Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Hauxe da despedidea

Hauxe da despedidea

xme 2005/07/15 08:00

Langile-auzo batekoa naiz ni, etxeak eta fabrikak elkarren ondoan zeuden kale batekoa, gaur zatarra irudituko litzaigukeen baina orduan naturaltzat geneukan moduan. Auto, moto eta kamioientzako tailerrak ziren nagusi gure barrio hartan, eta nire jirako mutil gehienak egiazko adituak ziren motor-kontuetan: kotxe bat martxan entzute hutsarekin esango zizuten Peugeota edo Renaulta zen, edo bataren eta bestearen arteko aldeez eztabaidatuko. Ni, halakoetan, isilik, ezjakin bezain ezaxolati. Urteen buruan iritsi naiz autoz ibiltzera, eta kilometro askotxo egiten dudala aitortu behar, ingurumenaren eta neure sakelaren kalterako, baina lehen bezain gutxi dakit autoaren tripei buruz.

Motorrekiko ezagupen eta interes falta hura teknologiaren edozein adarretara zabaltzen dela esan behar dut, informatika barne dela. Horregatik, Luis Fernandez xaxaka hasi zitzaidanean "blog" delako gauza bat zela eta ez zela, lagunekiko nire amore emate erraza izan zen, ez besterik, baietz esanarazi zidana.

Hasi banintzen hasi nintzen: gaur beteko dut urtebete txoko honetan, eta ez dut kontatzen "Zorionak niri" kantatzeko, geldialditxo bat iragartzeko baino. "Egunen harian" eman nion izena, gehiegi pentsatu barik, eta urtebetean behintzat egunero idazten saiatuko nintzela agindu nion neure buruari.

Zergatik martxa hori? Ez dakit ongi. Nik uste txikitako auzo proletario hartako langile buzodunak izan ditudala gogoan. Neuk ere, neure arloan, lana gogor egin nezakeela erakutsi nahi izan banu bezala; inspirazioan eta halako txepelkerietan babestu gabe, egunero-egunero zerbait berria idatzi, ahalik eta txukunena. Produkzio-asmoak bete ditut; emaitzak merezi ote duen, irakurleak esan beharko: nik hemen erakusten dut, sortu zen bezala, orraztu eta hobetu gabe, lanegun normalari erantsi edo lapurtutako ordu erdian egindakoak bere mugak dituela jakinda.

Eta hemendik aurrera? Aurrerantzean ere idazten segitzeko asmoa daukat, baina neure buruari ezarritako diziplina espartar hori gabe. Maiztasuna lotuago egongo da maitasunarekin, alegia, gogoak emandakoan egingo dudala. Plazer baduzu, gonbidatuta zaude zu ere.

etiketak: Saski Naski
eneko
eneko dio:
2005/07/15 19:37

Hala, agur. Bueltararte. Eta etorri sorpresaren batekin bueltan, aspertuta geunden egunero-egunero "egunen haria" bloga jarraitzen ;-)

Ondo segi!

Javier Bilbatua
Javier Bilbatua dio:
2005/07/14 21:34

Xabier Mendiguren Stakhanov, mezuak idazten ordura arteko produktibitate-marka guztiak gainditu ditu 2005ean, horretarako lanaren errendimendua handiagotzeko mugimendua (stakhanovismoa) eragin du Euskal Herria osoan, idazlearen ekimena bizkortuz eta produktibitate berezia sarituz. Markos Kojèvek ere produkzioa handitu du azkenaldian eta irakurleak pozik gaude. Diziplina espartar hori gabe segi idazten, mesedez.

asier
asier dio:
2005/07/15 10:20

Stakhanov izatetik Txomin-alper izatera ez haiz pasatuko, ala?

Orain tartetxo bat hartu, abuztuan bloodymary batzuk hamaka batean... baina bueltan etorri geró!

Zain egongo gaittuk.

Matxalde
Matxalde dio:
2005/07/17 02:08

Diziplina, diziplina... Guk ere ez diagu egunero irakurri, bai sarri, eta egunen harian... urtea!! Jarioa duenari dario. Bejondeiala, X!

luism
luism dio:
2005/07/17 01:37

Urteen poderioz geroz eta desatseginagoa bihurtuz doa eguneroko ohituratxoei agur erratea. Beraz ez adiorik, espero dut.

Patxi
Patxi dio:
2005/07/15 12:27

Santiago bidea: aterpetxean lo egin eta gero, egunero hasten degu bidea alkarrekin, eta gozamena da gizon honen iturria. Batean ipuin bat kontatuko dizu, bestean bere eritzi zorrotza honi edo hari buruz, hurrengoan bezperan bizitako batek erakutsi dion zerbait... Eta nik beti gogoan: zenbat dakien gizon honek! Zenbat ikasten dan berarekin! Orain mantsoago ibiliko omen da, beraz, noizbehinka egingo omen degu topo. Ze gaizki! alde batetik. Izan ere... Bere konpainia hain zan aberatsa! Ilusioa egiten dit pentsatzeak lasaiago ibilita bere istorioak, alkartzen garenetan, sakonagoak, landuagoak, hobeak izango direla... Baina ez dakit ba. Hobeto bizitzeko balio badio mantsoago ibiltzeak, konforme!

Eskerrikasko bihotzez Xabier.

Maurizia Aldaiturriaga
Maurizia Aldaiturriaga dio:
2005/07/15 15:26

Begira nago begira begira nago begira goiko kamino barrira noz etorriko ete dan Xabier egunen harira Xabier egunen harira begira nago begira

Ederregia zara zu ederregia zara zu soloan beharrerako hartuixu_ordenadorea blogean posteetako blogean posteetako soloan beharrerako

Hauxe da despedidea hauxe da despedidea despedide honen tristea egin bot berbarik txarto parkeske nator jendea parkeske nator jendea hauxe da despedidea

Ricardo Gmez
Ricardo Gmez dio:
2005/07/15 18:24

Ba ni ez nauk geratuko "Zorionak hiri!!" esan gabe. Indarra hartu, Xabier, eta "asteen harira" bada ere, jarraitu posteatzen.

Jozulin
Jozulin dio:
2005/07/15 17:15

Kauenlatxota! Hau sustoa. Betiko utziko gintuzula pentsatu dut. Joan joan baina etorri gero! 1000 sker xme!

Iturri
Iturri dio:
2005/07/15 16:15

Ba horixe.

Biba zuek.

Ondo pasa oporretan eta hartu indarrak datorren denboraldirako.

Maurizia Aldaiturriaga
Maurizia Aldaiturriaga dio:
2005/07/15 15:31

Lehen ez da ondo agertu. Aber orain. Ba por ti, maestro!!

Alboka eta panderorako sinfonia, mi bemolean

Begire nago begire
begire nago begire
goiko kamino barrire
noz etorriko ete dan
Xabier egunen harire
Xabier egunen harire
begire nago begire

Ederregia zara zu
ederregia zara zu
soloan beharrerako
hartuixu_ordenadorea
blogean posteetako
blogean posteetako
soloan beharrerako

Hauxe da despedidea
hauxe da despedidea
despedide honen tristea
egin bot berbarik txarto
parkeske nator jendea
parkeske nator jendea
hauxe da despedidea

koldo
koldo dio:
2005/07/16 17:07

Nik ere, oporretan berrindartu ondoren, egunero ez bada noizbeinka, idazten jarraituko duzula espero dut. Zuk idatzitakoak gustura irakurri ditut, baita erantzunak ere. Gaur arte "voyeur" hutsa izan naiz eta ez dut sekula blog-a aurrera ateratzen lagundu. Ni bezalako asko izango direlakoan, idazteko gai ez izan arren zuen lanak gogoz jarraitzen dituztenak, orainartekoak eskertu eta jarrai ezazuela eskatzen dizuet.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.