Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Batzuetan txorakeriak lekurik ez

xme 2005/11/02 09:58

Aurreko batean Jozulin delako baten blogean Arestiren poema bat gogorarazten ziguten, Bilboko kale bati bere izena ematerik nahi ez zuela zioen hura, azaroaren 1arekin bat zetorren aliterazio eder baten harira: "Done santuru oro lore koroa batekin"...

Aliterazioez pentsatzen hasi nintzen, baina ez baliabide poetikoa den aldetik, literaturatik kanpo ere ale politak aurkitzen baitira. Klasikoa da "I like Ike" publizitateko eslogan amerikarra; beste produktu baten propaganda aliterazioaren adibide perfektutzat zeukan nire lankide obsexu batek; "Vanessa Visa sí".

Horrelako txorakeriak nerabiltzan buruan; horiekin artikulutxo bat osatuko nuen edo ez zalantzan. Eta bat-batean Kotto Altzugurenen heriotzaren berria, telebista batzuetan Javi Clemente eta beste batzuetan Leonor Borboikoa beste hizpiderik ez zutela.

Batzuetan txorakeriak ez du lekurik. Baina hitz egokirik ez ahora. Gogora etorri zait Mikel Lopetegi, Tolosaldeko preso politikoa (Belauntza, Leaburu, Gaztelu...?), orain dela 18 bat urte urkaturik agertu zena. Lehenengoa izan zen, eta halako zarrasta bat egin zidala oroitzen naiz. Geroztik gehiago izan dira, zoritxarrrez, eta halako ikaraldirik ez dagoeneko. Denera ohitzen baita pertsona, baina gauza batzuekin ez ohitzea hobe. Ohitu beharrik ez izatea hobe, hobeto esanda.

Mikel Lopetegi izango zuen seguru asko buruan Koldo Izagirrek, 1989an kaleratutako "Balizko erroten erresuma" poema-bildumako olerki izugarri hau idatzi zuenean:

"Punching-ball bat izana zen baina / Orain ez da zaku bat zeldaren pareta / Zuri erahileak duintasunez lehertzen dituen / Lanpararik argitsuena sapaitik zintzilikatua // Punching-ball bat izana zen baina / Orain ez du oihurik egiten ahal / Esku guantedunak ezin eragin diezaioke minik / Urkabetik delikateziaz jaisten du orain / Esku guantedunak // Haizeak laztantzen ez duen minik / Gabeko kanpai-mihina da orain 3x2ko bihotzean / Eta bere mutuak iratzarri / Egiten gaitu taupaka heldu den hotsean // Bere burua urkatu du / Baina ez du bere burua ukatu // Hilik nahi ez genuelakoz da hil // Gorroto zehatzez bete guante / 3x2ko bihotzak"

Hiri barnean, hiri bazterrean

xme 2005/10/28 09:59

"La ville est tranquile" zuen izena Robert Guédiguian marseillarraren film eder batek. Trankila iruditu izan zait niri Iruñea ere, Europako eskuin muturreko sekta indartsuena eta jairik basatienak dituen hiria. Hala ere, oraingo Iruñean gauzak aldatzen ari direla ematen du.

Egunotan pare bat aldiz izan naiz bertan, aurkezpen, mahai-inguru, hitzaldi eta horrelako kultur saltsetara joanda. Erdi Aroan Nabarreria izenekoa zen baskoien auzoa, eta orain ere inguru horretan ibili naiz, euskaldunoi uzten dizkiguten ghetto-etan: Zabaldi, Zaldiko eta abar. Gustura hala ere, eta konpainia onean.

Aldaketak aipatu nahi nituen ordea. Leizarragak Euskaldunen Hiri Buruzagia deitu zuen hura Barcinopolis bataiatu du Zaldi Eroak, ez alferrik: hirigunean, adibidez, aste honetan bertan zabaldu da El Corte Inglés, arau urbanistiko guztiak hankapetik pasatuz, dendari txikien haserrea piztuz eta ezinezkoa zirudien miraria lortuz: Baluarte baino eraikin are itsusiagoa egitea.

Horretan Hegoaldeko gainerako hiriburuekin berdintzera jo dutela esan liteke: Corte Inglesak badira Gasteiz eta Bilbon, Fnac-Zara erraldoia Donostian. Merkataritzaren lege berriak, Yolandaren eskutik etorriak. Aldirietan berezitasun bat deskubritu nuen ordea, euskal hiriburuetan ikusi gabe nengoena, eta Iruñeari buruzko inongo gida ofizial nahiz panfleto alternatibotan aipatzen ez dena:

Afaldu eta gero etxerako bidea hartu eta, hiriaren ipar-mendebaldeko urbanizazio berri batean, Berriozarrekiko mugan ia, neska beltxaranak kamino bazterrean, autoei gelditzeko keinuak eginez. Merkataritzako tratu zaharrenetako bat eskainiz.

Atxurra

xme 2005/10/27 08:42

(Gaurko Berrian plazaratua)

Atxurraz hitz egingo dizuet gaur. Ez baratzea lantzeko tresnaz, ez. Parrandan ibilita harrapatzen den horretaz ere ez. Atxurra esaten dudanean, gizonezkoek bizarra mozteko erabiltzen dugun trepeta hau esan nahi dut. Ikusten? Hona hemen atxurra. Gauza txikia, sinplea, funtzionala Eta hala ere, zenbat teknologia dagoen atxurraren atzean! Teknologia bakarrik ez: zenbat filosofia dagoen atxur soil baten atzean! Harritu egiten al zarete? Gure bizitza modernoa esplikatzen digu atxurrak. Bera da, gizartearen aurrerapenaren metafora perfektua. Oraintxe ikusiko duzue.

Garai batean bizarra nola mozten zuten ez dakit nik. Ezpatarekin igual. Labanarekin gero. Baina gure sasoian bizar xaflak asmatu ziren. Filomatic. Zenbait aldiz erabili, eta gero botatzeko. Konsumismoaren sinboloa. Baina xafla bakarrik botatzen zen, ez atxur osoa. Atxurra gorde egiten zen, beste xafla bat sartzeko.

Gizakiak etengabe asmatzen ditu gauzak ordea. Halako batean, xafla eta atxurra dena bat eginda saldu ziguten: plastikozkoa, diseinuzkoa eta merkea. Bolada batean erabili eta gero lasai botatzekoa. Bic boligrafoaren antzera. Horiekin trebatu nintzen ni lau bixar ateratzen hasi zitzaizkidanean, eta ez zitzaidan bururatzen hoberik behar nuenik.

Hobeak ikustekoak ginen hala ere. Bai horixe! Doble hobeak: xafla baten partez bi: "la primera hoja corta, la segunda apura". Buruan geratu zait publizitatea, pentsa zenbat aldiz entzunarazi ziguten. Nik betiko xafla bakarrekoarekin segitzeko asmoa neukan, halakoxe egoskorrak gara-eta. Baina ezin: dendetatik desagertuz joan zen, eta, handik pixka batera, bi xaflakoak erostea beste erremediorik ez nuen izan, bizarra luzatzen utzi nahi ez banuen.

Ez dakit zein den aldaketaren arrazoia, baina pentsatzekoa da, bi xafla jarrita, bi aldiz metal gehiago gastatzen dela, eta, beraz, handiagoa dela negozioa eta diru-mugimendua. Atxurra bezalako gauza xinple batekin.

Eskema horrekin, erraza zen asmatzen zer etorriko zen gero: hiru xaflako atxurra! Propagandarako, ez ziren nekatu lelo borobil bat asmatzen. Oraingoan, David Beckham jarri ziguten aurrean, esanez bezala: Moztu honekin bizarra, eta izan zaitez metrosexuala!

Bikoarekin segitzen dut nik oraindik, baina susmoa dut gutxirako izango dela. Izan ere, orain dela gutxi lau xaflakoak ikusi ditut iragartzen: LAU.

Barre egiten duzue batzuek, eta hala ematen du, bai. Baina ez da horren barregarria, konturatzen bagara sistema desarrollista berdin-berdina daukagula gure herri honetan: autobideak egiteko, superportuak eraikitzeko, Abiadura Handiko Trena ahal den lekutik sartzeko Gero eta azkarrago, gero eta handiago, eta eta zabalago

Total, bizarrak lehengo martxan segitzen du ateratzen. Eta, pentsatzen jarrita, ez al dit ondo ematen bizar pixka batek? Ez?

Txillardegi: "ETAkoak asto hutsak direlako klixe hori salatu nahi izan dut"

xme 2005/10/26 11:04

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Donostia, 1929) literaturara itzuli da Labartzari agur eleberriarekin. Beregana jo dugu beraz, “huntaz eta hartaz” galdezka.

Zure biografia aberatsean alderdi ugari landu dituzu, sarritan kontrajarriak diruditenak: ekintzaile eta pentsalaria, zeintziak eta letrak, pianoa eta ingeniaritza, eleberria eta hizkuntzalaritza... Jakin-min unibertsal batek eraginda, ala alor bakarrean aspertu egingo zinatekeelako ala...?

Aspertze konturik ez dago. Errealitatearen alor askok eta askok berebiziko erakarmena dute; egiaren gose bizi garenontzat bederen. Baina, hain zuzen, errealitatea garrantzitsuagoa da fikzioa baino. Eta honek markatu nau, uste dut; eta markatzen. Zientzia gorago ikusten dut Literatura baino; batez ere Literatura-mota iheslari xeru batzuk baino.

"Peru Leartzako"tik aurrera, hamar urtean behin egina zenuen nobela bana. Orain, berriz, epeak estutu egin dituzu. Asti gehiagorekin zabiltzalako, ala zer esana sentitzen zenuelako?

Ez nintzen konturatu ere egin! Baliteke. Irakasle izan direnek ongi dakite kurtso bat eman beharrak nolako loturak dakartzan. Are mentalak ere.

Labartzari agur duzu orain arteko azkena, kartzelan urte franko emandako gizonaren itzulera. Zu ez zara espetxean luzaroan egon baina, zein neurritan da Antton Ihartzegarai, iritzi eta zaletasunetan, zure buruaren isla?

Luzaroan ez baina hiru aldiz bai: 1950ean Martutene estreinatu berrian sartu ninduten hilabetez, 1960 berriro hiru hilabetez, eta 1980an Telesforo, Castells eta HBko beste hainbat Langraizen eduki gintuzten pare bat astez. Ez dira neuk ezagutu ditudan euskal preso askoren egonaldi luzeak, ezta hurrik eman ere, baina ezagutu, ezagutu dut espetxea, eta Ihartzegarairen gorabeherak sumatzea ez zait, horrenbestez, guztiz zail gertatu. Protagonistarekiko identifikazioari dagokionez, gauza bat azpimarratu nahi nuke, eta ez da lehenengo aldia: Ekin Bilboko Ingeniari Eskolan eta Deustuan sortu zen, eta ekintza-gizon intelektual franko egon da hor. Bat-batean bururatzen zaizkidan batzuk: Mikel Albisu, Txelis Alvarez Santacristina, Sarrionandi. Hitz batez: klixe hori (ETAkoa = asto hutsa) faltsua da eta salatu egin nahi dut.

Eleberriak gai eta giro anitz azaltzen du. Banaka aipatuko dizkizut batzuk, nahi baduzu iruzkin bat egin dezazun. Hasteko, badira maitasun-istorioak, ez inola ere idealizatuak baina bai goxoak.

Azaldutako kontuak klasikoak dira amodioetan. Hautatutako gertalekuak, bestalde, ongi ezagutzen ditudan lekuak dira: Baiona, Arcachon... Baina autobiografian bilatzea, alferrik, alfer-lana. Asmamen azkarrekoa ez izanik ere, tira...

Mugimendua eta ekintza ere sartu duzu, hitzaren adiera guztietan, Exkixu-ren antzera...

Hori ere erraza gure herrian, giro abertzalean mugitzen garenontzat behintzat. Seguru asko bere zapatillak behin ere kendu ez dituenarentzat, oso zailak. Baina borroka abertzalearen ondorioak oso hurbildik ezagutu ditugunoi, “eguneroko ogia” zaigu ia-ia.

Giza patuaren aldaezintasuna

Alderdi fisolofiko bat ere badu, bizitzaren aurreko jarrera... ez dakit nola definitu: etsia? ezkorra?

Existentzialismoa moda gisa joana da aspaldi. Baina giza patua ez da aldatu. Eta etsipen hori sentitzea normala da. Eta ETAko batek areago. Harrigarria da: Unamunoren kezka metafisiko nagusia (ikus El sentimiento trágico de la vida) ez da batere berria. Neanderthalgo gizonak ere bazeukan; eta zer esanik ez Cro-Magnon-darrok betidanik. Eta zer nabarmenagorik antzinako egiptoarren baltsamaketa teknikak berak baino?

Eztabaida politiko apur bat ere ageri da: zure egungo ikuspegi kritikoaren ildotik edo...

Filosofiatan ez sartzen saiatu naiz. Baina denok gara filosofo, hein batean behintzat.

Idazkera nabarmentzekoa da: esaldi laburrak, paragrafoak ere bai. Arintasun hori zer da: azkar eta aise irakur dadin, aukera estilistiko bat, protagonistaren barren urduriarekin ondoen ezkontzen den ezaugarria...?

Ez dut berariaz egin. Horrela bada, konturatu gabe gertatu da.

Bestalde, deigarria da pertsonaietako batzuek beren artean bizkaieraz egitea, ahozko jardunera hurbiltzen den idazkeran emana gainera...

Nobela, batuaz idatzia da, noski. Baina Labartza hori (mapan ez dagoena) Bizkaiko itsasertzean dagoenez, gisa da Ihartzegaraitarrek eta Labartzarrek bizkaieraz egitea. Bizkaieraz idatzi nituen elkarrizketa horiek. Baina Iñaki Gaminde eta Markos Zapiainen zuzenketak eta aldaketak ontzat eman ditut. Ez zen besterik falta!

Amaitzeko, saio-sorta batekin ere ari zinen, zientziaz, erlijioaz eta abar. Aurki amaitzekotan, ala itxaron egin beharko dugu oraindik?

Bidean dator, bai. Baina itxaron egin beharko da oraingoz! Sei saiakera izango dira: biga Astronomiaz eta Kosmologiaz, beste bat Erlatibitateaz (aurten izan baita Einsteinen “urte miresgarria”ren mendeurrena ), beste bat Eboluzioaz eta antrpoideez, bosgarrena Erlijioaz eta Antropozentrismoaz, eta seigarrena eta azkena Sartreri buruz, filosofo famatua 1905an jaio baitzen.

The times they are a-changin'

xme 2005/10/25 08:57

Fournier-en naipeen ondoren arrakasta handiena lortu zuten kartak izango ziren familien sorta hartakoak, gogoaren txokoren batean gordeta izango duzue zuek ere, seguru: aitona eskimala, amona bantua, aita indioa, ama txinatarra, alaba arabiarra, seme tirolesa... Irudi ederren bitartez munduaren aniztasunaren berri erakusten ziguten, batetik, eta itxuren ugaritasun horren azpiko batasuna ere bai: denetan ziren antzekoak familiak, haien arteko maitasun-lokarriak.

Egunotan familien karta-sorta berria kaleratu da Euskal Herrian, Pirritx eta Porrotx pailazoen etiketaz. Sei familia ageri dira hemen ere, askotarikoak hauek ere, baina batzuen eta besteen aldea ez da geografikoa, ez da azalaren kolorea soilik. Familia-eredu berriak, eredu desberdinak nahi dira plazaratu; edo, hobeto esanda, dagoeneko egon badauden familia-modu diferente horiek begien bistan erakutsi, karta-jokoaren bitartez.

Guraso homosexualak dituen umearen familia da bat, adibidez; urrundik adoptatutako haurra dutenak beste bat; egiazko gurasoak arduratu ezin diren bitartean harrerako aita-amak dituen umearena beste kasu bat; edo gurasoak dibortziatu eta gero aitak eta amak adiskide berriak dituztenekoa; edo arraza eta kultura bitako aita-amak dituen haurrarena. Eta abar.

Anormaltasunaren barruan sartuko lituzkete askok horrelako kasuak. Zer da anormaltasuna baina? Gehiengo estatistikoarekin bat ez etortzea? Jazza gustatzen zaienak ere anormalak dira hortaz. Edo euskarazko literatura irakurtzen dugunak.

Ez dut ezkutatuko irriño bat sortzen zaidala, jendea joko horretan imajinatzean: "Ea, ama lesbiana bat daukat, beraz honi eskatuko diot... beste ama lesbiana". Edo: "Aitaren andregaia ala amaren senargaia izango du horrek?".

Irriñoak irriño, errealitate bat dira horrelako familiak; gero eta "normalagoak" izango dira gainera, eta espero dezagun, hortaz, gero eta onartuagoak izatea. Aniztasunaren azpian dagoen batasuna adierazten baitu publizitaterako asmatu duten leloak: "Elkar maite dute, familiak osatzen dituzte". Egia sinple bezain eztabaidaezina.

Familiatik kanpoko bizitza-ereduak hasi beharko dugu orain bindikatzen eta praktikan jartzen...

Emazteak adarrak jartzen dizkizunean

xme 2005/10/24 10:00

Ez nabil bihotzeko penak kontatzen, ezta ipuina asmatzen ere. Bertso-kontu batek ematen dit hizpidea.

Atzo Arrasaten izan nintzen, bertsolari txapelketako saioan. Amaia antzokia beteta, kanpoan ere jendea, giro beroa, final erdietara nor pasako zen ikusteko irrika...

Ikusmin handiko jaialdietan maiz gertatzen da bertsoak berak eskas samarrak izatea, futbol-derbietan bezala, baina igande arratsalde hau aberatsa izan zen kalitatean ere. Aitor Sarriegi nire herrikidea izendatu zuten saioko irabazle, merezimendu osoz nire ustez, eta bera igaroko da zuzenean final erdietara.

Beste bi bertsolari ere sailkatu ziren hurrengo faserako: Arkaitz Estiballes galdakoztarra eta Arkaitz Goikoetxea oiartzuarra. Biak ere bikain eta indartsu saio osoan, puntuari erantzuteko lehen bertsoan Estiballesek laprast egin zuen arren. Horri esker aterako zituen beharbada puntu gehiago Goikoetxeak. Hala ere, bien kartzelako lana komentatu nahi nuke, laburki.

Irekiak ari dira jartzen txapelketa honetan kartzelako gaiak, eta halakoxea izan zuten bart ere: "errezeloak hartuta zeunden, eta kamera ezkutua jarri zenuen etxean; orain, grabatutakoa ikusten ari zara".

Irekia bai, baina planteamendu polizial batera erraz eramaten ahal zaituena, eta halakoxea izan zen bertsolari askok hartutako bidea: alaba drogatu egiten dela (Iñaki Zelaiak), senarrak alaba bortxatu duela (Nahikari Gabilondok), haurtzainak umea jipoitu egiten duela (Estitxu Arozenak). Umoretsuago hartu zuen gaia Sarriegik, delituan ez baina kameran zentratuta, dinamismoa emanez saioari: karteratik dirua falta zuela-eta, semearen juzgu txarra egina dauka, baina, kamerak erakutsi dio senarra zela eskuluzea.

Arkaitz biena axola zait ordea, biek abiapuntu bera hartu baitzuten: neska-laguna beste batekin ote dabilen susmoa. Abiapuntu bera, baina guztiz desberdina izan zuten jarraipena, bai ideologiaz bai bertsokeraz.

Bertsokera esatea okerra izango da agian, baina azalduko dut: hiru bertso osatzeko bakarkako gaia ematen denean, hiru bertsoak banaka onak izatea da lan bat, baina hiruren artean lotura eta garapena egotea beste bat. Goikoetxeak onak egin zituen hirurak, baina nire ustez herren geratu zen garapenaren aldetik. Estiballesenak, berriz, biribilak bi aldeetatik.

Buruz ari naiz, baina gogoratzen dudanaren arabera azalduko dut: andrea deskubritzean hartutako ezusteko eta mina azaldu zuten biek lehen bertsoan. Bigarrenean, oiartzuarrak min horretan insistitu zuen, hizkeraz bertso ederra osatuz baina inongo ideiarik erantsi gabe, eta hori, bertso luze batean gainera, betelana iruditzen zait niri; galdakoztarra, berriz, bideoan ikusitakoak deskribatzean harriduraz ohartzen da etxean sartu zaion arrotz hori bera baino askoz ere maitale abilagoa dela, eta emazteak beste norbait bilatu izanaren errua berea dela pentsatzen du.

Azken bertsoan, Goikoetxeak minarekin bueltaka segitu zuen, eta amaieran beste ideia bat erantsi: bere andrea utzi eta traizionatuko ez duen beste baten bila hasiko dela. Bego. Estiballesek biribildu egin zuen berea: bideoan ikusitakoa beretzat gordeko du, emaztearengana joango da, ahal bezain amultsu, eta maite duela esango dio.

Mundu-ikuskera tradizionalago eta estuagoa erakutsi digu batek, askeago eta ausartagoa besteak. Norberak ikusiko du zerekin identifikatzen edo hunkitzen den; hori ez dut uste epaileek baloratu beharko luketenik, bestela pentsaera bateko bertsogintza bultatzen ibiliko ginateke-eta. Baina, pentsaerak pentsaera, Estiballesen saioak askoz ere emozio, jakin-min, intriga, kolore, ñabardura, sakontasun, originaltasun eta umore gehiago izan zuen besteak baino. Epaileek esaten dutena esaten dutela.

Ezer ez dakit baina

xme 2005/10/21 08:07

(Argia-ko Kike Amonarrizek eskatu zidan 2025. urterako euskal kultura nola ikusten dudan azaltzeko. Niri eta beste hiru laguni. Lau txostenak aste honetan kaleratu dira, astekariaren "Larrun" gehigarrian, eta datorren asteartean mahai-ingurua izango dugu Iruñeko San Zernin aretoan. Hona nire artikulua; barkatu luzera: aldizkarikoek agindutakoa da)

Bat. Hasi-masiak: lantegiaren zaila

Hemendik 20 urtera euskal kultura nolakoa izango den galdetu zidanari erraz asko erantzun niezaiokeen hitz bakar batez: “auskalo!”. Ondo egoki geratuko zen beste erantzun bat ere, bi hitzez osatua oraingoan: “ez dakit”. Hala ere, bere garaian halakorik esaten jakin, edo ausartu ez, eta hementxe nago orain, malmetitu naizen zulotik nola irten asmatu ezinda.

Izan ere, prospektiba-ariketa hauek ustel samarrak izaten dira: batetik, uste baino askoz gutxiago aldatzen direlako gauza gehienak; eta, bestetik, uste ez genuen aldetik aldatzen direlako. Adibidez, ni mutil koxkorra nintzela askotan jolasten ginen 2000. urtea imajinatzera, eta, NASAren bidaien eraginez-edo, uda-pasa ilargira joango ginela uste genuen, eta pastilla txiki batzuk izango zirela gure janari bakarra. Barre egingo duzue gazteagoek, baina ez dut esajeratzen. Aldiz, sumatu ere ez genuen egiten eskuko telefonoak zer izango ziren, edo Internet bezalako zerbait esistitu zitekeenik ere.

Orain dela 20 urte atera zuen Argia-k bere 1000. alea, eta garaitsu hartan hasia nintzen ni aldizkarian kolaboratzen. Atzera begiratu eta ez zait iruditzen gauzak gehiegi aldatu direnik, funtsean. Seguruenik gehiago mugituko ziren 1975etik 1985era. Horrek badu bere azalpena ere: arlo soziopolitikoan aro berri bat hasi zen Hego Euskal Herrian urte horietan, eta aro horretan finkaturiko zutabeek ia bere horretan iraun dute gaur arte. Bi. Konstatazioak: Fernandoren egiak

Esandakoak konstatazio bat egiteko balio du: bilakaera soziopolitikoak eragin nabarmena duela euskal kulturaren martxan; ez kausa/efektu gisako ondorio zuzen eta automatikoak sorrarazteraino, baina bai berebiziko faktoretzat jotzeko lain. Horri loturik, badirudi aldaketa-garai bat datorrela, eta beraz, kulturan ere utziko luke horrek arrastoa. Hala ere, politikari buruzko aurreikuspenak beste mahai-inguru batean egin behar dituztenez gero, hobe dut isilik.

Beste konstatazio batzuk ere egin genitzake, bai baitira euskal kulturaren geroan egoera politikoak adinako eragina eta garrantzia duten beste arlo batzuk. Bat, normalean aipatzen ez duguna, demografia. Frankismo garaian, beharrak hartaratuta, immigrazio ugaria jaso genuen Hego Euskal Herrian, Espainiako inguru pobreagoetatik etorrita. Ipar Euskal Herrian, berriz, gazteak lan bila, Paue, Bordele edo Parisera, eta Frantziako erretiratuak euskal kostaldera, erretreta-urteak itsasertzean eta epelean igarotzera. Orain, berriz, beste etorkin-uholde bat daukagu, Ipar nahiz Hegoan, mundu osotik Europa Mendebaldera lan bila datozen gizon-emakumeena: hego amerikarrak, Afrika zuri eta beltzekoak, Europa Ekialdekoak

Jende-etorrera honen aurrean badira bi jarrera oker, nire ustez. Bata, iupi-iupi egin eta txalo jotzea, ze polita den multikulturalismoa, ze polita den mestizaia! Kultura arras desberdineko jendea elkarren artean ondo moldatzea desiragarria da dudarik gabe, baina zaila da berez, eta hori ukatzen duena gezurretan dabil; bestalde, egoera kolonizatu eta minorizatuan dagoen hizkuntza batentzat zailtasunak areagotu egiten direla ukatzen duena, edo zinikoa da edo itsua. Bigarren jarrera okerra, zailtasun horien aurrean immigratuak errudun bihurtzea litzateke. Bizimodu hobearen bila dabilena munduko bidegabekerien biktima dela gogoratu behar genuke, eta, bestalde, etorrera jendetsuari langak edo galgak jarri nahiko bagenizkio ere, ez daukagula horretarako tresnarik ez ahalik. Beraz, eta panazearik ez dagoenez gero, jarrera zuhur eta argi bakarra etorkin jendea gure kulturan eta hizkuntzan integratzen saiatzea da, horretarako baliabideak jarrita. Aski indarrik ote dugun zalantzazkoa da, baina ahalegin serioa egiten ez badugu galdurik gaude epe ertain eta luzera.

Gure kulturaren etorkizuna baldintzatuko duen hirugarren faktore inportantea "eta jabetzen naiz Fernandoren egiak esaten ari naizela" munduko joera kulturalak dira. Hau da, hemendik 20 urtera nolako musika egingo den munduan (eta bereziki AEBn), zerikusi zuzena izango du horrek euskaldunek zer-nolako musika egingo duten jakiteko.

Laugarren konstatazioa, aurrekoari loturik, aldaketa teknologikoen berealdiko garrantzia: musikaren adibidearekin segituz, ez dakigu aurki diskorik izango den edo musika merkaturatzeko, saltzeko eta erosteko beste bide batzuk sortuko ote diren, eta ni behintzat ez nago igarle-lanetan hasteko moduan.

Hiru. Aurreikuspen xume batzuk

Esandakoak esan ostean, badirudi ez dudala inongo aurreikuspenik egin nahi. Zehatzago hitz eginda, ez nuke lotsagarri utziko nauen aurreikuspenik egin nahi. Dena dela, eta honaino iritsi naizenez, zer edo zer esan beharko dut, jokoa maite ez duen baten zuhurtziaz bada ere.

Hasteko, etorkizunari buruzko juzgu biribilak maite baditugu ere, gertaerak ez dira gero horren beltz edo horren zuriak izaten. 1800ean 100 urteko bizitza ikusten zion Humboldt-ek, penaz, euskarari; 1900ean bizi zen oraindik, baina beste 100 bete aurretik itzaliko zela iragarri zuen, kasik pozez, Unamunok. Pasa dira beste 100 ere, eta oraindik bagara zer edo zer. Gaurko datu soziolinguistikoei erreparatuta, badira pozerako eta negarrerako datuak; zeini ematen diegun lehentasuna, diagnosi baikor edo ezkorrak egin genitzake. Baina bi gauza garbi daude, horren inguruan: bata, etorkizuna ez dagoela aurrez idatzita eta erabakita, geure esku dagoela neurri handi batean (ez erabat, hala ere); bestea, hizkuntzaren egoerak kili-kolo jarraituko duela 20 urte barru ere, ez normalizazioaren zerua ez asimilazioaren infernua zapaldu gabe, duda-muden purgatorioan bizitzen segituko dugula.

Egoera argi-itzaltsu horren barruan, badira zalantzarako tarte gutxi uzten duten datuak, hala ere. Adibidez, Ipar Euskal Herrian euskararen galera gero eta larriagoa da; itzuli ezinezko punturik dagoenik ukatu egiten dute borondatearen indarra azpimarratzen dutenek, baina ez da inondik ere sumatzen desagertze-bide hori geldiarazteko kemenik dagoenik. Ez Iparraldean bertan, ezta Hegoaldetik ere.

Hizkuntzaren eremutik kulturaren sail zabalxeagora jauzi eginda, beste horrenbeste esango nuke. Hots, gaur egungo moduan, sorkuntza erdipurdiko eta gris antxa izango dela gurea, pobreak gure egiturak, negartia gure jarduna. Ikuspegi baikorrago batetik begiratu nahi izanez gero, horrela berridatz nezake lehengo esaldia: globalizazioaren erdian geure ahotsa izaten segituko dugu, potentzia handien erdian gure egiturek bizirik eutsiko diote, eta agintea dutenei leku duinago bat eskatzen segituko dugu.

Lau. Argitzeke segitzen (segituko) duten debate batzuk

Konturatzen naiz arrisku gutxi hartu ditudala. Barka besterik espero zenutenok. Amaitzeko, gure kulturaren geroari dagozkion eztabaida batzuk plazaratu nahi nituzke: hauetako batzuk badira gaur ere gure arteko hausnarketarako eta, batzuetan, liskarrerako gai, baina, argitzetik urruti daudenez, datozen urteetan ere berauekin bueltaka segituko dugula iruditzen zait. Euskalgintzaren ingurukoak dira aipatuko ditudan lehenak, sortzaileei buruzkoak hurrengoak, eta talde eta elkarteen gainekoak azkenak.

Hasteko, euskalgintzaren eta abertzaletasunaren arteko harremanei dagokiena. Loturak sendotu ala laxatu egin behar dituzten; posible ote den euskaltzaletasun apolitiko bat (maila indibidualaz gaindi esan nahi dut), eta posible ote den euskaltzaletasun ez-abertzalea (Kataluniako PSC moduko bat edo). Luze hitz egin da gai hauetaz, eta luze hitz egingo da oraindik. Auzi honetan esateko, egiteko eta erakusteko gehien dutenak ez dira euskaltzale abertzaleak, abertzale ez direnak baizik, baina herri osoari dagokion arazoa da hala ere.

Aurrekoari loturiko beste auzi bat: euskararen aldeko indarrak batez ere berreskuratze koantitatiboan ala kualitatiboan enplegatu nahi ditugun. Bistan da ezin dela alor horietako bakarra landu bestea alde batera utzita, bi amildegi sortuko bailirateke gure oinen azpian: euskal hiztunen arteko komunikazioa sendotzera bakarrik joko bagenu, gutxiengo txiki eta geografikoki erkin (gero eta erkinago) baten hizkuntza litzateke euskara, Euskal Herri nagusiki erdaldun baten erdian, eta bizirik irauteko aukera gutxirekin; aldiz, hizkuntzaren nolakoari jaramonik egin gabe hiztun kopurua zabaltzen eta zabartzen segituz gero, euskara Euskal Herriko gehiengoaren hizkuntza sinbolikoa dela topa genezake aurki, baina ez inoren hizkuntza erreala. Garbi dago bi norabideetan egin behar dela ahalegina, baina han-hemen sumatzen dira bide bat ahaztu edo bigarren mailan uzten duten ahotsak.

Hizkuntzarekin loturiko hirugarren auzi bat: elebitasuna. Gure artean badakigu elebitasun soziala mito huts eta gezur zikina besterik ez dela. Ados denok. Badakigu halaber elebakartasun hutsa bideraezina dela gurean (sartu hor arrazoi geografiko, ekonomiko, politiko, demografiko, psikologiko eta nahi dituzuen guztiak). Horrekin guztiarekin, oso ondo ematen du euskaltzaleen artean egiten dugun aldarrikapenak: gizon-emakume eleaniztunez osaturiko Euskal Herri euskalduna. Bego. Horretara iristeko asko falta da ordea (20 urte baino askoz gehiago, inoiz iristen bagara). Bitarteko bidean, aztertu beharko genuke lehentasunak non jarri: adibidez, erdaldunak diren eremu guztiak itzultzen saiatu behar dugun, ala (batzuek defendatzen duten moduan) euskararen tokia ongi ziurtatzen duen diglosia-moduren bat onargarria ote den.

Era berean, euskarari esparru hegemonikoak eman behar dizkiogula argi dago, edo bide horretan saiatu behintzat, orain arte baino kementsuago. Udalerri euskaldunen mugimendua izan da urteotan egin dugun pausoa, baina anbizio handiagoz jokatu behar genuke, bi norabidetan: bata esparru geografikoarena da, udala gainditu eta eskualde osoak hartuz, eta udalarenak ez diren zerbitzuak ere inplikatuz (Ertzaintza, Justizia, Osakidetza); Lea-Artibain eta Urola-Kostan egin litezkeen gauzak dira, borondatea edukiz gero; bestea esparru funtzionala litzateke: adibidez, EITBk eta Hezkuntza Sailak euskaraz jardutea goitik behera. Ba al dago horretarako ausardiarik?

Zuzenean kulturari loturiko gaietara pasatuz, eztabaida zahar bat, sekula amaitzen ez dena, homologazio ala bereizkuntzarena. Garbi dago kultura global baten barruan ari garela denok ere, nahitaezkoak direla eraginak, hartu-emanak, nahasketak; garbi dago, halaber, euskal kulturak zerbait aberats, berri eta interesgarri sortuko badu, beretik asmatuz egin beharko duela, ez besterena imitatuz. Kosmopolitismoa nahitaezko urratsa izan zen une batean, isolamendua gainditu beharra zegoenean; hala ere, lagun batek aurrekoan aipatzen zidan moduan, probintzianismoa besterik ez da gaur egun derrigorrez kosmopolita agertu beharra, eta konplexuaren fruitu homoloazioarekin obsesionatzea.

Aurrekoarekin loturiko beste gai bat: gure kultura, hartzaile ez ezik, emaile eta esportatzaile izango ote den. Hala izatea nahi dugula ez du inork eztabaidatzen, noski, baina ezer gutxi egin da bide horretan, eta gehiago egin beharko da aurrerantzean. Nola ordea? Dirua beharko dela, zalantzarik ez, eta diru hori instituzioek jarri beharko dute, herri honetan sinesten badute. Proiektuak nork sortu eta nork zuzendu behar dituen ez dago garbi hala ere. Diruaz aparte, eskaintzeko zer edo zer sortu beharko dugu, eta promozioa landu, eta harremanak estutu Kudeaketa kolektiboaren zain egongo dira batzuk, baina garbi dago pertsonalki saiatzen direnek bide erdia egina izango dutela.

Kulturgileei buruzko azken auzi bat: hemengo erdal sortzaileekiko harremanak. Idazleen artean ez dago ia batere, bi mundu paralelotan bizi gara; musikarien artean normalagoak dira hartu-emanak, nork bere esparrua izan arren; antzerkian, aldiz, batera aritu ohi dira; edo, zehatzago esanda, erdaraz funtzionatu ohi du antzerkiaren munduak, eta horren barruan badira artista euskaldunak, bi hizkuntzetan lan egiten dutenak. Eredu horietatik zein da aberasgarriena? Harreman normalik izan al daiteke batzuk elebidun eta besteak elebakar diren bitartean?

Talde, elkarte eta enpresen inguruko kezka parea, amaitzeko: bat, ea administrazioarekiko menpekotasun ekonomikoan segituta zenbateraino gorde daitekeen jarrera kritikoa edo irizpide-askatasuna; menpekotasun hori gainditzekotan burujabeago bihurtu beharko dute, dela profesionalizazioaren, dela militantziaren bidez: batzuentzat bide bat izan liteke egokiena, besteentzat bestea.

Datozen arrisku eta erronken aurrean, talde-lanera jo beharko dute seguruenik euskal kulturako enpresek, sinergiak, konbergentziak edo dena delakoak bilatuz. Nork bere txokoa babestera ohitutako herri batean ez da aldaketa erraza, baina ezinbestean landu beharrekoa.

Horra hor puntu batzuk. Ez dut argitu 20 urte barru euskal kultura zer izango den, ez baitakit, baina ez litzateke gutxi gure egoera ulertzen eta, ahal balitz, hobetzen lagunduko balute.

Zaldi Eroa: "Ipar Amerikako indioei buruz irakurtzean aurkitu nuen euskara ikasteko gakoa"

xme 2005/10/20 08:00

Goizeroko irribarreen iturri izaten dira "De Rerum Natura" izenpean Patxi Huarte "Zaldi Eroa" marrazkilariak kaleratzen dituen komiki tirak: ustekabekoak, jostagarriak, gaurkotasunaren ikuspegi txoro eta aldi berean txorrotxa ematen digutenak. Orain bilduma batean argitaratu ditu onentsuenak, eta irakurleari aukera eman liburuan topatzeko haren pertsonaia ahanztezinak: Gizon Jakintsua eta M'ongolo, Euskal Taliban Jatorra eta Yoda, Nafarroa kapitaina eta Petilla komandanteordea, The Organitation, La Pelota Basqua...

Faltzes 1966 irakurtzen dugu zure fitxan. Erriberatartasun gutxi sumatzen dizugu hala ere. Zer gorde duzu eta zer galdu, Iruñera etorrita?

Jaio Erriberan jaio nintzen, baina betidanik (hiru urte bete nituenetik) Iruñean bizi izan naiz. Oporraldi motz batzuen oroimenak gorde ditut. Usaiak batez ere: tomateak, pepinoa, untxien kaiolena. Eta zarata bat: kaleetatik astoen apatxek sortzen zutena. Hori guztia galdu dut.

Eta euskararen mundutxoan sartzea zer izan zen, halakoetan arakatzea zilegi bada: planeta berri bat deskubritzea? Zure barruko ni-arekin topo egitea?

Euskarara ikastolatik atera nintzenean hurbildu nintzen. Euskara galtzen ari nintzenean. Orduan jabetu nintzen nire barruko zer edo zer garrantzitsuarekin lotzen ninduela euskarak eta euskalduntzerari berrekin nion. Kuriosoa da zeren gakoa Ipar Amerikako indioei buruz irakurtzean aurkitu nuen. "Kultura natiboa"ri zor zaion errespetuaz jabetzeko, aurretik lekutaraino joan behar izan nintzen.

Biografiarekin segitzeko, edo amaitzeko: noiz hasi zinen ikusten marrazkilaritzat zeure burua? Zaletasuna ogibide bihurtzea bide erraza edo zaila izan da?

Marrazkilaria Korrok aldizkarian izan nintzen. Aurretik ez nuen marrazten. Irratigintzan aritzen nintzen, irrati libreetan. Ogibide bihurtzea zaila eta aldi berean erraza izan da. Erraza, zeren ez diot denborarik eskaini, ez naiz lan horren bila tematsu ibili; baina aldi berean zaila, zeren ez dago aukera gehiegi aurrera egiteko.

Gatozen zure liburura. "De Rerum Natura" (Gauzen izaeraz, Lukrezio filosofo-poetak bere gogoetak biltzen zituen obrari emandako izenburu bera): titulua ez al da handigura samarra? Zer adierazi nahi zenuke horren bitartez?

Aldrebes. Oso titulu umila da. Niretzat "hitz egin dezagun edozein gauzaz" moduko zerbait da. Egin dezagun inguratzen gaituzten gauzen katalogo bat. Baina aldi berean badu "natura" hitz zoragarri hori, oso Zen bihurtzen duena, badakizue: gauzen funtsa eta irudia, zer da erreala, zer da ilusioa (dena da ilusioa). Handiguraren trazak igual latinez dagoelako izango ditu, Kultura hermetikoaren guruek erabiltzen dutena. Baina nik Lukreziogandik atera nuen eta ez Latin departamentu arrandios batetik. Esan nahi dut, Luterok zioen moduan, Jainkoarekin hitz egiteko ez dela artekaririk behar.

Egunkariko lanak liburu batean biltzeko, zer izan da akuilu handiagoa: artistaren banitatea, ala lagunen laudorio eta eskeak?

Laudorio eta eskeek banitatea puztu eta horrelako erabakiak hartzera bultzatzen gaituzte, noski. Dena den, kalitate  bat bazegoela eta merezi zuela pentsatzen nuen, eta horrela dela beste batzuek ere baieztatu didatenez ba, tira, erabakia hartu nuen.

Prentsarako marraztu ohi duzu, gauza laburrak oro har; formatu horretan gustura, ala istorio luzeagoak idazteko desiratzen zeundeke, modurik edukiz gero?

Egia esan, liburua ikusita: hain polita, hain dotore... gauza gehiago, eta berriak, egiteko zirrara sortu zait. Proiektu posible berrietan pentsatzen hasia naiz, bai.

Fan mordoa daukazu, goizero zure istorioaren zain daudenak, eta horientzat opari goxo bat izango da liburu hau. Hala ere, izango dira zure pertsonaiekin lehenengoz topo egingo dutenak: dosi bortitzegia ote da, dena batera irensteko?

Pentsatzen nuena baino arinagoa iruditzen zait orain liburua. Eta uste dut kontua pertsonaia desberdinak tartekatzean datzala. Erritmo bat ematen diote liburuari. Ez da arratsalde batean irakurtzekoa, baina irakurri... irakurri daiteke! Ez da katalogo bat soilik.

Gizon Jakintsua, Taliban Jatorra, Nafarroa kapitaina... Zein duzu maiteena zure pertsonaien artean?

Morroiak beti, ahulenak. Nabarrako erregearen bufoia. Talibanaren yoda. Kapitainaren Petilla. Patxiren Xaxa.

Egiazko pertsonak ere sartu dituzu: Fernando Sebastian monsinorea, Ibarretxe lehendakaria, Iturgaitz... Bide hori gehiago lantzeko asmorik bai, ala alde batera utzia duzu?

"Egiazko pertsonak" esatea gehiegitxo da. Nahiko "pertsonaiak" dira. Batez ere Sebastian. Dagozkien "paperak" bete, osatzen dituzte. Atzean pertsonak egongo dira, sinetsita nago, baina nik ez ditut orain artean ikusi. Eta bai... beraiekin eta berriekin segitzeko asmoa daukat.

Umoreak ezinbestekoa al du gizarte-kritika?

Ez, ezinbestekoa ere ez da. Baina eskertzen da. Niretzat, ni oso ideologizatua nago, aitortzen dut, gizarte kritika behar dugu, ezinbestekoa da.

Eta horren haritik, zu bezalako komikilari batentzat saihestezina bihurtzen da bere pentsaera, filiak eta fobiak agerian jartzea?

Bai noski. Niretzat saihestezina baino gehiago... nire helburua hori da!!! Beste elkarrizketa batean aitortu dudan bezala ni moralista hutsa naiz!. Ratzinger bezala: Doktrina, doktrina eta doktrina!!

Axolagabeziaren onurak

xme 2005/10/19 09:12

Aurreko batean nonbaiten irakurri nuen "Kaxmir, Guatemala eta Melillako azken kalamidadeen harira" heriotza gertakari bihurtzen dugula onenean, eta zifra huts beste askotan. Josef Stalinek ere uste dut esan zuela, gizaki baten heriotza drama bat zela, eta milioi batena datu estatistikoa. Komunikabideetan eman nahi zaion tratamenduaren arabera, erantsiko genuke.

Komunikazioaren teoriaz tesia egin nahi duenarentzako gai polita izan liteke, doluaren intentsitatea neurtzen duen formula zehatza asmatzea: kilometrotako urrun-hurbila hartu behar genuke kontuan, lehenik, baina distantzia geografikoa bezain inportantea da kulturala: Tunisera eta Napolira tarte berdina izan arren, gutarrago sentituko ditugu batzuk besteak baino; hurrago seguru asko kaliforniarrak malitarrak baino. Horren aplikazio politikoa eginda, gure herrikide gehienentzat tamalgarriagoa da Huelvako zoritxarra Pauekoa baino, Hazparnekoa ez aipatzearren. Telebistan ikusitako irudi eta erosten maiztasunak ere biderkatu egiten du gure bihozberatasuna.

Kontu ezagunak errepikatzen ari naiz ordea. Beste bide batera eraman nahi nuen hizpidea. Alegia, heriotzaren aurreko gure ahaztura goiztiarraz kezkatu ez baizik poztu egin beharko genukeela.

Gertuko norbait hiltzen zaigunean harekin bizi izandako esperientzia guztiak datozkigu gogora, galera izugarria sentitzen dugu, eta normala da beraz abailtzea. Izenez edo aurpegiz ezagutzen genituenekin nolabaiteko enpatia sentituko dugu, pena arin eta axalekoa. Ez aurpegiz ez izenez ezagutzen ez genituenen kasuan, berriz, zer sentitzen dugu? Barruan eta benetan, ezer gutxi, elkartasun abstraktu batetik harago. Eta eskerrak! Erotuko ginateke bestela.

Atzerakoiak ote gara?

xme 2005/10/18 08:00

Atzoko trikiti-kontuekin loturik, kantu bat datorkit gogora, Juan Carlos Perezen "Hau berua" disko zoragarri hartakoa. Hala zioen "Herriko neskak" abestiaren zati batek: "Gelatxok jo zuela San Jeronimoko erromerian atzo esan didate, eta egunsentia arte jarraitu zuela. Eta ni ezin izan nintzen egon zurekin hemen nengoelako, eta han egotea gustauko ziten, zuk ondo dakizu hori...", eta kantuak aurrera jarraitzen du, baina nik hemen utziko ditut kantari eta trikiti kontuak.

Izan ere, joan den larunbat arratsaldean niri ere Idiazabalen egotea "gustauko ziten", Bertsolari Txapelketako saioa entzuten, baina ezin izan nintzen han egon, familiarekin ere konplitu beharra dagoelako eta Urbileko zentro komertzialean nengoelako,

Goazen ba Urbilera: larunbat arratsaldeetan normala da hura gainezka egotea, baina joan den 15ean besteetan baino beteago, autoa ere non utzi ez geneukala, eta bertako arduradunek esanda arauz kanpoko tokian utzi behar azkenean.

Zer gertatzen ote da? Nondik nora halako jendetza? Horrek bakarrik ez du azaltzen, noski, baina bere ekarpena izango zuen sartzean ikusi genuen kartelak: "Miss & Mister Gipuzkoa. Urriak 15, casting-a". Afixak zioen legez, barrura sartu eta hantxe ikusi genituen neska pinpirin eta mutil gihartsuak, pasarela xixtrin batean atzera eta aurrera, lagun, fan, ahaide eta miresleen animo-oihuen artean.

Bitxia da miss eta mister lehiaketen kasua. Halakoekin dudan lehenengo oroitzapena 10 urte nituenekoa izango da, orduan atera baitzen Amparo Muñoz andaluziarra Miss Mundo, 1974an. Edertasun-ikono bat izango zen seguru asko niretzat, eta beste askorentzat. Handik hilabete batzuetara, baina, uko egin zion Muñozek tituluari, eta gero bizimodu nahasi samarra etorri zen, tartean drogak eta beste, Leon de Aranoak "Familia" filmean rol bat eskaini zion arte.

Miss-en kontu horrek gazta zaharrak baino har gehiago zituela esango nuen nik, eta (Amparo Muñozen kasua paradigmatikotzat harturik edo) frankismo garaiko horrelako ikuskizun penagarrien antzera pixkanaka itzaliz joango zela. Aintzat hartzeko edozein ikuspegi seriotatik ez baitago halako zerbait nondik salbatu: mundu ikuskera ezkertiarra edukiz gero, guztiz alienatzailea eta atzerakoia da; feminismoa aintzat hartu nahi duenarentzat, degradante eta lotsagarria; ikuspegi kristau edo humanista soil batetik ere, giza duintasunaren kontrakotzat jo genezake, eta arau estetiko hutsetik epaituta ezin kutreagoa da.

Eta hala ere egundoko arrakasta dute, ez bakarrik gero eta jarraitzaile gehiago dituztelako, eta oihartzun handia komunikabideetan; kontrako ahotsik ere ez da ia entzuten gaur egun. Kontra gaudenak garela atzerakoiak atera behar ote dut ondoriotzat?

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.