Udako postalak (VII)
Asteartea, uztailak 19
Joxemari eta Juan Manuel:
Zuek bai mutilak! Bejondeizuela.
Apustu ederra jokatu zenuten atzo, lege zaharrekoa, oraindik ere bagaituk esanarazten dizuten horietakoa. Aspaldian ikusi den politena eta, batzuek diotenez, estilo horretako akaso azkena. Akordatzen nauk, Erasunek eta Olasagastik Andoaingo Garaten jokatu zuten errebantxa hura esan beharko diegu, beharbada, gure ondorengoei. Hala behar badu, zer egingo diogu? Zuek izerditan ikusita hala pentsatuko zuen askok: Ederki bizi gaituk gu, telebisio aurrean eserita, lanean ari diren basakristau horiei begira.
Dirutan-eta ondo?
Kalekume batek
Asteazkena, uztailak 20
Kutsidazu niri ere, Ixabel:
Zenbat gauza daukagun ikasteko, eta, geure kaxkarrean eta mordoiloan, hizkuntza zaharra etxean ikasi genuenok, aitzakiarik ez zure etxera joateko beste horrenbeste ikasgai geureganatzearren: behiak gobernatzen, txorien kantuak bereizten, eta, batez ere, zu bezalako mendi arteko loreen koloreei antzematen.
Euskal Herri osoa euskaldundutakoan, mintza-praktikaren ordez beste hainbat ikastaro trinko antolatu dezakezue: komunikazio-praktika, patxada-praktika, bizipoz-praktika
Zutaz amoroski, beste Juan Martin batek.
Osteguna, uztailak 21
Zeberio familia:
(Ceberio erabiltzen duzue zuek, baina Xebe deitzen zioten Jokini eta bidezkoa izango da euskaraz jartzea abizena)
Etxeko norbait galtzeak dakarren mina ez dago neurtzerik. Nik behintzat ez dakit, eta ez naiz saiatuko. Oinazeak mendeku-gogoa ekartzea ere naturala izango da, baina ez inola ere goraipatzekoa. Ematen baitu horretan saiatu zaretela: zuen semearen heriotzaren erantzuletzat jotzen dituzuenei ahalik eta minik handiena egiten.
Eta gizartea (edo komunikabide asko) zuei txaloka. Horixe da minik handiena ematen didana.
Ostirala, uztailak 22
Caballitoko langileoi:
Alemania aldean izan zarete, Pfer-Rüggeberg zuen enpresaren egoitzan, nagusien ulerkortasuna ez bada langileen babesa lortzeko, eta ez bat eta ez beste. Marx zaharrak elkartzeko deia egin zigun munduko langile guztioi, baina badirudi Kapitala dela mezua ikasi duen bakarra, horra hor G-8koak eredutarako.
Alemanen berekoitasuna kritikatu genezake baina, ez ote genuke gauza bera egingo, adibidez, Fagor-ek Marokon duen fabrikatik jendea bota nahi eta haiek gurera protestan baletoz? Hobe hala ez balitz.