Jarriko al diogu kondoia gure agintari-jendeari
(Berria-n atera den artikulua)
Biologiaren trikimailu polit bat izan zen bizidunen ugalketa plazerarekin lotzea: gure sexu-grinak edo dena delakoak binaka elkartzera garamatza animaliok, eta elkartze gozo horretatik sortzen dira kume berriak, espeziearen iraupena ziurtatuko dutenak. Gizakiok eskema horren barruko animaliak gara alde batetik, baina naturaren berezko bide horretatik ateratzeko gauza den izaki bitxi samarrak ere bai, bestetik: desira sexuala menderatzen, sublimatzen, aldatzen eta ugalketatik bereizten dakien piztia bakarra.
Dena dela, hemen ez dut hitz egin nahi eliza katolikoaren dotrinaz, ez kontrazepzio-bideez, baizik eta gure herria txikitzeko asmoa duen azpiegitura-proiektu erraldoi batez: Abiadura Handiko Trena (toki faltaz, beste baterako utziko dut Jaizkibelgo portua).
Horretaz pentsatzen jartzen naiz batzuetan, eta, hondamendi ekologikoa alde batera utzita ere (inola ere alde batera uztekoa ez den gauza), ezin izaten dut ulertu zer mesede ote dakarren horrelako megalan faraonikoak, errentagarritasun ekonomiko hutsaren aldetik inongo oinarririk ez duenak. Nire ondorioa, larrutan egin beste ametsik ez daukan animaliatxoaren moduan jokatzen dutela gure arduradun politikoek: obra egiteak berak ematen die gozamena, geroko ondorioetan pentsatu gabe. Diferentzia handi bat dago ordea: animalietan ez bezala, kasu honetan ondorioa ez da espeziearen biziraupena ziurtatuko duten kume berrien jaiotza, ezpada gure ondare naturalaren zati handi bat betiko suntsituko duen triskantza.
Esajeratzen ari naizela uste duenarentzat bizpahiru zertzelada botako ditut, hobeto informatzeko kezka behintzat piztuko diodalakoan. AHTk ehun bat metroko zabalera hartuko du bere ibilbide osoan, trena bera eta inguruko segurtasun-ingurua barne. Zeharkatu ezingo den ehun metroko hesi bat. Erdia pasatxo lurpean doala-eta lasai geratzen gara, ikusten ez den gaitzaren aurrean bezala; baina hor egin beharko diren lur-mugimendu, zulatze eta betelanek egundoko kalteak ekarriko dituzte naturaren orekan, paisaian, lurpeko uren ibilbidean, espezie askoren ekosisteman
Eta onurak? Hiriburu batetik bestera di-da batean joango garela esaten digute, autoa hartu beharrik gabe. Erdizkako egia horrek hiru laurdenak ditu gezurretik. Horrelako tramankulu bat nekez sartuko da hiriburu barnera, eta horrenbestez aldirietan geratuko da; Donostiaren kasuan, esaterako, Astigarragan: gaur behintzat ezin okerrago komunikatutako herria (baina lasai, laster konponduko dute hori ere, errepide berri bat eginda). Beraz, kontuan hartzen badugu zenbat denbora beharko dugun etxetik geltokira joateko, aurrena, eta helmugatik iritsi nahi dugun lekura, hurrena, inor gutxik lagako du autoa supertrena hartzeko. Bestalde, Euskal Herria ez da bost hiriburuz osaturiko osaturiko basamortua: konurbazio etenik gabeko bat osatzen dute Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdi ia osoak, eta hiriburuen artean bizi den jende guztiak ez du inongo abantailarik aterako hemendik; horiek erabiltzen duten ohiko trena, berriz, gero eta zokoratuago dago inbertsioetan: nire herrian egiten dira Renferentzako trenik berrienak, baina Madrid-Irun ibilbidean orain dela berrogei urteko Talgo zaharrak dabiltza oraindik. Abiadura Handikoa merkantzi garraiorako erabili ahal izango dela esan izan da, baina hori ere ez dago batere garbi, eta izatekotan ere horrek ez du kamioien joan-etorria gutxituko, bai ordea garraio globala handituko.
Non dago hortaz negozioa? Obra egitean, noski. Ni txorabiatzen nauen zero kopurua du lan honen aurrekontuak, nahiz eta oraindik inork jakin ez nork jarriko duen dirua: Bruselak, Madrilek, Gasteiz eta Iruñeak? Edonola ere hiritarron zergetatik aterako da dirutza hori, eta pagotxa horrexen zain daude kontratista, enpresari eta enparauak. Ez dut demagogiarik egingo: enpresaburuentzat mesede galanta da, jakina, baina ez dago ukatzerik lan ugari sortuko dela: eraikuntzan lehenik, hauentzako makina eta tresnak egiten dituzten arloetan ondoren, ostalaritza eta zerbitzuetan dudarik gabe Halako herrilan erraldoiek xoxaren mugimendua dakarte, larruaren igurtziak haragiaren asea bezala.
Obra amaitzean, ordea, zer geratuko zaigu? Lurralde osoa larrututa, eta mantentze hutsa garestia izango den garraiobide bat, bere burua inola ere pagatuko ez duena eta batez ere hegazkinaren alternatiba moduan erabiliko dena, Madrila edo Parisa joateko. Lank egin bitartean dirua parra-parra ibiliko den sektore batzuetan krisia sortzea ere posible da, baina lasai, hor dauzkagu gure politiko txit prestuak, beste handi-mandikeriaren bat asmatzeko. Izorratzeko lur puska bat geratzen zaigun bitartean.
borobil xabier, borobil eta zuzen. zorionak.