Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Udako postalak (VIII)

Udako postalak (VIII)

xme 2005/07/27 09:12

Larunbata, uztailak 23

Ardanza jauna:

Madariaga, Gorospe, Maio eta konpainiari datorren urterako soldatak jaistea pentsatzen ariko zara beharbada Haien alde esango dizut, telebistarako asmatu duzuen iragarkiarekin guztiz bat egin duela taldearen emaitzak, inoiz ez bezala: “Na de na”.

Ziklistak barregarri ibili arren negozioa ondo, espero dut.

Eta zelan uda, Kanalako txaletean? Ederto? Segi ba horrela.

Zure bezero fin batek.

Igandea, uztailak 24

Kaixo, Ainhoa:

Deskubritu da sekretua, nor zen liburuko protagonista, gutun haien hartzailea. Hogei urteren buruan gauza asko aldatu dira: bai nire itxura, bai nire bizimodua, eta zer esanik ez zureak; orduan bezala nire aurrean lau oinean, biluzik eta zezelka ibiliko bazina, uste dut polizia eta jujeen aurrean baino aztoratuago geratuko nintzatekeela. Gure herriaren egoera ematen du dela aldatzen ez den bakarra, baina esperantza ez omen da galtzen-eta. Hor nonbait egon behar du, kajoi edo poltsiko ahazturen batean gordeta

Lagun izoztua

Asteartea, uztailak 26

Guraso atsekabetu batzuei:

Galiziatik etorri zineten etorkizun hobearen eta seme-alabentzako lur berri baten bila. Eta orain lur horrek kendu dizue semea; edo berak eman du bizia hainbeste maite zuen herriaren alde. Ideietan zuzen edo oker zebilen, axola gutxi orain.

Orain 30 urte fusilatu zuten Txiki, Extremaduratik etorria. Bitartean zenbat hildako, bertako nahiz bertakotutako familietako neska-mutilak. Oxala, Imanol Gomez balitz zerrendako azkena. Gure herria izan dadin ez malkoa eta odola baizik esnea eta eztia darizkion lurra. Denentzat.

Asteazkena, uztailak 27

Bekario gaixoa:

Udako sasoian nire mahaia eta aulkia okupatzen zabiltzanez, zaindu artoski eta erabili goxoki. Nire soldataren erdia edo laurdena kobratzeak ez dizu zakarkeriarako baimenik ematen eta. Bide batez, atzeko apaletako amaraunak garbitzen badituzu, ezin hobeto. Bigarren tiraderan ahaztutako donutsak jan ditzakezu nahi baduzu, igual gogor samarrak egongo dira baina. Eta egin lana gogor, horrela lortuko baituzu noizbait lanpostu txukunago bat. Ez pentsa Lewinsky metodoak funtzionatzen duenik.

A, eta bero gehiegi dagoenerako, haize-emaile bat onena. Andaluzak bezala.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.