Elektroi libreak ez du mugarik
Mundua mundu denetik inoiz ez da falta izan iraultza, gerra edo eztandarik. Stop. Herritarrak beti borrokatu izan du justua deritzonagatik. Stop. Gizakiak beti nahi izan du mendean hartu hurkoa. Stop. Botereak beti esplotatu izan du jende xehea, matxinada lehertu arte.
Duela urte batzuk medio tradizionalek horrelako gertaerak nola islatzen zituzten aztertzen genuen, ikuspuntu kritiko batetik askotan. Gaur egun, gertaera hauen eta sare sozialen arteko lotura ikertu ohi da, oro har, ikuspegi integratu batetik. (Egon, badaude, hemen ere, iritzi kritikoagoa dutenak).
Eztanda edo mugimendu ezberdinak tarteko (aztoratuta dagoen mundua, gurea) behin eta berriz ateratzen da gaia mahai-gainera, eta ez dira gutxi haien inguruan egindako artikulu zein liburuak, adibide praktikoekin gainera: Tunisia, M-15,… Badirudi, egun, protesta bakoitzak kalean duen oihartzuna neurtu ez ezik, sarean duena ere neurtu behar dugula; askotan iritzi publikoa ekintza baten aurrean noraino berotzen doan ikusteko, sarri ekintza baten ondoren iritzi publikoa nola berotu den jakiteko. Parametro edo adierazle berri bat daukagu, antza.
Izan ere, erabiltzaile askok interneten ikusi dute, pankarta eskuan hartuta kalera atera gabe, mundua aldatzeko aukera. Horrez gain, aktibismoa, militantzia… hitzak sarean esanahi berriak hartzen dituzte. Egun, politika zein beste molde "tradizional" batzuetatik aldendu dira hiritar asko eta jadanik militantzia ez garai batean izan zitekeen bezain hertsia. Teknologia berriek mesede egiten die fenomeno honi.
Duela pare bat urte Berrian egunkarian argitaratu zuten artikulu batetik tiraka datorren hausnarketa da, berez, goikoa. “Interneteko Ekintzaileak” zen artikulu horren titularra eta Alberto Barandiaranek sinatzen zuen. Bertan, Lina Ben Mhenniren blogariaren hitzak jasotzen zituen, udaberri arabiarren eta sare sozialen inguruan. Oso ongi laburbiltzen ditu, nire ustez, tunisiarrak “ziberaktibismoa” deitzen diogun horrek ekarri dituen aldaketak:
«Alderdi batean engaiatu egiten zara, lotu, kateatu, agenda politikoari jarraitu behar diozu, ez duzu jada berehalakoan erantzuten, di-da. Arauak daude, protokoloak, mugak. Elektroi libreak ez du mugarik. Blogari bat mila aldiz eraginkorragoa eta azkarragoa da. Ziberaktibismoan, nork bere modura laguntzen du (…).”
Proiektu honetan nire ikerketa lerroa ez den arren horrelako mugimenduen eta blogen arteko lotura aztertzea, ezin izan diot mingainari eutsi (ezin izan ditut hatzak gelditu). Jakinagatik ere, alderdi onak eta txarrak dituela fenomenoak. Norabide horretatik baina, blogak informazio alternatiboaren espazio bihurtu dira (Martínez, Solano; 2010), eta interesgarria iruditzen zait hurrengo ideia: bitarteko berri hauei esker zaintzaileen (medioen) zaintzaile bihur gaitezke eta botearearen gehiegikeriak salatu.