Udako postalak (XI)
Larunbata, abuztuak 6
Juan Martinez zenari:
Arrunta zenuen izena. Bigarren abizeneko Galdeano hori, beharbada, euskal usain susmagarrikoa. Ez dezagun ura geure errotara ekarri ordea. Almeria bezalako toki gatazka-usainik gabeko batean bizi zinen, baina zure heriotzak agerian utzi du, beste behin, basakeriak ez duela gatazka-aitzakiarik behar. Gizakiaren berezko ankerkeriari buruzko diskurtso etsia egin nezake orain, edo espainiarren garapenari buruzko ironia, edo guardia zibilen demokrazia-zentzuaren salaketa, edo Gauza asko esan nitzake, baina bakar batek ere ez zaitu zauden lekutik altxatuko.
Igandea, abuztuak 7
Maribel Cuevas gaizkileari:
Egunkariko txoko txiki batean topatu zaitut, ezkutuan bezala, eta, egin duzun krimena eginda, ez dakit nola ez dizuten titular handi bat eman. Zer-eta harri bat jaurti diozula mutiko bati, berak aurretik zuri urez betetako puxika bota zizulako. Eta hamaika urterekin ezagutu duzu kartzela: 11.
Sharia atzerakoiaren lurretan ez baina giza eskubideen erresuma Kalifornian gertatu da hori. Zuzentasun politikoaren izenean, seguru asko. Eta pentsatu dut, aurrekari hori zorrotz aplikatuz gero, munduko hiritar orok egon behar genukeela giltzapean. Nik Maribelen ondoan eskatzen dut.
Asteartea, abuztuak 9
Nagasakitarrak:
XVI. mendean gure herriko Martin izeneko fraide bat zuenean gurutziltzatu omen zutelako ezagutu nuen nik zuen hiria; gainerakoan, ezin esan zorte handirik izan duzuenik: azken gerran galtzaile gertatu zineten, gaizto-papera egitea tokatu zaizue film guztietan, bonba beldurgarriena bota zizueten, baina izu atomikoaren oroigarrietan ere itzalean egotea egokitu zaizue; inork ez du Nagasaki mon amour izeneko pelikularik egin. Zoritxarrean ere, bigarren iristeak zoritxarrekoago egiten zaituela ematen du.
Asteazkena, abuztuak 10
U-2renean izan zinetenok:
Zer? Pozik, ezta? Orgasmo kolektiboa lortu al duzue? Alde batera, barregarri samarra da horrenbesteko idolatria, horrelako nekeak hartzea eta euro parrastada bat gastatzea, etxeko patxadan hobeto aditzen dena jendearen bultzakada, izerdi, estutu eta oin-zapaltzeen artean entzutearren. Bestetik, baina, horrek halako satisfazioa ematen badizue, kontzertuaren emozioa taldearen berri entzuten duzuen aldiko berbizi behar baduzue, eta esperientzia hau zuen bilobei kontatzeko altxorrean gordea baduzue, ba, oso ongi. Ea gaia amaitu eta beste guztioi bakea ematen diguten.
Udako postalak (X)
Asteartea, abuztuak 2
Mila Elorzari:
Kontatu didate Farruquito flamenko-dantzari espainiarrak, gida-baimenik gabe, legezko abiadura bikoiztuz, oinezko bat akabatu, ihesari eman, atxilotu zutenean gezurretan ibili, eta hori guztia eginda ere, kartzelara joan beharrik gabeko zigor txikia jaso duela.
Zuri eta beste lagun batzuei, berriz, Abiadura Handiko Trenaren aurka bulego publiko bat ordu batzuetan modu baketsuan okupatzeagatik, hiru urteko kartzelaldia leporatu nahi dizuete.
Ez daukat lekurik komentariorik egiteko, baina komentario behar handirik ez dagoeneko, ezta? Eutsi borrokari. Osasuna!
Asteazkena, abuztuak 3
Fahd erregea, zeruetan zaudena:
Beste inori baino pena handiagoa emango zizun zuri mundu hau utzi beharrak. Izan ere, paradisuko aberastasun oparoak, ur-iturri agortezinak, huri edo zure zerbitzupeko neskatxa gazteak, nahi adina izan dituzu lurrean. Bangladeshko nekazaria imajinatzen dut, montzoiak hondatua; Zisjordaniako palestinarra, kolono sionistek zafratuak; Mendebaldeko Saharako herritarra, fedekide marokoarrek zapaldua; eta zer esan emakumeez; horiek guztiek zure aldeko otoitza egingo ote dute? *Wa"sha allah*!
Osteguna, abuztuak 4
Patatero maiteak:
K.A.ri
Zazpigarren alaba izendatu zintuzten poetak aspaldi, eta gauzak ez dira aldatu geroztik. Izatekotan, okerrera. Erdi mespretxuz erdi burlaz begiratzen dizuegu euskaldun labeldunek, eta ez dizuegu aitortzen, sikiera, nafar euskaltzaleen heroikotasuna edo Iparraldekoen agonia hori.
Hala ere, Zeledon bere blusa eta guardasolarekin jaisten denean, sasikomunitate bateko erdipurdiko hiriburutxoa ez ezik, jaiaren kapital mundiala bihurtuko zarete. Piztu puruak eta gozatu. Uda ostean ere hor izango baitira eguneroko zekenkeria eta borrokatu beharra. Besarkada bat.
Ostirala, abuztuak 5
Nerea Onaindiari:
Txikitan futbolean asko ibilitakoa naiz ni; koxkortu nintzenetik, ez jokalari eta ez jarraitzaile. Athletic-eko nesken partidak ikusiz, ordea, umetako futbolaren ederra berreskuratu nuen une batez: izarren perfekziorik eta dirutzarik gabe, baina saiatuz eta borrokatuz lagun artean ondo pasatzea. Klubarekin arazoak dituzuen une honetan, ea gauzak bideratzen diren. Eta bestela, Ibaiganekoak pikutara bidalita segi dezazuela futbolean. Bide batez, 41 urteko gizon trakets samar bat onartuko al zenukete taldean?
Udako postalak (IX)
Osteguna, uztailak 28
Josetxo Ibazetari:
Zer moduz doaz zure hezurrak eta ubelduak? Azkar sendatzea opa dizut, eta ez izatea berriro halako fereka gozorik Balzaren baltzekin. Jaurlaritzaren barkamen eskearen zain bazaude, hobe duzu patxadan itxaron, Ertzaintzaren jarrera egokia eta neurrikoa izan zela esan dute eta. Deskuidatuz gero zeuk eman beharko dizkiezu eskerrak Auzitegi Nagusira eraman ez zaituztelako, edo Londres Donostia ez delako: han, paperak ez zeramatzan brasildarrari laupabost tiro sartu zizkioten; zuri, baimenik gabeko pankarta eramateagatik, hiruzpalau saihets-hezur hautsi.
Ostirala, uztailak 29
Gilberto Gil jaunari:
Ez gaude oso ohituta kulturako ministro bat kantari ikusten. Inoren partiturari jarraituz eta gustu gutxiko lelokeriak aditzen bai, baina oholtza gainekoa ez da egunerokoa. Guk izan genuen bat, Xabier Lete Gipuzkoako kultura-diputatua eta poeta, baina karguan izan zen bitartean ez zuen kantaldirik eskaini, zuk egiten duzun bezala.
Ez dira egunik onenak hauek Lula lehendakariarentzat, Langileen Alderdiko buruak kakaztu dituen ustelkeria dela-eta. Zuretzat ere erosoago litzateke, beste batzuen antzera, favela-ko heroia izatea. Dena dela, zorte on, eta bejondeizula.
Larunbata, uztailak 30
Boiseko lehengusuak:
Baserri kaxkarra zeneukatelako joan zineten hemendik: lur elkorra, azienda gutxi, lagun gehiegi mahaian eta industriarik ez inguruan. Artzain ibili zineten, horixe zenekitelako egiten eta bertakoek nahi ez zutelako. Zuen seme-alabak zinezko amerikano bihurtu dira gero: abokatu, auto-saltzaile, politikari. Artzaintzara doazela mexikanoak
Baserri kaxkarretik joanak aberats ikusten zaituztegu orain. Hala zaretelako edo herrialde indartsuan bizi zaretelako. Baina, indianoen moduan bueltatu ordez, bertan gelditu zarete. Sustraiekin oroituz hala ere. Zorionak.
Igandea, uztailak 31
Xakel maiteak:
Hor ibiliko zarete, Erdikalen gora eta behera, harro-harro, San Inaziyo bakarra dagoela zeruan eta Azpeitia bakarra munduan; emakumeak, Zumaian beltzarandutako paparra eta Donostian erositako abrigu larruzkoa erakutsiz prozesio egunean; gizonak, antxintxikalarien kontuak ez badira kotxe berriaren bentajak kontatuz, hor nonbait agertu baita BMW gehien dituen herria dela zuena, baita auto-istripu proportzio handienekoa ere. Eta ez ditzatela zezenak kendu, zuen plaza Curro Romero bera baino zaharkituago badago ere. Auzoen esamesei, ezta kasurik ere, inbida besterik ez daukagu eta.
Udako postalak (VIII)
Larunbata, uztailak 23
Ardanza jauna:
Madariaga, Gorospe, Maio eta konpainiari datorren urterako soldatak jaistea pentsatzen ariko zara beharbada Haien alde esango dizut, telebistarako asmatu duzuen iragarkiarekin guztiz bat egin duela taldearen emaitzak, inoiz ez bezala: Na de na.
Ziklistak barregarri ibili arren negozioa ondo, espero dut.
Eta zelan uda, Kanalako txaletean? Ederto? Segi ba horrela.
Zure bezero fin batek.
Igandea, uztailak 24
Kaixo, Ainhoa:
Deskubritu da sekretua, nor zen liburuko protagonista, gutun haien hartzailea. Hogei urteren buruan gauza asko aldatu dira: bai nire itxura, bai nire bizimodua, eta zer esanik ez zureak; orduan bezala nire aurrean lau oinean, biluzik eta zezelka ibiliko bazina, uste dut polizia eta jujeen aurrean baino aztoratuago geratuko nintzatekeela. Gure herriaren egoera ematen du dela aldatzen ez den bakarra, baina esperantza ez omen da galtzen-eta. Hor nonbait egon behar du, kajoi edo poltsiko ahazturen batean gordeta
Lagun izoztua
Asteartea, uztailak 26
Guraso atsekabetu batzuei:
Galiziatik etorri zineten etorkizun hobearen eta seme-alabentzako lur berri baten bila. Eta orain lur horrek kendu dizue semea; edo berak eman du bizia hainbeste maite zuen herriaren alde. Ideietan zuzen edo oker zebilen, axola gutxi orain.
Orain 30 urte fusilatu zuten Txiki, Extremaduratik etorria. Bitartean zenbat hildako, bertako nahiz bertakotutako familietako neska-mutilak. Oxala, Imanol Gomez balitz zerrendako azkena. Gure herria izan dadin ez malkoa eta odola baizik esnea eta eztia darizkion lurra. Denentzat.
Asteazkena, uztailak 27
Bekario gaixoa:
Udako sasoian nire mahaia eta aulkia okupatzen zabiltzanez, zaindu artoski eta erabili goxoki. Nire soldataren erdia edo laurdena kobratzeak ez dizu zakarkeriarako baimenik ematen eta. Bide batez, atzeko apaletako amaraunak garbitzen badituzu, ezin hobeto. Bigarren tiraderan ahaztutako donutsak jan ditzakezu nahi baduzu, igual gogor samarrak egongo dira baina. Eta egin lana gogor, horrela lortuko baituzu noizbait lanpostu txukunago bat. Ez pentsa Lewinsky metodoak funtzionatzen duenik.
A, eta bero gehiegi dagoenerako, haize-emaile bat onena. Andaluzak bezala.
Udako postalak (VII)
Asteartea, uztailak 19
Joxemari eta Juan Manuel:
Zuek bai mutilak! Bejondeizuela.
Apustu ederra jokatu zenuten atzo, lege zaharrekoa, oraindik ere bagaituk esanarazten dizuten horietakoa. Aspaldian ikusi den politena eta, batzuek diotenez, estilo horretako akaso azkena. Akordatzen nauk, Erasunek eta Olasagastik Andoaingo Garaten jokatu zuten errebantxa hura esan beharko diegu, beharbada, gure ondorengoei. Hala behar badu, zer egingo diogu? Zuek izerditan ikusita hala pentsatuko zuen askok: Ederki bizi gaituk gu, telebisio aurrean eserita, lanean ari diren basakristau horiei begira.
Dirutan-eta ondo?
Kalekume batek
Asteazkena, uztailak 20
Kutsidazu niri ere, Ixabel:
Zenbat gauza daukagun ikasteko, eta, geure kaxkarrean eta mordoiloan, hizkuntza zaharra etxean ikasi genuenok, aitzakiarik ez zure etxera joateko beste horrenbeste ikasgai geureganatzearren: behiak gobernatzen, txorien kantuak bereizten, eta, batez ere, zu bezalako mendi arteko loreen koloreei antzematen.
Euskal Herri osoa euskaldundutakoan, mintza-praktikaren ordez beste hainbat ikastaro trinko antolatu dezakezue: komunikazio-praktika, patxada-praktika, bizipoz-praktika
Zutaz amoroski, beste Juan Martin batek.
Osteguna, uztailak 21
Zeberio familia:
(Ceberio erabiltzen duzue zuek, baina Xebe deitzen zioten Jokini eta bidezkoa izango da euskaraz jartzea abizena)
Etxeko norbait galtzeak dakarren mina ez dago neurtzerik. Nik behintzat ez dakit, eta ez naiz saiatuko. Oinazeak mendeku-gogoa ekartzea ere naturala izango da, baina ez inola ere goraipatzekoa. Ematen baitu horretan saiatu zaretela: zuen semearen heriotzaren erantzuletzat jotzen dituzuenei ahalik eta minik handiena egiten.
Eta gizartea (edo komunikabide asko) zuei txaloka. Horixe da minik handiena ematen didana.
Ostirala, uztailak 22
Caballitoko langileoi:
Alemania aldean izan zarete, Pfer-Rüggeberg zuen enpresaren egoitzan, nagusien ulerkortasuna ez bada langileen babesa lortzeko, eta ez bat eta ez beste. Marx zaharrak elkartzeko deia egin zigun munduko langile guztioi, baina badirudi Kapitala dela mezua ikasi duen bakarra, horra hor G-8koak eredutarako.
Alemanen berekoitasuna kritikatu genezake baina, ez ote genuke gauza bera egingo, adibidez, Fagor-ek Marokon duen fabrikatik jendea bota nahi eta haiek gurera protestan baletoz? Hobe hala ez balitz.
Hamarkadei buruz
Argiak 2000. zenbakia atera behar zuela-eta, Larrun barne-aldizkaritxoaren ale bat prestatu dute, astekariaren historian esangura nabarmena izan duten lau lagun mahai-inguruan bilduta: Mikel Atxaga, Elixabete Garmendia, Pello Zubiria eta Josu Landa.
Hizketaldiaren momentu jakin batean, Elixabetek komentatzen du 70eko hamarkada ze garrantzitsu eta ederra izan zen berarentzat, errebeldiaren eta berritzearen aroa nolabait, horren aldean 80koari erosotasun eta kontserbadurismoaren garaia iritzita.
Josu Landak erantzuten dio Elixabeteri, esanez berak bestela ikusten dituela gauzak: 80ek erakutsi omen diote borroka-gogoari eusteko modua badagoela, baita borroka egiteko era berriak ere; eta beregan egundoko eragina izan omen zuen 81eko otsaileko zurrunbiloak: Ryan eta Arregiren hilketak, Juan Carlos Gernikako Juntetxean...
Nik ere oso gogoan daukat 1981eko hasiera hark eragin zidan zirrara, 16 urte nituela. Hala ere, arrazoi kronologiko hutsengatik 80ak nire baitan mila aldiz munta handiagoa izan arren, bat egiten dut Elixabeteren lilurarekin.
Hamarkaden zatiketak arbitrarioak dira edozein kasutan, aldaketak pixkanaka gertatzen baitira beti, baina 70eko hamarraldiak badu niretzat indar berezi bat, 80koak izan ez duena.
Nire ikuspegia ez da bizi izandakoarena, ezpada kultur kontsumitzailearena. Horrek asko mugatzen ditu gauzak. Nire talaia murritz horretatik jardungo naiz, beraz, liburu, disko eta pelikuletan oinarrituta, eta Mendebaldeko zibilizazioa gogoan, ez Euskal Herria.
Zergatik lilura hori? Zerk definitzen du 70eko hamarkada? Hitz gutxitan esan beharko banu, hona ezaugarri batzuk: esajerazioa, gauzak muturrera eramatea, transgresioaren bilaketa, autoritate oro auzitan jartzea, esperimentalismoa. Bereziki 70etakoak diren hiru gertakari sozial aipatzearren: pornografia, droga gogorrak, terrorismoa.
Horrek guztiak, noski, deskalabru franko ekarri zuen, eta ez da harritzekoa, beraz, 80ko aldian neokontserbadurismo-aro gogor batean sartu izana (orduantxe igoko dira agintera Margareth Thatcher eta Ronald Reagan, dena libre eta posible zelako usteari giltzarrapoa jartzera). Hala ere, askoz ere interesgarriagoa izan zen 70eko musika edo zinema, 80koa baino (literaturaz, ez naiz ausartzen epai bat ematera). Nazioarteaz ari naizela gogora dezadan, Euskal Herrian kontuan hartu beharreko faktore inportante bi dauzkagu-eta: diktaduraren zapalkuntza, batetik, eta autonomiak bideraturiko instituzioen laguntzak, bestetik.
Hauek denak etorri zitzaizkidan gogora bart gauean, "La grande bouffe" Marco Ferreriren filma ikusten jarri nintzenean. Dagoeneko dexente luzatu naiz ordea, eta hurrengoan jardungo dut pelikulaz.
Ahotsa lokarri
Segura Irratia da nire txikitako sintonia. Eta, programazio osoaren barruan, bereziki "discos dedicados" atala, eguerdietan entzuten zena, bazkaltzen genuen bitartean.
Ez zen oso distiratsua Segura Irratiaren programazioa, baina, artean umeak ginela, besterik ezagutu ez eta huraxe zen guretzat naturala, ordueroko Radio Nacional-en parteak ziren bezalaxe.
Koxkortu ginenean konturatu ginen irratia egiteko beste modu batzuk bazirela, askoz landuagoak, jantziagoak, profesionalagoak, eta barre egiten genion Segura Irratiari, baita eskainitako disko eta abestien tarteari ere, pellokeriaren mukurua zelakoan.
Urteen buruan ezetz konturatu naiz ordea. Irratiz zorion-agurrak bidaltzeak, abesti batekin ahal dela, egundoko tiradizoa eta gaurkotasuna dituela. Euskadi Gaztea entzun besterik ez dago, gazte jendea zalapartan Joseinak norberaren agurra irakurri eta kantua ipin dezan. Gazteei bezala gustatzen zaie zaharrei: Bizkaia aldera noanetan sarritan bilatzen dut Bizkaia Irratia, Gernika aldeko berbontzi batek goizero herrialde osoko atsoekin izaten dituen berriketak entzutearren.
Gogora datozkidan beste kasu batzuk: Egin Irratiaren garaian (hilaren 15ean bete ziren zazpi urte agintari espainiarrek itxi zutenetik), egundoko arrakasta izaten zuen arratsalderoko kantu eskainien saioak, ia osorik preso eta errefuxiatuentzako agurrez beterik egoten zenak. Tarteka Radio Tropical delako bat entzuten dut, Karibe aldeko etorkinek gure artean zabaldua, eta hor ere toki berezia izaten du formatu horrek.
Bila segituz gero, seguru nahi adina adibide pila daitezkeela, baina nahikoa izango da bere horretan. Zein da sofistikaziorik gabeko saio horien erakarmena? Asko pentsatu gabe ohartu gaitezke: ahotsaren indarra, jendearen parte hartzea, komunikazioa azken batean. Eta komunikazioa bezainbat, oinarri semantiko bereko beste hitz bat: komunitatea, lokarri bat daukan edo behar duen jendearen arteko oinarrizko elkartasuna.
Blogean eta euskaraz gabiltzanoz ere erabiltzen da komunitate hitza, eta gustatzen zait horren zentzua, nor bere txokoan aritu arren denon arteko hari eta harremana adierazten baitu. Eta ez dadila inor etorri, arren, gure komunitatea erkidego bihurtzera.
Udako postalak (VI)
Osteguna, uztailak 14
Marianne:
Gaur, katorxuie, hiritar prestuok Bastilla hartu genueneko urteurrena, zure eguna.
Erregeren eta elizaren lekua hartu duen jainkosa gisa gurtzen zaitugu aspaldian baina, zure irudi gorpuztua izan zen Catherine Deneuve haren antzera, maitale hotza zaitugu, erdeinu eta mespretxua besterik opa ez diguzuna, non eta ez zaren gu zigortuz plazer hartzen duzun amoros gaiztoa.
Zugandik dibortziatzeko eskubide eta ahala nahi genituzke, noizbait erdiesteko egiazko askatasuna, berdintasuna, haurridetasuna.
Ostirala, uztailak 15
Baltasar ongile hori:
Badira pertsona eta gertakari batzuk bizitza bitan banatzen dizutenak. Nirea zuk aldatu zenuen, duela zazpi urte lan egiten nuen egunkaria itxi zenuenean. Onerako aldatu ere, halakorik inor gutxik aitortuko dizun arren. Geroztik, hau poza! Beti lan eta lan madarikatzen ibili eta gero, INEMen subsidioa ezagutu nuen, Diputazioaren dirulaguntza, Caritasen eskuzabaltasuna Alde ederreko bizimodua!
Ez dakit inoiz behar bezala eskertu ahal izango dizudan.
Larunbata, uztailak 16
Pello Zabala:
Eguraldia basilika batetik jakinarazteak bazuen halako magia-ukitu antzinako bat, Jainkoekin komunikazio zuzena bazenu bezala-edo. Euskalmet-en iragarpenak ez dakit zientifikoagoak diren baina hotzagoak bai behintzat. Eta gainera ezin esan "prailezar horrek ez dik batere asmatzen".
Egunotako bero zakarraren errua ezin zuri leporatu baina, giroa epeltzerik ez bazenu ere, egingo al zeniguke tokitxo bat zure Arantzazu horretan? Hemen baino freskoxeago egingo ahal due behintzat.
Igandea, uztailak 17
Gabriel:
Hogeita hamar urteren ondoren, zure Bilbao hura ezagutzen lanak izango zenituzkeela esaten dute, oraingo metro, museo eta distirarekin. Hala ere, ugerraren ordez titanioz jantzi arren, azpian gizon-emakumeen betiko izerdia dago. Anton, Gilen.
Asteburu honetan, Bilboko kaleak hartuko dituen auto-lasterketaren burrundaratik ihesi edo, Iera joango gara hainbat lagun, Bizkaiko kostako Eara, zure poesia oraindik bizirik dagoela oroitu eta aldarrikatzera. Eta ez diogu inongo kaleri zure izenik emango.
Norberaren hiletak eta aurrerantzeko planak
Aurreko batean aipatu nuen Andoni Egañaren ipuin bat, "Hil-kanpaiak", non protagonistak hildakoaren itxurak egiten dituen, han eta hemen botako dizkioten lore eta laudorioak entzutearren. Nik ere antzeko zer edo zer egin dudala esan liteke: despedida iragarri, jendearen maitasun-mezuak jasotzearren. Eskerrik asko denoi, beraz.
Baina hemen nago. Ez naiz inora joan, ezta oporretan ere. Oskorriren abesti hark zioen legez, "guretzat berdin dira, astea eta jaia".
Orain arte aipatu ez dudan kontu bat aitortu beharko dizuet: urtean zehar blogean ateratako lanekin liburu bat osatu dut, "Egunen harian" izena izango duena eta udazkenean kaleratuko dena, Elea argitaletxean. Aldi bat itxi behar nuen, beraz, eta berri bat hasi: hemendik aurrera, "Paper jalearen dieta". Hortixe jaten dudalako batik bat, eta dietarioak esaten zaielako eguneroko gorabeherak apuntatzen diren liburuei.
Orriak duen itxura ederra, Maite Rementeriari zor zaio: mila esker zuri, Maite, beste behin ere.
Hauxe da despedidea
Langile-auzo batekoa naiz ni, etxeak eta fabrikak elkarren ondoan zeuden kale batekoa, gaur zatarra irudituko litzaigukeen baina orduan naturaltzat geneukan moduan. Auto, moto eta kamioientzako tailerrak ziren nagusi gure barrio hartan, eta nire jirako mutil gehienak egiazko adituak ziren motor-kontuetan: kotxe bat martxan entzute hutsarekin esango zizuten Peugeota edo Renaulta zen, edo bataren eta bestearen arteko aldeez eztabaidatuko. Ni, halakoetan, isilik, ezjakin bezain ezaxolati. Urteen buruan iritsi naiz autoz ibiltzera, eta kilometro askotxo egiten dudala aitortu behar, ingurumenaren eta neure sakelaren kalterako, baina lehen bezain gutxi dakit autoaren tripei buruz.
Motorrekiko ezagupen eta interes falta hura teknologiaren edozein adarretara zabaltzen dela esan behar dut, informatika barne dela. Horregatik, Luis Fernandez xaxaka hasi zitzaidanean "blog" delako gauza bat zela eta ez zela, lagunekiko nire amore emate erraza izan zen, ez besterik, baietz esanarazi zidana.
Hasi banintzen hasi nintzen: gaur beteko dut urtebete txoko honetan, eta ez dut kontatzen "Zorionak niri" kantatzeko, geldialditxo bat iragartzeko baino. "Egunen harian" eman nion izena, gehiegi pentsatu barik, eta urtebetean behintzat egunero idazten saiatuko nintzela agindu nion neure buruari.
Zergatik martxa hori? Ez dakit ongi. Nik uste txikitako auzo proletario hartako langile buzodunak izan ditudala gogoan. Neuk ere, neure arloan, lana gogor egin nezakeela erakutsi nahi izan banu bezala; inspirazioan eta halako txepelkerietan babestu gabe, egunero-egunero zerbait berria idatzi, ahalik eta txukunena. Produkzio-asmoak bete ditut; emaitzak merezi ote duen, irakurleak esan beharko: nik hemen erakusten dut, sortu zen bezala, orraztu eta hobetu gabe, lanegun normalari erantsi edo lapurtutako ordu erdian egindakoak bere mugak dituela jakinda.
Eta hemendik aurrera? Aurrerantzean ere idazten segitzeko asmoa daukat, baina neure buruari ezarritako diziplina espartar hori gabe. Maiztasuna lotuago egongo da maitasunarekin, alegia, gogoak emandakoan egingo dudala. Plazer baduzu, gonbidatuta zaude zu ere.