Ezer ez dakit baina
(Argia-ko Kike Amonarrizek eskatu zidan 2025. urterako euskal kultura nola ikusten dudan azaltzeko. Niri eta beste hiru laguni. Lau txostenak aste honetan kaleratu dira, astekariaren "Larrun" gehigarrian, eta datorren asteartean mahai-ingurua izango dugu Iruñeko San Zernin aretoan. Hona nire artikulua; barkatu luzera: aldizkarikoek agindutakoa da)
Bat. Hasi-masiak: lantegiaren zaila
Hemendik 20 urtera euskal kultura nolakoa izango den galdetu zidanari erraz asko erantzun niezaiokeen hitz bakar batez: auskalo!. Ondo egoki geratuko zen beste erantzun bat ere, bi hitzez osatua oraingoan: ez dakit. Hala ere, bere garaian halakorik esaten jakin, edo ausartu ez, eta hementxe nago orain, malmetitu naizen zulotik nola irten asmatu ezinda.
Izan ere, prospektiba-ariketa hauek ustel samarrak izaten dira: batetik, uste baino askoz gutxiago aldatzen direlako gauza gehienak; eta, bestetik, uste ez genuen aldetik aldatzen direlako. Adibidez, ni mutil koxkorra nintzela askotan jolasten ginen 2000. urtea imajinatzera, eta, NASAren bidaien eraginez-edo, uda-pasa ilargira joango ginela uste genuen, eta pastilla txiki batzuk izango zirela gure janari bakarra. Barre egingo duzue gazteagoek, baina ez dut esajeratzen. Aldiz, sumatu ere ez genuen egiten eskuko telefonoak zer izango ziren, edo Internet bezalako zerbait esistitu zitekeenik ere.
Orain dela 20 urte atera zuen Argia-k bere 1000. alea, eta garaitsu hartan hasia nintzen ni aldizkarian kolaboratzen. Atzera begiratu eta ez zait iruditzen gauzak gehiegi aldatu direnik, funtsean. Seguruenik gehiago mugituko ziren 1975etik 1985era. Horrek badu bere azalpena ere: arlo soziopolitikoan aro berri bat hasi zen Hego Euskal Herrian urte horietan, eta aro horretan finkaturiko zutabeek ia bere horretan iraun dute gaur arte. Bi. Konstatazioak: Fernandoren egiak
Esandakoak konstatazio bat egiteko balio du: bilakaera soziopolitikoak eragin nabarmena duela euskal kulturaren martxan; ez kausa/efektu gisako ondorio zuzen eta automatikoak sorrarazteraino, baina bai berebiziko faktoretzat jotzeko lain. Horri loturik, badirudi aldaketa-garai bat datorrela, eta beraz, kulturan ere utziko luke horrek arrastoa. Hala ere, politikari buruzko aurreikuspenak beste mahai-inguru batean egin behar dituztenez gero, hobe dut isilik.
Beste konstatazio batzuk ere egin genitzake, bai baitira euskal kulturaren geroan egoera politikoak adinako eragina eta garrantzia duten beste arlo batzuk. Bat, normalean aipatzen ez duguna, demografia. Frankismo garaian, beharrak hartaratuta, immigrazio ugaria jaso genuen Hego Euskal Herrian, Espainiako inguru pobreagoetatik etorrita. Ipar Euskal Herrian, berriz, gazteak lan bila, Paue, Bordele edo Parisera, eta Frantziako erretiratuak euskal kostaldera, erretreta-urteak itsasertzean eta epelean igarotzera. Orain, berriz, beste etorkin-uholde bat daukagu, Ipar nahiz Hegoan, mundu osotik Europa Mendebaldera lan bila datozen gizon-emakumeena: hego amerikarrak, Afrika zuri eta beltzekoak, Europa Ekialdekoak
Jende-etorrera honen aurrean badira bi jarrera oker, nire ustez. Bata, iupi-iupi egin eta txalo jotzea, ze polita den multikulturalismoa, ze polita den mestizaia! Kultura arras desberdineko jendea elkarren artean ondo moldatzea desiragarria da dudarik gabe, baina zaila da berez, eta hori ukatzen duena gezurretan dabil; bestalde, egoera kolonizatu eta minorizatuan dagoen hizkuntza batentzat zailtasunak areagotu egiten direla ukatzen duena, edo zinikoa da edo itsua. Bigarren jarrera okerra, zailtasun horien aurrean immigratuak errudun bihurtzea litzateke. Bizimodu hobearen bila dabilena munduko bidegabekerien biktima dela gogoratu behar genuke, eta, bestalde, etorrera jendetsuari langak edo galgak jarri nahiko bagenizkio ere, ez daukagula horretarako tresnarik ez ahalik. Beraz, eta panazearik ez dagoenez gero, jarrera zuhur eta argi bakarra etorkin jendea gure kulturan eta hizkuntzan integratzen saiatzea da, horretarako baliabideak jarrita. Aski indarrik ote dugun zalantzazkoa da, baina ahalegin serioa egiten ez badugu galdurik gaude epe ertain eta luzera.
Gure kulturaren etorkizuna baldintzatuko duen hirugarren faktore inportantea "eta jabetzen naiz Fernandoren egiak esaten ari naizela" munduko joera kulturalak dira. Hau da, hemendik 20 urtera nolako musika egingo den munduan (eta bereziki AEBn), zerikusi zuzena izango du horrek euskaldunek zer-nolako musika egingo duten jakiteko.
Laugarren konstatazioa, aurrekoari loturik, aldaketa teknologikoen berealdiko garrantzia: musikaren adibidearekin segituz, ez dakigu aurki diskorik izango den edo musika merkaturatzeko, saltzeko eta erosteko beste bide batzuk sortuko ote diren, eta ni behintzat ez nago igarle-lanetan hasteko moduan.
Hiru. Aurreikuspen xume batzuk
Esandakoak esan ostean, badirudi ez dudala inongo aurreikuspenik egin nahi. Zehatzago hitz eginda, ez nuke lotsagarri utziko nauen aurreikuspenik egin nahi. Dena dela, eta honaino iritsi naizenez, zer edo zer esan beharko dut, jokoa maite ez duen baten zuhurtziaz bada ere.
Hasteko, etorkizunari buruzko juzgu biribilak maite baditugu ere, gertaerak ez dira gero horren beltz edo horren zuriak izaten. 1800ean 100 urteko bizitza ikusten zion Humboldt-ek, penaz, euskarari; 1900ean bizi zen oraindik, baina beste 100 bete aurretik itzaliko zela iragarri zuen, kasik pozez, Unamunok. Pasa dira beste 100 ere, eta oraindik bagara zer edo zer. Gaurko datu soziolinguistikoei erreparatuta, badira pozerako eta negarrerako datuak; zeini ematen diegun lehentasuna, diagnosi baikor edo ezkorrak egin genitzake. Baina bi gauza garbi daude, horren inguruan: bata, etorkizuna ez dagoela aurrez idatzita eta erabakita, geure esku dagoela neurri handi batean (ez erabat, hala ere); bestea, hizkuntzaren egoerak kili-kolo jarraituko duela 20 urte barru ere, ez normalizazioaren zerua ez asimilazioaren infernua zapaldu gabe, duda-muden purgatorioan bizitzen segituko dugula.
Egoera argi-itzaltsu horren barruan, badira zalantzarako tarte gutxi uzten duten datuak, hala ere. Adibidez, Ipar Euskal Herrian euskararen galera gero eta larriagoa da; itzuli ezinezko punturik dagoenik ukatu egiten dute borondatearen indarra azpimarratzen dutenek, baina ez da inondik ere sumatzen desagertze-bide hori geldiarazteko kemenik dagoenik. Ez Iparraldean bertan, ezta Hegoaldetik ere.
Hizkuntzaren eremutik kulturaren sail zabalxeagora jauzi eginda, beste horrenbeste esango nuke. Hots, gaur egungo moduan, sorkuntza erdipurdiko eta gris antxa izango dela gurea, pobreak gure egiturak, negartia gure jarduna. Ikuspegi baikorrago batetik begiratu nahi izanez gero, horrela berridatz nezake lehengo esaldia: globalizazioaren erdian geure ahotsa izaten segituko dugu, potentzia handien erdian gure egiturek bizirik eutsiko diote, eta agintea dutenei leku duinago bat eskatzen segituko dugu.
Lau. Argitzeke segitzen (segituko) duten debate batzuk
Konturatzen naiz arrisku gutxi hartu ditudala. Barka besterik espero zenutenok. Amaitzeko, gure kulturaren geroari dagozkion eztabaida batzuk plazaratu nahi nituzke: hauetako batzuk badira gaur ere gure arteko hausnarketarako eta, batzuetan, liskarrerako gai, baina, argitzetik urruti daudenez, datozen urteetan ere berauekin bueltaka segituko dugula iruditzen zait. Euskalgintzaren ingurukoak dira aipatuko ditudan lehenak, sortzaileei buruzkoak hurrengoak, eta talde eta elkarteen gainekoak azkenak.
Hasteko, euskalgintzaren eta abertzaletasunaren arteko harremanei dagokiena. Loturak sendotu ala laxatu egin behar dituzten; posible ote den euskaltzaletasun apolitiko bat (maila indibidualaz gaindi esan nahi dut), eta posible ote den euskaltzaletasun ez-abertzalea (Kataluniako PSC moduko bat edo). Luze hitz egin da gai hauetaz, eta luze hitz egingo da oraindik. Auzi honetan esateko, egiteko eta erakusteko gehien dutenak ez dira euskaltzale abertzaleak, abertzale ez direnak baizik, baina herri osoari dagokion arazoa da hala ere.
Aurrekoari loturiko beste auzi bat: euskararen aldeko indarrak batez ere berreskuratze koantitatiboan ala kualitatiboan enplegatu nahi ditugun. Bistan da ezin dela alor horietako bakarra landu bestea alde batera utzita, bi amildegi sortuko bailirateke gure oinen azpian: euskal hiztunen arteko komunikazioa sendotzera bakarrik joko bagenu, gutxiengo txiki eta geografikoki erkin (gero eta erkinago) baten hizkuntza litzateke euskara, Euskal Herri nagusiki erdaldun baten erdian, eta bizirik irauteko aukera gutxirekin; aldiz, hizkuntzaren nolakoari jaramonik egin gabe hiztun kopurua zabaltzen eta zabartzen segituz gero, euskara Euskal Herriko gehiengoaren hizkuntza sinbolikoa dela topa genezake aurki, baina ez inoren hizkuntza erreala. Garbi dago bi norabideetan egin behar dela ahalegina, baina han-hemen sumatzen dira bide bat ahaztu edo bigarren mailan uzten duten ahotsak.
Hizkuntzarekin loturiko hirugarren auzi bat: elebitasuna. Gure artean badakigu elebitasun soziala mito huts eta gezur zikina besterik ez dela. Ados denok. Badakigu halaber elebakartasun hutsa bideraezina dela gurean (sartu hor arrazoi geografiko, ekonomiko, politiko, demografiko, psikologiko eta nahi dituzuen guztiak). Horrekin guztiarekin, oso ondo ematen du euskaltzaleen artean egiten dugun aldarrikapenak: gizon-emakume eleaniztunez osaturiko Euskal Herri euskalduna. Bego. Horretara iristeko asko falta da ordea (20 urte baino askoz gehiago, inoiz iristen bagara). Bitarteko bidean, aztertu beharko genuke lehentasunak non jarri: adibidez, erdaldunak diren eremu guztiak itzultzen saiatu behar dugun, ala (batzuek defendatzen duten moduan) euskararen tokia ongi ziurtatzen duen diglosia-moduren bat onargarria ote den.
Era berean, euskarari esparru hegemonikoak eman behar dizkiogula argi dago, edo bide horretan saiatu behintzat, orain arte baino kementsuago. Udalerri euskaldunen mugimendua izan da urteotan egin dugun pausoa, baina anbizio handiagoz jokatu behar genuke, bi norabidetan: bata esparru geografikoarena da, udala gainditu eta eskualde osoak hartuz, eta udalarenak ez diren zerbitzuak ere inplikatuz (Ertzaintza, Justizia, Osakidetza); Lea-Artibain eta Urola-Kostan egin litezkeen gauzak dira, borondatea edukiz gero; bestea esparru funtzionala litzateke: adibidez, EITBk eta Hezkuntza Sailak euskaraz jardutea goitik behera. Ba al dago horretarako ausardiarik?
Zuzenean kulturari loturiko gaietara pasatuz, eztabaida zahar bat, sekula amaitzen ez dena, homologazio ala bereizkuntzarena. Garbi dago kultura global baten barruan ari garela denok ere, nahitaezkoak direla eraginak, hartu-emanak, nahasketak; garbi dago, halaber, euskal kulturak zerbait aberats, berri eta interesgarri sortuko badu, beretik asmatuz egin beharko duela, ez besterena imitatuz. Kosmopolitismoa nahitaezko urratsa izan zen une batean, isolamendua gainditu beharra zegoenean; hala ere, lagun batek aurrekoan aipatzen zidan moduan, probintzianismoa besterik ez da gaur egun derrigorrez kosmopolita agertu beharra, eta konplexuaren fruitu homoloazioarekin obsesionatzea.
Aurrekoarekin loturiko beste gai bat: gure kultura, hartzaile ez ezik, emaile eta esportatzaile izango ote den. Hala izatea nahi dugula ez du inork eztabaidatzen, noski, baina ezer gutxi egin da bide horretan, eta gehiago egin beharko da aurrerantzean. Nola ordea? Dirua beharko dela, zalantzarik ez, eta diru hori instituzioek jarri beharko dute, herri honetan sinesten badute. Proiektuak nork sortu eta nork zuzendu behar dituen ez dago garbi hala ere. Diruaz aparte, eskaintzeko zer edo zer sortu beharko dugu, eta promozioa landu, eta harremanak estutu Kudeaketa kolektiboaren zain egongo dira batzuk, baina garbi dago pertsonalki saiatzen direnek bide erdia egina izango dutela.
Kulturgileei buruzko azken auzi bat: hemengo erdal sortzaileekiko harremanak. Idazleen artean ez dago ia batere, bi mundu paralelotan bizi gara; musikarien artean normalagoak dira hartu-emanak, nork bere esparrua izan arren; antzerkian, aldiz, batera aritu ohi dira; edo, zehatzago esanda, erdaraz funtzionatu ohi du antzerkiaren munduak, eta horren barruan badira artista euskaldunak, bi hizkuntzetan lan egiten dutenak. Eredu horietatik zein da aberasgarriena? Harreman normalik izan al daiteke batzuk elebidun eta besteak elebakar diren bitartean?
Talde, elkarte eta enpresen inguruko kezka parea, amaitzeko: bat, ea administrazioarekiko menpekotasun ekonomikoan segituta zenbateraino gorde daitekeen jarrera kritikoa edo irizpide-askatasuna; menpekotasun hori gainditzekotan burujabeago bihurtu beharko dute, dela profesionalizazioaren, dela militantziaren bidez: batzuentzat bide bat izan liteke egokiena, besteentzat bestea.
Datozen arrisku eta erronken aurrean, talde-lanera jo beharko dute seguruenik euskal kulturako enpresek, sinergiak, konbergentziak edo dena delakoak bilatuz. Nork bere txokoa babestera ohitutako herri batean ez da aldaketa erraza, baina ezinbestean landu beharrekoa.
Horra hor puntu batzuk. Ez dut argitu 20 urte barru euskal kultura zer izango den, ez baitakit, baina ez litzateke gutxi gure egoera ulertzen eta, ahal balitz, hobetzen lagunduko balute.
"iupi-iupi egin eta txalo jotzea, ze polita den multikulturalismoa, ze polita den mestizaia!"
Kar, kar, kar!
"etorkin jendea gure kulturan eta hizkuntzan integratzen saiatzea da, horretarako baliabideak jarrita. (...) ahalegin serioa egiten ez badugu galdurik gaude epe ertain eta luzera."
Hortan gabilz (biziki interesetan jat gaia), baina hastapenetan gagoz. Katalunian (askotan legez) kontu honetan be geure aurrean doiaz, ez dakit 5, 10 edo 20 urte aurrerago, baina lan egiteko dinamiketaz gain, gauza oso garrantzitsua deukie alde: bertokoen hizkuntzaren erabilpena. Kataluniako kaleetan zer hizkuntza nagusi entzuten dau etorkinak? Eta geurean?
Hamen oraindino irribarrea marrazten dogu mosuan ume txinatartxo bat euskaraz egiten ikusten dogunean. "Ze moñoño! Ze bitxia!" Bitxia da Durango edo Errenteriako guraso horiek guztiak erdaraz euren artean egiten ikustea, tartean umeei euskaraz bikain egiten deutsienean. Sutan jartzen nau!