez den musikarik ba ote dagoen argitu ez badigute ere—.
Dantzariak hor gabiltza, munduko musiken ustezko arrakastaren aparretan igeri egin nahian. Modernotasunaren aitzakian etxeko ateak ireki ditugu, eta flamenkoa zein sabelaren dantza zortzikoa baino “gureago” ditugu orain. Garaikidetasun lasterketetan homologazio bila gabiltza eta break-dancean ere doktoratzeko puntuan gaude. Baina, dantza tradizionalak ia-disimuluan lurperatzekotan gauden honetan, modernoetan-modelnoenak esandakoekin hankazgora etorri zaigu estrategia osoa.  

Cesc Gelabert, abangoardiako dantzari eta koreografo katalanak esan digu garrantzitsua dela munduko bazter batean txokoa hartzea, horixe baita unibertsal egingo gaituena: gure txokoko berezitasunak besteei erakusteak. Alegia, euskararen inguruko diskurtso soziolinguistikoetan entzuten genuena, euskara zela Babelgo dorrean sartzeko giltza, eta euskara bezala jalgi behar  dugula dantza munduko plazara.

Aniztasuna bakoitzaren abiapuntuarekiko fideltasunean oinarritzen dela gaineratu digu Gelabert-ek. “Baina erne!”—gaztigatu digu sortzaile katalanak—, “inoiz ere ez ezjakintasunetik!”. Beste toki batzuetan zer egiten den ezagutu eta gure beharraren arabera erabiltzeko jarrera irekia izan behar dugu dantza garaikideko guruaren esanetan.

Mundu oso bat dugu klik batera. Sukaldea egurasteko leihoa ireki eta urakanak aidean garamatza. Beraz, hautatzen jakitea, —kriterioa esaten dioten hori—, omen da munduko (Ilargia eta Marte barne) musika eta dantzen ozeno honetan ez itotzeko arraunik eraginkorrena. Input uholde horren aurrean irizpide sendorik ez badugu, modaren eta azken joeren sarean galdu eta arrunt bihurtuko gara. Mundura homologazio bila ateratzen garen bakoitzean homogeneizatuta eta pasteurizatuta itzultzen gara.  

Ez dugu dantza pururik, kanpotik jasotako ekarpenak bertako tenperatura eta hezetasun baldintzetan irabiatutako pureak baizik. Baina errezeta propio horiek dira gure unibertsaltasunaren froga agiri, eta horiek beharko genituzke dantzaren mundurako, munduko dantzetarako zein munduaren dantzarako gure ekarpen zintzo.

Argia, 2009-05-07
etiketak: dantza, argia
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter