Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Udako postalak (XI)

Udako postalak (XI)

xme 2005/08/10 19:39

Larunbata, abuztuak 6

Juan Martinez zenari:

Arrunta zenuen izena. Bigarren abizeneko Galdeano hori, beharbada, euskal usain susmagarrikoa. Ez dezagun ura geure errotara ekarri ordea. Almeria bezalako toki gatazka-usainik gabeko batean bizi zinen, baina zure heriotzak agerian utzi du, beste behin, basakeriak ez duela gatazka-aitzakiarik behar. Gizakiaren berezko ankerkeriari buruzko diskurtso etsia egin nezake orain, edo espainiarren garapenari buruzko ironia, edo guardia zibilen demokrazia-zentzuaren salaketa, edo Gauza asko esan nitzake, baina bakar batek ere ez zaitu zauden lekutik altxatuko.

Igandea, abuztuak 7

Maribel Cuevas gaizkileari:

Egunkariko txoko txiki batean topatu zaitut, ezkutuan bezala, eta, egin duzun krimena eginda, ez dakit nola ez dizuten titular handi bat eman. Zer-eta harri bat jaurti diozula mutiko bati, berak aurretik zuri urez betetako puxika bota zizulako. Eta hamaika urterekin ezagutu duzu kartzela: 11.

Sharia atzerakoiaren lurretan ez baina giza eskubideen erresuma Kalifornian gertatu da hori. Zuzentasun politikoaren izenean, seguru asko. Eta pentsatu dut, aurrekari hori zorrotz aplikatuz gero, munduko hiritar orok egon behar genukeela giltzapean. Nik Maribelen ondoan eskatzen dut.

Asteartea, abuztuak 9

Nagasakitarrak:

XVI. mendean gure herriko Martin izeneko fraide bat zuenean gurutziltzatu omen zutelako ezagutu nuen nik zuen hiria; gainerakoan, ezin esan zorte handirik izan duzuenik: azken gerran galtzaile gertatu zineten, gaizto-papera egitea tokatu zaizue film guztietan, bonba beldurgarriena bota zizueten, baina izu atomikoaren oroigarrietan ere itzalean egotea egokitu zaizue; inork ez du “Nagasaki mon amour” izeneko pelikularik egin. Zoritxarrean ere, bigarren iristeak zoritxarrekoago egiten zaituela ematen du.

Asteazkena, abuztuak 10

U-2renean izan zinetenok:

Zer? Pozik, ezta? Orgasmo kolektiboa lortu al duzue? Alde batera, barregarri samarra da horrenbesteko idolatria, horrelako nekeak hartzea eta euro parrastada bat gastatzea, etxeko patxadan hobeto aditzen dena jendearen bultzakada, izerdi, estutu eta oin-zapaltzeen artean entzutearren. Bestetik, baina, horrek halako satisfazioa ematen badizue, kontzertuaren emozioa taldearen berri entzuten duzuen aldiko berbizi behar baduzue, eta esperientzia hau zuen bilobei kontatzeko altxorrean gordea baduzue, ba, oso ongi. Ea gaia amaitu eta beste guztioi bakea ematen diguten.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.