Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Beste lau urte jolasten eta enredando

xme 2005/01/03 09:27

(Joan den astean, Ibarretxe planaren eztabaida baino lehen Berria-n ateratako iritzi-artikulua)

Maite ditut pintada zaharrak, garai bateko lekuko lotsagabe bihurturik gelditu direnak: "Independentzia eta sozialismoa. EIA-KAS" eta tankera horretakoak. Antzuolan bada bat, hain xelebrea izan gabe ere, Deskargatik pasatzen naizen aldiko begia harrapatzen didana: "600.000 boto zertarako?". Ez da zaharregia ere, boto horiexek lortu baitzituen Ibarretxek 2001eko maiatzeko hauteskundeetan. Mayor Oreja lehendakari bihurtuko zen beldurrak eraginda, indar abertzale batek inoiz lorturiko boz-kopuru handiena.

Zertarako horrek erantzun jakina zeukan: Espainiarekiko marko berri bat planteatuko zuela agindu zuen EAJ-EA koalizioak, eta erreferenduma deituko zuela, herriak bere iritzia emateko. Hiru urte eta erdi baino gehiago igaro dira, eta Estatutu Berrirako Proposamena bozkatuko da hilaren 30ean Gasteizko Legebiltzarrean. Bere hitza bete duela esateko moduan da, beraz, gobernua. Niri, aldiz, adarra jotzen ari zaizkigula iruditzen zait, eta ez naiz Ibarretxe planaren edukiaz ari, orain arte eraman duen erritmoaz baizik.

Zerbait egin nahi duenak, egin egiten du, behar den astia hartuz baina denborarik galdu gabe. Egitekoak geroko utzi nahi dituenak, berriz, batzorde bat antolatzen omen du. Ibarretxeren plan honek, esaterako, batzorditisaren marka guztiak hautsi ditu. Gobernua osatzeko negoziazioen eta udako oporren ostean, 2001eko irailean aurkeztu zen Ibarretxe Parlamentuaren aurrean, eta Autogobernuari buruzko batzorde berezi bat eratzea erabaki zuten bertan. Batzorde horretan, urtebetean jardun zuten huntaz eta hartaz berriketan, hainbat gonbidaturen iritziak entzutearekin batera. Hortik atera zen ondorioa, gobernukideek aldez aurretik hartua zeukatena: gobernuari estatutu berri baten testua eskatzea. Horretan jardun zuen lehendakariak 2002-2003 urtealdian, horretarako hainbat "gizarte-eragilerekin" bilerak eginez, nonbait. 2003ko udazkenean aurkeztu zen proposamena, Ibarretxe plana deritzana, eta beste urtebete eman dute parlamentuan horren gaineko eztabaida eta negoziazioetan, tartean Autogobernu batzordearen aurrean agertu zen zenbait hizlariren ekarpenak bigarren aldiz entzunez. Modu bikaina denbora galtzeko, edo denbora irabazteko, nondik begiratzen zaion.

Mekanika parlamentarioa horrelakoxea dela esango dit baten batek, eta denbora "kudeatzen" jakitea hogeita hamaika eskutik daukan politikariaren dohaina dela. Baliteke. Onartzen dut. Baina niretzat jokabide horrek argi erakusten du denbora pasatzen uztea bera izan dela gakoa, bitartean gero eta egoera erosoagoa lortuz joateko, hauteskundez hauteskunde (udaletakoak, Europakoak, Espainiako gorteetakoak), aldi bakoitzean Ibarretxeren balizko erreferendumaren banderapean botoak pilatzen eta pilatzen segitzeko. Ezin hobeto adierazi zuen Asisko Urmenetak Argia-n ateratako txiste hartan: "Esaera baten bilakaera. 0 urtea: ez ezazu esan ez dut ur horretatik edanen. 1000. urtea: ez ezazu esan ez dut ur horretatik edanen, ez eta apaiz hori ez da ene aita. 2000. urtea: ez ezazu esan ez dut ur horretatik edanen, ez apaiz hori ez da ene aita, ez eta ez diot inoiz botoa EAJri emanen". Hitzez gaitzetsitako alderdi politikoen lege berriari ere probetxu ederra atera diete EAk nahiz jeltzaleek, inoizko aginterik zabalena eskuratzeraino.

Eta orain iritsi da delako plana Legebiltzarrean bozkatzeko eguna. Bidearen amaiera? Ez du ematen. Oposizioak atzera botatzen badu, horixe izango da EAJ-EA koalizioaren programaren ardatza datozen udaberriko hauteskundeetan, lau urteren buruan atzera hasierako puntura itzultzeko. Hori gertatzea ez litzateke izango politika baten porrota, ezpada garaipena. Egibarrek berak ere onartu du, bere alderdian eta talde parlamentarioan asko direla (gehienak, esango nuke nik) estatutu berrirako proposamena aurrera ateratzea nahi ez dutenak. Beren "plan" hori zapuzteko modu bakarra, Sozialista Abertzaleak taldeko legebiltzarkideek aldeko botoa ematea litzateke, baina horrek badu bere koxka eta kostua ezker abertzalearentzat: gustuko ez duten proposamen bat onartzea, batetik, eta hurrengo hauteskundeetan, Batasunak legez kanpo segitzen badu, Ibarretxek haren jarraitzaleei botoa eskatzeko sinesgarritasun handiagoa izatea, bestetik.

Joan den legegintzaldiko unerik gorena Iturgaitzek Mayor Orejaren besaulkiko botoia sakatu zuenekoa izan zen, Zaldi Eroaren marrazkiek hilezkor bihurtua. Iturgaitzek berak, bere jokabidea zuritzeko agerraldian, modu zoragarrian definitu zuen: "nengoen jolasten eta enredando" esan zuen. Erraza da Iturgaitzen lepotik barre egitea, errazegia, eta gustura sentitzen gara gainera halakoetan. Hala ere, irudipena daukat, Ibarretxek eta jeltzaleek beste lau urte pasa nahiko dituztela, Iturgaitzen moduan, "jolasten eta enredando". Mayor Orejaren botoiarekin ez baizik eta gurekin ordea. Euskal Komunitate Autonomoko hiritarrekin eta euskal herritar guztien itxaropenekin oro har.

Ibarretxe planaren eztabaida (II)

xme 2004/12/30 18:28

Eguerdian etendako eztabaidak bazkalondoan jarraitu du, eta Arnaldo Otegi Sozialista Abertzaleak taldeko bozeramailea izan da arratsaldeko izarra.

Alfred Hitchcock-i deitu ohi zaio suspensearen maisua, baina hemendik aurrera Arnaldo Otegi haren ikasle aurreratua izendatu beharko dute.

Goizetik zegoen jakin-mina, Sozialista Abertzaleek zer egingo zuten; Ibarretxe planaren kontra zeudela argi zegoen, baina popular eta sozialisten zakuan sartzerik nahi ez zutela ere bai; bestalde, giroan nabari zen gobernuaren planean sartzen zela ezker abertzalearen ezezkoa.

Otegik bere hitzaldian gogor jo du Estatutu berrirako proposamenaren kontra; orain dela 25 urteko akats bera errepikatzea leporatu die Ibarretxeri eta EAJri; horren aurrean, gatazka errotik konpontzeko beharra jarri die mahai gainean, eta Anoetako proposamena gogorarazi.

Horren ostean, bere hitzaldiaren amaieran, suspensezko momentuak luzatuz, jakinarazi du bere taldeko hiruk baiezko botoa emango dutela, autodeterminazioa eta erreferenduma ahalbidetzeko, eta beste hiruk ezetz, Estatutu proposamenarekiko arbuioa adierazteko.

Lurrikara txiki bat

Otegiren iragarpenak purrustada nabarmenak eragin dizkie gure inguruko kazetari espainolei, esku bat itzulpenaren belarri-txintxilikarioan eta bestea boligrafoan zeukatela. Bestalde, esanguratsua izan da zein altxatu den bere aulkitik: Josu Jon Imaz ikusleen palkotik, Inigo Urkullu eta Ibarretxe parlamentarien besaulkitik. Presakako bileratxo bat egin ote dute? Ezin jakin.

Hortik aurrera, PSOEk eta PPk ez dute txintik esan, Batasuna ohitik datozen hitzei jaramonik ez egiteko beren usadioari jarraiki. Matutek EBtik eta Larreinak EAtik erantzun diote Otegiri, baina eskas samarrak izan dira haien hitzaldiak, egia esan. Egibar eta Otegiren artean, ordea, debate zorrotz baina aberatsa sortu da.

Duela sei urtetik askotan entzun dugu bi horien arteko debatea; arrazoi historikoaren inguruko obsesio handi samarra nabaritu dugu beste behin (Xibertako solasaldiak), ezker abertzale osoaren zeharkako aipuak (Otegik Josu Urrutikoetxearen gutun bat irakurri du, eta Egibarrek Pakitok-eta ETAko zuzendaritzari idatzi eta prentsan filtraturikoa), eta goizean ez bezala euskara dexente entzun ahal izan dugu.

Hemendik aurrerakoek interes gutxiago izango dute, nabarmen.

Ibarretxe planaren eztabaida (I)

xme 2004/12/30 16:28

Hiru urte eta erdiko ibilbide luzearen ondoren, gaur goizean hasi da, azkenik, Estatutu Berrirako Proposamenaren eztabaida, "Ibarretxe plana" izenaz ezagunagoa.

Goizeko bederatzi eta erdietan hasi eta, ordubiak eta laurdenean Atutxak bazkaltzeko etena jakinarazi duen arte, ia bost orduko hizketaldi jarraitu eta maiz errepikatuak entzun ditugu Legebiltzarrean geundenok nahiz telebistaz aditu dutenek. Edukiaren laburpenak eta balorazioak komunikabide guztietan egingo dituztenez gero, giroaren berri ematen saiatuko gara kronikatxo honetan.

Floridako naximentua

Floridako parkearen izkina batean dago Gasteizko Institutu zaharra, aurki 25 urte beteko dituen parlamentua. Gabonetan, urtero-urtero, jaiotza dotorea paratu ohi dute Floridako parke horretan: egiazkoen tamaina bereko eskultura ugari daude han-hemen hedaturik, artzainak, erregeak, txerri, zaldi, ardi, asto eta behiak, Maria, Jose eta ninia irudikatzeko.

Belen horren antzera, nork bere rola du Legebiltzarraren barruan ere, urteroko diskurtsoa errepikatu baitute parlamentariek beren txandetan. Juan Jose Ibarretxe lehendakaria hasi da, xehetasunetan sartu gabe, estatutu berriaren zergatiak eta onurak azalduz, bere ohiko estilo eta hiztegiarekin.

Ondoren osoko zuzenketen txanda hasi da. Sozialistena, popularrena eta sozialista abertzaleena ziren aurkeztutakoak, baina lehenengo biak bakarrik eztabaidatu ahal izan dira orain arte. Patxi Lopezek, lehenik, eta Leopoldo Barredak, ondotik, gogor gaitzetsi dute Ibarretxeren plana (gogorrago bigarrenak), batez ere laugarren artikulua kritikatuz, hiritartasuna eta naziotasuna kontzeptuen bitasuna dakarrena.

Zuzenketa bakoitzaren azalpenaren ondoren erantzunen eta kontra-erantzunen txanda etorri da. Joseba Egibarrek eta Elixabete Pinolek hitz egin dute jeltzaleen aldetik, Rafael Larreinak Eusko Alkartasunarenetik, Oskar Matutek Ezker Batuaren txandan eta Joseba Permachek Sozialista Abertzaleen izenean. Beren argudioaren funtsa, laburbiltzearren, herritarrek parte hartzeko duten eskubidearen defentsa izan da, autodeterminazioa demokraziaren mami bihurtuz eta herriaren nahia legezkotasunaren gainetik jarriz.

Burdinazko maskuria

Juan Mari Atutxak fama du, batetik, debatea zorrotz zuzentzeko, eta gaur goizean ere izan du hori erakusteko aukera, legebiltzarkideei nahiz ikusleei errieta eginez tokiz kanpo hitz egin edo txalo joz gero.

Beste zerbaiten fama ere badu Atutxak: inoiz ez altxatzearena saioak irauten duen bitartean. Parlamentari ia guztiak altxatzen dira tarteka, zigarro bat erretzeko, tabernan zer edo zer hartzeko, komunera joateko edo zernahitarako. Berdin egiten dute bisitari eta kazetari gehienek ere, luze eta nekagarri egiten baita hankak luzatu gabe egotea hainbeste orduz, batez ere mintzaldiak aspergarri samarrak direnean, gaur izan diren moduan.

Hala ere, Atutxa bere tokian tente. "Burdinazko maskuria" ere deitu izan diote, txixagurari eusteko dohain horregatik. Ez da puxikaren deiari entzungor egin dion bakarra: gure balkoi-zatian mugitu ere gabe iraun du lerro hauek idazten dizkizuen honek eta berdin Koldo Izagirrek ere, Lizardik Espainiako gorteetan egin zuen bezala Berria egunkariaren berri-emaile gisa etorri denak.

Baina maskuriaren beharrei gosea ere erantsi zaie dagoeneko, eta amaitutzat emango dut kronikatxo hau, arratsaldean jarraitzeko asmotan. Gero arte.

Perikitoen bakardadea

xme 2004/12/23 08:00

(Hau irakurtzen duzuenerako oporretan egongo naiz; beraz, egun batzuetan ez dut mezu berririk idatziko. Hala ere, irakurle fidel zaituztedanontzat, ipuin bat opari. Iaz eskatu zidaten "Administrazioa Euskaraz" aldizkaritik ipuin labur bat egiteko (neurri zehatza emanda), eta ahal bazen gabon girokoa. Horra emaitza).

"Sendatuko al da?

"Gure esku dagoen guztia egingo dugu.

"Baina sendatuko da?

Halako larritasunez begiratzen zidan gizonak Zer esan behar nion? Ez neukala ideiarik ere? Ez nekiela zer egin zitekeen? Bost axola zitzaidala? Hori guztia hala izanik ere, eskua jarri sorbaldan, begiak begietan, eta boz sendo eta ziurraz esan nion:

"Konfiantza izan behar dugu zientzian, eta zientziaren gainetik dagoenarengan.

Ez naiz fededuna izatez, baina Eguberri garaian geundela aprobetxatuta bota nion esaldia, halako itomenean zegoen gizonari baliagarri izango zitzaiolakoan, eta lasaitu zen apur bat, ez dakit etsipenez, zientziarekiko fedez, ala haren gainetik dagoenarekiko sinesmenez.

Txikitan telebistan ikusten nituen dokumentalek egin ninduten animaliazale, eta lurralde urrunetako espezie hil-hurrenak salbatzeko ametsak eraman ninduen albaitaritza ikastera. Karrera amaitu eta berehala ohartu nintzen, ordea, bizimodua ateratzea uste nuena baino konplikatuagoa zela, eta telebistako dokumentalekin jarraitu beharko nuela elikatzen animalia exotikoekiko nire lilura. Izeba Kontxik erretiroa hartutakoan itxi zuen mertzerian egokitu nuen klinika beterinarioa, “Lagun” izen hiper-originalaz bataiatu nuena.

Banekien, beste urte batzuetako esperientziaz, gabonetako bazkari-afarietan giza jendea ez ezik etxeko animaliak ere sarri eta erraz gaixotzen direla, batez ere txakurrak, mahaietako sobra guztiak jan ostean enpatxu galantak harrapatuta. Horregatik erabaki nuen nire klinikatxoa zabaltzea, bestela etxera etorriko baitzitzaizkidan bezeroak, herrikoa izateak ematen duen konfiantza likatsu horrekin, eta ordaindu gabe aldegin gainera, zenbat zen galdetutakoan lotsa ematen baitzidan ezer eskatzeak; horregatik, eta etxean aspertu egiten nintzelako amaren matraka entzuten: noiz bilatu behar dun senargaia? Badun garaia! Nik, hire edaderako, hiru ume hazita neuzkanan

Egun hartan, baina, ez txakur ez katu, perikito baten jabea neukan neure despatxuan, kaiolari mimoz heldu eta barruko txori gaixoari penaz bezainbateko estutasunez begiratzen ziona, begirada suhar harekin osasuna itzuli nahiko balio bezala. Ez nion aitortu noski galdu samar nenbilela halako txoritxoak artatzeko tekniketan, eta lumadunari azterketa axaleko bat egiten nion bitartean ohiko galdeketa egin nion jabeari: hegaztiaren adina, azken egunetako janari eta gorotzak, luma-galtze eta enparauak.

"Superbibiente bat da Arafat "esan zidan jabeak, eta horrela jakin nuen Arafat zuela izena txoriak: buru txuria ttantto beltxez hornitua zuelako noski. Eta ondoren kontatu zidan zergatik zen Arafat biziraulea (hala esaterik baldin badago), Palestinako gorabehera politikoekin zerikusirik ez zeukan azalpen honekin:

Perikitoak binaka eduki ohi ditu jendeak kaiolan, eta oso atxikiak izaten dira bata besteari. Hainbesteraino non jendeak fideltasunaren sinbolo egin baititu, eta uste bat ere zabaldu da, alegia, bikotekideetako bat akabatzen bada bestea ere luze gabe hiltzen dela, penaren penaz.

"Arafatek ere bazuen bere laguna, Evita, eme berde-hori bat, polita! Baina Maiderrek alde egin zuenean, dena erdibana egin behar genuela-eta, berak eraman zuen Evita, eta ni geratu nintzen Arafatekin.

"Eta aspaldi izan al zen hori?

"Hiru urte oraintxe. Eta perikitoak bizirik eutsi dio.

Nik banekien perikito bakartia maitasunez hiltze hori leienda hutsa zela; bizi ere, ehunkako multzoetan bizi dira beren habitat naturalean, bikoteka bildu arren. Baina nola esango nion hori dena gizonari?

"Bizirik eutsi dio, gaur arte. Nik ez dakit nola "eta negarrez hasi zen, koitadua.

Abereentzako botikez gain aspirinak besterik ez ditut izaten botikinean, eta haietako bat eman nion, baso urarekin, lasai zedin. Hurrupa txikietan edaten zuen bitartean begira egon nintzaion, eta konturatu nintzen Arafat ez baina jabea zela han benetako perikito maitemindua, Maiderrek utzi zuenez geroztik bakarrik bizitzen asmatzen ez zuena.

"Salbatuko al da? "galdetu zidan hurrena.

Eta ni kalkulatzen hasi nintzen. Ez txoriak bizirik ateratzeko zeuzkan aukerak, baizik eta gizon fardel hark, negarrari utzita eta behar den bezala jantzita, ze piura izango zuen etxean aurkezten banuen. Eguberritako mirari batekin, agian

Bi afari

xme 2004/12/22 11:39

(Berria-ko kultura orrietan, "Leihatila" atalean ateratako artikulua)

Pasa den Durangoko Azokaz idazteko eskatu didate, baina zuek hau irakurtzerako erdi ahaztua izango duzue abendu hasierako zubia, eguberrien zurrunbiloan sarturik seguru asko, norbere gurasoenean, bikotekidearenean, lagunekin nahiz lankideekin egin beharreko otordu oparoetan kiloak biltzen, eta Durangon erositako nahiz Olentzerok ekarritako liburuak irakurtzen noiz hasiko zareten ez dakizuela.

Liburu eta afari kontuak ekarriko ditut nik ere. Azoka baino lehentxeago, afaria egin nuen liburuen arloan lan egiten duten bi lagunekin (barkatuko didazue izenak esaten ez baditut). Giro atseginean eta berriketa lasaian joan zen afaria, platerak eta edontziak hustu ahala gero eta berritsuago. Solasaren tonua, hala ere, ez zen guztiz alaia: gure errealitate kulturalaz mintzo ginela, ugariago ziren ilunak argiak baino, eta literaturaren munduak hartu duen jiteaz “dezepzioa” izan zen behin baino gehiagotan entzun zen berba.

Biharamunean, lehenengo liburua zekarren norbaiten jendaurreko aurkezpena egin genuen (hemen ere gisakoa izango da xehetasunak isiltzea). Giro jatorra, kanpoan hotz eta barruan bero; letren oturuntzaren ondoren, paperjaleak ere biziko bada beste zer edo zer behar duela-eta, afaltzera eraman gintuzten. Euskal Herriko bazter galdu bateko ehiztarien soziedadean elkartu ginen, idazlea, bere etxekoak, lagunak eta zenbait satelite; inoiz jan dudan untxi errerik gozoena eman ziguten, eta etxera itzultzeko altxatzekotan nintzela, hor hasi zitzaizkion idazle nobelari, berak ezer ez zekiela, bertsoak kantatzen eta oroigarriak oparitzen.

Afari batean profesionalak geunden, liburugintza bertatik eta sakon ezagutzen dugunak, eta etsi-puntuak harturik ginduzkan; bestean, berriz, saltsa honetatik urruti dabilen jendea bildu zen gehienbat, baina gauza ederra iruditzen zitzaien liburu baten sorrera, ospatzekoa beren artean idazle bat izatea, eta idazlea bera ere ilusioz gainezka zegoen, bere lana argitaratu zela-eta. Kontua ez da, noski, arrazoia non dagoen erabakitzea; ez dago zertan mahai bakarra aukeratu, datorren urtean ere segitu beharko baitugu berriketan eta irakurketan, liburuak aurkezten eta lagun arteko afariak egiten. Hala bedi!

Barraskiloak garbigailuan

xme 2004/12/21 08:25

Badatoz gabonak: familia, opariak, depresioak, abestiak, kontsumismoa, benetako poza, behartutako poza, oporrak bakoitzak nahi duen alderdiari erreparatuko dio. Dena dela, jan-edanik ez da seguru asko faltako inoren etxean. Menuan, denetik, eta etxe bakoitzean bere ohiturak.

Herri batzuetan badirudi egun hauetan barraskiloak jateko usadioa izaten dela. Hori dela-eta, barraskiloak jateko ohitura galduko ote den ez ote den eztabaida bat entzun nuen aurrekoan: xomorro horiek garbitzeko lana zen gakoa, gaur egun eginkizun neketsu eta nazkagarri samarra iruditzen baitzaigu denoi ere. Norbaitek komentatu zuen orduan labadoran sartuta garbitu daitezkeela.

“Labadoran? Oskolak eta dena txikituta geldituko dira-eta!”

“Programa xuabean jartzen badituzu ez. Bueltaka-bueltaka ibiliko dira, garbitu arte”.

Harrituta geratu nintzen, egia esanda. Hurrengo batean bi lagun ikusi nituen ordenagailuaren aurrean, janarien inguruko argitalpen batean lanean ari zirela, eta barraskilo baten irudia agertu zenez, garbigailuarena komentatu nien. Haiek ere sinesgogor, baina programa xuabearena interesgarria iruditu zitzaien.

“Komentatu behar diot halakori”, esan zuten biek ere.

Lagun biak gizonezkoak dira, eta “halako”, emakumezkoa.

Barraskiloekin edo gabe, zenbat ordu sartuko ote dituzte datozen egunotan Euskal Herriko emakumeek sukaldean, beste batzuk aseta eta pozik gera gaitezen?

Periodikoetan azaltzen ez den baten laudorioz

xme 2004/12/20 10:06

Marian aspalditik ezagutzen nuen, ikaskide izan bainuen unibertsitatean. Josemari, aspaldiagotik baina urrunagotik, gure aitaren lankidea izan baitzen, fabrika itxi zieten arte. Gero bikote egin ziren, eta ume txiki bat ere badute orain.

Gaur zortzi, Santa Lutziko ferian, haiekin egin nuen topo Zumarragan, eta berbetan hasi. Sarritan agurtu arren, mutilarekin hitz egiten nuen lehen aldia zen, eta gure arteko lokarri ia bakarrera joan zen solasa: nire aita. Lagun ona, lankide jatorra, bihotz zabalekoa, asko zekiena baina apala, umila. Halakoxeak esan zituen Josemarik aitaren gainean, eta ni pozik, harro, isilik.

Sarritan komentatu izan da gurasoen poza seme-alaben edozein garaipentxo dela-eta. Gure aitak ere izango zuen akaso halako harroaldiren bat, nire izena paperetan ikusita. Nik, berriz, ez dut aita periodikoetan ikusterik izan. Hala ere, goizeko zazpietan buzoa jantzita koipez eta izerdiz harekin batera zikintzen zen baten ahotik entzun nituen laudorio haiek, eta horrek gehiago balio du, dudarik gabe.

Gauean ikusi nuen aita, eta esan nion Josemari nola ikusi nuen. Poztu zen, eta euskaraz ikasteko mutilak hartutako lanak aipatu eta goraipatu zizkidan, hainbatgarren aldiz. Ez nion kontatu hark esandakorik. Isilik gorde nuen nire harrotasuntxoa, hitzez jantziz gero harrokeria bihurtuko zen beldurrez.

Ahazturaren kontra

xme 2004/12/17 09:00

(Goierriko Hitza-n etzi, igandean aterako den artikulua)

Abenduak 19: gaur urtebete, beasaindar bat bere automobilaren ondoan bide bazterrean geldirik zegoela, beste gizon bat beregana etorri, pistola atera eta hantxe bertan akabatu zuen.

Hildakoak Jose Atanes zuen izena eta ez nuen ezagutzen. Hiltzaileak ez dakit zer izen duen, dakidan bakarra da ertzaina dela, guztion zergetatik bizi den norbait, ni eta zu eta Jose Atanes babesteko obligazioa zuena, eta horretarako jarri ziotela pistola esku artean.

Galiziar jatorrikoa zen Atanes, Euskal Herrira lan bila etorria, beste asko bezala. Nire auzoko gailegoekin gogoratzen naiz, Atanes abizenekoak horietako batzuk ere, betidaniko herrikide sentitzen ditudanak. Jose Atanesi eta bere familiari ez diegu gure herriko partaide sentitzeko aukera handirik eman, ordea. Ez bakarrik herri-zain ustezko batek garbitu zuelako inongo arrazoirik gabe; horrez gain, ze elkartasun eskaini die gure herriak haren senideei? Ez dut inon entzun omenaldirik egin zaienik, lore-eskaintzarik, barkamen-eskerik

Biktima ahaztua da Jose Atanes. Ez dute hartaz hitzerdirik egin telebistan, ez da lerro askorik bete periodikoetan, ez da politikoen adierazpenik entzun haren gainean. Ezin esan gudari bat zenik ere, odola aberriaren alde emandakoa. Langile bat zen; igual futbola gustatuko zitzaion, Deportivok zer egin duen jakiteko; beharbada baxoerdien euskal ohiturarekin zaletzen hasita zegoen. Ez dakit, eta honezkero ez dut jakingo.

Maite zutenek ez daukate ahaztuta hala ere. Tolosatik Goierri aldera errepidez gatozela, Alegiarako sarrera baino metro batzuk lehenago, kamino ertzeko belar eta zuhaitzen artean lore batzuk daude, plastikoan bilduta, Galiziako bandera pare bat ere bai zintzilik, eta Atanesen argazkia akaso. Behin baino gehiagotan ikusi ditut, baina inoiz ez naiz gelditu patxadan begiratzeko. Arriskutsua izan baitaiteke auto bat bide bazterrean geldituta eta norbait hor zutik, zer suma.

Top manta & Edredoning

xme 2004/12/16 10:18

Ikasketa-amaierako bidaia horietako bat komentatzen ari ginen lagun artean, gutako bat ikasleak zaintzen izan berria baitzen; bera ere oraindik gaztea, ordea, eta neska-mutilen polizia baino haien konplizea izatea gurago, nonbait.

Ba, gure lagun arduradun ardurabakoak kontatu zigunez, gau batean parrandan ibili omen zen gaztetxoekin, eta top manta egin omen zuten. Esateko moduan ezagun zuen, top manta delakoa zer ote zen noiz galdetuko genion zain zegoela, eta ez zuen askorik itxaron behar izan.

“Ba, top manta da, gazte pila bat sartzea gela batean, denak lurrean etzan, gainetik manta bat bota (hortik izendapena, noski), eta porruak erretzen hastea, keaz inguratuta”.

“A, hori al zen? "bota zuen gutako beste batek, bere desilusioa ezkutatu gabe". Hasiera entzun dudanean, nik uste nuen edredoning egingo zutela”.

Eta orduan azaldu zigun zer zen edredoning hura: Big Brother telesaioaren bertsio espainiarrean (Gran Hermano), kameretatik ezkutatzeko, ohazalaren azpian sartu eta zirrika edo larrutan edo dena delakoan aritzeari deitzen omen zioten “edredoning”.

Belaunaldi berriei begira, eta ohitura sexualei dagokienez, hau ez dela Espainia esaten segitu ahalko dugu beraz, urte askoan.

Jarriko al diogu kondoia gure agintari-jendeari

xme 2004/12/15 09:05

(Berria-n atera den artikulua)

Biologiaren trikimailu polit bat izan zen bizidunen ugalketa plazerarekin lotzea: gure sexu-grinak edo dena delakoak binaka elkartzera garamatza animaliok, eta elkartze gozo horretatik sortzen dira kume berriak, espeziearen iraupena ziurtatuko dutenak. Gizakiok eskema horren barruko animaliak gara alde batetik, baina naturaren berezko bide horretatik ateratzeko gauza den izaki bitxi samarrak ere bai, bestetik: desira sexuala menderatzen, sublimatzen, aldatzen eta ugalketatik bereizten dakien piztia bakarra.

Dena dela, hemen ez dut hitz egin nahi eliza katolikoaren dotrinaz, ez kontrazepzio-bideez, baizik eta gure herria txikitzeko asmoa duen azpiegitura-proiektu erraldoi batez: Abiadura Handiko Trena (toki faltaz, beste baterako utziko dut Jaizkibelgo portua).

Horretaz pentsatzen jartzen naiz batzuetan, eta, hondamendi ekologikoa alde batera utzita ere (inola ere alde batera uztekoa ez den gauza), ezin izaten dut ulertu zer mesede ote dakarren horrelako megalan faraonikoak, errentagarritasun ekonomiko hutsaren aldetik inongo oinarririk ez duenak. Nire ondorioa, larrutan egin beste ametsik ez daukan animaliatxoaren moduan jokatzen dutela gure arduradun politikoek: obra egiteak berak ematen die gozamena, geroko ondorioetan pentsatu gabe. Diferentzia handi bat dago ordea: animalietan ez bezala, kasu honetan ondorioa ez da espeziearen biziraupena ziurtatuko duten kume berrien jaiotza, ezpada gure ondare naturalaren zati handi bat betiko suntsituko duen triskantza.

Esajeratzen ari naizela uste duenarentzat bizpahiru zertzelada botako ditut, hobeto informatzeko kezka behintzat piztuko diodalakoan. AHTk ehun bat metroko zabalera hartuko du bere ibilbide osoan, trena bera eta inguruko segurtasun-ingurua barne. Zeharkatu ezingo den ehun metroko hesi bat. Erdia pasatxo lurpean doala-eta lasai geratzen gara, ikusten ez den gaitzaren aurrean bezala; baina hor egin beharko diren lur-mugimendu, zulatze eta betelanek egundoko kalteak ekarriko dituzte naturaren orekan, paisaian, lurpeko uren ibilbidean, espezie askoren ekosisteman

Eta onurak? Hiriburu batetik bestera di-da batean joango garela esaten digute, autoa hartu beharrik gabe. Erdizkako egia horrek hiru laurdenak ditu gezurretik. Horrelako tramankulu bat nekez sartuko da hiriburu barnera, eta horrenbestez aldirietan geratuko da; Donostiaren kasuan, esaterako, Astigarragan: gaur behintzat ezin okerrago komunikatutako herria (baina lasai, laster konponduko dute hori ere, errepide berri bat eginda). Beraz, kontuan hartzen badugu zenbat denbora beharko dugun etxetik geltokira joateko, aurrena, eta helmugatik iritsi nahi dugun lekura, hurrena, inor gutxik lagako du autoa supertrena hartzeko. Bestalde, Euskal Herria ez da bost hiriburuz osaturiko osaturiko basamortua: konurbazio etenik gabeko bat osatzen dute Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdi ia osoak, eta hiriburuen artean bizi den jende guztiak ez du inongo abantailarik aterako hemendik; horiek erabiltzen duten ohiko trena, berriz, gero eta zokoratuago dago inbertsioetan: nire herrian egiten dira Renferentzako trenik berrienak, baina Madrid-Irun ibilbidean orain dela berrogei urteko Talgo zaharrak dabiltza oraindik. Abiadura Handikoa merkantzi garraiorako erabili ahal izango dela esan izan da, baina hori ere ez dago batere garbi, eta izatekotan ere horrek ez du kamioien joan-etorria gutxituko, bai ordea garraio globala handituko.

Non dago hortaz negozioa? Obra egitean, noski. Ni txorabiatzen nauen zero kopurua du lan honen aurrekontuak, nahiz eta oraindik inork jakin ez nork jarriko duen dirua: Bruselak, Madrilek, Gasteiz eta Iruñeak? Edonola ere hiritarron zergetatik aterako da dirutza hori, eta pagotxa horrexen zain daude kontratista, enpresari eta enparauak. Ez dut demagogiarik egingo: enpresaburuentzat mesede galanta da, jakina, baina ez dago ukatzerik lan ugari sortuko dela: eraikuntzan lehenik, hauentzako makina eta tresnak egiten dituzten arloetan ondoren, ostalaritza eta zerbitzuetan dudarik gabe Halako herrilan erraldoiek xoxaren mugimendua dakarte, larruaren igurtziak haragiaren asea bezala.

Obra amaitzean, ordea, zer geratuko zaigu? Lurralde osoa larrututa, eta mantentze hutsa garestia izango den garraiobide bat, bere burua inola ere pagatuko ez duena eta batez ere hegazkinaren alternatiba moduan erabiliko dena, Madrila edo Parisa joateko. Lank egin bitartean dirua parra-parra ibiliko den sektore batzuetan krisia sortzea ere posible da, baina lasai, hor dauzkagu gure politiko txit prestuak, beste handi-mandikeriaren bat asmatzeko. Izorratzeko lur puska bat geratzen zaigun bitartean.

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.