Barraskiloak garbigailuan
Badatoz gabonak: familia, opariak, depresioak, abestiak, kontsumismoa, benetako poza, behartutako poza, oporrak bakoitzak nahi duen alderdiari erreparatuko dio. Dena dela, jan-edanik ez da seguru asko faltako inoren etxean. Menuan, denetik, eta etxe bakoitzean bere ohiturak.
Herri batzuetan badirudi egun hauetan barraskiloak jateko usadioa izaten dela. Hori dela-eta, barraskiloak jateko ohitura galduko ote den ez ote den eztabaida bat entzun nuen aurrekoan: xomorro horiek garbitzeko lana zen gakoa, gaur egun eginkizun neketsu eta nazkagarri samarra iruditzen baitzaigu denoi ere. Norbaitek komentatu zuen orduan labadoran sartuta garbitu daitezkeela.
Labadoran? Oskolak eta dena txikituta geldituko dira-eta!
Programa xuabean jartzen badituzu ez. Bueltaka-bueltaka ibiliko dira, garbitu arte.
Harrituta geratu nintzen, egia esanda. Hurrengo batean bi lagun ikusi nituen ordenagailuaren aurrean, janarien inguruko argitalpen batean lanean ari zirela, eta barraskilo baten irudia agertu zenez, garbigailuarena komentatu nien. Haiek ere sinesgogor, baina programa xuabearena interesgarria iruditu zitzaien.
Komentatu behar diot halakori, esan zuten biek ere.
Lagun biak gizonezkoak dira, eta halako, emakumezkoa.
Barraskiloekin edo gabe, zenbat ordu sartuko ote dituzte datozen egunotan Euskal Herriko emakumeek sukaldean, beste batzuk aseta eta pozik gera gaitezen?