Atxurra
(Gaurko Berrian plazaratua)
Atxurraz hitz egingo dizuet gaur. Ez baratzea lantzeko tresnaz, ez. Parrandan ibilita harrapatzen den horretaz ere ez. Atxurra esaten dudanean, gizonezkoek bizarra mozteko erabiltzen dugun trepeta hau esan nahi dut. Ikusten? Hona hemen atxurra. Gauza txikia, sinplea, funtzionala Eta hala ere, zenbat teknologia dagoen atxurraren atzean! Teknologia bakarrik ez: zenbat filosofia dagoen atxur soil baten atzean! Harritu egiten al zarete? Gure bizitza modernoa esplikatzen digu atxurrak. Bera da, gizartearen aurrerapenaren metafora perfektua. Oraintxe ikusiko duzue.
Garai batean bizarra nola mozten zuten ez dakit nik. Ezpatarekin igual. Labanarekin gero. Baina gure sasoian bizar xaflak asmatu ziren. Filomatic. Zenbait aldiz erabili, eta gero botatzeko. Konsumismoaren sinboloa. Baina xafla bakarrik botatzen zen, ez atxur osoa. Atxurra gorde egiten zen, beste xafla bat sartzeko.
Gizakiak etengabe asmatzen ditu gauzak ordea. Halako batean, xafla eta atxurra dena bat eginda saldu ziguten: plastikozkoa, diseinuzkoa eta merkea. Bolada batean erabili eta gero lasai botatzekoa. Bic boligrafoaren antzera. Horiekin trebatu nintzen ni lau bixar ateratzen hasi zitzaizkidanean, eta ez zitzaidan bururatzen hoberik behar nuenik.
Hobeak ikustekoak ginen hala ere. Bai horixe! Doble hobeak: xafla baten partez bi: "la primera hoja corta, la segunda apura". Buruan geratu zait publizitatea, pentsa zenbat aldiz entzunarazi ziguten. Nik betiko xafla bakarrekoarekin segitzeko asmoa neukan, halakoxe egoskorrak gara-eta. Baina ezin: dendetatik desagertuz joan zen, eta, handik pixka batera, bi xaflakoak erostea beste erremediorik ez nuen izan, bizarra luzatzen utzi nahi ez banuen.
Ez dakit zein den aldaketaren arrazoia, baina pentsatzekoa da, bi xafla jarrita, bi aldiz metal gehiago gastatzen dela, eta, beraz, handiagoa dela negozioa eta diru-mugimendua. Atxurra bezalako gauza xinple batekin.
Eskema horrekin, erraza zen asmatzen zer etorriko zen gero: hiru xaflako atxurra! Propagandarako, ez ziren nekatu lelo borobil bat asmatzen. Oraingoan, David Beckham jarri ziguten aurrean, esanez bezala: Moztu honekin bizarra, eta izan zaitez metrosexuala!
Bikoarekin segitzen dut nik oraindik, baina susmoa dut gutxirako izango dela. Izan ere, orain dela gutxi lau xaflakoak ikusi ditut iragartzen: LAU.
Barre egiten duzue batzuek, eta hala ematen du, bai. Baina ez da horren barregarria, konturatzen bagara sistema desarrollista berdin-berdina daukagula gure herri honetan: autobideak egiteko, superportuak eraikitzeko, Abiadura Handiko Trena ahal den lekutik sartzeko Gero eta azkarrago, gero eta handiago, eta eta zabalago
Total, bizarrak lehengo martxan segitzen du ateratzen. Eta, pentsatzen jarrita, ez al dit ondo ematen bizar pixka batek? Ez?
Neri inozoa deitu izan didate inoiz, eta onartu egin behar kritika, edo piropoa, segun nundik begiratzen zaion, baina gogoratzen dedan ekintza inozorik haundienetakoa, atxurrak saltzen zituen entrepresa batena: wilkinson ote? uste det baietz. atxurrarekin batera orritxo bat zetorren; eskatzen zioten erabiltzaileari mesedez orritxoa bete eta bueltatzeko beraiei,-ez zozketa, ez premio, ez debaldeko muestra, ez ezer- zehaztuz xafla bakoitzarekin zenbat aldiz kentzen zuten bizarra!
Nahikoa parre egin nuen.