Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Beste lau urte jolasten eta enredando

Beste lau urte jolasten eta enredando

xme 2005/01/03 09:27

(Joan den astean, Ibarretxe planaren eztabaida baino lehen Berria-n ateratako iritzi-artikulua)

Maite ditut pintada zaharrak, garai bateko lekuko lotsagabe bihurturik gelditu direnak: "Independentzia eta sozialismoa. EIA-KAS" eta tankera horretakoak. Antzuolan bada bat, hain xelebrea izan gabe ere, Deskargatik pasatzen naizen aldiko begia harrapatzen didana: "600.000 boto zertarako?". Ez da zaharregia ere, boto horiexek lortu baitzituen Ibarretxek 2001eko maiatzeko hauteskundeetan. Mayor Oreja lehendakari bihurtuko zen beldurrak eraginda, indar abertzale batek inoiz lorturiko boz-kopuru handiena.

Zertarako horrek erantzun jakina zeukan: Espainiarekiko marko berri bat planteatuko zuela agindu zuen EAJ-EA koalizioak, eta erreferenduma deituko zuela, herriak bere iritzia emateko. Hiru urte eta erdi baino gehiago igaro dira, eta Estatutu Berrirako Proposamena bozkatuko da hilaren 30ean Gasteizko Legebiltzarrean. Bere hitza bete duela esateko moduan da, beraz, gobernua. Niri, aldiz, adarra jotzen ari zaizkigula iruditzen zait, eta ez naiz Ibarretxe planaren edukiaz ari, orain arte eraman duen erritmoaz baizik.

Zerbait egin nahi duenak, egin egiten du, behar den astia hartuz baina denborarik galdu gabe. Egitekoak geroko utzi nahi dituenak, berriz, batzorde bat antolatzen omen du. Ibarretxeren plan honek, esaterako, batzorditisaren marka guztiak hautsi ditu. Gobernua osatzeko negoziazioen eta udako oporren ostean, 2001eko irailean aurkeztu zen Ibarretxe Parlamentuaren aurrean, eta Autogobernuari buruzko batzorde berezi bat eratzea erabaki zuten bertan. Batzorde horretan, urtebetean jardun zuten huntaz eta hartaz berriketan, hainbat gonbidaturen iritziak entzutearekin batera. Hortik atera zen ondorioa, gobernukideek aldez aurretik hartua zeukatena: gobernuari estatutu berri baten testua eskatzea. Horretan jardun zuen lehendakariak 2002-2003 urtealdian, horretarako hainbat "gizarte-eragilerekin" bilerak eginez, nonbait. 2003ko udazkenean aurkeztu zen proposamena, Ibarretxe plana deritzana, eta beste urtebete eman dute parlamentuan horren gaineko eztabaida eta negoziazioetan, tartean Autogobernu batzordearen aurrean agertu zen zenbait hizlariren ekarpenak bigarren aldiz entzunez. Modu bikaina denbora galtzeko, edo denbora irabazteko, nondik begiratzen zaion.

Mekanika parlamentarioa horrelakoxea dela esango dit baten batek, eta denbora "kudeatzen" jakitea hogeita hamaika eskutik daukan politikariaren dohaina dela. Baliteke. Onartzen dut. Baina niretzat jokabide horrek argi erakusten du denbora pasatzen uztea bera izan dela gakoa, bitartean gero eta egoera erosoagoa lortuz joateko, hauteskundez hauteskunde (udaletakoak, Europakoak, Espainiako gorteetakoak), aldi bakoitzean Ibarretxeren balizko erreferendumaren banderapean botoak pilatzen eta pilatzen segitzeko. Ezin hobeto adierazi zuen Asisko Urmenetak Argia-n ateratako txiste hartan: "Esaera baten bilakaera. 0 urtea: ez ezazu esan ez dut ur horretatik edanen. 1000. urtea: ez ezazu esan ez dut ur horretatik edanen, ez eta apaiz hori ez da ene aita. 2000. urtea: ez ezazu esan ez dut ur horretatik edanen, ez apaiz hori ez da ene aita, ez eta ez diot inoiz botoa EAJri emanen". Hitzez gaitzetsitako alderdi politikoen lege berriari ere probetxu ederra atera diete EAk nahiz jeltzaleek, inoizko aginterik zabalena eskuratzeraino.

Eta orain iritsi da delako plana Legebiltzarrean bozkatzeko eguna. Bidearen amaiera? Ez du ematen. Oposizioak atzera botatzen badu, horixe izango da EAJ-EA koalizioaren programaren ardatza datozen udaberriko hauteskundeetan, lau urteren buruan atzera hasierako puntura itzultzeko. Hori gertatzea ez litzateke izango politika baten porrota, ezpada garaipena. Egibarrek berak ere onartu du, bere alderdian eta talde parlamentarioan asko direla (gehienak, esango nuke nik) estatutu berrirako proposamena aurrera ateratzea nahi ez dutenak. Beren "plan" hori zapuzteko modu bakarra, Sozialista Abertzaleak taldeko legebiltzarkideek aldeko botoa ematea litzateke, baina horrek badu bere koxka eta kostua ezker abertzalearentzat: gustuko ez duten proposamen bat onartzea, batetik, eta hurrengo hauteskundeetan, Batasunak legez kanpo segitzen badu, Ibarretxek haren jarraitzaleei botoa eskatzeko sinesgarritasun handiagoa izatea, bestetik.

Joan den legegintzaldiko unerik gorena Iturgaitzek Mayor Orejaren besaulkiko botoia sakatu zuenekoa izan zen, Zaldi Eroaren marrazkiek hilezkor bihurtua. Iturgaitzek berak, bere jokabidea zuritzeko agerraldian, modu zoragarrian definitu zuen: "nengoen jolasten eta enredando" esan zuen. Erraza da Iturgaitzen lepotik barre egitea, errazegia, eta gustura sentitzen gara gainera halakoetan. Hala ere, irudipena daukat, Ibarretxek eta jeltzaleek beste lau urte pasa nahiko dituztela, Iturgaitzen moduan, "jolasten eta enredando". Mayor Orejaren botoiarekin ez baizik eta gurekin ordea. Euskal Komunitate Autonomoko hiritarrekin eta euskal herritar guztien itxaropenekin oro har.

etiketak: Politika
Luistxo
Luistxo dio:
2005/01/03 12:17

(asmo informatiboarekin, EBBtik XMEri eman zioten erantzuna pegatzen dut hemen: Berrian argitaratu zen abenduaren 31n)

Xabier Mendigureni erantzuna

Abenduaren 29an Xabier Mendiguren Elizegik Beste lau urte jolasten eta enredando? artikulua idatzi zuen egunkari honetan.

Artikulu hori irakurrita, edozein irakurle arruntek jasotzen duen funtsezko inpresioa, hauxe da: EAJ-EA koalizioak, 2001eko hauteskundeetan Espainiarekiko marko juridiko-politiko berria planteatuko zuela agindu zuen eta «erreferenduma deituko zuela, herriak bere iritzia emateko» eta ez du agindutakoa bete.Baina Xabier Mendigureni hiru urte eta erdi hauetan koalizioaren jarduna gogoratzeak dakarkion mingostasuna ulergarria egiten zaidan arren, gauzak ez dira arrazoi-lerro bakarrekoak izaten, Xabierrek berak ongi dakien bezalaxe. Edozein legek behar duen prozedura luzeaz aparte are gehiago indarrean dagoen marko politikoa aldatzeko bada eta, zer esanik ez, jaurlaritzak gehiengoa ez duen legebiltzarrean Ibarretxe lehendakariak ez du herri-bozketarik aipatu 2004ko irailera arte.

Joan zen irailean izan zen, hain zuzen ere, Ibarretxe lehendakariak agindu zuenean, Eusko Legebiltzarrak Estatu Politiko Berria onartuz gero eta Espainiako Kongresuak onartutakoa negoziatu nahi izango ez balu, herri-bozketarako deia egingo zuela «indarkeriarik gabeko egoeran eta aukera politiko guztientzako askatasunean».Beraz, Lehendakariaren proposamenarekin bat etorri daiteke edo ez, baina ezin dakioke leporatu agindutakoa bete ez duenik. Eta are gutxiago aditzera eman edo, 2001eko hauteskundeetan ezelango erreferendumik aurreratu zuenik.

Beste kontu bat da, Xabier Mendigurenek dioenez, prozesu guzti honen erritmoak bizkorragoak izan ote zitezkeen edo ez. Baina Eusko Legebiltzarrean gehiengorik gabe, Estatu espainiarreko erakundeetara jo aurretik eta ETAk indarrean dirauela herri-bozketa egitea ez da sekula izan EAJ-EAren agindua, ezta Ibarretxe lehendakariaren asmoa ere. Hala ere, Eusko Legebiltzarrean gehiengorik ez; Estatua, etengabeko erasoan eta ETA indarrean dagoela beste soluzioren bat duenak, Xabier Mendiguren tarteko, esan dezala.

  1. Josune Ariztondo

EBBko idazkaria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.